“Aita, neskato batzuek burla egiten didate!” – “Ez iezaiezu jaramonik egin, edo hobe irakasleari esatea, edo bestela zuk ere burla egin beraiei”.

Agian horrelako egoeraren bat bizitzea egokitu zaigu eta antzeko zerbait esan dugu. Baliteke erantzun horiek zuzenak izatea edo ez. Artikulu honetan burlen zentzuari buruz hausnartuko dugu, zelan eragiten duten eta nola lagundu gure seme-alabei, pairatzen badituzte.

Isekaren zertarakoa

Iseka batzuk txantxa txikiak izan daitezke, baina ez dute zentzu negatiborik. Umore on edo egokiari dagozkionak izango lirateke, partekatzen eta onartzen direnak eta bi norabideetan doazenak, kalterik egiten ez dutenak eta inor barregarri uzten ez dutenak. Iseka-mota hori harremanen parte izan daiteke modu naturalago batean.

Hala ere, badira beste iseka batzuk, negatiboak, norabide bakarrean doazenak, irainari edo mespretxuari lotuago daudenak eta ondoeza sortzen dutenak. Arreta gehiago jarriko dugu horrelako iseketan.

Zerk eraman dezake neskato bat horrelako isekak egitera?

Izan daiteke:

  • Txarto ulertutako umore-senagatik, dibertitzeko. Batzuetan, barregarri edo gatzdun izatea “besteak zirikatzea” dela uste izaten da, eta, adibidez, ironia edo satira modu desegokian erabiltzen da.
  • Atentzioa emateko. Neska-mutiko batzuek arretaren erdigune izan behar dute, nahiz eta modu oker horretan izan.
  • Beste ume edo pertsona heldu batzuei etxean, kalean, komunikabideetan, sare sozialetan… ikusten dietena errepikatzeko. Eta, horren barruan, aniztasuna eta desberdintasuna ez errespetatzea elementu garrantzitsua izan daiteke.
  • Taldean onartua izateko. Talde batzuek begi onez ikusten dituzte iseka, trufa edo burlak, eta taldearen presioak eta talde horretako kide izateko beharrizanak baldintzatu egin dezake.
  • Norberaren “ahuleziak” ezkutatzeko. Autoestimu hauskor batetik, beste norbaiten “ahuleziaz” trufatzen banaiz, ez dira hainbeste konturatuko nik ere badudala.
  • Inbidiari irtenbidea emateko. Inbidiak badu inbidia diogun pertsonarenganako amorru-zati bat bere barnean, eta burla mingarrien bidez erasotzera eraman gaitzake.
  • Boteretsu eta nagusi sentitzeko. Iseka suntsitze-plan batean sar daiteke, nartzisismo oker baten autoestimutik beste pertsona baten gaineko boterea sentitzeko. Hori sarritan ikusten da jazarpen-egoeretan.

Iseka negatiboen arrazoi posibleak ezagutzeak zer gertatzen den ulertzen lagun diezaguke. Eta hori horrela izanik, ez ditugu justifikatu, onartu edo integratu behar, normalak balira bezala. Ezin gara geratu honelakoak esanda: “Umeen kontuak dira” edo “Beti egon dira isekak”.

Iseken ondorioak 

Iseka negatiboek emozio desatseginak sor ditzakete jasotzen dituenarengan. Nolabaiteko hauskortasuna baldin badago, iragazteko eta ekiteko mekanismo nahikorik ez badago eta/edo zerbait jarraitua eta bizia bada, ondoeza sor dezakete eta autoestimuan eragin negatiboa izan.  Horregatik, garrantzitsua da gure seme-alabei laguntzea iseka negatiboak identifikatzen, horrelako burlak ez egiten eta haien aurrean behar bezala erantzuten.

Zelan lagundu dezakegu

Gure seme-alabek iseka negatiboak jasotzen badituzte, 5 urrats egin ditzakegu:

  • Galdetzea/beraien emozioak baliozkotzea.

Batzuetan, lanpeturik egoten gara edo uste dugu ez duela horrenbesteko garrantzirik. Eta horrelako zerbait esan dezakegu: “Tira, ziur ez dela horrenbesterako” edo berehala botatzen dugu gure irtenbidea. Hala ere, zer gertatzen den eta zelan sentitzen diren entzutea funtsezkoa da. “Zer gertatu da? Eta orduan esaten duzu…? Eta zelan sentitu zara, maitea? Haserre zaudela igartzen dizut…, jakina”. Kontua da beren emozioak azaltzeko, kontatzeko eta adierazteko tartea ematea. Garrantzitsua da ohartu daitezen enpatizatu egiten dugula, hirugarren mailako itaunketarik ez egitea eta lasai samar egotea haiei laguntzeko. Eztanda egiten badugu edo gehiegizko erreakzioa badugu, ez dugu lortuko.

