Zergatik ‘portatzen dira txarto’ umeak?

Ohikoa da kontsultan eta kanpoan entzutea gurasoek beren seme-alaben portaerari buruz etengabe egiten dituzten kexak. Zergatik ez dute nik esandakoa egiten? Zergatik jotzen dute arreba/ahizpa? Zergatik ibiltzen dira oihuka eta deiadarka, edo ez didate kasurik egiten berba egiten diedanean? Familiak, batzuetan, etsita sentitzen gara, ez baitugu ulertzen zer gertatzen zaien ume horiei; badirudi gu onetik ateratzeko helburua baino ez dutela.

Zer jazo edo gertatzen zaie gaizki portatzeko? Zaila da galdera horri erantzutea ikusten dugunari, gogaikarria zaigun jokabideari bakarrik erreparatzen badiogu, harago joan barik. Horregatik, garrantzitsua da jokabide baten aurrean izotz-mendi baten punta balitz bezala ikustea, hau da, gertatzen ari denaren zati txiki-txiki bat da hori; izan ere, atzean faktore gehiago daude kontuan hartu beharrekoak eta gertatzen dena ulertzen lagunduko dutenak.

1. Haurren berezko garapena ez ezagutzea.

Normalean, adin bereko umeen gurasoen kexak antzekoak izaten dira. Elkarri kopiatzen diotelako ote da hori? Ados jartzeko konspiratu egiten ote dute beren artean? Baliteke… Hala ere, erantzun errazena izaten da zuzena. Hori gertatzen da eboluzio-une berean daudelako eta beraien portaerak antzekoak direlako.  Adibidez, 2 edo 3 urteko haur batek haginka egitea edo jotzea, elikagairen bat arbuiatzea, bere gustuak aldatzea, lo egiteko orduan beldurra izatea, desobeditzea, ez entzutea eta ilargian daudela ematea… horiek guztiak umeen ezaugarri arruntak dira; izan ere, beren beharrizanekin kontaktuan egon ohi dira, eta beharrizan horiek batzuetan talka egiten dute daramagun bizi-erritmoarekin. Gainera, adituak dira “hemen eta orain” presente egoten, eta helduon munduko presak eta betebeharrak ez dira haienak.

Hala ere, heldu gehienok ez dakigu zein diren adin eta eboluzio-etapa bakoitzeko jokabide normalak eta naturalak (banaketaren larritasuna, autobaieztapena, …). Haur batek jantzi gura ez izatea, pixoihala kentzea, eskolara bidean ikusten duen gauza bakoitzari begira entretenitzea, edo janztera doanean jolasean hastea, edo bere munduan murgilduta egotea, …  jokabide horiek esan gura dute, beste barik, diseinatuta dauden legez dihardutela, jolasean eta esplorazioan dabiltzala, eta jokabide normalak dira, denborarekin eboluzionatuz joango direnak. Horrek ez du esan gura konpondu beharreko eragozpenak edo gatazkak ez direnik, baina ez dira “gaizki edo txarto portatzen” ari. Horretaz jabetzea, gurekin duten “zerbait pertsonala” ez dela eta ez dutela gu izorratzeko egiten pentsatzea jarrera ona da irtenbideak bilatzen hasteko, erronka horiei hobeto eta errespetu handiagoz aurre egitea ahalbidetuko digute eta.

2. Eskakizuna.

Askotan, egin dezaketena baino gehiago eskatzen diegu, eta egiten ez dutenez, txarto portatzen direla edo “desobeditu” egiten digutela interpretatzen dugu. Espero dugu umeek beren kabuz gauzak egitea, beren kasa janztea, autonomoak izatea edo beren burua kontrolatu eta ez jotzea, … haiek gaitu edo hezteko behar den denbora guk eskaini barik, hau da, trebetasun berri horiek lortu ditzaten trebatu, lagundu eta denbora eman barik.

Dena ezin hobeto egin dezaten gura dugu, lehenengoan, eta guk gura dugun legetxe.

Garrantzitsua da gogoratzea garapen-bidean dauden pertsonak direla, beraien garuna heldubakoa dela, eta oraindik ez daudela prestatuta jokabide batzuetarako. Zerbait egin dezaten itxarotea, horretarako oraindik prestatuta ez daudenean, “arrantzura larrera joatea” bezala da, eta horrek haserrea, frustrazioa eta ulertezintasuna sortuko dizkigu.

Horregatik, garrantzitsua da gure itxaropenak errealitatera egokitzea. Berak egitea espero dudan hau, posible ote da une honetan? Eta jabetu behar dugu ikaskuntza orok trebakuntza, hutsegiteak eta denbora eskatzen dituela.

3. Epaitzea: jokabide txarra ala ona?

Esan ohi dugu haurrak gaizki portatzen direla, ez direla esanekoak, eta gaizto edo bihurriak ere badirela.

Ebaluatzen eta etiketatzen duen hizkuntzaz (ongi/txarto; ona/txarra) berba egiten dugunean, besteak egiten duena ez ezik, pertsona bera ere epaitzeko arriskua dugu.  “Gaizki portatzen banaiz, gaiztoa naiz”. 

Berba egiten diegun moduak erabakiko du autoestimuaren garapena, eta horrelaxe berba egingo dio nork bere buruari (“tuntuna naiz”, “gaiztoa naiz”, “txarto portatzen naiz”, edo “zintzoa naiz eta ezin dut gaiztakeriarik egin, egiten dudanean zintzoa izateari uzten diot eta”).

Ume batek anaia edo neba jotzea ez da jokabide desiragarria, eta, beraz, aukerak bilatu eta trebatu egin beharko dugu, bere portaera aldatuz joan dadin eta egokiago eta begirune handiagoz joka dezan.

Haurrak ez dira ondo edo txarto portatzen, beren premia edo beharrizanen arabera jokatzen dute, eta une horretan sentitzen duten emozioaren arabera. Beraien jokabidea gertatzen ari den eta kontuan hartu ez dugun zerbaiten sintoma da; zenbat eta larritasun eta indarkeria handiagoa erakutsi portaeran, orduan eta handiagoa da euren ondoez-maila eta etsiagoa egiten diguten laguntza-deia.

4. Portaera desegoki edo gogaikarriaren atzean, bete edo erantzun bako beharrizan bat dago, eta hura lortzeko moduaz uste oker bat.

Lehen esan bezala, haurrek egiten dutenari bakarrik erreparatzea gertatzen ari denaren zati batean bakarrik geratzea da. Horregatik, egiten duguna jokabide hori geldiaraztera bideratuko da, eta aldi batez baino ez du funtzionatuko, benetako arazoa ez baita horrekin konponduko.

 

Beharrezkoa da zer jazo edo gertatzen den behatzea eta harago joatea, benetan gertatzen dena ulertu ahal izateko; eta erabiliko ditugun tresnen helburua ez da jokabidea aldatzea bakarrik, baita ere bizitzarako trebetasunak sortzea eta benetan ulertuak direla sentiaraztea umeei.

Gaizki portatzen den haurra, motibazio bako haurra da”, Rudolf Dreikurs.

Rudolf Dreikurs-ek, hezkuntza demokratikoaren aita eta Diziplina Positiboaren aitzindarietako batek, azaldu du ondoeza sentiarazten diguten umeen jokabideen atzean bete bako beharrizan bat dagoela eta hura asetzeko moduari buruzko uste bat ere bai. Hura lortu ahal izateko duten baliabidea da beren jokabidea.

Premia edo beharrizan horiek, nagusiki, hauek dira: kide izatearen sentimendua (familia, talde, komunitate … bateko kide naiz) eta garrantziaren sentimendua (garrantzitsua naiz neure ekarpena egiten dudanean eta/edo kontuan hartzen nautenean). Beharrizan horiek bete gabe daudenean, orduan edozer gauza eginez lortzen saiatzen dira, eta, batzuetan, “helburu txar” batzuen bidez, izenak berak adierazten duen lez, beharrizan horiek asetzea lortzeko modu txar edo okerrak.

