Nire bikotekideak seme-alabak ditu, zelan kokatu naiteke haien aurrean?

Urte askoan, familia nuklearraren ereduan mugitu gara gehienbat, eta eredu berriekin harremanetan jartzean, zalantzak sortzen zaizkigu zelan kokatu horien aurrean. Galdera edo itaun batzuk proposatzen dizkizugu.

“Nora iristen da? ”   

Dagoeneko seme-alabak dituen pertsona batekin bikote-harremana izateak berekin dakar, zelanbait, aldez aurretik sortutako “familia-sistema” batean parte hartzea, eta zu horra iritsi zaren “azkena” zara. Lehenik, zure bikotekidearen senar/emazte ohia iritsi zen, gero haiek izandako seme-alabak, eta azkenean zu iritsi zara. Horrek ez du esan gura zu garrantzi gutxiagokoa zarenik. Baina, bai, esan gura du:  

  • Zure bikotekideak bere denbora zure eta bere seme-alaben artean partekatu beharko duela, guraso gisa konpromiso bat baitu haiekin.
  •  
  • -Zure bikotekidearen eta haren seme-alaben artean aurretiko harreman-kode batzuk daudela. Gauzak elkarri esateko, partekatzen dituzten jarduerak aukeratzeko, arauak jarri eta betetzeko, … beren modua dute. Horrez gain, zure bikotekidearen eta haren senar/emazte ohiaren artean komunikazio-kode batzuk ere badaude, elkarrekin dituzten seme-alaben hazkuntzari buruzkoak.  
  •  
  • -Seme-alaben artean beldur, errezelo edo ziurgabetasun batzuk ere egon daitezke zure aurrean.  Oro har, guraso dibortziatuen seme-alabek beren gurasoak berriro elkartuko direlako fantasia izaten dute. Pertsona berrien etorrerak aukera hori ixtea dakar. Gainera, beste pertsona bat aitaren/amaren denbora gura duen “lehiakide” bat da.

Horrela izanik, aurretiko familia-sistema batekin harremanetan sartzea eta/edo sistema zabalago bat sortzea, gozatzeko eta ikasteko aukera paregabea izan daiteke.

Demagun bikote-harremana egonkorra izatera iritsi dela, seme-alabei ere egoera aurkeztu diezuela, eta elkarrekin bizitzen hastea pentsatu duzuela: zer eta zelan egin? Kontuan har daitezkeen hainbat aldagai daude. Edozelan ere, geure buruari galdera batzuk egin diezazkiokegu.

Aita edo ama moduko bat izan beharko ote dut?

Ziur aski, zure nahia ez da ama edo aita izatea seme-alabak dituen bikotekide bat izateagatik; eta desio hori kontzienteki edo inkontzienteki egonda ere, argi izan behar da seme-alaba horiek jada badituztela beren aita eta ama, eta haiekin lotura berezia dutela, ATXIKIMENDUA deitua.  

Atxikimendu-lotura haurren eta gurasoen artean bizitzako lehen hilabeteetatik sortzen den harreman afektibo berezi eta salbuespenezkoa da, haien biziraupena bermatzeko. Lotura horretan, haien premia edo beharretara egokitutako entzutea eta erantzutea daude, baldintzarik gabeko maitasun fusionalagoarekin eta etengabeko prestasun emozionalarekin. Afektua etengabe adieraztea, elkarrekin denbora asko pasatzea, diziplina positiboa erabiltzea, familiako kide izatearen sentimendua sortzea eta elkarrekiko zaintza sustatzea inplikatzen du.

Seme-alabak dituen pertsona baten bikotekide gisa, zuk ez duzu atxikimendu-lotura hori garatu behar, ezta horretan inplizituki dauden hazkuntza-eginkizun guztiak ere. Hori beraien gurasoen ardura edo erantzukizuna da. Nolanahi ere, bada posible zelanbaiteko harremana garatzea, seme-alabentzako ingurune seguru eta babesgarria sortzen eta bikote-harreman egokia izaten lagunduko duena.

Emozioak eta rolak? Komunikazioa?  

Zelan sortu harreman POSITIBOA zure bikotekidearen seme-alabekin, gaizki ulertuak sortu barik?  “Familia-sistema berri” horretako elementu bakoitzaren emozioak eta rolak argitzea eskatzen du horrek. Familia-egitura guztiek komunikazio arina behar dute, horrela ahalbidetzeko emozioak entzutea, pertsona bakoitza bere rolean kokatzea eta harreman-kodea sortzea. Kasu honetan, funtsezkoa da hori esplizituki, argi eta garbi, egitea. Horrela, garrantzitsua da honako hauek argitzea:

  • NORBERA

Familia-sistemara iristean, norberak dituen desioak, emozioak eta kezkak. Mantendu gura diren mugak, eskaintzen zaizkigun abagune edo aukerak, …  eta baliteke denborarekin aldatuz joatea eta horietaz jabetu behar izatea. Nahasmendua ere bizitzaren parte da, eta onartu beharra dago mataza askatzeko.

  • ZURE BIKOTEKIDEA  

Beharrezkoa da zure bikotekidearekin argitzea dituzun emozioak eta zelan gura duzun haren seme-alaben aurrean kokatu. Agian, zure bikotekideak ama/aita rola bete dezazun gura du, eta, beraz, rol hori bete barik harreman bat sortzeko asmoa duzula kontatu beharko diozu.  

Beharrezkoa da zure bikotekideak zuri azaltzea zelan egiten duten etxeko antolaketa, komunikazioa, arauak eta mugak, … Eta zuk zure emozioak azaldu ahal izango dizkiozu, baita eragiten dizun “kode” horren elementu batzuk aldatzeko premia eta baterako bizikidetza-arauak izango dituen ingurunea sortzeko negoziatu beharra ere … Berba egin beharko duzue ea beraren seme-alabak zaintzeko funtzio edo eginkizun batzuk zure gain lagatzeko asmoa duen, zer erabaki diren haien aitarenak/amarenak bakarrik, zer beste erabaki hartu ahal izango duzun zuk bizikidetzarako, … Berba egin beharko duzue zelan eta noiz izan bikote-denbora propioak seme-alaba barik, seme-alabekin eta abar.

  • SEME-ALABAK

Interesgarria da seme-alabei elkarrekin bizitzeko hartzen diren erabakien berri ematea, betiere zuhurtasunez eta informazio larregi eman barik egiten bada. Funtzionamendu- eta errespetu-arau batzuk zelan zehaztu erabakitzeko haiek beren iritzia ematea ere eraikitzailea izango da. Zure bikotekidea izango da bereziki honen guztiaren bozeramaile eta solaskidea.  

Zuk seme-alabekin argitu dezakezu ez zatozela beste inor ordezkatzera, are gutxiago beraien aita/ama, zure bikotekidearen senar/emazte ohia. Azpimarratu beraiekin gertuko harremana sortzea nahi zenukeela, beraiek gura duten neurrian eta denbora hartuta. Zehaztu gerta daitekeela zure bikotekideak zure esku lagatzea eurak zaintzeko eginkizun batzuk, bizikidetzan laguntzeko.   

Edozelan ere, egunerokoa eta ekintzak izango dira konfiantzazko harreman hori eraikitzen joango direnak.

  • BIKOTEKIDE OHIA

Interesgarria izango litzateke zure bikotekideak bere senar/emazte ohiarekin harreman ona izatea euren seme-alabak ondo hazi eta hezteko. Zure bikotekideari horretan laguntzea eta haren senar/emazte ohiarekin rolak argitzea ere ona izango litzateke.

Eta harremanaren egunerokoa?

  • DENBORA-PREMIA

Erroma ez zen egun bakar batean eraiki. Harremanak ere ez dira aste edo hilabete pare batean egiten.  Beharrezkoa da elkarrekin denbora pasatzea, komunikatzea eta harremana pixkanaka sortuz joatea.  Zure bikotekidearen seme-alabak denbora gutxian “erakarri gura izateak” edo hori egitera “behartzeak”, nork bere emozioekin eta desioekin harremanetan jarri barik, zailtasunak ekar ditzake, gero kostata gainditzen diren zailtasunak.

  • HARREMANETAN AFEKTIBITATEA

Zure bikotekidearen seme-alabekin izan dezakezun harremana interakzio puntual edo afektibitate kontziente batean gera daiteke, maitasun eta konfiantza agerraldiekin eta entzuteko eta laguntzeko zelanbaiteko prestasun emozionalarekin. Edo lotura estuagoa bihur daiteke (aita-amekiko atxikimendu-loturara iritsi barik), bi aldeen kezka eta nahien arabera.

Lotura bi pertsonaren artean ematen den harreman afektibo bat da, karga emozional handiago, harreman handiago eta elkar zaintza handiagoarekin. Hala ere, kontuan izan behar da hori gertatzeko bi aldeek gura izan behar dutela. Litekeena da zuk gura izatea, baina zure bikotekidearen seme-alabek ez, edo alderantziz. Eta inork ezin du inor behartu. Horregatik, garrantzitsua da horren inguruan dituzten desirak entzutea, denbora pasatu ahala aldatuz joan daitezkeen desirak. Edozein modutan, entzuteko prestasuna funtsezkoa da, eta oinarrizko osagaia harreman orotan.

Pertsonen arteko gatazka gehienak elkarren artean izan gura duten harreman-motaren inkongruentziek eragiten dituzte.    

  • ELKARREKIN GOZATUZ DENBORA IGAROTZEA

Gozamen partekatua afektibitatea bultzatzen duten “hormonen” sortzaile indartsua da. Hala, garrantzitsua da partekatzeko hautaturiko jarduerak motibagarriak izatea. Batzuetan familia osoarentzat izango dira, beste batzuetan helduentzat, beste batzuetan haurrentzat, … Adibidez, pertsona helduoi plan ona iruditu dakizueke mendira joatea, baina seme-alabek nahiago dute zinemara joan … beraz, txandakatuz ibili beharko duzue.

  • HAZKUNTZA-LANAK EGITEA?

Printzipioz, seme-alaben zaintzaren ardura edo erantzukizuna euren aita-amei dagokie. Batzuetan, zaintza horiek aitona-amonen, lagunen, zaintzaile profesionalen, auzokoen, irakasleen eta abarren esku uzten dira.  Hurbiltasuna dela-eta, batez ere leku berean elkarrekin biziz gero, litekeena da, zure bikotekidearekin eta seme-alabekin argitu ostean, eskuordetutako zaintza-lan batzuk zuk ere egin ahal izatea. Erabaki edo alderdi garrantzitsuetan sartzea eskatzen ez duten zereginak izango dira (adibidez, ez zenuke ikastetxea aukeratuko, irakaslearekin bilera egitera joango, haurraren psikologoarekin elkarrizketa bat izango, …).   

Lehen esan dugun lez, badago aldez aurretik kode bat zaintza horiek egiteko moduari buruz, eta, beraz, interesgarria izango da kode horretara egokitzea edo aldaketa txiki batzuk sartzea zure bikotekidearekin adosturik eta berrikuntzak seme-alabei argituta. Agian seme-alabek ere parte hartu ahal izango dute iradokizunen bat eginez, betiere haien autonomia eta segurtasuna indartuz.

  • AFEKTUA ADIERAZTEA?  

Denboraren poderioz eta bi aldeen desioarekin lortzen den harreman afektiboaren barruan, afektua adieraztea posible izango da bakoitzak onartu gura dituen mugen barruan.

