Ondorioen eta zigorren artean ezberdintasun bat dago. Zigortzen baduzu, amorrua besterik ez duzu sortzen

Argitaratu duen azken liburuaren harira, Tu mejor versión como padre” (Zure bertsiorik onena guraso gisa), Francisco Castaño irakasle eta orientatzailea elkarrizketatu dugu. Castañok kontsultategi bat du, eta, bertan, argi uzten die gurasoei ez dituela epaituko, badakielako kasuen % 99,99tan ahal dutena egiten dutela, eta seme-alabak aurrera ateratzeko asmorik onenarekin, “gertatzen dena da batzuetan emaitza ez dela guk nahi duguna izaten”.

Francisco, liburuan esaten duzu gure seme-alabak ulertzen baditugu eta ulertzen badugu zergatik jokatzen duten horrela, ez haserretzea lortzen dugula. Horrela esanda, polita ematen du, baina nola egin liteke hori?

“Ez haserretzea” diodanean, esan nahi dut ez diegula haiei haserrea ordainarazi behar, haserrea saihestu ezin den emozioa baita, baina zuk zeuk zer egiten zenuen 15 urterekin, adibidez? Egiten zenuena gogoratzen baduzu, horrek ulertzen lagunduko dizu. Eta ulertzea ez da dena onartzea, baina ez haserretzen laguntzen du.

Nik uler dezaket nire semeak beranduago iritsi nahi izatea eta egun batean berandu iristea, baina horrek ez du esan nahi nik esan behar diodanik: “Oso ondo, horrela egiten da”; ez, esango diot:  “Maitea, bihar ez zara aterako gaur berandu iritsi zara eta”, baina ez naiz haserretuko, bere garaian ni ere saiatzen bainintzen hori egiten, hori esan nahi dut ulertzea esaten dudanean.

Eta portaera-arazoak daudenean gogoratzea gustatzen zaidan zerbait da, berdin zait 5 edo 18 urte dituen, seme-alabek ez dutela zure bizitza garrazteko helbururik. Hori argi daukazunean, seme-alabekiko oldarkortasun edo agresibitatea jaitsi egingo da ziurrenik.

Buruko minak sortzen dizkigun beste gai bat mugikorra emango diegun ala ez erabakitzea da, edo gauez ordu jakin batera arte kanpoan ibiltzen utziko diegun ala ez. Nola kudeatu ditzakegu erabaki horiek?

Hitzaldi asko ematen ditut ikastetxeetan, eta badut bat, “Erruduntasunik gabe hezi” deiturikoa.  Bertan adierazten dut baietz esaten diegunean eta ezetz esan nahi genienean, errudun sentitzen garela, edo hain entzuna den “Besteei uzten diete, ba!” agertzen dela; edo errietan egiten badiozu, errieta egin diozulako, eta bestela, nahi zuena egin duelako, beti izaten da erruduntasun-sentimendu hori.

Gurasook hartu behar ditugu seme-alabei buruzko erabakiak. Horrek ez du esan nahi larderiaz edo autoritarismoz hezi behar ditugunik, baina bai familia ez dela erakunde demokratikoa. Gurasook finkatu behar ditugu arauak, zeren eta, zure seme edo alabarekin negoziatzen hasten bazara, galduta baitzaude. Argi baduzu ez dela behar bezain arduratsua, esaiozu ezetz, beste barik.

Kontua da gurasook apur bat inertziaz ibiltzen garela eta gero errudun sentitzen garela. Horregatik, kontsultara etortzen direnean esaten diet: “Zuk uste baduzu hori dela onena zure seme edo alabarentzat, ahaztu kanpoan gertatzen dena”.

Eta zer gertatzen da nerabezaroa iristen denean eta batzuetan errebeldia ateratzen zaienean?

Zuk harreman ona baduzu zure seme edo alabarekin ─hori da kontua nerabezaroan, eta gogora dezagun hori haurtzarotik lantzen dela─ ziur aski ezagutuko dituzu beraien lagunak, jakingo duzu zenbaterainoko konfiantza izan dezakezun, zenbateraino utzi behar diozun, …

Gurasoekin prestakuntza-lana egiten dudanean beti gauza bera esaten dut: “Erantzukizuna askatasunarekin lotu behar da, eta zuk badakizu zure seme edo alaba zein arduratsua den, zenbateraino eman diezaiokezun askatasuna”.

Hitz egin dezagun betiko zigorrez: “Hilabete mugikorrik gabe”, “Aste osoa irten barik”… ez estudiatzeagatik, berandu iristeagatik.

Ondorioen eta zigorren artean ezberdintasun bat dago. Zigortzen baduzu, amorrua besterik ez duzu sortzen. Ondorio batek helburu bat du, eta ez da zure semea edo alaba izorratzea; baizik eta arau bat bete dezala, erantzukizuna izan edo ohitura bat har dezala.

Esaten diegunean: “Zigortuta hilabetez mugikorrik gabe”, normalean ez dugu betetzen. Eta, gainera, horrek gatazka asko sortzen ditu. Izan ere, esan eta esan hasten zaizkizu: “Noiz emango didazu sakelakoa? Noiz emango didazu mugikorra?”… Eta egun batean hasten dira: “Mesedez, mesedez, gauza bat bidali dute taldera, ez badut ikusten ez dut jakingo zer egingo duten”, eta orduan 10 minutuz uzten diozu mugikorra. Biharamunean berriro bidaltzen dute beste zerbait taldera, hurrengo egunean berriz, eta zu haserretu egiten zara eta hor hasten da liskarra. Horregatik, arau bat betearazteko helburua du ondorio batek.

