“Ama que en casa no quiero hablar en euskera, sólo en el cole”, “Que no, pesado, que en mi grupo de colegas hablamos como queremos, no vamos a hablar en euskera porque tú lo digas” “¿Por qué tengo que hablar yo en euskera si tú no lo hablas bien ama?”
Familia batzuetan, horrelako elkarrizketak izaten dira euskararen inguruan. Fede onez egiten dugu ?euskaraz jakin ala jakin ez arren, asko ala gutxi hitz egin arren?, euskararen erabilera bultzatu nahi dugu, baina…
Etxean euskara bultzatzeko zuk zer egiten duzun kontatzea gustatuko litzaiguke. Idatzi bbkfamily@bbk.eus-era eta kontatu, mesedez.
Hona hemen familiek bidalitako ekarpenak:
“Nire esperientzia konpartituko dizuet. Gure kasuan etxeko hizkuntza euskara da. Hala ere, guretzat gure hizkuntzaren erabilpena sustatzea garrantzitsua da eta horretarako gauza desberdinak egiten ditugu, esaterako:
– Semearen eskolako Euskara Batzordean parte hartzen dut guraso moduan. Ekimen desberdinak aurrera eramaten ditugu euskarren erabilera eta motibazioa handitzeko asmoz eskola mailan zein familia mailan.
– Goizero irratia entzuten dugu, euskaraz. Gainera, goizero astelehenetik ostiralera, 8:05etan Bizkaia Irratian (FM 102.6) umeentzako irratsaio programa bat dago, zeinetara umeek deitu ahal duten. Era honetan semeak naturalki euskaraz jolasteko aukera dauka…Nire semeari asko gustatzen zaio; urteak daramatzagu programa entzuten.
– Eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz izatea. Saiatzen gara, bere gustokoa den ekintza bat egitea, eta hau euskaraz izatea ahal den neurrian.
–EITB ikustea. Albisteak euskaraz, barre egiteko programak,… (ETB1) edo umeentzako programazioa ETB3n. Hauek semearekin batera ikustea edo berari aukera hori ematea. Egia esan, telebistan ez diogu erdarazko umeentzako programazioarik jartzen.
– Erosketak egitean, saltoki berrietan, anbulategian, liburutegian,… lehen hitza euskaraz izatea eta euskaraz komunikatzeko ahalegina egitea.
– Gure semeari euskaraz bizitzeko aukerak eskaintzea: erosketetan izan, aisialdian edo dena delakoa.
– Ni neu eredu izatea, beste heldu batzuekin eta umeekin. Nire semeak ikus dezan”.
Naia Bizkarralegorra Bravo
Nola motiba ditzakegu gure seme-alabak euskaraz hitz egin dezaten? 10 gako
Gure seme-alabak jaiotzen direnetik, gurasook hizkuntza bat erabiltzen dugu “sehaskan kulunkatzeko”, janaria emateko, jolasteko, lasaitzeko… Hizkuntza hori bat eta bakarra izan daiteke, bat baino gehiago edo bat baino gehiagoren “zatiak” izan ditzake. Seme-alabek gurasoekin lotzen dute hizkuntza hori; maitasuna agertzeko, emozioak adierazteko eta segurtasuna lortzeko modu zehatz batzuekin. Hala, babesa sentitzearekin, pozak partekatzearekin, lasaitzearekin eta jakinmina piztearekin lotzen dute/dituzte hizkuntza hori/horiek.
Neurozientziak frogatu duenez, hasieratik gehiago erabili duguna erabiltzeko joera izaten dugu, segurtasun emozional handiagoaren sentipena ematen digulako. Beraz, horrek erakusten du zer garrantzitsua den familian euskara presente egotea, gure seme-alabek ikas dezaten eta etengabe erabil dezaten nahi baldin badugu. Presentzia hori hainbat modu eta intentsitatetakoa izan daiteke. Eta guztiak izan daitezke baliozkoak: etxeko hizkuntza nagusia edo hizkuntza nagusietako bat izan daiteke, neurri batean erabil dezakegu eta/edo gauza eder eta garrantzitsu gisa aitor dezakegu, eta gure seme-alabek ikas dezaten saia gaitezke (etxean eta etxetik kanpo, ahal den neurrian).
David Bueno aditua da neuroheziketan, eta zenbait faktore azpimarratzen ditu, ikasketa bat esanguratsua eta iraunkorra izan dadin:
- Gauza erabilgarri eta ontzat aitortu behar du inguruneak.
- Praktikoa eta adierazgarria izan behar du ingurune hurbilean.
- Zerbaiterako baliagarria izatearen sentipena izan behar dugu eta etorkizunerako gauza positibo gisa ikusi behar dugu.
- Ahalegin lorgarria eta saritua eskatu behar du.
- Sentipen atseginak eragin behar ditu (poza, jakinmina).
- Taldeko eta lankidetzazko ikasketa-testuingurua izan behar du.
Hori guztia kontuan izanik, hainbat gauza egin ditzakegu gure seme-alabek euskara ikasi eta gehiago hitz egin dezaten.
0-KOMUNIKAZIOA ETA LOTURA ZAINDU BETI
Gure seme-alabek hizkuntzak ikasteko aukerak izatea nahi dugu, inguruan dituzten ikuspegiak eta aukerak zabaltzeko. Oso ondo dago hori, baina komunikazio-prozesua eta lotura afektiboa kaltetu gabe egin behar da. Prozesu egoki bat aurrera eramateko formulak aurkitu behar ditugu, modu mailakatuan, gozatzeari eta ahalegina aitortzeari lehentasuna emanez.
1-LEHENBAILEHEN HASI
Haurdunalditik bertatik has gaitezke euskara transmititzen, “sabelari” hitz eginez, haur jaio berriari gauzak esanez… Pixka bat baldin badakigu edo batere ez badakigu, esaldi edo esamolde batzuk ikasiz joan gaitezke. Alde horretatik, interesgarria da argitalpen hau: “Dale vida al euskera” . Halaber, Ku-Ku gidaren bidez, euskara ikasten has gaitezke, eta haurtzaroko lehen etapan erabiltzen.
2-EUSKARA EMOZIOEKIN ?BATEZ ERE, ATSEGINEKIN? LOTZEA
Euskara ondo jakin ez arren, ikasiz goazen esamolde batzuk erabil ditzakegu maitasuna eta emozioak adierazteko. Horrez gainera, garrantzitsua da euskara emozio atseginekin lotzea. Adibidez, jolasaren bitartez jakinmina pizteko, ikusi-makusi!; gure seme-alabak min hartu badu eta lasaitu nahi badugu, lasai, maitia!; aurrean jartzen zaizkion erronkei segurtasunez aurre egiteko, aurrera! edo alai dagoenean, gora! Batzuetan, ohartu gabe, lan aspergarrietarako, haserrea adierazteko edo arreta emateko erabiltzen dugu euskara: kontuz/nahiko/zintzo/oso txarto.
3–EUSKARA EMOZIO DESATSEGINEKIN LOTZEA SAIHESTU
Guraso gisa euskararekiko arbuioa sentitzen badut, zaila izango da seme-alabek euskara erabil dezaten lortzea. Beraz, euskararen dimentsio positiboa eta erabilgarria “bilatu” beharko dut ingurune hurbilean (harremanetarako, eskolako lanetarako, lan egiteko… ). Modu horretan, hizkuntzaren alderik dibertigarriena aurkituko dugu eta bere “muinera” iritsiko gara. Izan ere, euskal kultura eta hizkuntza bera eta bere sinbologia ederrak dira oso, eta gustuko ez ditugun gauzekin lotzen ez badugu, pixka bat alda daiteke gure ikuspegia. Hasiera Etxapare filologoak euskarazko hainbat hitzen edertasuna azaltzen du Twitter-en, baita Tik Tok-en ere: @ewiglu Bestalde, Sorginenkondaira jolasarekin, euskal mitologia ezagutu dezakegu, euskara erabiltzen dugun bitartean.
