Aurreko idazkiarekin jarraituz, lau gakotan jarri gura dugu arreta, jabetu gaitezen balitekeela guk izandako haziera guk orain hazi eta hezteko dugun moduan transmititzen jardutea, asko ohartu barik. Ondare edo legatu horretaz kontziente izan behar dugu, gure hazkuntza-harremanetan modu integratuagoan eta, agian, arinagoan txertatzeko.
-Bizi izandako familia-ereduen eragina gure familia-eredu berrian.
Ariketa bat proposatuko dizut. Bilatu leku lasai bat, eseri aulki batean, lasaitu eta saiatu gogoratzen, zeure amaren berbetan, zer esan zizun gizon edo emakumeei buruz, diruari buruz, lanari buruz, ardura edo erantzukizunei buruz, gozamenari buruz, etab. Gai horien guztien artean edo bururatzen zaizkizun beste batzuen artean, aukeratu bat. Eta amari entzun ostean, minutu bat edo bitan, entzun aitak, aitona-amonek, esaten zizutena, banan-banan, aitaren aldekoek eta amaren aldekoek. Zertaz konturatzen zara? Zenbateraino dator bat zure sinesmen-sistema entzun dituzun esaldiekin? Zenbateraino dator bat pertsona batzuekin, eta ez beste batzuekin? Nori jarraitzen diozu leialago, nori gutxiago? Zenbateraino erreakzionatu ahal izan duzu esaldi horietako batzuekin, entzundakoaren aurkako aukerak eginez? Zenbateraino duzu irizpide propio bat, haiengandik guztiengandik eta bakoitzarengandik bereizten dena eta guztien eta bakoitzaren zati desberdinak batzen dituena?
Galdera edo itaun horiek eta beste asko lagungarri izan daitezke jaso ditugun familia-ereduez kontzientzia hartzeko. Gure familiaren sinesmen-sistemaz jabetzeko. Geuk sortutako familian (Sortutako familia kontzeptua (bi pertsonak sortzen duten familia-sistema seme-alabak dituztenean) erabiltzen du, eta horri kontrajarrita, jatorriko familia kontzeptua (sortutako familiako kide “helduetako” bakoitza sortu eta hazi zen familia-sistema).) zenbateraino eragin du ideologian, a priori-etan, errealitatea ikusteko moduan edo hautu zehatzetan, adibidez ikastetxe-motan, lan-motan, ikasketen balioan, erantzukizunean, berdintasunezko hezkuntzan edo genero-ereduetan?
Ildo beretik, interesgarria izan daiteke, halaber, gu hazi gareneko familia-ereduaren inguruko zenbait elementuz geurekiko galdetzea. Adibidez, familiako mito edo istorioez: zein dira pertsona garrantzitsuenak, mugak edo arazoak gainditu dituztenak, nire familiaren “egiak” ondo edo txarto dagoenaz? Jaso ditugun familia-aginduak, edo zeintzuk izango lirateke debekatutakoa edo desiratutakoa transmititzen diguten esaldi edo batez ere jarrera eta begirada horiek: “Garrantzitsuena ahalegintzea da”, “Lehenik obligazioa eta gero debozioa”, “Besteak zaindu behar dituzu”, “Kontuz ibili gizonekin” … Edo esleipenak: “Zure aitona bezalakoa zara”, “Zure izeko lakoa zara”, … Edo elementu horiek guztiak zelan integratzen ditugun bizi-gidoi eran, Escarlata O’hara moduan, gure bizitzak gidatzen dituen goiburu gisa: “Gaurtik aurrera ikusiko naute”, “Nire neba-arrebak zainduko ditut”, “Sostengua eman diezadaten behar dut”, …
-Sortutako familia bakoitzean bi eredu, istorio, kontakizun, familiako sinesmen-sistema aurki ditzakegu, elkarren artean bat egin, integratu edo borrokatzen direnak.
Familia-ereduek guraso bakoitza markatzen dutela esaten badugu ere, gertaera horren ondorio logikoetako bat zera izango da: sortutako familia berri bat sortzen denean, bi familia-eredu horiek eragin egingo dutela, era batera edo bestera, bai bikotearengan, bai transmititzen ari garen familia-ereduan. Eta hori egin daiteke bi ereduen integrazio gutxi-asko kontziente baten bidez, horietako bat baztertuz eta bestearen “garaipenarekin”, edo bien artean intentsitate handiago edo txikiagoko borrokarekin.
Horren haritik, garrantzitsua da gure hazkuntza-ereduan “gaiaren egoeraz” kontzientzia hartzea, hots, eredu ezberdinen edo eragiten dituzten tentsioen arintasuna edo integrazioa, ahal den neurrian integrazio-ariketa kontziente bat egiten saiatuz. Uler daiteke, halaber, eredu bat baztertzeak edo bat bestearen gainetik nagusitzeak inplikatzen duena, hau da, zelan eragin diezagukeen guraso gisa guretzat garrantzitsuak izan diren sinesmen, balio edo elementuei “uko egiteak”, eta horrek gure seme-alabentzat ekar dezakeen galera.
Azkenik, interesgarria izan daiteke ulertzea eraikitzen ari garen familia-ereduak antzekotasunak izan ditzakeela baina baita ezberdintasunak ere jatorrizko bi familia-ereduekiko. Guk sorturiko familia-ereduak zenbateraino ditu bere balioak, ideiak, sinesmen propioak, aurrekoekiko ezberdin egiten dutenak. Puntu honetan, bitxia eta paradoxikoa da, zelan izan daitekeen gatazka, bere gestioa eta digestioa bikotekideen artean jasotako ereduetatik bereizten lagunduko diguten elementuetako bat, gure familiaren oreka berriak eta oreka ezberdin eta propioak aurkitzeko.
