“Nerabezaroa agertzen zaigu apur bat mehatxuzkoa helduentzat”

Psikoanalista Susana Brignonirekin nerabezaroari buruz hitz egiten dugu.

Susana, Zergatik kezkatzen gaituzte horrenbeste nerabeek?

Ba, batez ere, kezkatzen gaituzte arazo bat direla uste izaten dugulako sarritan. Nire kontsultara gurasoak edo hezitzaileak etortzen direnean, eta bizitzako aldi honetan dauden neska-mutikoekin daudenean, batez ere esaten dute arazo bat dutela beraiekin; edo lehenago, ume batekin etortzen badira, agian zera esango dizute:  “Ume honekin nator oso urduria delako, eta ez dut imajinatu gura zer izango den nerabezarora iristen denean” edo “Begira, 7 urteko neskatila honek, ematen dituen erantzun lotsabakoekin, jada nerabea ematen du”.

Hau da, hasteko, nerabezaroa irudikaturiko zerbait da, eta agertzen zaigu apur bat mehatxuzkoa helduentzat, edo zelanbaiteko arriskua suposa dezakeena; eta, gainera, esan dezakegu sarritan helduek pentsatzen dutela orain, bizi garen garai honetan, iraganean baino ere okerragoa dela nerabezaroa.

Askotan gurasoren bat etorri eta honelako zerbait esaten dizu: “Ez dakit zer gertatu den, aldatu egin didate semea!”, edo “Alabak lehen berba asko egiten zuen eta orain ez dago berarekin komunikatzeko modurik”. Eta orduan bururatzen zaio kontsultara etortzea, eta bere seme nerabea psikologoarengana ekartzea, ea horrela lortzen duen lehen zeukan semea itzul diezaioten.

Lehengo semea ez dela jada itzuliko

Orduan, burutazio horren aurrean, bi albiste ditugu, bata ona eta bestea txarra; albiste txarra da lehengo semea ez dela jada itzuliko; eta albiste ona da nerabezaroa bizialdi erabat iragankorra dela, behin-behinekoa, betiko hor geratuko ez dena.

Orduan, galdetu beharko litzateke zer gertatzen den hor, etxean horrenbeste liskar eta eztabaida dagoen garaian, ezta? Adibidez, honelakoak esaten dituzte: “Alaba lehen oso berritsua zen eta orain, bat-batean, ez du berbarik egin gura, gelan itxita geratzen da eta bakarrik egon gura du; ate-danbatekoak ematen ditu; edo zerbait itauntzen diogunean, berehala zera erantzuten digu modu txarrean: ‘Aizu, ni ez gogaitu, ez izorratu…'”.

Horrek zerbait adierazten digu helduoi, adierazten digu behar bada itaun edo galdera larregi egiten dizkiegula, hau da, ez gabiltzala elkarrizketa lortu guran, baizik eta beraiek galdekatzen, eta hori oso erasokorra da beraientzat. Orduan, helduek zelanbaiteko jakintza bilatu behar dute nonbait, adibidez, psikologoarenean, edo gurasoen taldean; zelanbaiteko jakintza bilatu behar dute itaunketa horretatik apur bat urruntzeko.

Nerabezaroa da neska-mutilek dena posible dela uste duten garaia

Nerabezaroaren definizio bat, nik oso gogoko dudana, Alexandre Stevens psikoanalista frantsesak ematen diguna da; hark esaten zuen nerabezaroa dela neska-mutilek dena posible dela uste duten garaia. Horregatik, askotan ahalguztiduntasun-sentimendua duten irudipena izaten dugu, eta gurasoak nerabeen beldur izaten dira, zeren eta, dena posible den ideia horretan badirudi ez direla arriskuaz edo arriskuez jabetzen. Eta zelanbait esateko, horrela da; lehen esan dudan lez, bizitzeko garaia da eta ez larregi kalkulatzekoa.

Iruditzen zait topagunea hemen egon daitekeela: dena posible dela iruditzen zaie, baina aldi berean bada garai horretan ez ezinezkoa baina bai apur bat gaitza den zerbait, lehen aldiz topo egiten dute bizitzan orain arte ezin zitekeen baina orain egin daitekeen zerbaitekin; eta nerabezaroan egin daitekeen hori sexualitatearen arloko zerbait da, gorputzetik datorren zerbait, zeharo asaldagarria nerabeentzat.

Norbaitek zioen: “Nerabezaroan gorputza definitzen duen esaldia gorputzean erretzen duen hori da”. Eta nerabeak horren aurrean galduta daude, eta galdurik egoteaz gain, horri buruzko erantzunen bila edo zelan egiten den ikustera ateratzen direnean, berehala konturatzen dira pertsonen artean ez dagoela aurrez finkaturiko era bakar bat, baizik eta gizaki bakoitzak, pertsona bakoitzak berea asmatu behar duela.  Horregatik, askotan, asmatzeko une horretan parekideekin bilatzen dute, taldeetan, besteak kopiatzen saiatzen dira, edo helduek esandakoaren guztiz aurkakoa egiten dute, badirudi-eta hortik topa dezaketela erantzuna.

Beraz, nerabezaroaren definizio interesgarri bat hau dela esango genuke: “Nerabezaroa bilaketa-garaia da, ikerketa-garaia, eta nerabeek garrantzi handiko lan subjektibo bat egin behar dute, gorputzetik datorkien zerbaiti erantzunak aurkitu ahal izateko, besteek emandako erantzunek ez diete balio eta”.

Susana Brignoni, psikoanalista 

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×