Lau “irteera erraz” gure seme-alabek jaramon egin diezaguten… baina eraginkorrak dira?

Artikulu hau irakurtzen ari bazara, zorionak! Aita edo ama “kontziente” bat zara, begirada bere seme-alabengan jartzen duen norbait, gelditu eta hazkuntza hobeto eroateko zelan egin pentsatu gura duen norbait.

Gure seme-alabak “ikaragarri” maite izan arren, batzuetan gaindituta, menderatuta, tresna barik, … aurkitzen gara  eta, konturatu barik, geure familiatik, zenbait gizarte-eredutatik, etsipenetik, … jasotako formulez “baliatzen” hasten gara, jakinik agian batzuk ez direla guztiz “eraginkorrak” edo “egokiak”.

Neska-mutilen autonomia eta autoestimua sustatzeko, beharrezkoa da harreman afektibo berezi bat sortzea, non arauek eta mugek ere presente egon behar duten. Adeitasunez etaaldi berean irmotasunez. Horrek oinarrizko “errepide” batzuk “marraztea” eskatzen du, informazio-, arreta-, gomendio- eta,une batzuetan, debeku-seinaleekin. Gauzak, harremanak, “parajeak”, … aurkitzeko “gidatzea” ahalbidetuko dieten arau batzuk, beraien osotasun fisikorako zelanbaiteko segurtasunez eta bizikidetza-balio batzuekin. Muga horiek estuegiak eta zurrunegiak baldin badira, ezingo dute beren kabuz gidatzen ikasi. Zabalegiak badira, “seinalerik” edo “marra gorririk” bakoak, segurtasunik eza eragin dezakete.

Ikus ditzagun gure seme-alabek jaramon egin diezaguten erabil ditzakegun formulen adibide batzuk, horien eraginkortasuna aztertzeko eta “diziplina positiboko” jarreratik ikusita noiz balio dezaketen eta zer beste aukera ditugun pentsatzera animatzeko.

1- ZIGORTUTA!

Parkera irten aurretik jostailuak jaso gura ez izateagatik “tirabira” batzuk izan ostean, Julianak ezin du gehiago, eta 5 urteko alabari esaten dio: “hiru astez zigortuta egongo zara kromo edo gozokirik erosi barik!”

Zigorra erabil daitekeen tresna bat da, baina ez da eraginkorra izaten; izan ere:

  • Ikastea bilatzearekin baino lotura handiagoa izan ohi du gure “etsipenarekin”, “haserrearekin” edo “egoera kontrolatzeko” gurariarekin (beste era batera egiten ez jakiteko beldurraren aurrean).
  • Azkenean jartzen den zigorrak ez du zerikusi handirik izaten eragin duen arrazoiarekin.
  • Adinarekiko neurriz kanpokoa edo errealitatean bete ezina izan daiteke.
  • Arau bat barneratzea ekar dezake,baina ez berez duen balioagatik, baizik eta zerbait saihesteko gogoagatik. Eta hori, batzuetan, ondo dago, baina beste batzuetan diluitu egiten da azkenean.

Alternatiba? Onuragarriagoa da beste bi tresna erabiltzea: ondo betetako arau baten indargarri positiboa, edo arau bat ez betetzearen berezko ondorioak norberak bere gain hartzea. 

Indar edo adore emateak arau bat betetzean egindako ahalegina eta lortutako autonomia aitortzea suposatzen du. Kontua ez da “ederto!” esatea  (eta balaku edo lausenguen mendeko pertsonak “sortzea”), edo sari bat erostea (noizbehinka egin daitekeen zerbait), baizik eta erakustea ohartu garela berak egindako ahaleginaz, bere gaitasunez, egiteko laguntza gutxiago behar izan duela, protesta barik egin duela, konfiantza dugula badakiela zelan egin, …  

Ondorioak norberak bere gain hartzeak esan gura du, adibidez, jostailuak batzeko denbora gehiago behar izanez gero, denbora gutxiago izango dela parkean egoteko, arratsalde bateko errutina- eta denbora-ordenaren barruan. Funtziona dezan, horiekaurreratu egin behar ditugu arau bat jartzean edo gogoratzean, erraztu benetan bete daitezen, bete bakoarekin koherenteak izan daitezela eta ez “azpimarratu” txarto egindakoaren “erruduntasuna”, baizik eta egoera konpontzeko edo antzeko beste aldi baterako neskak edo mutikoak alternatibak sortzeko duen aukera …  (“Zer egin ote dezakezu bihar, parkean denbora gehiago egon ahal izateko?”)

