“Ama ona izaten ari ote naiz? Eta oker egiten badut? Ondo egiten ari ote naiz? Behar bezain zuzena, alaia, diziplinatua, dibertigarria eta abar ote naiz?”. Galdera horiek eta larritasunez betetako beste asko agertzen dira, une batzuetan, ama askoren buruan, eta seme-alabak maitasunez zaintzen dituzten arren, batzuetan duda egiten dute zuzen egiten ari ote diren ala ez, eta horrek insomnio-gau bat edo beste eragiten du, batzuetan larrimin eta erru-sentimendu zehaztugabearekin batera.
Gaur egungo aro digitalean, ez da zaila klik egin eta ama ona izateko erremedioak eta aholkuak aurkitzea.
Gure erantzukizuna gogobetetasunez gauzatu ahal izateak, geure akatsak onartuz, eta ama izate horretan zelanbaiteko lasaitasuna lortzeak ez du zerikusi handirik edozein “errezeta-libururekin”, eta bai, ordea, hausnarketa sakonarekin. Artikulu honetan, gai honi buruz atseginez hausnartzeko une txiki batzuk hartzera gonbidatzen zaituztet.
Prestatu te bat, hartu gogokoen duzun ardoa edo gozatzea gustatzen zaizun beste edozer gauza, eta prestatu zeure buruarekin tartetxo bat pasatzeko. Gelditu, hartu arnasa eta… entzun zeure buruari esan behar diozuna.
Zelako ama izan gura dut?
Baliteke galdera begi-bistakoa iruditzea, baina litekeena da hainbeste ez izatea ere.
Har ditzagun minutu batzuk ama on batek izan behar duenaz uste duguna berrikusteko. Janaria modu orekatuan prestatzen jakin behar al du, arropa beti prest eta etxea txukun-txukun izan, inoiz pazientzia ez galdu, pedagogian master bat eta gatazka-bitartekaritzan beste bat izan, balizko galderen erantzun guztiak jakin eta, gainera, alai, zainduta eta irribarretsu egon?
Ziur aski, gutako asko identifikatzen gara sinesmen horiekin era batera edo bestera. Agian ez da horrela izango, baina gure inguruneak presio egiten du amatasuna ulertzeko modu horretara molda gaitezen; edozelan ere… Inoiz pentsatu al dugu benetan hori guztia posible ote den? Zenbat erru-sentimendu sortzen digu estandar horretara iristen ez garela pentsatzeak? Zer prezio ordaintzen dugu uste edo sineskizun horiek iparrorratz gisa hartuta funtzionatzeagatik? Zenbat sufrimendu dago beste ama “beteginago” edo akasgabeagoekin konparatzeagatik?
Horrelako pentsamenduak gure errutinan agertzen dira gu horietaz jabetu barik, eta gure indarrak jaten edo ahultzen joaten dira, zalantzak, frustrazioa, konfiantza-galera, nekea eta errua sortuz.
Hala ere… gogoeta horiek egin ostean, ekin diezaiogun lanari eta jar dezagun arreta benetan garrantzitsua den horretan: seme-alabekin ezartzen dugun lotura emozionalaren mota edo izaeran eta gure topaketen kalitate emozionalean. Hazkuntzan funtsezkoa da lotura hori adreilu emozional onak erabiliz eraikitzea. Ongizate emozional horretan inbertitu behar dugu gure energia, eta hor jarri arreta.
Ongizate emozional hori lortzea zaila da nekatuta, ardura edo erantzukizunez, erruz eta frustrazioz beteta sentitzen bagara, nekez lortuko dugun ideal bati jarraituz.
Lana kanporakoa baino gehiago barrurakoa da. Ama onak izateko, funtsezkoa da geure buruaz ez ahaztea. Ama izatea ez da gure eginkizun bakarra, profesionalak ere bagara, lagunak, ahizpak, alabak, eta horretatik ezer ez da amaitzen hazkuntzarekin.
Garrantzitsua da garen hori guztia ere elikatzen jarraitzea, bestela ama-eginkizun edo rolak fagozitatu egiten du eta pobretu egiten gaitu, eta ondorioz gure zati bat ihartuz eta galduz joaten da.
Emakumeen kasuan, genero-rolak are gehiago desorekatzen duelarik balantza, are garrantzitsuagoa da hori aldarrikatzea. Gure sorbalden gain askoz zeregin objektibo handiagoa geratzen da, baina baita askoz ere itxaropen sozial handiagoa eta “akasgabeak” izateko eskakizun handiagoa ere.