  • Hausnarketarako tartea ematea.

Adinaren, hausnartzeko gaitasunaren, egoera emozionalaren edo egoera orokorraren arabera, gogoeta batzuk egitera bultza ditzakegu. Iseka-motari buruz, egiteko kausa edo zergatikoez, nola sentiarazten gaituzten, burla horien desegokitasunaz, ez direla harreman osasuntsuen parte, nora eraman gaitzakeen txarto ulertutako onespen-nahiak… Lagungarria da galdera irekiak egitea eta hitz egitera gonbidatzea (sermoi bat ematea baino gehiago). “Eta zuri zer iruditzen zaizkizu iseka horiek?”. “Eta esaten duzu, zure laguna denez, jasan egin behar dituzula haren isekak… Zer iruditzen zaizu hori?”. “Eta hau modan dagoen txantxa-mota bat dela diozu…?”.  “Eta horrek guztiorrek, zelan sentiarazten zaitu?”.

Posible da fase honetan edo beste une batean isekei buruzko ipuinak, istorioak, film laburrak edo luzeak sartzea gogoeta eragiteko. “Ahatetxo itsusia” ipuinetik hasi eta “Wonder” bezalako filmetaraino.

  • Bere aldetik konponbide posibleetan pentsatzea.

Jaso behar duten mezu orokorra da egoera maneiatu ahal izango dutela, eta guk eta beste pertsona batzuek lagundu ahal izango diegula. Isekei aurre egiteko konponbideak bilatze aldera interesgarria da, hasiera batean, beraiek beren ohiko erreakzioak eta balizko irtenbide alternatiboak berrikusi ahal izatea.

Elkarrizketa honetan, baliteke neskatoa eta gu ere jabetzea bere planteamenduek edo estrategiek ez dutela hainbeste laguntzen (adibidez, iraintzen duenaren lagun egiten saiatzea kosta ahala kosta neutralizatzeko, edo jo nahi izatea gaiarekin amaitzeko). Eta proposa diezaiokegu zer gauza on izan ditzaketen ideia horiek eta zer eragozpen, zer beste gauza bururatzen zaizkion erantzuteko edo hobeto sentitzeko …

 “Eta negarrez joan zarela diozu, baina iseka egiten jarraitu dutela … Orduan, zergatik uste duzu lagundu dizula horrek?”. “Zer besterik egin zenezakeela bururatzen zaizu? Eta zure ustez, nola konpondu ahal izango zenuke hau?”. Zer egitea aholkatuko zenioke zure lagunik onenari? Zer egin duzu beste batzuetan funtzionatu duena? Zer ikusten duzu beste ume batzuek egiten dutela eta funtzionatzen duela?…”

Irtenbide interesgarriak agertzen badira, aurrera eramateko plan bat egiten lagundu dezakegu.  Are gehiago, une jakin batean, role-playing edo antzerki moduko batean entseatu dezakegu egoera bat, lagunduko dioten elementu zehatzenak aztertu, horretarako zein pertsonak lagun diezaioketen…

  • Estrategia posibleen adibideak ematea.

Baliteke gure seme edo alabari inoiz bururatu ez zaizkion estrategia batzuk guk eman behar izatea, edo estrategia batzuk indartu behar izatea. Gure ibilbideak, gure esperientziak, gure ezaupideek… lagunduko diote horretan. Hona hemen egoeraren arabera erabil daitezkeen batzuk:

  1. Ez entzunarena egitea.

Batzuetan, iseka bati entzungor egiteak desaktibatu egin dezake iseka egiten duenak bilatzen duen erreakzioa (negarra, sustoa, …). Beste pertsona ikusezina balitz bezala jokatu beharko litzateke, harengandik urrunduz. Era berean, bistaratze edo bisualizazio bat entrenatu daiteke: adibidez, ezkutu, kristal edo burbuila bat daukagu, eta bertan isekak errebotatu egiten du eta ez zaigu barrura sartzen.

Teknika horrek batzuetan funtziona dezake, baina ez ditu beti isekak etengo eta beste aukera batzuk ikusi beharko ditugu.