Afektua era askotara adieraz daiteke: gorputzaz (besarkadak, begiradak, musuak), berbez (hitzak, soinuak, …) eta ekintzez. Pertsona bakoitzak nahiago dugu afektua bide horietako baten edo bestearen bidez erakutsi eta jaso. Interesgarria izango da zure bikotekidearen seme-alabek horretara egokitzeko zer modu nahiago duten jakitea.

Posible da afektua adierazteko opari bat egitea, betiere “bestea erakartzeko” gurata egindako zerbait ez bada, orduan sinesgarritasuna galduko luke eta. Afektu-adierazpenak benetakoa izan behar du.

  • DIZIPLINA ERABILTZEA?

Zure bikotekidearen seme-alabekin kudeatzea zail edo gaitza izan daitekeen zerbait diziplinaren gaia da.  Nork jartzen ditu arauak? Zelan egin azkenean ez entzuteko “Zuk ez didazu aginduko, ez zara nire ama eta!”?

Arauak jartzearen azken ardura euren gurasoena dela jakinda, rol eta zaintza eskuordetuak argituta, bizikidetza-arau orokor batzuk onar ditzakezue familia barruan (batzuk “heredatuta” etorriko dira, beste batzuk “aldatuta” egongo dira, eta beste batzuk berriak izan daitezke). Hortik aurrera, bizikidetza-arauak mantentzen lagundu dezakezu zuk ere.

Garrantzitsua da zure bikotekideak eta zuk irizpide berberak izatea. Alde horretatik ere interesgarria litzateke zuen eta bikotekide ohiaren irizpideak ere komunak izatea, jakinda ez dela beti erraza gertatzen.   

Gogora ekarri behar da diziplina modu positiboan erabiltzeak berekin dakarrela enpatia erakustea, haiengandik zer espero den jakinaraztea, nahiei eta beharrizanei alternatiba posibleak bilatzea, arauak zehaztera gonbidatzea eta errefortzu positibo gehiago erabiltzea zigorrak baino. BBK FAMILY kanalean, BBK Family Learning, hain zuzen ere, ikus dezakezu ‘Arau Eraginkor eta Afektiboak’ ikastaroa.

  • NORBERE ZAINTZA EDO AUTOZAINKETA?

Gure motxila emozionalak berak baldintzatzen digu munduan egoteko era eta beste pertsonekin harremanak izateko modua. Gure emozioen kontzientzia hartzea nork bere burua zaintzeko lehen modua da. Norberaren eta besteen mugak onartzea ere bai. Eta astean zehar norberaren zaintza pertsonalerako uneak behar dira, horretan lagundu dezakeen aisialdi, kirol, gorputz … mailako jardueraren batekin.

Iritsi naiteke haien aita/ama izatera? 

Bizikidetza-denbora garrantzitsu baten ondoren, gerta liteke bikotekidearen umeentzat zu ere erreferentzia- eta lotura-figura bihurtzea, une afektiboak, zaintzakoak, gozamenezkoak, familia-kide izatekoak, … partekatzearen poderioz. Hala ere, aita/ama, jatorrizko atxikimendu-figura gisa, bana baino ez daude, eta horiek ezarrita daude jada. Zure bikotekidearen senar/emazte ohia kanpoan bada edo hila bada, oso pertsona garrantzitsua izan zintezke zu ume horientzat, amaren edo aitaren figuraren gertuko rol “soziala” betetzeko moduan. Hala ere, kasu horietan garrantzitsua izango da falta den pertsona ez “ukatzea”, “ahaztea”, “usurpatzea” edo “madarikatzea”, seme-alabentzat balio emozionala izaten jarraitzen baitu, landuz joan beharko dutena. 

Nolanahi ere, bikotea benetan apurtzen bada, lotura handiagoa edo txikiagoa egon, beharrezkoa da seme-alabei “doluan” laguntzea, eguneroko harreman afektiboa ezarria zuten pertsona batengandik urruntzeak dakarren doluan.