-Geu seme-alabak izana zelan islatzen den gero guraso izatean.
Hirugarren elementu baten gainean ere kontzientzia jar dezakegu, eta horrek honekin du zerikusia, gu geu seme-alaba izanak (edo izaten jarraitzeak) zenbaterainoko eragina du gure hazi eta hezteko moduan? Adibidez, geure buruari galdegin diezaiogun: gu geu nerabeak izan ginen eta ardura handiago edo txikiagoarekin hazi gintuzten, zurruntasun handiago edo txikiagoarekin, agindu mugatzaile edo errepresibo gehiago edo gutxiagorekin… eta horrek eragiten ote digu guraso izateko moduan gure seme-alaben nerabezaroan?
Haurtzaroko etapa bakoitzaren bizipenak daramatzagu gutxi-asko markatuta gure historia pertsonalean. Etapa horietan sartzen dira lehen ordu eta egunen aztarna ezezaguna (psikologoen arabera, pertsona heldu gisa garatuko dugun izaeran hainbesteko arrastoa uzten duen lehenengo urte hori), lehen urteetako autonomiaren garapena edo zelan bizi izan genituen gure nerabezaroko errebeldiak. Gure seme-alabek zeharkatuko dituzten etapak dira, eta gu funtsezkoak izango gara beraien garapenean.
Askotan ikus dezakegu eragin edo isla hori, adibidez, entzun genituen esaldi berberak errepikatzean, printzipioz hainbeste indar behar ez duten egoeren aurrean larregi erreakzionatzean, seme-alaba gisa izan genituen bizipen haietara atzera eraman gaitzaketen emozioak sentitzean … Defentsa-mekanismoak eta bereziki proiekzio-mekanismoak oso presente egongo dira gure seme-alabek erakusten diguten horretan, hau da, geuk bizi izan ditugun eta zelanbait markatuta utzi gaituzten egoeren islan.
Eragin horretaz jabetzeko era ona izan daiteke honelako galdera edo itaunak egitea: Zelakoa izan da afektuzko harremana? Zelan transmititu zidaten maitasuna, gorputzaren bidez, lehen urteetan? Zelan transmititzen zizkidaten mugak lehen urteetan? Zelan sentiarazten ninduten mugatze horiek eta zelan ari naiz ni transmititzen neure seme-alabei? Zelakoa izan zen nerabe izatearen nire bizipena, eta zer neurritan ari ote da eragiten neure seme-alabekin posizionatzeko dudan moduan?
-Galdera aldatuta: Zelan eragin diezaioke gure hazierak jasotzen dugun legatu edo ondareari?
Bada irudi bat oso iradokitzailea, tailerretan lan edo behar egiteko erabiltzen duguna. Ezagutzen ditugun edo ez ditugun eta gure bizitza posible izan dadin behar izan ditugun pertsona guztien irudi imajinatua da. Eseri, begiak itxi eta jar ditzagun gure atzean aita eta ama, eta haien atzean beraien aita eta ama, eta horrela segi ondoz ondo. Irudi horrekin konektatzeko gai garenean, orduan ohartuko gara orain gu hemen egoteko, zuzenean, behar izan den pertsona-lerro izugarri horretaz.
Gogoeta hau eragin zuen artikulua argitara atera zenean, izenburu hau jarri zitzaion: “Nuestro pasado afecta a nuestros peques… ¡ojo!”. (“Gure iraganak gure umetxoei eragiten die… kontuz!”). Horrela, eragin horren aurrean erne egon beharra azpimarratzen zuen, transmititu gura dugunaren araberakoago hazkuntza-ereduak landu ahal izateko.
Esaten ari garen lez, garrantzitsua da, bai, horretaz kontzientzia hartzea, hazieraren bidez gure seme-alabei eman edo eskaini gura dieguna erabakitzeko askatasun eta gaitasun handiagoa lortzeko. Hala ere, nire ustez, garrantzitsua da begirada horri buelta emateko gai izatea ere, eta geure buruari galdetzen hastea, ez hainbeste gure hazierak zer eragin duen gugan eta legatu horretatik zelan “aska” gaitezkeen, baizik eta zer ekarpen egin diezaiokegun guk, kide gisa, barne hartzen gaituen belaunaldi-segida horri.
Belaunaldi-legatu baten parte gara, eta aurreko horiek, ongi asmatutako eta oker egindako guztiarekin, gugan arrasto bat uzten joan dira eta, batez ere, ahal izan duten moduan, bizitzea egokitu zaien zirkunstantziekin, bizitzen eta bizia transmititzen saiatu dira. Orain guri dagokigu ondare horrekin jarraitzea, jasotakoa aitortuz eta geure buruari galdetuz zer ekarpen egin dezakegun bizitza hori transmititzen jarraitzeko.
Legatu edo ondare horri hiru jarreratatik egin diezaiokegu geure ekarpena: aintzatespena, onarpena eta geure lekuan kokatzea. Ariketa bat egin behar dugu jasotakoa eta ondare hori transmititu diguten pertsonak aintzatesteko eta beraien balioa nabarmentzeko. Halaber, aldatu ezin ditugun ondare-zatiak eta batzuetan, ez min barik, gure bizitza eta gure hazkuntza zailtzen dutenak, onartuz, beraien aurrean modu erreaktibo eta mekanikoan jarduteari uzteko. Jasotakotik bereiziz, geuk sortutako familian sartu ahal izateko geuk aukeraturiko balioak, gure bizitzaren ekarpen propioa eta gizabanako eta familia-sistema gisa garen gurutzaketa berria.
Raul Castillo, psikologoa eta gizarte hezitzailea.
Gai honekin lotura duten BBK Family artikuluak:
Gai honekin lotura duten BBK Family bideoak: