Zer egin dezakegu familiatik gure seme-alabak bortxaketa jasaten badu?

Gure familiako kideren batek bortxaketa bat jasaten badu, funtsezkoa da zelan erreakzionatu jakitea, horrek aldea eragin baitezake. Hori dela eta, Bartzelonako Clinic Universitari Ospitaleak gida bat argitaratu du, erasoa jasan duen pertsonaren osatze integrala errazteko hainbat jarraibiderekin.

Hala ere, gomendatutako neurriak aipatu aurretik, azpimarratu behar da emozio asko sentituko ditugula eta ez dugula errudun sentitu behar ez bagara gai gomendatzen diguten bezala agertzeko. Hala eta guztiz ere, jarraibide batzuk gogoan izatea lagungarria izan daiteke gure seme edo alabari hobeto laguntzeko, erasoa jasan dutenak izan baldin badira.

Gogoratu, Save the Childrenek egindako azterlan baten arabera, haurrek edo nerabeek abusatzaileen % 84 inguru ezagutzen dutela, neurri handiagoan edo txikiagoan, eta leku ohikoenen artean familia-ingurunea nabarmentzen dela; beraz, baliteke egoera are konplexuagoa izatea.

Ez kendu garrantzirik gertatutakoari
Demagun gure alabak esaten digula aitaitaren sexu-erasoa jasan duela. Gure aurrean irekitzen den amildegia hain da handia, ezen batzuetan saiatzen baikara gertatutakoa minimizatzen edo gure alabari pentsarazten txarto ulertu duela gertatutakoa, ez garelako gai kontatzen ari zaiguna prozesatzeko. Hala ere, horrelako zerbait kontatzen digunean, harrera egiteko unea da. Pentsa zein gogorra izan behar duen berarentzat, zein zaila gertatuko zitzaion kontatzea.

Bartzelonako Clinic Universitari Ospitaleak egindako azterlanaren arabera, gomendagarriena da enpatikoak eta ulerkorrak izatea, lasai agertzea, ez epaitzea eta behar duen guztian laguntzeko prest egotea, hori ezinbestekoa baita jasan duen sexu-erasotik osatzeko, bai eta gertatutakoari garrantzirik ez kentzea ere, “betiere aitortuta prozesua biktimarena dela, geurea balitz bezala mindu arren gu”, azaltzen du Maitena Monroyk, autodefentsa feministako prestakuntzan aitzindariak, genero-indarkerian adituak; “Autodefensa feminista” liburuaren egilea da, gainera.

Hala ere, ez bagara gai horrela erreakzionatzeko, paperak dena jasaten duelako baina errealitatea beste gauza bat delako, besarkatzea baizik ez dugu egin behar, eta isilik edo negarrez egon, edo une horretan sortzen den sentimenduari ateratzen utzi. Kontuan izan behar da, halaber, errua sarritan irteten saiatzen den emozioa dela. Urteetan zehar, emakumeek beren gain hartu dute eraso horietako batzuen errua, bizi garen eta bizitzen jarraitzen duten kultura matxista dela eta. Izan ere, sentimendu horri aurre egiteko, 2019an ‘Las Tesis’ talde txiletarrak bultzatutako abestia, Un violador en tu caminoizenekoa, non kantatzen baita “la culpa no era mía, ni dónde estaba, ni cómo vestía…”, horren erakusgarri bat da.

Zoritxarrez, erruak emakumeen gainean jarraitzen du hegaldaka. “Agian neuk xaxatu edo tentatu ote nuen? Bultza egin behar ote nion eta neure burua sendoago defendatu? Zergatik ez ote nintzen diskotekan nire edalontziari begira egon? Zergatik saiatu ote nintzen berarekin ligatzen? Zergatik ekarri nuen neure etxera? Benetan kontra egin nion?” batzuetan sexu-eraso baten ostean egiten diren itaun edo galderak dira. Horregatik, oso garrantzitsua da biktimari esatea ERRUA EZ DELA BEREA. “Biktimak jakin behar du indarkeria beti dela amotibazionala berak egindakoari dagokionez”, azaltzen du Monroyk. Segurtasuna eta konfiantza eman behar zaizkio erasoa jasan duen pertsonari beharrezko urratsak egiten lagunduko dion neurrian.

