Azken hilabeteotan emakumeen aurkako eraso sexista ugari izan dira, eta ‘erasoak’ esaten dut, ez direlako txantxak, ez direlako mutil batzuek, gazte batzuek, gizon batzuek Adimen Artifiziala erabiliz egiten dituzten “azioak”, ziberindarkeria matxista baizik.
Zer ari da gertatzen 12-14 urteko haurrek adimen artifizialeko aplikazioak erabiliz ikaskideak biluzten dituzten gizarte batean, ondorio handirik gabeko dibertimendua delakoan?
Adimen Artifizialaz asko hitz egiten da, ekar ditzakeen aldaketez, eta egiaztatu ahal izan dugun bezala, Adimen Artifizialak gizakien beharra du, horiek baitute sen ona, edo izan beharko lukete, gizarte aurreratuago baten alde aplikatzeko, baina eskubideetan, gizateriaren onerako ikerketan.
Ziur nago AA funtsezko tresna dela gaixotasunak aztertzeko, hondamendiak prebenitzeko, oraindik imajinatu ere ezin ditugun beste erabilera batzuetarako; izan ere, besteak beste, kalkuluak egin ditzake, gizakiak denbora askoz gehiago beharko lukeelarik kalkulu horiek egiteko, baina gure baimenik gabe biluzteko, ez!, umiliatzeko, ez!, gaizki tratatzeko, ez!, horretarako ez da AA.
Beti esaten dut haur bati tresna bat irakasten zaionean, mugikor bat ematen zaionean, online jolas bat erabiltzen uzten zaionean, hor egon behar dela, lagundu egin behar zaiola, azalpenak eman behar zaizkiola. Uste dut EITBren Generación Porno dokumentalak oso argi utzi digula zergatik egin behar den, baina, kasu honetan, haratago joan behar dela uste dut. Zeren eta ikaskideak tresna digital batez biluztea sareen erabilera egokitik haratago doa, hau da, feminismoa jaiotzen direnetik irakasten zaie neskei eta MUTIKOEI. Berdintasunean hezi behar ditugu.
Feminismoak zeharkakoa izan beharko lukeela diogunean, horri buruz ari gara. Ezin dugu banalizatu ume batzuek, egin dutena eginda, horretan ezer txarrik ikusi ez izana.
Ziberindarkeria matxista du izena
Eta argi gera dadin, Genero Berdintasunerako Europako Institutuak ziberindarkeriatzat jotzen du. Eta oso garrantzitsua da kalifikatzaile hori, gizartea, oro har, oraindik ez baita jabetzen indarkeriak zer dakarren mundu digitalean. Izan ere, urteetan eman ditudan tailerretan, beti ekarri dut digitala off line delakora, mundu fisikora, eta ez dut esango mundu errealera, mundu erreala ere digitala baita. Hau da, sare sozialetan argitaratu dituzten argazkiekin bete dut eskola bat, eta, jakina, horrek askoz zirrara handiagoa eragin die.
Lan handia geratzen zaigu gizarte osoak jakin dezan Internet bidez egindako kalteak mundu fisikoan adinako edo gehiagoko mina egiten duela. Eta guri dagokigun kasuari dagokionez, Europatik aldaketa asko izan dira.
Genero-indarkeria eurodelitu bat da
Hasteko, Europako Parlamentuak irailaren 16an onartu zuen genero-indarkeria eurodelitu gisa sartzea. Gaur egun, honako hauek biltzen ditu zerrendak: terrorismoa, gizakien salerosketa eta emakumeen eta haurren sexu-esplotazioa, drogen legez kontrako trafikoa, armen legez kontrako trafikoa, kapitalen zuriketa, ustelkeria, ordainbideen faltsifikazioa, delinkuentzia informatikoa eta delinkuentzia antolatua.
Oraindik ere Europako herrialdeetako gobernuen oniritzia behar du, eta jakin badakigu oraindik batzuk mesfidati daudela. Hala ere, gogoratu behar da horrek aukera emango lukeela Europar Batasunean politika komunak izateko, irizpideak bateratzeko edo azterlanak egiteko, besteak beste. Baina genero-indarkeria digitalari dagokionez
Zer proposatzen du EBk indarkeria-mota horri aurre egiteko?
Gaitz horri aurre egiteko, Europako Batzordeak Zuzentarau baten bidez honako delitu hauek EB osoan zigortzea proposatzen du: i) baimen-gabezian oinarritutako bortxaketa; ii) emakumeen genitalen mutilazioa; iii) ziberespioitza; iv) irudi intimoak baimenik gabe zabaltzea; v) ziberjazarpena; eta vi) bitarteko zibernetikoen bidez indarkeria eta gorrotoa bultzatzea.
Eta horretarako, honako hauek ezarri gura ditu:
Arriskuak jakinarazteko eta ebaluatzeko prozedura seguruak
Gaur egun oraindik ere emakumeen aurkako indarkeria-salaketa gutxi dago, eta arazo hori konpontzea du helburu proposamenak. Indarkeria-ekintzak jakinarazteko modu berriak sartu dira, seguruagoak, errazagoak eta eskuragarriagoak direnak (online ere bai), haurrei egokituak genero-kontuekiko ikuspegi sentikorrarekin.