Larregizko arreta: “Arreta jartzen didatenean bakarrik sentitzen dut kide naizela”. Umeak arreta hori lortzen saiatzen dira (gogaikarri jartzen dira, eten barik gure arreta eskatzen dute, atergabe kexatzen dira edo beraiek beren kabuz egiteko gai diren gauzak egiteko eskatzen digute). Hor gertatzen da gure seme-alabak ez direla garrantzitsuak, “begiratuak”, sentitzen, eta gure presentzia falta zaiela, sarritan arreta gehiago jartzen baitiegu portaera desegokiak dituztenean, eurekin jolas egitea edo denbora pasatzea eskatzen digutenean baino.

Gaizki zuzendutako boterea: “Agintzen dudanean bakarrik sentitzen dut kide naizela; ezin nauzu behartu”. Kontuan hartuak sentitzen dira gura dutena egiten edo erabakitzen dutenean. Horregatik, eskatzen dieguna egiteari uko egiten diote, eta botere-borroka sortzen da helduaren eta umearen artean. Hori gertatzen da normalean ez direlako kontuan hartuak, ez zaielako parte hartzeko aukerarik eskaintzen beren adinerako egokiak diren erabakiak hartzen (arropa aukeratzen, fruta aukeratzen, familiako plan baterako aukerak proposatzen, etab.).

Mendekua: “Sentitzen dut ez naizela kide eta horregatik min egiten dizut”. Kasu horretan, haurra minduta sentitzen da eta bere mina besteei kalte eginez erakusten du (fisikoki edo berbaz eraso egiten du, gauzak apurtzen eta hondatzen ditu, …), ez delako garrantzitsua sentitzen, ezta kontuan hartua ere. Ezkutuan dagoen arrazoia izan daiteke agian kalte egin diegula, eta ez garela enpatikoak izan haien ondoezarekin, ezta haien emozioei baliorik eman ere, eta haien jokabideari edo pertsonari buruzko kritikan jarri dugula arreta. Ez dira baldintza barik, hau da, egiten dutena egiten dutela, maitatuak sentitzen.

Gutxiegitasuna: “Egiten dudana egiten dudala, ez naiz garrantzitsua eta ez naute kontuan hartzen, etsita nago, horregatik ez ezazu nigandik ezer espero”. Ezgauza sentitzen da eta, zernahi egiten duela ere, bere egoera ez dela aldatuko uste du. Motibazio barik dago, absente, axolagabe, ezkor, eta “ezin dut” errepikatzen du maiz. Horrek frustrazioa sortzen digu, etsita sentitzen gara eta amore emateko gogoz.  Batzuetan, egoera horretara iristen gara kritika larregi egin eta besteekin gehiegi konparatzeagatik, edo askotan ezgauza sentitu direlako helduek erreskatatu dituztenean (“Utzi, neuk egingo dut”). Amore eman dute, eta oso arazo larria izan daiteke hori, baldin eta konfiantza itzultzen saiatzen ez bagara, lor ditzaketen helburu txikien bidez.

Zigorrak, mehatxuak eta xantaiak helburu horiek betikotzen dituzten estrategiak dira, ez baitoaz arazoaren sustraira. Aldi batez estali egiten dugu, uste okerrak hor jarraitzen baitu, konpondu barik. Gainera, ekintza horien ondorioz, jada sentitzen diren baino ere okerrago sentitzen dira, eta zigorra saihesten saiatuko dira gezurrak esanez edo men eginez, baina premia edo beharrizanek ase barik jarraitzen dute. Eta Jane Nelsenek dioen lez, “Nondik atera dugu ideia zoro hori, hots, haurrak hobeto porta daitezen, txarto edo gaizki sentiarazi behar ditugula?”. Pertsonok ondo, onartuta eta garrantzitsuak sentitzen garenean orduan egoten gara lankidetzarako prest.

“Portaera txarra” ezagutza-falta besterik ez da, gaitasun eraginkorrik eza, garapen-etaparako jokabide egokia, adoregabetasun edo motibaziorik ezaren adierazpena, edo, askotan, gure garun primitiboarekin berriro konektatzera bultzatzen gaituen istripu baten ondorioa, non aukera bakarra botere-borrokak hastea edo atzera egitea edo ez komunikatzea baita”.  Jane Nelsen dokt.

Lorena Méndez Robredo. Psikologo sanitario orokorra eta disziplina positiboko hezitzailea.

BBK Family Learning

×