Gure seme-alabek beldurrarekin (zigorra, liskarra, iseka, akatsen bat eginez gero), arbuioarekin (erabiltzeko derrigortasun handiegiagatik), tristurarekin (gurasoek euskaraz ezin hobe hitz egiteko dituzten itxaropenak betetzen ez dituztela sentitzeagatik) edo haserrearekin (euskara ondo ez ulertzeagatik bizitzako gauza garrantzitsuak “galtzen” ari direla sentitzeagatik) lotzen badute euskara, ez diegu laguntzen hizkuntza “maita” dezaten. Horregatik, beti da garrantzitsua komunikazio-prozesuak zaintzea, hizkuntzaren erabilera modu baikorrean bultzatzea eta zorrotzegi ez jokatzea.
4- AHALEGINAK INDARTU
Ikasketa eraginkorra izan dadin, neurozientziak esaten digu ahaleginak eskuragarria izan behar duela (ikasketaren erritmoa behartu gabe) eta aitortua. Euskararekin ere berdin. Beharrezkoa da ahalegina aitortu eta lorpenak ospatzea, motibatuta egoteko.
5-EUSKARAREKIN “JOLASTU”
Jolasa da haurren emozio eta motibaziorako segurtatzaile nagusia. Asko, dezente edo gutxi jakin arren, euskaraz jolastera bultza ditzakegu, batez ere, familian. Hona hemen ideia interesgarri batzuk:
5.1 ASMAKIZUNAK
“Ikusi-makusi zer ikusi” jolasa, bizkarrean marraztutako formak edo euskaraz idatzitako hitzak asmatzeko jolasak, euskarazko gymkanak edo pista-jolasak…
Adibidez, interesgarria da euskarazko hitz edo esamolde batzuk hartu, eta haien sinbologia asmatzea. Adibidez, “harreman” hitzaren etimologia “hartu eta eman” hitzetatik dator. Edo euskarazko izen propioen esanahia jakiteko jakinmina sor daiteke… Hona hemen horri buruzko pare bat webgune: Palabras que te animarán a aprender euskera (Euskaltel) edo Directorio de nombres vascos de Euskaltzaindia.
5.2 MAHAI-JOKOAK, ONLINE JOKOAK, IPUINAK
Euskarazko ipuin eta jolasak izatea oso egokia da. Gutxiago ala gehiago ulertuko ditugu, baina hori da gutxienekoa. Familian une batzuk pasatzen baditugu irakurriz, jolastuz eta esanahiak asmatuz, ikasketa prozesuari lagunduko diogu.
Lotura honetan, hainbat erreferentzia dituzue: Euzkarazko Produktuen Katalogoa Eta, beste honetan, euskarazko ipuinen audio batzuk: Etxegiroan.
5.3 EUSKARAZKO ABESTIAK, TXISTEAK ETA LASAITZEKO ARIKETAK
Etxean, autoan edo festetan euskarazko abestiak entzutea eta abestea euskara familian txertatzeko, euskararekin gozatzeko eta ikasteko modu bat da. Ikastetxe askok eskolan erabilitako abestiak biltzen dituzten CDak ematen dizkiete familiei. KU-KU gidan ere musika jasotzen da, eta Interneteko hainbat lekutan karaokeak aurki daitezke, bertsio dantzagarriak… Adibidez, webgune hauetan: Txantxangorria, Haur Kantak eitb, Ahotsak, Katxiporreta.
