Aitor dezagun garbi: ez gara eroso sentitzen heriotzaz hitz egitean. Eta gure seme-alabekin egin behar dugunean, are gehiago uzkurtzen zaigu sabela. Haiekin gaia saihesten saiatzen gara. Beste erremediorik ez dagoenean, familiako norbait hil delako-edo, espedientea gainditzen saiatzen gara honelako esaldiekin: “Ba, jada ez dago hemen”, “Beste leku batera joan da”, gertakaria pixka bat “goxatu” guran. Ziurtasunik ez dugulako, tristurak hartzen gaituelako, zenbat eta gutxiago jakin orduan eta gutxiago sufrituko dutela uste dugulako, beraien jakin-minezko galderei erantzuten ez jakitearen beldur garelako, hain txikiak izanik ez direla ohartzen uste dugulako, … Hala ere, heriotzak eta berari buruz hitz egiteak zerbait naturala izan beharko luke. Heriotzaren bat gertatu baino lehen egin beharko genuke, eta umeei hobeto ulertzen laguntzeko moduan.
Edozelan ere, senitarteko baten heriotza gertatzen denean, umeek ere dolu-prozesu bat jasaten dute, eta guk lagun egitea behar dute. Agian egun hauetan ari da hori jazo edo gertatzen. Hemen uzten dizkizuegu beharbada lagungarri izango zaizkizuen ideia batzuk hurbileko norbaiten heriotza izaten baduzue.
Edozelan ere, senitarteko baten heriotza gertatzen denean, umeek ere dolu-prozesu bat jasaten dute, eta guk lagun egitea behar dute. Agian egun hauetan ari da hori jazo edo gertatzen. Hemen uzten dizkizuegu beharbada lagungarri izango zaizkizuen ideia batzuk hurbileko norbaiten heriotza izaten baduzue.
NOIZ, NON ETA NORK KONTATU
Komeni da asko ez itxarotea kontatzeko, haurrek azkar antzematen baitute zerbait gertatzen dela. Eta zer edo zergatik ez badakite larritu egin daitezke. Leku lasai bat aukeratu beharko genuke, nolabaiteko intimitatearekin. Eta gertuko eta “lasai” samar dagoen norbaitek berba egin beharko luke beraiekin. Adibidez, hil dena amaldeko amama edo amona bada, agian hobe da aita izatea hasiera batean kontatuko diona. Eta tonu goxoa erabiltzea, haien emozioei adi egotea eta izan ditzaketen zalantzei buruz galdetzea.
ZER ESAN
Kasu honetan, neska-mutikoen adina kontuan hartu beharreko zerbait izango da. Adibidez, 6 urtera arte, neskato eta mutikoen emozio-munduan egozentrismoa, ahalguztiduntasuna eta pentsamendu magikoa dira nagusi, eta, beraz, beti pentsa lezakete hildako pertsonak itzuli ahal izango direla, eurak badutela zerikusirik horrekin guztiarekin, etab. Edozelan ere, oro har, 3 ideia transmititu beharko lirateke:
- HERIOTZA GORPUTZEAN ZERBAITEK HUTS EGITEN DUELAKO GERTATZEN DA – EZ LO HARTU ETA ESNATZEN EZ GARELAKO
Jakina, ez da beharrezkoa anatomia-eskola bat ematea. Interesgarria da adieraztea pertsona bat hil egin dela bere gorputzean zerbaitek huts egin duelako: izan bihotza, birikak, garuna, … Horregatik hil da, ez gaizki portatu zelako edo ohera sartu, lo hartu eta ez zelako esnatu. Izan ere, horrelako arrazoiak ematen badizkiogu, umeak bere fantasiak sor ditzake eta bere heriotzagatik kezkatuta sentitu lo hartzera doanean edo gaizki portatu ostean.
“Utzi gaituela” edo “beste leku hobeago batera joan dela” erantzuteak ere halako larritasun bat sor dezake haurraren mundu emozionalean, gurasoengandik ez banandu gura izatea, hildakoarekin behar bezain onak ez garela izan pentsatzea, etab…
Txikienek agian galdetuko digute zelan jango duen, zelan entzungo duen edo lo egingo duen hildako pertsonak, eta esan beharko diegu hildakoaren gorpuak jada ez dauzkala beharrizan horiek.
- HERIOTZA IZAKI BIZIDUN GUZTIEI GERTATZEN ZAIEN ZERBAIT DA – ETA ZU ERE HILKO ZARA? ETA NI ERE BAI?
Pertsona eta izaki bizidun guztiok hiltzen garela esan diezaiekegu, landareak, tximinoak eta elefanteak barne. Horren aurrean, galdera hau jasoko dugu: “Eta aita, zu ere hil egingo zara?”. Eta hemen kontuz ibili behar dugu; izan ere, BAI biribil bat erantzuten badiegu beste barik, nahikoa larrimin sor diezaiekegu, umeek denboraren inguruan duten ikusmoldea desberdina baita. Pentsa dezakete BAI horrek esan gura duela bihar bertan hil daitekeela aita. Horregatik, ATZERATZE edo geroratze bat gehitu beharko da, honelako ohartxoren bat: “Bai, pertsona guztiak bezala ni ere hil egingo naiz, baina aguretxo bat bihurtutakoan…”
- HERIOTZA ITZULEZINA DA – AGUR ESATEKO ERRITUAK
Umeek jakin behar dute heriotzatik ez dela itzultzen. Hau da, hildako aitona edo aitaita ez dela itzuliko. Agian, hori kontatu ostean, batez ere ume txikerrenek, egun pare batean berriro galdetuko digute: “Eta. noiz itzuliko da amona?”. Maitasunez esan beharko diegu ez dela itzuliko.
Sinesmen erlijioso edo espiritual batzuk ere sar ditzakegu, baldin eta horietan benetan sinesten badugu eta familiaren kulturan “berriak” ez badira. Beti esan dezakegu ez dakigula ondo zelakoa den heriotzaren ostekoa, baina ezingo ditugula berriro ikusi hezur-haragitan. Agur-erritu batzuk ospatzeak atzeraezintasun hori hobeto “digeritzen” lagun diezaieke.
ZER EGIN
- AGUR ESAN DIEZAIEKEGU
Beti lagun dezake agur-errituren batean, publiko edo pribatuan, umeek ere parte hartzea. Hileta, ehorzketa eta tanatorioen kasuan, honelako zeremonietan haurrek ere, 6 urtetik aurrera, parte har dezaketela xedatzen da. Betiere eurak gura badute, pertsonen antsietate-krisirik ez dela egongo aurreikusten bada eta pertsona heldu baten gertuko laguntza baldin badute, beraiek lasaitzeko eta gertatzen denaren zentzua azaltzeko.
Etxean agur sinbolikoak ereegin daitezke. Adibidez: agur esateko marrazki bat egin, agur-gutun bat idatzi, hildakoaren argazkitik gertu kandela bat jarri… Eta posible da aurrerago hilerrira edo errautsak dauden tokira bisitak egitea ere.
- GOGORATU EGIN DITZAKEGU
Umearen dolu-prozesuan lagungarria izaten da hil den pertsonaz berba egitea eta hura gogoratzea. Agian, egun batzuk edo denboraldi bat itxaron beharko da horretarako. Baina gero esperientzia partekatuen pasadizoak gogoratzea, familiako argazki-album bat ikustea, aitonak egiten zituen gauza dibertigarrien zerrenda bat egitea, etxean edo etxetik kanpo amonaz oroitzeko leku bat pentsatzea, … lagungarri izan daiteke.
Familian OROITZAPENEN KUTXA sor daiteke: kaxa bat apaindu eta bertan aitona gogorarazten diguten gauzak sar daitezke; adibidez, argazki bat, kromo bat, oparitu zigun zerbait, marrazki bat, harena izan zen zerbait…
- GUGAN UTZI DUTEN ARRASTOA IKUS DEZAKEGU
Hau da zail edo gaitzena helduentzat eta adinbakoentzat. Eta denbora behar duen zerbait da… Batzuetan, azaldu gura diegu, zelanbait, aitonak bere kemenarekin, oroitzapenekin, erakutsi zigun guztiarekin, … guri lagun egiten jarraitzen duela, baina ez da erraza. Horretarako badira lagungarriak diren ipuinak, liburuak, filmak eta abar. Artikuluaren amaieran, horietako batzuk aipatuko ditut.
Amonak familiari erakutsi zizkigun gauzak gogoratu, idatzi edo marraztea baliagarria izan liteke. Adibidez, nik esan dezaket patata-tortilla egiten irakatsi zidala, konprometitzen nintzen gauzak betetzen irakatsi zidala… Haurrak idatzi dezake aitonak kartetan jokatzen irakatsi ziola, edo gauza asko erosten zizkiola…
- NEGAR EGIN, BARRE EGIN ETA BIZITZAREKIN JARRAI DEZAKEGU
Posible da negar egitea, familian negar egitea eta bakardadean negar egitea. Eta argi utzi behar diogu umeari hori egin litekeela eta osasuntsua dela, ez duela horregatik lotsatu behar eta bere negarrek ez digutela kalterik egingo pertsona helduoi.
Eta, era berean, amonaren pasadizo dibertigarriekin edo egun horietan gertatzen zaigun beste edozerekin barre ere egin dezakegu. Gogoan dut txikia nintzenean (beste garai batzuk ziren) aitaldeko nire aitona-amonak hil zirenean, egun askotan berba egiteari utzi zitzaiola gurean, ezin zela telebista edo musika jarri, ezin ginela dibertitzera kanpora atera eta mundu guztia triste zegoela. Nik, umea izanik, horixe egin behar nuela sentitzen nuen. Hala ere, nire telesail gustukoena, Dinastía (bai, badakit, ez da agian umeentzako saioa) ikusten jarraitu gura nuen, musika entzun, aitona-amonei buruz berba egin, irten… eta barre egin… eta bizitzarekin jarraitu.
BEREN EMOZIOEKIN LAGUNDU BEHAR DIEGU DOLUAN ZEHAR
Haurrek ere, beren erara, doluaren hainbat fase igaroko dituzte, beren erritmoan. Oro har, dolu-prozesua lehenago amaitzen da haiengan. Eta, horrela izanik, batzuetan, harritu gaitzaketen erreakzio emozionalak izan ditzakete, eta lagundu egin behar diegu.
Amesgaiztoak, beldurrak eta erruduntasun-sentimenduak izan ditzakete, agian uste dutelako gaiztakeriaren bat egin dutela eta horregatik hil dela maite zutena. Tripako mina, buruko mina, kontzentrazio-arazoak, … izaten has daitezke, edo gurasoengandik banandu gura ez izatea eta abar. Oro har, tristura eta amorrua dira adieraz ditzaketen emozio desatseginenak.
Horregatik, haien emozioak jolasaren, ipuinen, filmen, marrazketaren, emozioen egunkari baten … bidez artatzea lagungarri izan dakieke. Beharrezkoa izango da gertatu dena eskolan edo beste testuinguru batzuetan azaltzea, adi egon daitezen eta beren eginkizunetik doluan lagun egin dezaten.
ERREFERENTZIA batzuk uzten dizkizuethaur eta nerabeekin dolua lantzeko. Ipuinak, filmak, web orriak, … baita doluari buruzko bi GIDA zoragarri ere. Horietan, xehetasun gehiago aurki ditzakezue: zelan egokitu hau guztia adin bakoitzera, zelan erantzun egiten dizkiguten itaun edo galderei, zer egin agur publikorik egiterik ez dagoenean, zelan aurre egin heriotza traumatiko edo suizidio bati, zer zantzuk kezkatu behar gaituen laguntza profesionala eskatzeko, zelan jokatu behar dugun adimen-urritasuna duten umeekin, … Eta materialen erreferentzia gehiago etxean, ikastetxean eta abarretan lantzeko.
IPUINAK ETA LIBURUAK
- “Ez da erraza, katagorri!” Elisa Ramón eta Rosa Osuna. Kalandraka argitaletxea.
- “Dónde está el abuelo” Mar Cortina eta Amparo Peguero.
- “Hutsunea” Anna Llenas. Bárbara Fiore argit.
- “Un pellizco en la barriga” Alma Serra eta Marta López Palomo. Babidibú argit.
- “El lenguaje de los árboles” Pepa Horno Goicoechea. Fineo argit.
- “Emoziotegia. Esan zer sentitzen duzun” Cristina Núñez. Palabras Aladas argit.
- “Monstruo triste, monstruo feliz” Ed Emberly. Océano Travesía argit.
- “Vaya rabieta” Mireille d’Allancé. Corimbo argit.
- “La tristeza” Eva Eland. Picarona argit.
- “El jardín de mi abuelo” Egilea: Pierola, M. eta Gil Vila M.A. Bellaterra argit.
- “Mejillas rojas” Egilea: Janisch, H. Lóguez Ediciones 2006 (NERABEZAROA)
- “Un monstruo viene a verme” Egilea: Ness, P. Nube de Tinta argitaletxea (NERABEZAROA)
FILMAK
“Banbi” (Marrazki bizidunak, haurrentzat)
“Lehoi erregea” (Marrazki bizidunak, haurrentzat)
“Haran sorginduaren bila” (Marrazki bizidunak, haurrentzat)
“Nemoren bila” (Marrazki bizidunak, haurrentzat)
“Mi chica” (Nire neska) (Nerabezaroaurrea)
“Ponette” (Nerabezaroa)
“Up” (Nerabezaroa)
GIDAK
BESTE WEBGUNE BATZUK
- Sesame Street. “Familias en aflicción” “Asociación Remontando el Vuelo” https://remontandoblog.com/duelo-en-ninos-y-adolescentes/
Begoña Ruiz Ibáñez. Psikologoa, gizarte-hezitzailea eta psikomotrizista
Begoña Ruiz BBK Family profesional taldean sartuta dago eta online aholkularitzan parte hartzen du. Zalantzaren bat izanez gero, galdetu lasai zerbitzu honen bidez.