  1. Isekari buelta ematea.

Iseka egiteko saiakera desaktibatzeko beste modu bat da. Horretarako, hainbat formula erabil ditzakegu:

  • Ados egotea. Adibidez, norbaitek zirikatzen banau oso altua naizelako, jirafa bat bezala, esan dezaket: “Bai, egia da oso luzea naizela”.
  • Ados ez egotea. Adibidez, “Luzea naiz, bai, baina ez naiz jirafa edo erraldoi bat”.
  • Garrantzia kentzea. Zera ere gehitu daiteke: “Eta? Zer gertatzen da, ba?”. Adibidez, “Oso altua naiz, bai… Eta? Zer gertatzen da, ba?”
  • Alde ona ateratzea. “Bai, oso altua naiz eta horrek saskiratze gehiago egiten laguntzen dit”.
  • Beste pertsona goraipatzea. “Egia esan, altua naiz. Eskerrik asko horretaz ohartzeagatik”.
  • Umorezko gehiegikeria erabiltzea. “Bai, oso altua naiz. Imajinatu hazten eta hazten jarraitzen dudala eta nire burua eskolako teilatuaren gainetik irten eta ilargira iristen dela… mundu guztiak egiten duen guztia ikusi ahal izango nuke”.

Isekari buelta emateak funtziona dezake edo, agian, beste formula batzuk probatu beharko dira.

  1. Asertibitate emozionala erabiltzea.

Konponbide honek hitzezko lanketarako adin bat eskatzen du, nolabaiteko enpatia-gaitasuna eta, agian, gehiago egituratutako edo heldu bitartekariren batek erraztutako giroren bat.

Ondoeza modu asertiboan adierazi behar da, eta eskaera hiru fasetan egin behar da:

  • “Ulertzen dut zuretzat dibertigarria izan daitekeela edo gustatu dakizukeela”/ “Ulertzen dut ni haserretzea nahi duzula”
  • Txarto sentitzen naiz hori esaten didazunean” / “Ez zait gustatzen zuk niri hori esatea”
  • Hobeto sentitzeko, hori ez esatea gustatuko litzaidake” / “Zuk beste era batera … lortzea gustatuko litzaidake”.

Formula hau erabiltzeak eragozpen bat izan dezake: kasu batzuetan, beste pertsonak bere iseka areagotu egin dezake (protagonismoa edo boterea nahi duelako). Horregatik, hurrengo irtenbideak oso presente egon behar du gure seme-alabentzat.

  • Laguntza eskatzea.

Laguntza eskatzea beti da beharrezkoa. Batez ere, iseka oso iraunkorra, jarraitua eta bizia denean, errespetu falta handiarekin, umiliazioarekin… eta/edo aurreko estrategiek funtzionatzen ez dutenean.

Askotan, haurrek eta nerabeek beren gatazkak modu autonomoan konpontzea nahi izaten dugu, baina hori egiten ikasi egin behar dute, entseatu, eta, botere-abusuaren kasu zehatzetan, argi eta garbi izan behar dute laguntza eskatzeko mezua.

Horretarako honako hauek eginbehar dira:

  • Testuinguru bakoitzean zein helduk lagun diezaieketen eta laguntza hori nola eska dezaketen identifikatu.
  • Laguntza eskatzea “koldar”, “salatari” edo “ahulen” kontua delako ideia baztertu.
  • Gure esku-hartzea/bitartekotza lasaitasunetik, pentsamendu gogoetatsutik, nolabaiteko intimitatetik eta modu konstruktiboan egiten dela egiaztatu.

Eta, alde horretatik, gurasook, irakasleok eta begiraleok… egoera horietan neska-mutikoei zelan lagundu ikasi behar dugu, nola lankidetzan jardun haurrei dagozkien testuinguruetako arduradunekin, eta nola berba egin beste ama batzuekin, beharrezkoa bada, eztanda sortu barik… Komunikazio ez-bortitzaren, asertibitatearen, gatazka-konponketaren… formulak erabiltzeafuntsezkoa izango da gatazka bat ez elikatzeko edo zabaltzeko eta bai eraginkortasun handiagoa lortzeko.Isekak ikastetxe, aisialdi-zentro, kirolgune… batean gertatzen badira, interesgarriagoa da bertan haurrak babesteko dagoen arduradunarengana jotzea, eta arduradun horrek plan bat sortu ahal izango du, besteak beste, inplikatutako familiarekin komunikatzeko, beharrezkoa bada.

  • Jarraipena egitea.

Interesgarria da estrategiak martxan jartzeko moduaren jarraipena egitea ikusteko laguntzen ari diren ala ez, denbora gehiago behar den, formulaz aldatu behar den, jende gehiagori laguntza eskatu behar zaion, ahaleginak eta arrakastak aitortu behar diren…

Begirada bat geure buruari

Honetan guztian, garrantzitsua izango da geure buruari begiratzea. Nola bizi ditugun isekak, zelan erabiltzen ditugun, nola onartzen ditugun edo ez telebistan edo sare sozialetan ikusten ditugunean, gure historia pertsonala beraiekiko…horrek guztiak ere eragina izan dezakeelako.

Eta, beti bezala, afektua, prestasuna, sintonia, babesa… eta hobeto sentitzeko konponbideak badaudelako konfiantza transmititu.

Begoña Ruiz, psikologoa

BBK Family Learning

×