2- MILA ALDIZ ESAN DIZUT!

Jon-ek gogorarazi dio semeari: “Mila aldiz esan dizut mahaian ondo esertzeko jaten duzunean, ez zikintzeko”.

Arau bat “mila aldiz” gogoratu behar izateak hainbat gauzarekin izan dezake zerikusia: 

  • Araua lehenengo aldiz azaltzean, ez dugula ondo zehaztu edo irakatsi zer gura dugun, ezta entseatzeko aukera eman ere  (noiz, zelan egin behar den, …).
  • Araua sortzeko eta gogorarazteko orduan, ez diogula haurrari hura zehazten “parte hartzeko” aukerarik eman  (bakoitzaren adinaren eta erantzukizun-mailaren arabera).
  • Ez dugula helduok ere betetzen.
  • Ez dugula aukerarik eman araua ez betetzearen ondorioak umeak ikus ditzan uneren batean. Betiere zentzu edo sen onaren barruan. Adibidez, gure semeari utz geniezaioke ondo ez esertzen, azkenean zikintzen eta orbana garbitzeko laguntzen, baina ez diogu utziko bandera horia duen hondartzan bakarrik uretara sartzen, ondorioak ikus ditzan.
  • Ez dugula kontuan izan lehen haurtzaroko ekintza-motorra emozioa eta haren gurariak direla. Neurri bako haserrearekin erreakzionatzea eta irain pertsonaltzat hartzea ez da lagungarria  (baliteke orban bat arropan agertzea ez izatea umearen buruan gurean bezain garrantzitsua).

Alternatiba? Aurreko alderdiak ondo lantzeaz gain, adibidez, mahaian esertzerakoan honako galdera edo itaun hau egin geniezaioke: “Zelan eseri behar da ez zikintzeko?” Berak erantzutean, baliotsuago sentituko da eta arauan hobeto parte hartuko du.

3- NI HASERRETZEA GURA DUZU, ALA?

Rocíok semeari: “Nekatzen ari naiz! Amatatu telebista behingoz! Haserretzea gura duzu, ala? Ikusi gura duzu zer gertatzen den haserretzen naizenean?”

Esaldi horrek hainbat mezu “subliminal” igortzen ditu:

  • haserrearen emozioa “txarra” da eta oso txarra eta kontrolaezina den zerbaitera darama.
  • arau bat bete egin behar da haserrearekin iristen den zerbait txarra saihesteko.
  • arau bat bete barik jarrai dezakezu, harik eta norbaitek oso haserretzen ari dela esaten dizun arte.

Gure diziplina, askotan, haserre handiarekin batera etortzen bada, zerbait ondo egiten ari ez garen seinale da, dela arauak irizpideekin jartzeko orduan, dela geure emozioak kudeatzeko orduan. Eta gauza guztiengatik beti haserre jartzen bagara, familiako segurtasun-giroa hondatuz joan gaitezke.

Alternatibak? Arauak betetzen ez badira, zelanbait lasai eta seguru egoten saiatu beharko dugu, eta ateratzen zaigun lehen frustrazioa “digeritzen” saiatu. Arnasa hartu, 10, 20 edo 30 zenbatu, tartetxo bat hartu lasaitzeko eta itzuli, … eta beste tresna batzuk erabili. Adibidez, telebista edo atalak ikusteko denbora-mugarako minutu batzuk falta direnean, umearengandik gertu eser gaitezke marrazkiak zelan doazen edo istorioa zertaz den ikusteko, zenbat denbora geratzen den gogorarazteko, …

Normala da zelanbaiteko haserrea sortzea. Garrantzitsuena da hori berotu edo areagotzen ez lagatzea, modu “asertiboan” esplizitu egitea eta beste emozio egokiago baterantz modulatzea. “Haserre nago oraindik ez duzulako telebista amatatu, alarma jo ostean. Ulertzen dut kosta egiten zaizula amatatzea, oso dibertigarria delako. Eta, horrela izanik, zuk araua lehenbailehen betetzea gustatuko litzaidake. Zer diozu? Kontatuko didazu zer gertatu den telesailean? Noiz ikusi ahal izango duzu berriro? Zer besterik egin dezakezu orain? …”

4- NIK ESATEN DUDALAKO, ETA KITO … eta besterik

Santi leher eginda iritsi da beharretik eta bere seme nerabeari mahaia jartzeko eskatu dio, bera afariaren prestaketa amaitzen ari den bitartean. “Eta zergatik nik? Gauzak ikusten ari naiz Tik Token eta horretan jarraitu gura dut. Gainera, neuk bakarrik egin ditut eskolako lan guztiak. Hori nahikoa da mahaia jarri beharrik ez izateko. Non jartzen du nik egin behar dudala?”. Santik eztanda egin eta bota dio: “Niri ez erantzun horrela, entzun?Erotu egingo nauzu! Zeuregan bakarrik pentsatzen duzu, berekoi hutsa zara! Nik esaten dudalako egingo duzu, eta kito! Ulertuko duzu nagusia zarenean!”