Suspentsoei dagokienez, pentsatu behar dugu zergatik ume batek ‘gutxiegi’ atera duen. EEgEgia da eskola-porrotaren kasu gehienak lehen hezkuntza gainditzen duten haurrenak direla: irakasleak azaltzen duena ikusiz, ikasgelan arreta jarriz… aurrera egiten dute, horretarako gaitasuna badutelako; baina gero bigarren hezkuntzara edo batxilergora iristen dira, eta hori jada ez da nahikoa.

Ikasteko ohitura landu behar da. Izan ere, beti egin duten gauza bera egiten ari direlako eta bat-batean ‘gutxiegi’ ateratzen hasi direlako, umeek ez dute erantzukizuna beren gain hartzen, uste baitute gauza bera egiten ari badira eta gainditzen ez badute errua ez dela eurena, irakasleena baizik, edo txarto idatzita dagoen liburuarena, edo ikaskideena, edo …

Gurasook ez dugu emaitzez kezkatu behar, eta bai ahaleginaz eta helburuaz. Zure seme edo alabarekin lortu behar duzuna ohitura bat sartzea da, egunero, adinaren arabera, etxeko lanak egiten has dadila.

Horrela, eskolatik etxeratzean egunero ikasten edo etxeko lanak egiten hasteko ohitura hartuko du.  Baina demagun nerabezarora iristen dela eta arazoak dituela estudiatzen jartzeko. Nik, familiekin errutinak finkatzen ditudanean, egiten dudan gauza bat ikasteko denbora finkatzea da, halako ordu batetik halako ordu batera, mugikorrik edo ordenagailurik gabe, lan egiteko ez bada behintzat. Eta gainbegiratuta egin behar da hori, bestela berehala sartzen baitira You Tuben edo dena delakoan.  Batez ere teknologia horiek erabiltzen hasten direnean, ondorioa hor dago jada: “Ez bazara ikasten hasten, ez duzu mugikorrik izango; bihar ikasten hasten bazara, orduan izango duzu”.

Helburua ez da gainditu dezala. Helburua da egunero ikasten hastea, eta berak badaki gaur ez duela mugikorrik izango; bihar hasten bada, izango du berriro. Baina ez zaitez haserretu.

Eta zer gertatzen da presio gehiegi egiten zaienean?

Presio handia dagoenean, muga horiek lasaitu egin behar ditugu. Hezteko, irmotasuna eta maitasuna behar dira. Esan behar diegu, “Laztana, badakit gehiago ikasi nahi duzula, baina lo ere egin behar duzu”. Hitz egin beharra dago hainbeste eskatzen dien egoera hori eteteko. Kasu batzuetan egoera horiek profesional batekin landu behar dira, baina normalean posible izaten da etxean lantzea. Garrantzitsua da kontuan hartzea daukagun seme edo alaba hezi behar dugula, ez eduki nahiko genukeena.

Adibidez, gure alaba oso utzia bada, adiago egon beharko dugu; barnerakoia bada, badakigu ez dela festa-animatzailea izango. Izan ere, gurasoek duten arazoetako bat da ez dituztela seme-alabak onartzen. Gure seme edo alaba zelakoa izango den, zer ikasiko duen, zer gustatuko zaion… espektatibak egiten ditugu, eta hori askotan guk guraso gisa lortu ez dugun zerbait izaten da.

Badirudi gero eta zorrotzagoak garela gure seme-alaben hazkuntzarekin, eta guraso asko akituta daudela.

Aita bat izan nuen… ezin zuen bere lau urte eta erdiko semea gobernatu, eta mania ere hartzen ari zitzaion. Oso kezkatuta zegoen jendeak esaten ziolako: “Ba, hori ez da ezer, ikusiko duzu 15 urte dituenean!”. Eta nik esan nion nire seme nerabearekin ikaragarri harreman ona dudala, baina hainbat urte lehenagotik landua.

Aita horren kasuan, oihu egiten zion, eta iruditzen zitzaion semearen hazkuntzan ezingo zuela berak gauza onik egin. Orduan bera nagusitzen saiatzen zen, umeak gura zuena egin ez zezan. Eta nire gomendioa izan zen maitasunez trata zezala, oihu egiteari utz ziezaiola, irmotasunez eta maitasunez berba egin zezala berarekin. Eta harremana hobetu egin da. Beste ama batek esaten zidan seme-alabak izateaz damutu zirela. Baina hori gertatzen da haur bakoitzera egokitzeko estrategiarik eta trebetasunik ez izateagatik.

Zure semeari buruz ere hitz egiten duzu liburuan, espektro autistaren nahasmendua duela eta bere hezkuntzan mugak zein garrantzitsuak izan diren aipatzen duzu.

Arazoa etiketak dira. Nik beti esaten dut etiketak arroparentzat direla. Baina gaur egun guraso asko etortzen dira kontsultara eta esaten didate beren seme edo alabak ADHN (Arreta Defizitaren eta Hiperaktibitatearen Nahasmendua) duela, eta nik galdetzen diet ea zer zerikusi duen hiperaktibitatea izateak etxera gaueko 10etan iristeko.

Dena hezten da, eta desgaitasuna edo nahasmendua duten haurrak ere bai, betiere graduaren arabera, eta daukanaz jabetuta. Gauza bat oso garrantzitsua da: asko txarto hezita egoten dira, desgaitasunen bat dutenez, dena egiten utzi zaielako. Baina nik argi neukan nire semeak gizartean bizi behar zuela, ez baitago berarentzat gizarte berezi bat. Eta ikaragarria da heziketaren bidez lor daitekeena.

Tu mejor versión como padre

Anima zaitezte familian idaztera, baina, badakizue, kontakizun pertsonalak ere bidali ahal dizkiguzue! bbkfamily@bbk.eus

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

BBK Family Learning

×