Salatzeko beldurra
Salatzea da lehen urratsetakoa eta gaitz edo zailenetakoa. Emakumeek beste kalbario edo gurutze-bide bat pairatu ohi dute prozesuan zehar, nahiz eta, oso pixkanaka, hori aldatzen ari den. 2020. urtean Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Genero-indarkeriaren biktimen deklarazioa hartzeko jardunbide egokien gida” argitaratu zuen, bigarren mailako biktimizaziorik ez eragiteko eta delitu-egitateak eragindako kalteei kalte gehigarririk ez gehitzeko helburuaz.

Gaur egun, sentsibilizazio handiagoa dago poliziaren eta epaileen artean, nahiz eta oraindik sentsibilizazio eta prestakuntza handiagoa behar den. Beraz, prozesuan zehar gure seme edo alabari lagun egitea oso lagungarria izango da. Gainera, gaur egun ospitaleak inplikazio handiagoa du prozesuan, bera arduratzen baita erasoa jasan duen pertsonari egindako probak jagon edo zaintzeaz, nahiz eta oraindik biktimak berak ez erabaki salaketa jartzea. “Horrek ziurtasuna sortzen du geroagoko jarduketei begira; izan ere, batzuetan, biktima hasieran ez da gai izaten hainbesteko eragina duten erabakiak, salaketa egitea edo ez bezalakoak, hartzeko”, dio adituak.

Zelan lagunduko dugu?
Halaber, garrantzitsua da jakitea zer urrats eman behar diren frogak ez suntsitzeko eta erasotzailea topatzeko. Gida honetan erasoaren ostean segi beharreko jarraibide erabilgarriak aurkituko dituzu. Baina, maila psikologikoan, zer egin daiteke? Bartzelonako Hospital Clinic-ek argitaratutako gidan, zazpi gako eskaintzen dizkigute gure alabari laguntzeko eta osatze-prozesua bideratzen saiatzeko.

Esan dugun legez, jarrera ulerkorra, beroa eta lasaia izan behar dugu eta, batez ere, EZ EPAITU ETA EZ BOTA ERRURIK. Ez galdekatu, ezta errietarik egin ere. Entzuteko prest egon, naturaltasunez eta maitasun handiz tratatu. Hori ez da batere erraza, alde batetik, inork ez duelako nahi bere alabak edo semeak sufritzea, eta min handia sentitzen dugulako; eta bestetik, erasotzailearekin dugun loturaren arabera, kontrajarritako sentimendu ugari sortzen direlako.
Kontatzen digunean zer gertatu den ondo jakin gura badugu ere, ez dugu presiorik egin behar gertatutakoaz berba egin dezan, ezta xehetasunik galdetu ere.

Bere pribatutasuna errespetatu behar da. Diskrezioa eta gertatutakoaren hedapena mugatzea gomendatzen da. Pertsona batzuek ez dute horretaz hitz edo berba egin beharrik. Isiltasuna eta distrakzioa, denboraren joanarekin eta eguneroko bizitzari berriro ekitearekin batera, batzuetan estrategia baliagarriak dira oreka emozionalari eusteko eta osatzeko. Hala ere, ageriko suminkortasuna badu eta gertatutakoa behin eta berriz berritzen badu, biktimak erabakitzen duenean, laguntza terapeutikoa emateko unea izango da, maila psikologikoan, bere osatze-prozesuaren parte gisa. “Laguntza psikologikoa ezinbestekoa da, baina baita momentua aukeratzea ere”, gehitzen du Monroyk.

Ohiko jarduerak berrasi ditzan animatu eta laguntzea
Trauma bat nozitzen dugunean, eguneroko zereginetan arreta jartzea asko kostatzen zaigu, eta gure arreta gutxitu egiten da. Seguruenik mailaka eta pixkanaka hasiko da berriz, baina denbora batez bere jarduerak (ikasketak, lana…) eten edo bertan behera utzi behar baditu, hori egitera animatuko dugu.

Kontuan izan behar da bere jarduerak eta erasoarekin lotutako gestioak uztartu beharko dituela, segur aski. Polizia, epaitegi, abokatu, mediku eta abarri egin beharreko bisita horietan lagun egitea ezinbestekoa da. Gainera, ohikoa da profesionalekin lehen harremanak saihesteko joera izatea biktimek.

