Koronabirus garaian haurdun egoteak halako kezka bat sortzen du; horregatik, argi apur bat eta zelanbaiteko lasaitasuna emateko, Amaneko emaginekin, Monica Blas eta Goranerekin, berba egin dugu.
Konfinamenduaren hilabeteetan eta gero ere bai, erditzea eta erditu ostekoa prestatzeko eskolak eten egin ziren.Dagoeneko hasi dira berriro?
Amane emaginok aurrez aurrekoa ez den eredu bat aukeratu dugu; eredu horretan, bikoteek posta elektroniko, dokumentazio, bideo, esteka eta abarren bidez jasotzen dute informazioa. Hori osatzeko, astean behin txat-saio bat egiten dugu taldeko bideo-dei bidez, zalantzak zuzenean argitzeko eta haurdun dauden emakumeen arteko elkarreragin edo interakzioa ahalbidetzeko. Gure ustez, oso garrantzitsua da beste emakume batzuekin harremanetan egotea, aberasgarria da, aurreko bizipenei buruz berba egiten digute, seme-alaba gehiago izan dituzten edo ez, gaur egun dituzten sentsazio eta emozioei buruz, eta beren beldurrak eta kezkak ere aipatzen dizkigute. Gurago izanez gero, telefonoz edo posta elektronikoz ere izan dezakete gurekin zuzeneko harremana.
Neurri berriekin, haurdun dauden askok itauntzen diote beren buruari erditzean bikotekidearekin egon ahal izango diren eta ospitalean dauden bitartean bisitarik jaso ahal izango duten.
Pertsona bakar batekin egon daitezke, eta beti pertsona bera izan behar du. Gaur-gaurkoz, bisitarik ez da onartzen. Baina protokoloak oso aldakorrak dira eta pandemiaren bilakaeraren arabera dago dena.
Umetxoa kutsatzeko beldurra dago oraindik. Duela zenbait hilabete artikulu bat argitaratu genuen Osakidetzak haurdunentzat egindako gomendioekin; bertan esaten zen ez zegoela datu nahikorik bularra emateari buruzko gomendio irmo bat egiteko COVID-19ak kutsatutako emakumeen kasuan. Badago orain gaiari buruzko ikerketarik argi gehiagoa eman diezagukeenik?
Espainiako Neonatologia Elkartearen gomendioen arabera, COVID positiboa duten amen kasuan, jaioberria ez da amarengandik urrundu behar, eta jaiotzetik bertatik amak bularra ematea gomendatzen da, betiere jaioberriaren eta amaren baldintza klinikoek horretarako aukera ematen badute
Ama izango diren askok ez dakite zer den erditze-plana. Azalduko diguzu zer den hori?
Erditze-plana dokumentu bat da, eta bertan, emakumeak bere lehentasunak, beharrizanak, gurariak eta itxaropenak adieraz ditzake erditze- eta jaiotze-prozesuari buruz.
Erditzeko Prestakuntzatik hasita erabiltzen dugu, emakumeek eta bikotekideek jaiotze-prozesuari buruz izan ditzaketen zalantzen inguruan hausnartzeko eta argitzeko tresna gisa, eta dituzten aukerak ulertzen laguntzen diegu, erditzea egingo duten lekuaren arabera (Euskadiko amaetxe guztiek ez dituzte instalazio berberak eskaintzen, ezta mina arintzeko metodoak ere, adibidez).
Interneten hainbat eredu daude, baina beti osasun-profesional baten (batez ere, emaginaren) laguntzarekin prestatzera bultzatzen ditugu, banan-banan orientatu ahal izateko.
Zer gomendio emango zenizkiokete ama izango denari bere umearekin etxera itzultzen denerako, erditu osteko eskoletara joaterik ez badu?
1. Atsedena eta elikadura orekatua. Bikotekidearen edo beste pertsona batzuen laguntza beharko du, jaioberriaren zaintzak egunaren zati handi bat hartzen du eta.
2. Higienea eta bisita-kopurua mugatzea. Une honetan, zenbat eta jende gutxiago egon umetxoarekin harremanetan, hobe; eta jaioberria ikustera etortzen bada jendea, oso zorrotzak izan eskuetako higiene eta maskararen erabilerarekin. Umea familiari aurkeztea kanpoan, aire zabalean, egiterik badago, aukera ona da hori.
3.Egunero kanpoan paseatzen ibiltzeak gogo-aldartea hobetzen du, odolaren itzulera benosoan eta atxikitako likidoak kentzen laguntzen du.
4. Edoskitzearekin zailtasunak badituzu edo oso triste eta gaindituta sentitzen bazara, eskatu laguntza osasun-arloko profesional bati.
Mónica Blas eta Gorane Lozano, AMANE emaginak.