Hasteko joko txiki bat proposatuko dizut. Hartu paper-orri erdia eta idatzi bertan zure alaba edo semearentzat dituzun itxaropen edo espektatiba on guztiak. Behin hori eginda, papera zati askotan puskatu eta zakarrontzira botatzeko eskatzen dizut. Artikulua irakurtzera bultzatzen zaitut, eta gero hartuko ditugu berriro dinamika honen ondorioak.
Orain dela urte batzuetatik ama naizenez eta nire semeak ikasi nahi duena aukeratu eta etxetik alde egin duenez, orain hobeto ulertu dut neure aita. Berak ikasi zuen gauza bera nik ikas nezan nahi zuen, eta berak sortutako negozioarekin nik jarraitzea nahi zuen. Oraindik gogoratzen dut haren deia Zuzenbidean hartu nindutenean. Ingalaterrako herri galdu batean nengoen eta hitzez hitz esan nion: “Bizitza izorratu gura badidazu, Zuzenbidean matrikula nazazu”. Badakit oso gordina izan nintzela, baina nire agresibitatearen proportzioa ni karrera hartan matrikula nendin aitak zuen gogoaren araberakoa zen.
Berak ere biziki gogoratzen du eta gogora ekartzen dit une hura. Urteetan Damoklesen ezpata gainean edukitzea bezala izan zen: “Ikusiko duzu zelan hilko zaren gosez” esaten zidan, eta urte asko eman nituen horrela ez zela frogatu guran. Hala ere, aitortu behar dut batzuetan horrela izan zela, ez hainbeste karreragatik, baizik eta 2008ko krisiagatik, amatasunagatik eta beste gauzaren batengatik.
Pozarren nago aukeratu nuen karrera aukeratu nuelako, gustatzen zaidan horretan lan egiten dut, eta ahalegin eta terapia handiarekin nire desioetako dezente gauzatzea lortu dut. Baina aitortzen dut errazagoa izango zela nire energiaren zati bat ez banu erabili behar izan aitari erakusten egin nezakeela eta ez nengoela oker.
Gurasook beti larregi babestu gura izaten dugu
Hala ere, nire semeak zer egin nahi zuen aukeratzeko unea iritsi zenean, nahiz eta nik ez nion ezer esan, ez nuelako errepikatu nahi nik bizi izan nuena, egia da hobeto ulertu nuela aita. Berak onena gura zuen niretzat, eta uste zuen gutxiago sufrituko nuela ni babesten jarraitzen bazuen, baita lanaren aldetik ere, baina Susana Brignoni psikoanalistak dioen legez, ezin ditugu saihestu gure seme-alabek bizitzan pairatuko dituzten sufrimenduak.
Eta orain konturatzen naiz seme-alabekin dolu dezente egin behar direla itxaropen edo espektatibei dagokienez. Beti esaten digute ez ditugula espektatibak eduki behar, hegan egiten utzi behar zaiela, baina kontzienteki edo inkontzienteki sortu egiten ditugu. Eta nahi edo nahi barik, transmititu egiten dizkiegu… jarrera, ekintza, begirada, hitz edo berba, isilune, “aholku”, beste batzuei gertatzen zaienari buruzko iruzkin eta abarren bidez.
Batzuetan ikasketei buruz, beste batzuetan fisikoari edo janzteko moduari, zaletasunei, trebetasunei, bikote-aukerei… buruz, eta horren ondorioz agertzen dira haiengan segurtasunik eza, antsietatea edo guri atsegin emateko gogoa.
Zoritxarrez, horrek beraien askatasuna mugatu besterik ez du egiten aukeratzeko orduan, beren bizitza bizitzeko orduan, azken batean. Eta batzuetan, min handia eragiten die. Izan ere, batzuetan, espektatibak garraztasunez adierazten ditugu, edo xantaia edo kritika basatia jartzen dugu martxan, eta horrek kalte baino ez dio egiten beraiekin dugun harremanari, batzuetan hausteraino.
Horrek ez du esan nahi, jakina, afektu eta diziplina positiboko eredu baten barruan, arau edo muga babesle batzuk ezarri ezin ditugunik, beraien segurtasuna bermatzeko, errespetuzko bizikidetza irakasteko eta beraien autonomia errazteko.
Badakigu, askotan, geure bizipen negatiboek, izan edo lortu ez ditugunek, gizarte-presioak, “ama edo aita ona izateko” perfekzio-grinak edo emozio desatseginak jasateko gaitasunik ezak eramaten gaituztela “espektatibak markatzera”, sufri ez dezaten, “perfektuak” izan daitezen edo “helduen arrakastazko” gizarte-munduan sar daitezen.
Aita edo ama ona izatea ez da (plastilinazko bola bat balitz bezala) seme-alaba perfektua moldatzea gure begietara edo besteen (irakasle, lagun, amona, enpresari eta abarren) begietara. Kontua ez da haiek moldatzea, baizik eta tresnak ematea, haiek beren bizitza moldatuz joan daitezen. Beti afektua eta diziplina positiboa nahastuz eta beraien autonomia sustatuz.
