Independentziaren mitoaren aurrean, elkarren mendeko izakiak gara. Beste batzuek hazitako gizakiak gara, eta guk jasotako haziera guk ondorengoak hazi eta hezteko moduan adierazten dugu.
2011 urtean, Samuel Arandari World Press Photo saria eman zioten; argazki hartan Yemengo emakume batek bere semea, protesta batean gobernuaren soldaduek errepresaliatua, besarkatzen du. Saria jaso zuenean, egin zuen lehen gauzetako bat irudia hartu zuen hirira itzultzea izan omen zen, eta han Fatima Al Qaws eta haren semea, Zayed, bilatu zituen saria beraiei eskaini ahal izateko eta, horrela, hain une zehatz, bizi eta mingarria jasotzen zuen irudiaren garrantzia aitortzeko. Aurkitu zituenean, beren etxean egin zioten harrera, eta etxe hartan familiako ehun kideak baino gehiago bizi dira. 100 pertsona baino gehiago!
Istorio labur hau gogoratu ohi dut, agian ahaztu zaigun zerbaiten berri emateko. Duela ez gehiegi, eta gaur egun ere, gure mundu ezezagunaren (edo gurata ahaztuaren) zati handi batean, familia bateko kide izatea aita eta ama bat (edo bi aita edo bi ama, edo aita bakarrik edo ama bakarrik) eta seme-alaba bat edo bi izatea baino askoz gehiago zen (eta da). Azken ehun urteotan eta gure mendebaldeko zenbait eremutan bakarrik da familiaren kontzeptua gaur egun familia gisa ulertzen duguna bezain mugatua. Gure egungo marrazkietan ez dira lau edo bost pertsona baino gehiago agertzen, eta batzuetan aitona edo amona edo osaba edo izekoren bat, eta kito.
Orain dela gutxi arte, familia bateko kide izateak legatu edo ondare batekin zuen zerikusia, eta horrek, nortasuna eta kide izatea emateaz harago, oso modu estuan konfiguratzen, eratzen, egituratzen eta mugatzen gintuen gure bizitzaren alde guztietan. Eta, jakina, baita hazi eta hezten gintuzten moduan eta gero guk haziera hori transmititzen genuen moduan ere. Familia jakin batekoa izateak ia automatikoki markatzen eta taxutzen zuen zelakoak izan behar genuen, zelan jokatu behar genuen eta zelan hazi eta hezi behar gintuzten arbasoek eta gero zelan hazi eta hezi behar genituen guk ondorengoak.
Esparru hartan, haztea egitea baino askoz gehiago zen, halakoa izatea zen, halakoaren parte izatea zen. Gehienbat tazitu, begi-bistako eta azalpen bako elementuen continuum baten bidez transmitituriko hezkuntza eta hazkuntza zen. Atsotitz, esaldi, agindu eta, batez ere, eztabaida bako ohitura eta ereduz beteriko heziketa zen. “Eta zergatik? Ba, nik esan dudalako eta kito!”
Badirudi gure seme-alaben heziketa “jokoan” jartzen dugula gure portaera edo jokabide bakoitzean
Aitzitik, gaur egun badirudi hazierak eta gure guraso izateak aldatu egin duela haziera-ereduen ardatz edo arreta-gunea. Biraketa bikoitza egin dugu “neurrira” egindako hezkuntzarantz, eta horrela gure seme-alabentzat zer eredu gura dugun erabakitzen dugu eta inplikatutako pertsonak gero eta gutxiago gara. Hiru edo lau kideko familiak, familia-“klan” zabaletatik gero eta urrunduagoak.
Bilakaera horretan elementu esplizituetarantz jotzea ere sartzen da, arrazoiekin azal dezakeguna, eta zera zehatzarekin, egiten dugunarekin eta harremanetan jokoan jartzen ditugun ekintzekin lotuago dagoena. Zelanbait, tabula rasa edo arbel huts bat, iraganarekin lotura bakoa, aurkitu izan bagenu bezala da, non gure seme-alaben heziketa “jokoan” jartzen dugun gure portaera edo jokabide bakoitzean. Arreta-gune edo ardatza ez da izatea, familiako parte izatea edo familia lakoa izatea, baizik eta egitea.
Garai honek hezkuntza-eredu berriak sortzeko aukera ematen digu, jaso ditugunen aurrean (edo haien osagarri); izan ere, beste gizarte-eremu batzuetan bezala, aukeratzeko askatasuna konkistatu dugu. Aldiz, txanponaren beste aldean, umeen etorkizuna gure esku izatearen ardura edo erantzukizunaren zamarekin ere lotzen gaitu, eta, kasu askotan, gizarte-erruduntasunarekin ere bai, hazieran zailtasunak edo “sozialki arazotsuak diren jokabideak” sortzen direnean.
Eredu historiko honetan, jokabide bakoitzak hezkuntza-asmo bat izan behar duenez, askotariko ikuspegiei loturiko hezkuntza-proposamen eta eskaintzen merkatu etengabea topatzen dugu, hezteko moduen IKEAra bisita egitea lez. Era berean, hezkuntzako whatsapp, blog, coache, psikologo eta guruen talde pila batekin aurkitzen gara, gure aukeraketa edo hautu bakoitzaren epaile/ispilu gisa aritzeko.