Oro har, haurrak eta, batez ere, nerabeak hemen eta orain gustatzen zaien zerbait egiteko “borrokatzen dira”, eta saihestu egin gura izaten dute “a priori” aspertzen dituen zerbait.   Gura duzun zerbaiten alde borrokatzeak badu bere moldaera edo “egokitzapen”-puntua, eta ez du zertan berekoikeria izan, non eta horrek bere buruari edo bizikidetzari kalte egiten ez dion edo beste balio batzuk, adibidez begirunea edo ahalegina, eragozten ez dituen.    Horregatik, ez dute ulertzen berekoiak direla edo adinekoak direnean ulertuko dutela esatea.

Hori horrela izanik, beharrezkoa da beren indibidualtasuna eraikitzeko prozesuaren barruan beren segurtasunerako eta elkarbizitzarako arau batzuk betetzen ikastea. Ikusi egin beharko da hori zelan lortu, etxean “borroka etenbakoaren” giro afektiboa sortu barik, orduan gaitzagoa izan daiteke-eta emozioen kudeaketa.  

Alternatiba? Elkarbizitzarako diziplina mantentzen saiatuak izatea, zenbait ideia kontuan izanda.  Nerabezarorako, adibidez:  

  • Haserre betean, ez “katramilatzea” eztabaidetan, arrazoia nork duen edo nork irabazten duen ikusteko.  Azkenean, sen on edo zentzua eta hezkuntza-helburua galdu egiten dira.
  • Gogorarazi ez hainbeste arau baten zergatikoa, baizik eta horren zertarakoa, atzean dagoen balioa. Elkarrekin bizitzeko, solidarioak izateko, elkar jagon edo zaintzeko, …
  • Komunikaziorako prest egotea eta beraien gustuei, zaletasunei, kezkei, ardurei, … buruz berba egitea, azkarregi epaitu barik eta momentua behartu barik.
  • Arau bat betetzeko zerbait egiteari utzi behar diolako bizi duen emozio desatsegina esplizitu egiteko aukera ematea. Eta buelta ematea, zelanbaiteko konplizitatetik beste emozio batekin konektatzen saiatuz:  berak aukera dezakeen modu jakin batean arau bat betetzea (adibidez: mahaia jartzea bere musikarekin, jolas apur batekin edo x minututan), edo arau bat bete ostean beste zerbait egiteko aukera izatea (gero Tik Tok ikusten jarraitzea) …
  • Ikasteko modua da, halaber, ondorioak bere gain hartzen uztea arrisku pertsonal edo sozialik ez badago (agian ezin izango du afaldu, mahaia jarrita ez badago).
  • Irmotasuna eta adeitasuna uztartzea. Ondo bideratu bako haserrea eta berotutakoa kutsatu egiten da, “borrokara”, ezatseginak izatera eroaten gaitu, eta hor galdu egiten da arrazoitzea, ulertzea, adiskidetzea, … Eta, adeitasun horren barruan, zelanbaiteko umorea (ez ironikoa edo satirikoa) edo jakingura ere lagungarri izan daitezke egoerak “arintzeko”, beste emozio atseginago batzuetara eroango gaituzte eta.   

Animo hazkuntza “kontzientearekin”. Diziplina positiboa prozesu bat da, su motelean egosten dena, denbora eskatzen du baina, halaz guztiz, luzera eraginkorragoa da. Umeengan jarri behar da argi-fokua, baita gu geu eta gure jarreran ere. Diziplina Positiboan aditua den Marisa Moya irakasle psikologoak planteatzen duen legez, denbora hain ondasun urria eta preziatua den gizarte honetan, jakin behar dugu azkar eta edozelan konpontzeko presa edo premia tranpa hilgarria dela hezkuntzan.

Begoña Ruiz Ibañez, psikologoa, hezitzailea eta psikomotrizista.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

BBK Family Learning

×