Nahi duzu zure seme edo alaba hezkuntza afektibo-sexualean trebatzea? Edo dagoeneko egin du?

PACT, gazteekin itun bat sortzea tratu onetarako

Nola izan ditzakegu harreman osasuntsuak eta berdintasunezkoak? PACT, hezkuntza ez-formalaren esparruan Bizkaiko gazteentzat tratu onen aldeko itun- eta ekintza-mugimendu bat (PACT+ACT) sortzea helburu duen programa, jarri du martxan BBK-k.

Nahia Antoranz, programako hezitzaileetako bat, eta Melissa, Norai Etorkizuna Musikatan elkarteko nerabea, programan parte hartu dutenetako bi dira, eta beraiekin berba egin dugu.

Nahia, zelan definituko zenuke PACT?

PACT hausnarketarako topagune bat da, Bizkaiko 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendua, tratu onetan oinarrituta zelan elkarrekin harremanak izan ikasteko. Sei saioko prozesua da, eta, gazteen jolasaren eta bizipenen bidez, autokontzeptu, sexualitate, adiskidetasun, maitasun erromantikoaren mito, beldur, desio eta abarren inguruan hausnartzen eta iritziak partekatzen dira.

Era berean, PACTen azken helburua indarkeria matxista prebenitzea da, arreta Tratu Onaren kontakizun positiboan jarrita, bai eta norberarekiko eta gainerako pertsonekiko harremanetan horri laguntzen dioten osagaietan ere.

Zer interes izan dute nerabeek parte hartzeko? Zer motibazio izan dituzte?

Gazteek beren harremanei buruz askatasunez, beren hizkuntzan, epaituak sentitu barik… hitz egiteko espazioak behar eta nahi dituzte. PACT prozesuetan, gidoia eta helburuak dauden arren, gazteek markatzen dituzte sakontzeko gaiak, beren interesen eta kezken arabera.

Gune seguru batean daudela ikusten dutenean, ireki eta iritziak partekatzen dituzte, interesa erakusten dute eta modu askean parte hartzen dute.

Zelan iritsi dira PACTeraino?

Era askotara. Lehen edizio honetan nabarmendu dezakegun gauzetako bat da askotariko taldeek parte hartu dutela. Batzuk beren Udalaren ekimenetik sortu dira, Alonsotegiko taldearen kasuan bezala; beste batzuk kirol-taldeak izan dira, hala nola Athleticeko harrobiko bi taldeak; eta gehienak aisialdian eta denbora librean gazteekin lan edo behar egiten duten erakundeetako taldeak izan dira, hainbat testuingurutan: Norai, Giltzarri, Agintzari, Down Sindromea Fundazioa, Gorabide, Fidias eta Euskarabentura.

 Nahia, PACT sei saiotan egiten da, zer lantzen duzue horietan?

Nahia Antorantz: Lehenengo bietan NI-a lantzen dugu. Autoezagutza-lan batetik abiatzen da eta autokontzeptu osasungarria lantzen da. Saio horietan, geure burua definitzen eta erreferentziazko taldean nola aurkezten garen pentsatzen dugu, zelan sentitzen garen horri buruz, zerk eragiten duen gure agertzeko moduan, zer behar dugun taldean pozik eta seguru egoteko…

Hurrengo saioetan, NI-tik GU-ra eta inguratzen gaituen ingurunera igarotzen gara. Hemen taldeko kide izateari buruz berba egiten dugu, identitate propioaren eraikuntzaz gure berdinekiko, eta lotura eta harreman aske eta osasungarrien eraikuntzaz.

Gogoeta egiten dugu genero-sistemak nola eragiten duen horretan guztian eta eraikitzen ditugun harremanetan eta aniztasunean.

Azken saioetan sexualitatearen bizipenak izan ditugu hizpide, eta horri dagokionez, maitasun erromantikoaren mitoak, ligatzeko moduak, desioa, adiskidetasun-harremanen garrantzia…

Saioetan zehar itun bat eraikiz joaten gara, eta hortik dator PACT izena, gazteok eraikitzen dugun ituna baita izan gura ditugun harremanei buruz.

Melissa: Lagunekin harremanei buruz berba egiten dudanean, beti gogoratzen naiz geure burua ondo tratatzeko programan egin genuen itunaz. Zeren eta programan gehien ikasi dudan gauzetako bat errespetua izan baita. Lehen gehiago kostatzen zitzaidan gogoko ez nituen pertsonak errespetatzea, baina orain ulertzen dut zer den errespetatzea.

Sare sozialen gaia ere jorratzen duzue?

Melissa: Bai, orain batez ere Instagram bidez egiten delako mutiletan/neskatan. Pertsonalki ezagutzen baduzu ere, sare sozial honen bidez idazten diozu, aldi batez hitz egiten duzue eta gero elkartzeko hitzordua egiten duzue. Errazagoa da horrela.

N.A.: Sare sozialen gaia dezente jorratzen dugu, asko erabiltzen dituztelako. Adibidez, irudien gaia, errespetua, irudiekin xantaiarik ez egitea edo jazarpenaren aurrean babesteko modua, gaur egun oso erraza baita sareen bidez jazarria izatea.

Melissa: Ia konturatu barik, norbait jazarri (stalkeatu) egin dezakezu. Demagun pertsona bat gustatzen zaizula eta egunero hitz egiten duzula harekin Instagram bidez. Baina bat-batean hitz egiteari uzten dio, eta zuretzat ez da erraza komunikazioa bat-batean moztea, zuri pertsona hori gustatu egiten zaizu-eta. Hori kudeatzea ez da erraza.

Genero-estereotipoak ere lantzen dituzue?

N.A.: Bai. Neska naiz eta ile luzea daramat: gustatzen zaidalako, zerbait “biologikoa” delako? Modu naturalean ateratzen al zait haur bat zaintzea neska naizelako?… Mutila banaiz, futbolean egin behar dut bai ala bai? Egia esan, dena ikas eta desikas daiteke. Eta oso garrantzitsua da erreferenteak izatea.

Zenbat taldek parte hartu dute lehen edizio honetan?

N.A: Guztira 10, eta gustatuko litzaiguke edizio honetan parte hartu dutenak hurrengoetan buru izatea eta tratu onak zelan barneratu dituzten erakusteko adibide gisa balio izatea.

Zelan har daiteke parte?

BBKetaZu webgunera idatz dezakezue, eta eskatu. Aurtengo edizioan hainbat udalek deitu dituzte gazteak, eta elkar ezagutzen ez zutenen talde bat sortu da. Baina beren gazteekin programa egitea nahi zuten erakundeak ere jarri dira gurekin harremanetan. Baita gazteen ama batzuk ere, beren udalari edo seme edo alabak parte hartzen zuen erakunde edo elkarte bati proposatu diotenak ere.

PACT by BBK

PACT by BBK Bizkaiko 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako gunea da, Tratu Onetatik abiatuta hausnartzeko eta harremanak eraikitzen ikasteko.

Dokumentu honetan proiektuari buruzko informazio gehiago eskura dezakezu. PACT interesatzen bazaizu eta parte hartu gura baduzu, galdetu zure udaletxean, zure inguruko kirol- eta aisialdi-taldeetan, gurekin harremanetan jar daitezen.

Zure talde, ekipo, auzo edo herrira eramango dugu PACT!

Idatzi hona: pactbybbk@bbk.eus

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

BBK Family Learning

×