Nire semeak kosk egiten du. Zer egin dezaket?

Gure seme edo alabaren bizitzako lehen urteetan, kosk egiten hasten dela ikus dezakegu. Ekintza hori hainbat testuingurutan gerta daiteke: etxean, ikastetxean, parkean, etab. Egoera desatsegina da, eta, ohikoa izan arren, erantzun bat eman eta hasieratik eten behar dugu. Gure gaitzespena maitasunez, errespetuz, lasaitasunez eta irmotasunez erakutsi behar diogu. Baina, zelan egin dezaket hori? Jakina, egoera horren aurrean, galdera asko egiten dizkiogu geure buruari. Hurrengo lerroetan, zalantza horietako batzuei erantzuten saiatuko gara.

Zergatik kosk egiten du ume batek?

  • Zentzumenezko esplorazioagatik: hortz-haginak haztearekin batera, sentsazio berriekin topo egiten dute, eta horiek esperimentatu eta esploratzeko gogoa sentitzen dute.
  • Minagatik: zentzu berean, hortzak ateratzeak mina eragiten dienean, tentsioa eta ondoeza horrela arintzen dituzte.
  • Nekeagatik: adibidez, logura handia dutenean baina lorik egin ezin dutenean.
  • Adierazpen emozionala: haurrek ez dute sentitzen dutena adierazteko baliabiderik; horregatik, batzuetan hozkada erabiltzen dute beren atsekabea, haserrea, frustrazioa, ondoeza, jeloskortasuna… adierazteko. Baina, adi!, sentitzen dituzten emozio guztiek ez dute zertan desatseginak izan, batzuetan poza, maitasuna edo ilusioa ere horrela adierazten dute.
  • Komunikazioa: hizkuntza garaturik ez dutenez, komunikatzeko beste modu batzuk bilatzen dituzte. Adibidez, haurrak zerbait nahi duenean eta zelan eskatu ez dakienean.
  • Arreta-deia: gure arreta nahi dutelako edo hozka eginez arreta hori lortzen dutela ikasi dutelako.
  • Imitazioz: batzuetan beste haur bat ikusten dute modu horretan espresatzen eta hori imitatzen dute, batez ere haur hori ekintza horrek indartu egin baldin badu. Imitazioa da ikaskuntzaren tresnarik oinarrizkoena.

 Zer EZ dut egin behar?

  • Mehatxatu: mehatxu-esaldiak saihesten saiatu behar dugu: “Hozka egiten badidazu nik ere kosk egin beharko dizut”, “Hozka egiten baduzu ez zaitu inork maite izango eta ez duzu lagunik izango”, etab.
  • Umiliatu: batzuetan zer esan ez jakiteak gure berba edo hitzekin huts egitera eta haurra umiliatzera eroaten gaitu. “Ikusten duzu gaiztoa zarela, ez?”, “Umetxo txiker bat ematen duzu”, etab.
  • Bakartu: ume batek lagun egitea behar du, ulerkuntza eta gertatu zaiona ulertzea, ez du bakarrik egon edo “pentsatzeko txoko”ra joan behar.
  • Emozionalki baliogabetu: ez esan honelako esaldirik: “Zein itsusi zauden haserre”, “Ez zaitez urduri jarri” edo “Lasaitu arte, ez dizut jaramonik egingo”. Haurrek jakin behar dute sentitu dutena ondo dagoela eta ez dela ezer gertatzen horrela sentitzeagatik. Beren emozioak baliozkotzea behar dute, sentitzeko baimena sentitu behar dute eta horiek adierazteko modua landu. Ezin dugu saihestu haur bat haserretzea; beraz, ez du zentzurik ez haserretzeko esateak, ezinezkoa baita ez egitea.
  • Umeari kosk egin, zer sentitzen den uler dezan: ekintza horrek, berak sortutakoa ulertarazi beharrean, umea izutzea eragiten du eta indarkeria justifikatuta dagoela ikasiko du. Ez dugu inolaz ere indarkeria justifikatu behar.
  • Oihuka hasi:haurra urduri baldin badago eta guk ere urduri jokatzen badugu berarekin, litekeena da ez lortzea erlaxatzea.
  • Hozkada justifikatu: eman daitekeen eta askotan gertatzen den ekintza izan arren, jokabide txar bat justifikatzeak izan behar ez lituzkeen baimenak ematen dizkio haurrari. Normala da gertatzea, baina lan egin behar dugu gerta ez dadin.

 Zer egin dezaket?

  • Jokabide horrekiko gure gaitzespena adierazi. Hori adeitasunez, errespetuz eta erantzunari tinko eutsiz egiten saiatuko gara. Adibidez, esan dezakegu: “Ez hozka egin, min egiten du-eta”.
  • Behatu: horrela ulertu ahal izango dugu zergatik eta zein egoeratan egiten duen hozka. Dela jeloskortasunagatik, dela partekatzea kostatzen zaiolako, bere espazioa inbaditzen dela ikustean urduri jartzen delako… behaketaren bidez uler dezakegu eta bere beharrizanetara hobeto egokituko den erantzun bat eman. “Zure lagunarekin haserretu zarela ikusi ahal izan dut, baina hozka egiteak min egiten du eta ziur nago zure lagunei ez diezula minik egin nahi”.
  • Aurrea hartu: behin ikusita zein diren gure seme edo alabari emozio desatseginak eragiten dizkioten egoerak, lehenago esku har dezakegu lasaitu ahal izateko hozka egin baino lehen. Adibidez, gose- edo lo-premiei aurrea hartzea.
  • Arazoan esku hartu: hozka egiteko arrazoia aurkitu badugu, etxean lan egin ahal izango dugu horrekin. Haur jakin batekin izandako gatazka bat dela gertatzen bazaigu, mugak jartzen lagundu ahal izango diogu, “ez” esanez edo “nirea” adieraziz.
  • Alternatiba edo ordezko aukera bat eskaini: “Hau ezin duzu egin” esaten diogunean, orduan esan behar diogu: “baina hau bai, egin dezakezu” .
  • Jokabide alternatiboak indartu: haurrak urduri jartzen denean kosk egiteko joera badu, baina behin ez egitea erabakitzen badu, esan behar diogu: “Maitea, asko gustatu zait egin duzuna, eskerrik asko kosk ez egiteagatik, nahiz eta badakidan urduri jarri zarela”.
  • Erantzuna errepikatu: funtzionatzen ez badu, errepikatu dezagun gure erantzuna, bestelako jokabide-eredu bat har dezan.
  • Emozio horrek sortzen dion egoeratik atera: horrela, bere egoera emozionala babesten dugu, eta erakusten diogu gatazkatik aldenduz gero errazagoa gertatuko zaigula lasaitzea.
  • Arreta eman, behar baldin badu: nire seme edo alabak arreta bilatzen badu, behar duen arreta hori eman behar diot beste une batean.
  • Emozionalki baliozkotu: sentitu duena baliozkotzea eta sentitzen ari dena txarto ez dagoela hauteman dezala, nahiz eta jokabide egokia ez izan. “Ulertzen dut egoera honek haserretu izana”.
  • Lasaitasuna eta pazientzia izan.
  • Enpatia sustatu: oraindik ezin dira bestearen ikuspuntuan jarri, eta garrantzitsua da kontuan hartzea ez dutela kalte egiteko asmoz egiten; baina, hala ere, garrantzitsua da enpatia sustatzea, sor dezaketena erakutsiz.

HIRU BALIABIDE DIDAKTIKO

  • NIRE AHOAK BALIO DU…mural edo horma-irudi bat egiteko umearekin, bertan agerraraziz ahoaren erabilera desberdinak eta zer egin dezakedan eta zer ezin dudan egin ahoarekin.
  • Kosk egiteko jostailuak izatea.
  • Emozioak lantzeko ipuinak:adibidez, “El monstruo de colores” (Koloretako munstroa)

Eta gogoratu jokabide txar batek ez duela umea gaizto bihurtzen.

Rut del Río Prieto, psikologoa

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×