Horregatik da hain beharrezkoa gogoeta pertsonala egitea; zalantza barik, pertsonalak bakarrik ez diren itxaropenetan harrapatuta ez geratzeko, sistemikoak ere badira-eta, baina ñabardurak egin eta erregula ditzakegunak.
Ama ona izateko, funtsezkoa da ikastea bizitzaz gozatzen, ondo pasatzen, idealaren eta posiblearen arteko oreka bilatzen eta benetan garrantzitsua dena ?gure loturen kalitatea? ez ahazten.
Hori izango da gure seme-alabei egin diezaiekegun oparirik onena, eta, aldi berean, eskura izan dezaketen hezkuntza-eredurik onena izango da.
Ia konturatu barik, “egin beharrekoen” zerrendaz arduratuko bagina baino arinago, irakatsiko diegu harremanak zaintzen, une txikiez gozatzen, eguneroko frustrazio txikiak gainditzen eta abar.
Kalitatezko denbora, elikatzen gaituen denbora, eskaintzen badiogu geure buruari, hori gure arreta edo prestasunean islatuko da, gure alaitasunean, zailtasunak surfeatzeko dugun erraztasunean, eta, beraz, gure seme-alabekiko lotura seguru, amultsu eta presente bat sendotzean. Lagunei eskaintzen diegun denboran, erakuts dezakegu lagunak poztasun- eta babes-iturri direla eta zaindu egin behar direla; gure hobby edo zaletasunen batez (zinemaz, irakurketaz, kirolaz, …) gozatzeko denbora eskatzen dugunean, mugen eta norberaren zaintzaren garrantzia erakusten ari gara. Gure atsedenaldiak errespetatzeko eskatzen dugunean, osasun- eta begirune-irakaspenak ematen ari gara.
Gure bikote-harremana zaintzen denbora ematen dugunean, maitasun-pedagogia egiten ari gara, zaintzaren, maitasunaren, dedikazioaren eta balio horiek partekatuak eta elkarrekikoak izatearen garrantziaren maistra garelarik.
Gure mugak errespetatu ez dituztelako haserretzen garenean, erakusten dugu guztiak ez duela balio, eta maitasuna ezin dela izan errespeturik eza justifikatzeko modu bat, ezta nekea, zerbitzua edo entrega betikotzeko justifikazio bat ere. Lankidetzaren eta erantzunkidetasunaren alde egiten dugunean zera irakasten dugu: lankidetzaren garrantzia, ahaleginak batzearen lorpena, elkarrekin iristearen garrantzia hain urrutira iritsi ez arren eta, batez ere, aita/ama izatea ez dela zapaldu daitekeen alfonbra bihurtzea.
Azken batean, ama ona edo aita ona izateko, txarto egin behar da, kristalen bat garbitu barik utzi behar da film on bat ikusteko, pizzaren bat pijaman jan behar da lagunei denbora eskaintzeko, alkandoraren bat lisatu gabe eroan behar da ordu pare bateko loaz, sexuaz edo atseginaz gozatzeko.
“Txarto egin eta ondo pasa” behar da. Horrela, munduko ariketarik zailenean ekipajea arindu ahal izango dugu, errua eta gaitzespenak kendu ahal izango ditugu gugandik, eta gure hiztegitik “sakrifizio” berba, nekearen imintzio iraunkorra eta kexuz betetako kafeak desagerrarazi ere bai.
Ama edo aita izatea ez da zama bat, inork ez ditu gura guraso betegin edo akasgabeak, akitu egingo baitira seme-alaba perfektuak izaten saiatuz, eta, egia esan, dagoeneko badira; gure zeregin bakarra da guk haiekin gozatzea eta haiek gurekin gozatzea. Gainerakoa berez etorriko da. Ama ona izateko errezeta nagusia… errezetak ahaztea da.
Zeure buruaz ahaztu barik bizitzea, zeure burua lehentasun bihurtzea, agendako denboren artean zure beharrizanak ere sartzea familiako gainerakoenek duten garrantzi berarekin, laguntza topatu eta sareak sortzea denbora bilatzeko, zure nekeari ahotsa jartzea eta lehentasunetan argia jartzea, lehentasun horiek zerikusia dutelarik loturekin, ongizate emozionalarekin, irribarrea ateratzen digun horrekin, …
Ez ahaztea norberaren indarrak, ondo egiten duzula dakizun hori, beharrezkoak diren ikaskuntzak onartzea eta beti argi izatea zure seme-alabentzat “munduko amarik onena izateak” edo “munduko aitarik onena izateak” erlazio zuzenki proportzionala dutela eraikitako oroitzapenen kalitatearekin. Orain geratzen den gauza bakarra… ondo pasatzea da!!!
Martha Ubieta, psikologa eta sexologoa