Biktimen pribatutasuna errespetatzea prozesu judizialetan eta kalte-ordaina jasotzeko eskubidea
Batzordeak proposatzen du biktimen bizitza pribatuarekin, bereziki haien bizitza sexualarekin, lotutako frogak edo gaiak, behar-beharrezkoa denean bakarrik erabili ahal izatea. Biktimek eskubidea izango lukete kaltegile edo transgresoreei kalte-galerengatiko kalte-ordain osoa eskatzeko, osasun-laguntzaren, laguntza-zerbitzuen, diru-sarreren galeraren eta kalte fisiko eta psikologikoen kostuak barne. Halaber, kalte-ordaina jasotzeko aukera izan behar dute zigor-arloko jarduketetan.
Biktimei laguntzea, bortxaketen biktimei laguntzeko linea eta larrialdiko arretarako zentroen bidez
Emakumeen aurkako indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren biktimei laguntzeko laguntza-linea nazionalak erabilgarri egon beharko luke egunean 24 orduz, astean 7 egunez, urte osoan, eta doakoa izan beharko luke. Biktima adingabea denean, agintariek adinari egokitutako laguntza eman behar diote adingabearen interes gorena kontuan izanda. Ziberindarkeriaren biktimek ere laguntza egokia jasotzeko eskubidea izango dute, laguntza juridikoa bilatzeko moduari eta online edukiak ezabatzeko moduari buruzko aholkularitza barne. Laneko sexu-jazarpenen kasuetan, kanpoko aholkularitza-zerbitzuak jarri behar dira biktimen eta enplegu-emaileen eskura.
Koordinazioa eta lankidetza hobetzea
Estatu kideek jardunbide egokiak trukatu behar dituzte, eta elkarri kontsultatu behar diote gai penaletan, baita Eurojust-en eta Europako Sare Judizialaren bidez ere. Aurrerapenen jarraipena egiteko eta estatu kide guztietan egoera ikuskatzeko, estatu kideek emakumeen aurkako indarkeriari eta etxeko indarkeriari buruzko datuak biltzeko betebeharra ere proposatu du Batzordeak, Europako Batasunean (EB) bost urtean behin azterketa bat egiten laguntzeko.
Europar Batasuna genero-indarkeriarekin konprometituta dago
EBko genero-berdintasunari buruzko Europako Batzordearen urteko txostenaren 2022ko edizioko datuen arabera, emakumeen aurkako indarkeriari eta etxeko indarkeriari jaramonik ez egitea dirua kostatzen da: gutxi gorabehera 289.000 milioi EUR urtean.
Eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearentzat lehentasun bat da: «Europa emakumeen ondoan egotea nahi dut, laguntza eta babesa eskainiz. Emakumeen aurkako indarkeria eragotzi, gaitzetsi eta, gertatzen denean, jazarri egingo den gizartea nahi dut. Justiziaren eta berdintasunaren ordua iritsi da. Horregatik, aldaketa bizkortzeko arau egokiak aurkezten ditugu gaur».
Zoritxarrez, online indarkeria ere gero eta handiagoa da, eta eremu publikoan diharduten emakumeei zuzenduta dago bereziki, hala nola kazetariei edo ordezkari politikoei. Bi emakume gaztetatik batek genero-ziberindarkeria jasan du.
Hitz egitea da gurasoen kontrolik onena
Aurreko batean irratian galdetu zidaten zein zen guraso-kontrolik onena haurrek pornoa edo beren adinerako eduki desegokiak eskura ez ditzaten. Erantzuna da guraso-kontrol handia jarri arren, eta adin jakin batzuetan beharrezkoa da hori ere, jakitun izan behar dugula lagun baten mugikorra edo tableta ikus dezaketela. Beraz, abian jar dezakegun guraso-kontrolik onena etxean hitz egitea da, lehen aipatu ditugunak bezalako berriak agertzen direnean komentatzea, eta, jakina, gu haien erreferentzia-ereduak izatea, esaten diegunarekin baino askoz gehiago hezten direlako ikusten dutenarekin.
Eta argi uztea Adimen Artifiziala erabiliz ikaskide bat biluztea delitua dela, eta hori epaitzeko gure herrialdean “Bai da bai” legea, “zerbitzu digitalen legea” eta “datuak babesteko legea” erabil daitezkeela.
Baina lege-esparrutik harago, eta hori ere garrantzitsua da, jaiotzen direnetik berdintasunean heztea oso garrantzitsua da. Emakumeenganako errespetua, emakumea objektutzat ez hartzea.
Izan ere, gure baimenik gabe gu biluzteak eta, gainera, material hori zabaltzeak gu desprestigiatzeko ahalmena du oraindik, gu gutxiesteko, gu zaurgarri bihurtzeko. Adimen Artifizialak biluztu dituen neska hauek amorrua sentituko dute, inpotentzia injustizia horren aurrean. Beraz, “Kito, amaitu da!” esateko unea da.
Andrea Alfaro BBK Family
Roberto Aguadoren hitzaldia Family Lab Nerabezaroa ekimenaren esparruan
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.