Maitasuna eta txera ez dira jokoan jartzen

Egunean bi une magiko daude nire bizitzan. Bat goizeko lehen orduan da, nire alabak oraindik lotan daudenean eta poliki-poliki haien logelan sartzen naizenean, esnatzeko. Une hori aprobetxatzen dut musu emateko, ukitzeko, “egun on” eta maite ditudala esateko. Batzuetan, jantzita ere, haien ondoan etzaten naiz eta begiak irekitzen dituzten arte itxaroten dut, ikastolara joateak ematen dien nagikeriaz zelan kexatzen diren entzunez… Beste batzuetan ez dute hitzik ere egiten, ez dute gogorik, baina ni han egoten naiz.

Beste unea ohera laguntzerakoan izaten da. Jada handiagoak dira, eta badirudi jada ez dutela mimoen eta laztanen tartetxo horren beharrik. Ez dakit errutina izango den edo, esaten ez badute ere, behar dutelako eta gustuko dutelako den, zeren eta joaten ez banaiz, eskatu egiten baitute, baita ohetik jaikita ere galdetzeko: “Ez duzu etorri behar?”.

Egun batzuetan laneko, etxeko, … kontuekin entretenituta egon naiteke, baina ez diot joateari uzten, ez diot une berezi eta bakar horri uko egin nahi.

Eta haserretzen banaiz?

Goiz eta gau guztiak ez dira berdinak, egun batzuetan agian eztabaidatu eta haserretu egiten gara,… baina saiatzen naiz une hori ez hondatzen edo, behintzat, ez dadila desagertu, nahiz eta gatazka izan gure artean. Maitasuna eta txera ez dira inoiz jokoan jartzen. Batzuetan, ahalegina egin behar izaten dut haiengana iristeko zerbait ondo joan ez denean, izara edo maindire artean ezkutatu ere egin daitezke “zurekin haserretuta nago” esateko modu gisa. Haserre hori ulertzeak, aitortzeak eta nik ere sentitzen dudana partekatzeak hurbilketa gehixeago sortzen laguntzen du, gutxienez musu bat emateko eta maite ditudala esateko.

Maitatuak, begiratuak, ukituak, ezagutuak, baldintzarik gabe kontuan hartuak direla erakusteko dudan modua da. Pertsona guztiok behar dugulako bizitzan zehar, baina ez bakarrik beharrizan fisikotik, baita psikologikotik ere, lehen mailako premia edo beharrizana da.

Beste pertsona batzuekin lotura ona eraikitzen laguntzea

Gure seme-alabekiko txera edo afektua erakusteko eta haiekin harremanak izateko moduak eragina izango du haiek bizitzan zehar beste pertsona batzuekin izango duten lotura-eredua eraikitzeko moduan ere. Baina harremanak izateko moduan ez ezik, garapen emozionalean, autoestimuan, eskola-errendimenduan, bizitzarekiko gogobetetze-mailan… ere badu eragina.

Erraz sumatzen da zenbat eta txera eta maitasun gehiago erakutsi, edo zenbat eta gehiago sentitu eurak, orduan eta errazagoa izango dela beraien garapen eta hazkundea.

Gure jatorrizko familian umeak ginenean izan genuen ereduak eragina izan dezake gure seme-alabei gure maitasuna erakusteko dugun erraztasunean edo zailtasunean. Erreferentzia positiboa edo errepikatu nahi ez dugun erreferentzia bat izan daiteke, eta eroso sentituko garen eta, gainera, beharrizan hori beteko dugun eredu bat bilatu beharra izango dugu agian, jakinik gure seme-alaben garapena eta ongizatea hobetzen dela horrela.

Bilatu zure errituala

Erritual batzuk izatea afektu-laginak egunero sartzen joateko modu bat da. Pertsona batzuk goizean edo gauean egiten dugu, ipuin bat kontatuz, abesti bat kantatuz, ohean egunari buruz berba eginez haiekin… Beste une batzuk ‘agurrak’ izan daitezke, eskolara edo institutura joaten direnean esaldi batekin, musu batekin, besarkada batekin, esku-talka konplize batekin…

Erritual horiek ezarrita badituzu, adinaren arabera aldatu egin daitezke, baina batzuetan etapa desberdinetan zehar mantendu egiten dira integratuta daudelako, segurtasuna ematen dietelako eta gustatzen zaizkielako, nahiz eta ez aitortu.

Erritual bat sartu nahi baduzu, ordea, garrantzitsua izango da zure seme-alaben adinera egokitzen eta probatzen joatea. Izan ere, imajinatzen duzu zeure burua nerabe bati lehen aldiz ipuin bat kontatzen edo babesten? Erotu egin garela pentsatuko du.

Garrantzitsua da une horietan beste zeregin batzuek, haserrealdiek, presek… eraginik ez izatea, baizik eta une hori oztopatu edo ilundu dezakeen oro kanpoan geratzea. Egoera batzuetan ia ezinezkoa izango da, eta kontuan izan beharko dugu eta ez dugu alde batera utzi beharko, baina, hala eta guztiz ere, maitasuna edo txera erakutsiz.

Senti gaitzatela, senti ditzagula

Denbora eskaintzea. Familiek denbora gutxi dugu, eta egiteko asko. Hain gaindituta sentitu izan gara, ezen eskaintzen diegun denbora ez baita ez asko eta ez kalitatezkoa izaten. Gauden denboran gaudela beraiekin, senti dezatela zentzumen guztiekin gaudela. Ez sakelako telefonoaren edo laneko deien zain, etxeko lanak egiten, janzten… Tarteak eskaini arreta osoz, ikusizko kontaktua senti dezatela, “elkarrizketan jarraitzen dizut” adierazten duten keinuak ikus ditzatela, lasai eta bare, geldi…

Eta egon ezin garen uneetan, beti sentiarazi ahal diegu haiengan pentsatzen dugula keinu txikiekin, deiekin, hozkailuan utzitako oharrekin edo beren gelako txokoren batean.

Baieztapen-hitz eta -keinuak. Maitasunezko, adorezko, animozko, errekonozimenduzko, estimuzko, … hitz edo berbekin. Denbora gehiago ematen dugu errieta egiten eta txarto egin dutena edo hobetu behar dutena erakusten, berez, diren bezalakoak izateagatik, duten balioa aitortzen baino.

Ez dago konplimendurik egin beharrik egite hutsagatik, orduan engainatu egingo genituzkeelako edo autoestimu okerra eraikitzera bultzatuko genituzkeelako.

Entzutea. Asko dute kontatzeko, nahiz eta batzuetan helduok ez diegun behar adinako baliorik ematen edo ez zaigun askorik interesatzen kontatzen digutena. Eskolako istorioak, marrazki bizidun gogokoenak, musika, partiduan gertatu zaiena… Txikienen edo nerabeen kontuak dira, baina BERAIEN GAUZAK dira, eta haientzat oso garrantzitsuak. Kontatzen digutenak aspertzen gaituelako haiek entzuteari uzten badiogu, pixkanaka horretaz ohartzen joango dira eta sentituko dute kontuan ez ditugula hartzen, eta azkenean ez digute kontatuko zer gertatzen zaien.

Beste batzuetan, berriz, zerbait kontatzen digutenean epaitzen edo errieta egiten aritzen gara, eta komunikazio oro eteten dugu.

Jolas egingo dugu?

Jolasean. Jolasean edo kirolean denbora partekatzea da gure seme-alabek gehien gozatzen duten jardueretako bat. Duela gutxi, BBK Familyko haur-kontseiluan, galdetu genien aholku-emaileei ea zer gura zuten beren gurasoengandik, eta badakizu zer erantzun zuten? Jolas egitea.

Laztanak. Umetatik kontaktu fisikoa beharrizan bat eta afektua erakusteko aukera bat da. Musu eman diezaiekegu, besarkatu, masajea eman, aurpegia laztandu, bostekoa eman, kilimak egin… betiere errespetuz jokatuz eta seguruago sentiarazten dieten laztanei adi egonez.

Haur-masajerako teknika bat ikasteko aukera izan nuen nire alaba zaharrena umetxo bat zenean. Egunero, etxean bakarrik geundenean, tartetxo bat eskaini nion, eta, batzuetan, orain, nerabe bat denean ere, oso nekatuta dagoenean edo zerbait ondo ez doakionean, irribarrez agertzen da olio-potearekin.

Laztanen premia hori haurtzaroan eta nerabezaroan ez ezik, gure bizitza osoan ere badago. Gurasook behar hori betetzen dugun neurrian, gure depositu emozionala zenbat eta beteagoa izan, orduan eta errazagoa gertatuko zaigu seme-alabei eurena betetzen laguntzea.

Maitasuna erakusteko modu asko daude, haur bakoitzak era batekoak gehiago beharko ditu beste era batekoak baino, baina pertsona txiki horiek hazten eta beren lekua hartzen ikustea da garrantzitsuena.

Ainhoa Allende. BBK Family

Jaia ospatzeko “Hor zaude?” kanpaina

“Hor zaude?” tailerra, seme-alabekin laguntzeko prest egoteko

Aste honetan maitasunari buruzkoa da kanpaina. Hona hemen 3. erronka:

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

 

BBK Family Learning

×