Ingurune segurua eta babes-plan bat ezartzen laguntzea

Baloratu beharreko beste alderdi bat da ea mehatxuak existitzen jarraitzen duen erasotzailea ezaguna delako edo familiakoa, lantokikoa, ikaskide edo lagunen artekoa delako. Baliteke zuzeneko edo zeharkako mehatxuak edo presioak jasotzea salaketarik egin ez dezan. Garrantzitsua da erasoa jasan duen pertsonarekin adostutako neurriak hartzea. Horretarako, hurbileko pertsonak mobilizatzeaz gain, bera babesteko ondo ezarritako plan bat garatu behar da.

Salaketa judizial bat jartzeak esan gura duen urrats garrantzitsua ere aipatu dugu. Biktimak du azken hitza. Ez dugu epaitu behar salaketa jartzen ez duen pertsona, baina egin dezan animatzen saiatuko gara. Salaketa jartzeko erabakiak erreparazio morala lortzen eta lehengoratze psikiko eta sozialean lagundu dezake, “biktimagileen zigorgabetasuna apurtzen laguntzeaz gain”. Baina prozesu luze eta konplexuan sartzea dakar horrek, eta emakume guztiek ezin dute prozesu hori jasan. Eta kasu batzuetan, erreakzio emozionalak biziak badira, laguntza profesionala gomendatzea ere neurri ona da.

Zelan lagundu gure alabari epe luzera?

Urrats horiek garrantzitsuak dira epe laburrera, baina nola lagun diezaiokegu gure alabari epe luzera? Virginie Despentes idazlea izan zen ahotsa altxatu zuen lehenengoetakoa, biktima-rola ez betikotzeko bizitza osorako. Izan ere, Iruñeko “La Manada” auziko akusatuen defentsa-abokatuak biktimaren sinesgarritasuna baliogabetu nahi izan zuen, bere sare sozialetan lagunekin dibertitzen agertzen zelako. Hau da, eraso baten biktimak, biktima izateaz gain, biktimaren antza ere izan behar du. Maltzurra da, prozesuaren zati batek biktima gisa aitortzearekin zerikusia duelako, hortik aurrera identifikatu, kaltea konpondu eta justizia eskatu ahal izateko; hala ere, indarkeria matxisten biktimei askotan ukatu egiten zaie errekonozimendu hori, bai indarkeria probokatzea leporatzen zaielako, bai ‘suntsitutako eta hondoratutako biktimaren’ profila betetzen ez dutelako”, azaltzen du Monroyk.

Ezin dugu eta ez dugu prozesua bizkortu behar, pertsonak trauma bat izan duelako eta bere denbora behar duelako. Esan dugun bezala, epe luzera baliteke gertatutakoa integratzea, baina epe laburrera, kontuz!

Gogoratu garai gogorra dela, eta hor ez gaituztela beti ulertzen besteek, eta gure alaba edo semea txarto dagoela ikustea ez da erraz eraman edo pairatzen. Baina entzuteari tartea ematea, emozioak onartzea, eta horiek ez ukatzea, lehen urrats handia izango da osatze-prozesuan. Era berean, profesional bat bilatzea oso lagungarria izan ohi da, eta, agian, bortxaketa jasan duten beste pertsona batzuen esperientzia ezagutzea ere lagungarri gerta dakioke, “baita antzeko egoerak bizi izan dituzten beste familia batzuekin espazioak bilatzea ere, zelan lagundu partekatzeko, baina baita geure sentimenduak partekatzeko ere”, gehitzen du Maitena Monroyk.

Autodefentsa feminista
Autodefentsa feminista ahalduntze indibidual eta kolektiborako estrategia bat da, erakunde feministetatik sortua, emakumeei indarkeria matxista identifikatzen eta horretatik beren burua babesten laguntzeko hiru esparrutan: kognitiboan, fisikoan eta emozionalean. Prebentziorako eta bidezko defentsan jarduteko baliabide teoriko-praktikoen tresna da. Kontua ez da indarkeria-mailetan bakarrik jarduten jakitea, baizik eta gure eguneroko bizitzako alderdi guztietan, autodefentsarako lehen ariketa gisa despatriarkalizatu ahal izateko.

Guía de autoayuda para mujeres víctimas de una agresión sexual reciente

Autodefensa feminista

Berdintasuna, hain irrikatua eta hain zaputza den helburu hori

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

BBK Family Learning

×