Gehiago jakiteko  

Beti bezala, teoria egitea gutxi-asko erraza da. Praktika zailagoa izaten da, hor emozioak nahasten baitira: norberarenak, bikotekidearenak, seme-alabenak, bikotekidearen senar/emazte ohiarenak, … Eta arazotsua izan daiteke… Horregatik, interesgarria da profesionalen baten laguntza izatea egoera horietan laguntzeko, gatazka egon edo ez egon.

Badaude elkarte eta erakunde batzuk familiei laguntzeko baliabide profesional eta pedagogikoak dituztenak.  Arlo prebentiboan edo terapeutikoan lan egiten duten profesionalak ere badaude, eta familia-aniztasunari buruzko liburuak eta ipuinak ere bai, … Halaber, horiek ia guztiek jorratzen dituzte bikote-bizitzan bi aldeetako seme-alabak elkartzen direnean edo “berri” komunak iristen direnean sortzen diren egoerak. Erreferentzia batzuk utziko dizkizugu.

  • “Guía de las Familias Reconstituidas”, UNAF Elkartea  (www.unaf.org). Doakoa
  • “La familia recompuesta: cómo rehacer nuestras vidas tras el divorcio”, Marie-Christine Saint-Jacques, Claudine Parent. Lectorum argitaletxea.
  • “Familia recompuesta: los tuyos, los míos y los nuestros”, France Bonneton. Panamericana argit.
  • Ipuina: “Familiarium”, Mar Cerdá. Comanegra argit.
  • Ipuina:  “Cada familia a su aire”, Boutignon Beatrice. Hotel Papel argit.
  • Ipuina: “Vaya lío de familia”, Pascale Francotte. La Galera argit.
  • Ipuina: “Cuándo se irán éstos”, Ute Krause. Juventud argit

LABURPENA

BAI:

  • Sistema berri bat sortzeko, aldez aurretik dagoen sistema batera iristen zarela jabetzeari.
  •  
  • Harremana sortzeko denbora emateari.

EZ:

  • Lotura estura “behartzeari”, seme-alabek a priori gura ez badute
  • Euren aita/ama ordezteari

KONTUZ

  • Prozesuen kontzientzia ez hartzearekin  

Topatu zeure erantzuna

Galdera batzuk proposatzen dizkizugu, zure bikotekidearen seme-alabekin harremana eraikitzeko “arrastoak aurkitzen” lagun diezazuketenak, zeure esperientziatik abiatuta. Gure ikuspuntutik, hau askoz ere interesgarriagoa eta eraginkorragoa da eman diezazkizukegun erantzunak baino, eta, beraz, tartetxo bat hartu eta galdera hauei erantzutera animatzen zaitugu.  Hainbat alditan eta unetan erabil daitezke.

  • Nolakoak dira zure bikotekidearen seme-alabak? Zer gustatzen zaie egitea?
  • Zein dira zure bikotekidearen seme-alaben ezaugarri positiboak?  
  • Zer esperientzia bizi izan duzu jada zure bikotekidearen seme-alabekin zerbait positiboa bizi izan duzunean?
  • Noiz izan zen, zelan izan zen, zer gertatu edo jazo zen?
  • Zelan lortu zenuen orduan? Zer jarri zenuen zeure aldetik hala izateko, hain zail edo gaitza izanik?
  • Zure tasun edo ezaugarrietako zeinek lagundu zizun?  
  • Zer egin zenezake zure aldetik zure bikotekidearen seme-alabekin berriro zerbait positiboa izateko?  
  • Zer egiten proba dezakezu egun hauetan horretarako?

 

Begoña Ruiz. psikologoa, hezitzaile soziala eta psikomotrizista

Artikulua interesatu zaizu? Seme-alaben hazkuntzari buruzko zalantzak edo kezkak badituzu, BBK Family taldeak zu aholkatzeaz poz-pozik egongo da. On line aholkularitza eskaintzen dizugu. Zerbitzua pribatua eta pertsonalizatua da. Kontsultak ezta erantzunak ere ez dira argitaratuko. Eta helarazi irakurri gura dituzun gaiak.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

BBK Family Learning

×