Ez dezagun bilatu gure gurasoen itxaropenen mailan egotea, ezta alderantziz ere
RAEren arabera, espektatibak zerbait egiteko edo zerbait lortzeko itxaropena dira. Eta seme-alabei buruzkoak baldin badira, beraiek zer izatea espero dugun edo zelakoak izatea gura dugun adierazten dute. Eta zer egin dezakegu itxaropen edo espektatiba horiek murrizteko edo, are hobeto, izan nahi dutena izaten uzteko beraiei? Kezkagarria litzateke gure seme edo alaba guk irudikatua bezalakoxea izatea zehazki, edo gura genuen bezalakoxea izatea. Izan ere, ez litzateke batere osasungarria izango. Beraz, hori ez gertatzeko, zer egin dezakegu?
- Hezi seme-alaba autonomoak: Sustatu berain autonomia, gauzak beren kabuz egin ditzaten, eta ez iezaiezu emaitza bakarrik aitortu, baita ahalegina ere.
- Sustatu beraien ahalmen guztia: Behatu zure seme edo alaba, bere trebetasunak, eta saia zaitez baliabideak jartzen edo tresnak ematen potentzialtasun hori garatu ahal izan dezan. Kontua ez da errendimendu handiko pertsona bihurtzea, hau da, tenisa gustuko badu, ez proiektatu espektatibak harengan hurrengo Rafa Nadal izango delakoan. Baina aukera emaiozu bere gaitasunak garatu ditzan gozatzen duen bitartean.
- Ez itzazu larregi babestu: Autoestimua murrizteko modurik onena gehiegi babestea da. Badakigu askotan gutxiago kostatzen zaigula gauzak geuk egitea, baina gauzak beren kabuz egiten ikasi behar dute.
- Anima itzazu ametsak izan ditzaten: Eta bide batez frustrazioa kudeatzera. Frustrazioaren kudeaketa on batek asko lagunduko die bizitzak aurkezten dienari aurre egiten.
- Erakuts iezaiezu zure maitasuna baldintzarik gabekoa dela: Egiten dutena egiten dutela, beti maiteko dituzu. Irakasgai bat suspenditu edo ez, ikasmaila errepikatu, norbaitekin haserretu… Horrek ez du esan nahi helmugak izan behar ez dituztenik, beren borondatea suspertu behar ez dutenik, besterik gabe gogoak ematen diena egin dezaketenik edo portaera desegoki batek ondoriorik ez duenik. Eta, hori horrela izanik, beren funtsa ona dela uste duzula sentitu behar dute, batzuetan huts egin eta jokabide batzuekin oker jokatzen dutela, bigarren eta hirugarren aukerak egon daitezkeela… Sentitu behar dute beren gauza “onak” ere ikusten dituzula, beti hor egongo zarela, lagundu egingo diezula, babestu egingo dituzula bakarrik hegan hasi arte.
- Elikatu beraien autoestimua beren arrakastetatik urrunduta: Ospatu beraien lorpenak, baina bereizi autoestimua eta arrakasta. Sustatu haiek beren burua zaintzea, entzutea eta onartzea. Eta ez sustatu haiengan beren buruaren irudi faltsurik, Mar Romera pedagogoak dioen bezala, garrantzitsua baita beren buruaren irudi errealista izan dezaten. Bultza ditzagun haien borondatea, ahalegina eta konpromisoa, perfekzionismo, gehiegizko eskakizun edo dena hiperkontrolatzeko premian erori barik. Alde horretatik, kontuz ibili “nahi baduzu, badezakezu” esanez, batzuetan horrela izango baita eta beste batzuetan ez.
- Beren akatsetatik ere ikasteko aukera eman. Gure lan-, eskola- pertsonarteko … gizarteari kosta egiten zaio akatsak beharrezkoak direla ulertzea, eta, batzuetan, akats batzuk egin beharra dagoela ikasteko, aukera berriak sortzeko, konponbideak asmatzeko eta gizaki sentitzeko! “Zer gertatu da? Zelan sentitzen zara? Hurrengoan, zer egin dezakezu desberdin…? Ondorioren bat hartu behar duzu zeure gain?”.
Alde horretatik, garrantzitsua da gure ahuleziak ere erakustea, ahulak garela eta akatsak egiten ditugula jakin dezaten. Hori gure seme-alaben aurrean onartzeak gizatiarragoak egiten gaitu eta beren bidean laguntzen die. Izan ere, ez dugu gidatzen eta asmatzen laguntzen digun orakulurik, eta ez gara bide zuzena zein izango den jakiteko bezain jakintsuak. Utz diezaiegun hegan egiten, erortzen eta altxatzen.
Orain neure aita ikusten dut eta nirekin egin behar izan dituen doluak, eta hobeto ulertzen dut, gehiago maite dut. Haren itxaropen edo espektatibak ez ditudalako inoiz lortu, edo hori uste dut.
Seguru asko, paperezko orri-erdian idatzitako itxaropen edo espektatibak fantastikoak, onak, maitasunez beteak… izango ziren. Eta hori ona, polita eta maitagarria da. Errealismo-ariketa bat ere egin ahal izan duzu horiek idaztean, beren autonomiarekin lotutako gauzak idatzi dituzu… Hala ere “gure itxaropen edo espektatibak” dira, eta ariketak balio digu gogorarazteko haiek beren bidea sortzen joan behar dutela, guk gura dugunarekin modu zurrunean ito barik. Beren itxaropenak zehazten joango dira, beren adinaren, unearen, egoeraren, hartu beharreko bizi-erabakien… arabera. Gure seme-alabak zoriontsu izan daitezen nahi izatea oso itxaropen edo espektatiba ona da, jakinda horrek artikuluan ikusi dugun guztia dakarrela.
Andrea Alfaro eta Begoña Ruiz. BBK Family
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.