Batzuetan nekagarria bihur daiteke. Duela urte batzuk, lankide batek esan zidan ardura horrek erabat abaildutako (batez ere) ama askorekin ari zela lanean bere pediatra. Eta gutxi gorabehera honelako zerbait esaten ziela: “Bost urteko hazkuntzarekin hezkuntza-interakzio bakoitza hain erantzukizun edo ardura handiarekin bizi baduzue, nerabezarora iristen direnean akituta egongo zarete.”
Hautatzeko askatasuna, hain liberatu eta erreala den askatasuna?
Baina benetan hainbeste askatu gara familia-ereduetatik? Egia da gu garela, ariketa kontziente bat eginez, hezkuntza-ereduak erabakitzen ditugunak, gure seme-alabentzat onena aurkitzeko oinarritik abiatuta?
Nire ustez, jokabideetan eta larregizko erantzukizunean jarritako arreta neurrigabe horrek ?oso gure garaiko zerbait? albo batera uzten du funtsezkoa den gauza bat, alegia, konturatu beharko genukeela jokatu gura ditugun gure hezkuntza-portaera horietako asko, ustez ohartuki egiten ditugunak, gure introiekzio, apriori edo ereduek oso baldintzatuta daudela, digeritu barik imitatuz edo modu akritikoan erreakzionatuz errepikatzen ditugu eta.
Izateko eta hezteko modu horiek geureganatu eta justifikatu ohi ditugu, transmititu dizkiguten pertsonei leial izanez, batez ere. Edo, aitzitik, haien aurrean erreakzionatu egiten dugu, ezberdin egiten saiatuz, eta askotan kontrakoa eginez. Ispilu-joko horretan bizi izan duguna islatzen dugu, eta gure hautuetako askotan agertuko da, gure berba, enfasi eta begiradetan, erreparatzen diogun eta ez diogun horretan, garen gorputzean… horiekin erreakzionatzen dugularik.
Agerikoa da hori, gure seme-alabekin dihardugunean, gure gurasoen berbak erabiltzen ditugula ohartzen gara, eta gauza bera gertatzen da jaso ditugun eta transmititzen jarraitzen dugun mezu eta adierazpenetan, aukeratu ditugun lanbideetan, botoa ematen diegun alderdietan, gure ideologietan, askotan horiekin jarraitzen dugularik geure seme-alabak “doktrinatzen”.
Eragin hori oso nabarmena da bai oso agerikoak diren alderdietan, aipaturikoak bezalakoetan, eta bai elementu sakonago, inkontziente edo sotilagoetan, eta gure bizipena gainditu eta belaunaldiz belaunaldiko familia-dinamiketan sartzen diren elementuak ere hartzen ditu. Psikologiaren edo ezagutza pertsonalaren askotariko esparruetan islatuta ikusiko ditugun hainbat alderdi, “kontzientzia-maila” askotara hurbiltzeko aukera emango digutenak, zelanbait esateko tipula-geruzak bezalakoak, pertsona bakoitzak, behar edo gura izanez gero, askotariko ikuspegi eta lan-moduetatik azter ditzakeenak. Eragin hori iceberg edo izotz-mendiarekin ere irudikatu dezakegu, horrek gogorarazten baitigu bere zatirik handiena kontzientziaren azpialdean geratzen dela.
Agian horregatik, batzuetan ez gara konturatzen haren eraginaz zeharkako egoera edo galderengatik baino. Zailtasun edo kezka horiek gelditu eta pentsatzera behartzen gaituzte, edo are gehiago, gure egungo arazoek bizi izandako egoerekin edo gure bizipenen harian dauden “korapilo” batzuekin duten harremanaren esperientzia bizitzeko gelditzera.
Inoiz ikusi duzu zeure burua seme-alabekin temati eta setati errepikatzen ekintza berberak, nahiz eta jakin ez zaizkizula funtzionatzen ari? Harritu zara gai edo egoera jakin batzuen aurrean larregizko erreakzioa duzula ikusita, ulertu barik zergatik ezin diozun horrela jokatzeari utzi, harremanetan distantziak eta blokeoak sortzen dituzun bitartean? Zure seme-alabei dagokienez, sartuta zaude beti leku berera eramaten zaituen katramilaren batean, zergatikoa oso ondo ulertu barik? Aurkitzen duzu familia-harremanetan errepikatzen den patroi edo eredu bat, familiako harremana blokeatzen ari dena?
Ereduei, funtzionatzeko modu “automatikoei”, eztabaida bako egiei, larregizko emozionaltasunari … buruzko galderak, agian geure jatorriko agertokietara gidatuko gaituztenak. Aztoratzen eta nahasten gaituzten galdera edo itaunak dira. Eta, hala ere, gure bizitzako beste edozein esparrutan bezala, bilatzera bultzatzen gaituzten ahotsak ere badira. Izan ere, agian galderak, samina edo kezkak sortzen zaizkigunean bakarrik aurkitzen dugu bide horietatik abiarazteko beharrezko gosea eta kemena.
Raul Castillo, psikologoa eta hezitzaile soziala
Hazkuntzari buruzko beste BBK Family artikulu batzuk
BBK Family mediatekan ditugun ipuinak laguntza emateko: