Jose Luis Perez eta Felix Ruiz

Zailagoa da Goi-mailako Gaitasunak dituzten emakumeak identifikatzea gizonak identifikatzea baino.

Felix Ruiz eta Jose Luis Pérez psikologoekin, Talentum Fundazioko patronatu-kiderekin hitz egin dugu Goi-mailako Gaitasunak izateak zer esan nahi duen jakiteko.

Zer dira Goi-mailako Gaitasunak?

Felix Ruiz: Goi-mailako Gaitasunak dira garunean gertatzen diren garapen bat eta funtzionamendu bat, batez bestekoarekin alderatuta desberdinak direnak. Bada pertsona-talde bat, populazioaren % 10 ingurukoa izan daiteke, garunaren garapen goiztiarra duena. Goi-mailako Gaitasunaz ari garenean, sentsibilitate handiko pertsonaren nortasun, sormen, intuizio eta profilaren garapenean duen inplikazioa da kontua.

José Luis Pérez: Guretzat Goi-mailako Gaitasunaren kontzeptua oso kutsatuta dago eskola-gaiaz. Beti lan egin da mundu akademikoaren ikuspegitik, eta hori oso ondo dagoela uste dugu, Goi-mailako Gaitasunak dituztenek bestelako arreta behar dutelako eskolan, dislexia, arreta-defizita edo espektro autistako nahasmendua dutenek bezala. Baina gu kontzeptu hori eskola-eremutik ateratzen saiatzen gara. Lehenik eta behin, pertsonaren garapenari bere premia zehatzekin erantzun behar zaio; izan ere, jende guztiak uste du Goi-mailako Gaitasunen zera hori mauka edo pagotxa dela: “Begira zein ondo, Goi-mailako Gaitasunak dituzu-eta, zein erraza den dena zuretzat!”. Ba, ez, ez da beti horrela izaten. Horregatik, ondo ulertu behar da: pertsonaren garapen bat da, guk profesionalki gehien errepikatzen dugun bezala.

Goi-mailako Gaitasunak dituzten mutil gehiago al daude neskak baino?

F.R.: Zoritxarrez, neskak eta emakumeak askotan ez daude identifikatuta, sistemarekiko askoz egokitzaileagoak direlako eta oharkabean pasatzen direlako. Hala ere, hori arazo bat da, beren burua batere ulertzen ez dutelako eta arreta espezifikorik ez jasotzeagatik antsietate-nahasmenduak izaten dituztelako.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak probak egiten ditu lehen hezkuntzan Goi-mailako Gaitasuna dutenak identifikatu ahal izateko, eta horrek identifikazio goiztiarra errazten du.

Goi-mailako Gaitasunak dituztenek arazoak al dituzte gizartean harremanak izateko?

J.L.P.: Ez, gertatzen da gehienetan lagunak geure gisakoen artean, zerbait partekatzen dugun horien artean, topatzen ditugula; baina ni modu desberdinean garatzen diren pertsonen % 10 horien artekoa baldin banaiz, aukera gutxiago daukat neure gisako edo antzeko jendea aurkitzeko, eta Goi-mailako Gaitasun horri sentsibilitate handi-handia gehitzen bazaio, batzuetan gertatzen baita Sentikortasun Handiko  Pertsona ere izatea, oraindik ere apurtxo bat desberdinagoa zarela dirudi.

Goi-mailako Gaitasunak dituzten pertsona asko askoz gusturago egoten dira adineko jendearekin, edo haur zaharragoekin ere bai. Baina ikasgelan zure adinekoekin zaude. Eta ingurune horrek ez ditu gizarte-harremanak errazten; izan ere, Goi-mailako Gaitasunak dituzten haurrek, haur txikiekin daudenean, rol bat jokatzen badute, adibidez, babeslearena, orduan primerako harremanak izaten dituzte. Eurak baino bizpahiru urte zaharragoak direnekin jartzen badituzu ere, ez dute ezelango arazorik. Horrelako haur asko pozik daude pertsona helduekin harremanak izateaz. Arazoa da askotan ez dituztela beren gisako edo antzekoak topatzen.

Beraz, ehuneko txiki batek harreman-arazoak izan ditzake, baina inola ere ezin dugu esan Goi-mailako Gaitasunak dituztenek oro har harreman-arazoak dituztenik.

Gaitasun handiko haurrek arreta handiagoa behar al dute?

F.R.: Bai. Guk ondorioztatu dugu Goi-mailako Gaitasun profila normalean, ez beti, sentsibilitate handiko eta intuizio handiko profilarekin lotzen dela, eta, beraz, oso pertsona bizi edo egitekotsuak izaten direla. Gainerako pertsonek hautematen dutena baino askoz gehiago hautematen dute inguruko giroan, edo giroa askoz ere intentsitate handiagoz aztertzen eta prozesatzen dute; beraz, oso pertsona bizi edo egitekotsuak bihurtzen dira, dena zorrozki arakatzen, begiratzen eta alderatzen dutenak.

Gainera, familian ia beti izaten da aita edo ama bat, gehienetan ama izaten da, eta horrek seme edo alabaren profila izaten du. Ez dezagun ahaztu biztanleriaren % 10az ari garela, eta ez dela haurren kontua bakarrik, nerabeena eta helduena ere badela.

Nola lagun dezakegu guraso gisa?

F.R.: Oso ondo esan duzula uste dut, garrantzitsuena seme-alaben garapenean laguntzea da. Garapen desberdin bat duen edozein pertsonak, kasu honetan Goi-mailako Gaitasunaz ari gara, egokitzeko zailtasunak izaten ditu.

Zu batez bestekoaren antzera garatzen zarenean, ez duzu arazorik. Hitzaldietan erabiltzen dugun adibide erraz bat jarriko dizut: zuk batez besteko garaiera baduzu, inoiz ez duzu arazorik izango inon esertzeko. Berdin zait trena izatea, hitzaldi-gela, edo… Baina batez bestekoa baino garaiera txikiagoa edo handiagoa baduzu, ez zara inoiz gustura egongo. Hori Goi-mailako Gaitasunari aplikatzen badiogu, batez bestekotik kanpo garatzen diren horiek laguntza handiagoa beharko dute ulertu ahal izateko zergatik geratzen zaizkien hankak zintzilik txikerrak direnean edo zergatik geratzen diren bihurrituta oso luzeak direnean. Antzeko zerbait gertatzen da gaitasun ezberdinekin. Gure ustez, familiak lagundu egin behar die seme-alabei, baita gauza bera bizi duten pertsonen laguntasuna sentitu ere.

Gure ustez, lehenik eta behin oso goiz identifikatu behar da, gero eta familia gehiago etortzen dira 2 eta 3 urteko haurrekin. Gurasoak presta daitezela, jakin dezatela zer den hau, uler dezatela beren seme edo alabari ez zaiola ezer txarrik gertatzen; izan ere, askotan, logikoki, agertzen diren arazoen aurrean osagileek azalpen medikoa bilatzen dute, baina askotan ez da horrelako ezer gertatzen.

Gero gatazkak sortzen dira, batzuetan eskolan, beste modu batera ikasi gura dutelako. Orduan, familiak seme edo alabari lagundu egin behar dio, eta, zoritxarrez, ez osasungintzan, ez hezkuntzan, ez dituzte beti aurkituko Goi-mailako Gaitasuna ondo ulertzen duten profesionalak, gai horretan oso gutxi trebatu izan dira-eta. Irakasleek, adibidez, ez dute beharrezko prestakuntzarik jaso. Horregatik, askotan haurrak ez dira ulertuta sentituko, eta hortik aurrera, Goi-mailako Gaitasuna duen pertsona bakoitza desberdina da. Ez da gauza bera Goi-mailako Gaitasuna duen haur bat izatea, sormen izugarria duena, sentsibilitate handikoa sentimenduen edo emozioen mailan, edo oso mugitua, oso oldarkorra den haur bat izatea, batzuetan hiperaktiboekin edo arreta-defizita dutenekin nahasten direlarik.

Familiek beren seme-alaben profila ondo identifikatu behar dute, eta hortik abiatuta lan egin. Gure esperientziak esaten digu laguntza handia behar dutela, askotan oso txarto pasatzen dutelako, eta oso garrantzitsua da bakarrik sentitu ez daitezen, eurak bezala pasatzen duen jende gehiago dagoela ikustea. Izan ere, azkenean batez bestekotik kanpoko garapena da, eta horrek esan gura du epe ertainerako ikuspegia eduki behar dela, baina batzuetan familiek unean bertan konpondu nahi izaten dituzte arazoak.

Goi-mailako Gaitasunak dituztenei arreta ematen diezuenean, zer prozesu gauzatzen da?

J.L.P.: Lehenengo gauza autoezagutza da, zer gertatzen den azaltzea. Bigarrenik, funtzionatzen dugun moduaz azalpen logiko bat bilatzea. Zure indarguneak eta ahuleziak ezagutzea. Zein da zure izaera, munduarekin edo zeure buruarekin elkarreragiteko modua… eta, hortik abiatuta, zeure buruari tresnak ematea, zure trebetasunak indartzea, bideko zailtasunei aurre egin ahal izateko.

F.R.: Goi-mailako Gaitasunak dituztenek askotan helmuga bat argi izan behar dute, eta gu saiatzen gara laguntzen hori lor dezaten. Guraso gehienek oso argi dute bilatzen duten gauza bakarra seme-alabak zoriontsu izatea dela, eta ez ‘bikain’ edo 10eko kalifikazioak ateratzea. Mundu honetatik igaro eta gozatzen saiatzea da kontua, arraroa zarela pentsatu barik, horrek sufriarazi egingo dizu-eta.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×