Arnasketa-ariketak, meditazioa, masajea egitean euskarazko hitzak edo esaldiak erabiltzen baditugu, lasaitasunarekin lotuko dugu hizkuntza. Adibidez, Ttarttalo argitaletxearen “Beni eta Bela meditatzen, mindfulness haurrentzat” liburuak (Helen Grain da egilea) euskarazko audioak ditu.
5.4 EUSKARAZKO FILMAK EDO MARRAZKI BIZIDUNAK?
Aukera ona da euskara ikasi eta indartzeko. Eta are aukera hobea da familian ikusten baditugu edo gertatzen ari denagatik interesa agertzen badugu (gehiago ala gutxiago ulertu arren). Hainbat aukera daude EITB Hiru3 wegbunean, edo liburutegi presentzialak edo online liburutegiak ere badaude, euskarazko hainbat ikus-entzunezko maileguan hartzeko aukera ematen dutenak (eliburetegia).
6. INGURUNE EUSKALDUNA
Haur bat eskolatua egon ala ez egon, interesgarria da ingurunean euskara erabiltzeko aukerak ematea (baldin eta esperientzia positiboa bada). Adibidez, euskaraz dakien zaintzaile bat izan dezake, edo gustuko dituen eskolaz kanpoko jarduerak egin ditzake euskaraz. Hala, parkean gaztelaniaz bakarrik hitz egiten duten haurrek (partekatzen duten hizkuntza “emozional” nagusia delako) euskara ere erabiliko dute.
Halaber, euskarazko kultur jardueretara, antzerkira, kontzertuetara, umore-saioetara… eraman ditzakegu gure seme-alabak. Edo gure seme-alabei euskaraz hitz egiteko eska diezaiekegu euskaraz dakiten hurbilekoei.
7- EGUNEROKOTASUNAREN BALIOA
Gurasook eguneroko esamoldeak euskaraz erabiltzen baditugu (euskaraz ondo jakin ez arren) euskara “familiako” zerbait bihurtzen dugu, eta, hala, haurrek positiboki lotzen dute segurtasunarekin. Agurtzeko, txantxak egiteko, animoak emateko… erabil ditzakegu: Kaixo, laztana, zer moduz?/Goazen etxera…
Halaber, lagungarria izan daiteke eskolako lanetan PATXADAZ laguntzea ere (euskaraz asko jakin ez arren). Ahal den moduan, lasaituz, antolatzen lagunduz, interesa piztuz… Kontua ez da etxeko lanak egitea, baizik eta ikas dezaten bultzatzea. Txikipedia webguneaz gain (mugak izan arren), hainbat baliabide interesgarri daude haurrei etxeko lanak euskaraz egiten laguntzeko. “Ama, aita los deberes los hago yo” gidan daude bilduta. Horietako batzuk Internetez eskura daitezke, eta beste batzuk liburutegietan edo erakunderen batean eskatuta.
8-EUSKARAZ HITZ EGITEN JARRAITU?
Batzuetan, “kosta” egiten zaie etxean euskaraz hitz egitea gurasoekin eta anai-arrebekin, eta gaztelaniaz nahiago dutela esaten digute.
Hori gertatzen da etxeko hizkuntza emozional nagusia gaztelania denean eta gurasook hizkuntza horrekin lotzen gaituztenean. Horregatik, gaztelaniaz hitz egitea edo erantzutea “ateratzen zaie” edo “eskatzen dute”. Beste batzuetan, aldiz, euskara izaten da ohiko hizkuntza, eta nerabezaroan, adibidez, gaztelaniaz hitz egiten hasten dira, kontra egiteko modu gisa. Hori kontuan izanik, posible da euskaraz hitz egiten jarraitzea, erabili eta ikas dezaten bultzatzeko. Horretarako, baliagarria izan daiteke:
–Erabaki hori azaltzeko asertibitate emozionala agertzea: “Ulertzen dut gaztelaniaz hitz egitea nahiago izatea, agian hurbilagoa egiten zaizulako. Baina, hala ere, euskaraz hitz egiten jarraitu nahiko nuke, lagungarria izango zaizula uste dudalako”. Dena den, ez da gomendagarria nahitaez euskaraz erantzun dezaten behartzea. Denborarekin, hasiko dira.
-Euskaraz hitz egiten diegun uneak “mugatzea”. Goizez izan daiteke, eskolara joan aurretik, edo arratsaldeaz, etxera itzuli ondoren… Etxeko lanak egiten euskaraz laguntzen badiegu, beste une “atseginago” bat bilatu beharko genuke. Eta, pixkanaka, une horiek gehitzen saiatuko gara.
-Familiako egunerokotasunean euskarazko esaldiak, esamoldeak, ohiko formulak… erabiltzen jarraitzea.
–Familiako jarduera batzuk euskaraz bakarrik egitea proposatu eta adostea, eta hori betetzea (mahai-joko bat, filma bat, eskulan bat… ). Jarduera hori seme-alaba batekin baino gehiagorekin egiten badugu, haien artean ere euskaraz egiteko aukera sortzen dugu.Haien artean euskaraz egiten ikusten baditugu, indartu egin dezakegu aukera hori.
9-EUSKARA IKASI/ERABILI
Euskara ikastea erabaki dezakegu lanerako behar dugulako, eskolako lanetan laguntzeko, langabezian gaudelako eta zerbait erabilgarria egin nahi dugulako… Motibazioa edozein izanik ere, garrantzitsua da jakinmina izatea ikasteko eta erabiltzeko nahia “pizteko”. Euskaltegian eman dezakegu izena, gure herriko ikastaro batean parte har dezakegu, hizkuntza ikasten hasteko edo indartzeko online prestakuntzak bila ditzakegu (Curso Deusto, Euskarasatorra , Ikasbil, Ikasten…), edo euskarazko hazkuntzari buruzko online guneak bisita ditzakegu (Guraso, Hazi- Hezi aldizkaria, BBKFAMILY…).
Halaber, oso erabilgarria izan daiteke taldean ikastea edo ikasitako indartzea. Eskoletako guraso-elkarteetan edo bizilagun-sareetan, euskaraz ikasteko jarduerak eta euskara erabili eta euskararekin gozatzeko taldeak antolatzen dira (adibidez, berbalagun). Talde horiek gurasoentzako bakarrik izan daitezke edo guraso eta seme-alabez osatutakoak. Beraz, gure eskolan edo zentro zibikoan horrelako ekimenik dagoen begira dezakegu. Adibidez, Bilbon badute esperientzia arlo horretan EL AMPA de Mujika-Eskola. Hemen ere begira dezakezue: EHIGE.
Bestalde, beste kultura, hizkuntza eta herrialde batzuengatik interesa agertuz, zeharka, euskararekiko estimua agertzen dugu (beste hizkuntza batzuetan telebista ikusiz, bidaietan oinarrizko hitzak ikasiz, liburuetan beste herrialde batzuei buruzko bitxikeriak bilatuz… ).
10- EUSKARAREN ERABILERARAKO BALIABIDEAK
Familientzako hainbat ekimen, material eta baliabide daude, euskararen erabilera bultzatzen laguntzeko. EMANGILTZA webgunean, adibidez, hainbat talde eta erakundetatik biltzen joandako ideia berezi asko daude.
Amaitzeko, hemen duzue EMANGILTZAren bideo bat, euskara familia-bizitzan txertatzen laguntzeko. Patxadaz egin beharreko prozesua da, mailakatua, lasaia, eta gozatuz eta erritmo eta aukeretara egokituz egin beharrekoa. Garrantzitsua da komunikazioan nahiko eroso sentitzea, eta komunikazio hori ez haustea edo sortutako lotura emozionala ez kaltetzea.
AURRERA!
Begoña Ruiz, psicóloga, educadora social y psicomotricista.