Gizaki batengan ikusi edo begietsi dezakegun guztia bere gorpuztasunetik hautematen dugu eta gure gorpuztasunaren bidez hautematen dugu. Gure giza errealitatea, zabaltasun osoan, bere gorputz-adierazpenean agertzen da ikusteko moduan. Gorputzaren bidez informazio asko transmititzen dugu, eta, aldi berean, iritsi egiten zaigu, baina neurri handi batean ez gara horretaz jabetzen.
Psikologia Integralaren alorretik, eta bereziki Río Abierto sistematik, nire asmoa gorpuztasunari begirada bat ematea da, guraso, terapeuta eta hezitzaile gisa hezkuntzan dugun laguntza-eginkizunean.
Zer esan gura du unitate psikokorporal bat garela esateak?
Esan gura du gure pentsamenduek eta emozioek forma hartzen dutela, gure gorputzean bizi garen eta sentitzen garen moduan zertu edo gauzatuz. Esan gura du gure nortasuna, hau da, garenaren bizipena, gorputz-esperientziatik abiatuta eraikitzen dela.
Genetikoki gorputz bat zelan ematen diguten deskribatzen du S. Keleman-ek, gero horri gure esperientzien bidez eta erabiltzen dugun moduaz forma ematen diogularik. Garunak hazten jarraitzen du jaio ostean, eta esperientzia bakoitzak haren eraketari eragiten dio. Haziz goazen neurrian, gure ingurunera egokitzen gara, gure esperientziari forma emanez eta, aldi berean, hark gu eratuz.
Prozesu liluragarria da: alde batetik, familia-girotik datorkigun guztia dago, eta, bestetik, barne-mundutik giro horrekiko sentitzen dugun bizipena. Elkarreragin horren ondorioz, gure barne-sentieratik kanpoko errealitate horretara hobekien egokitzen den forma hartzen du gorputzak, eta, horrela, jarrera bat, egoteko, pentsatzeko eta gure errealitatea sentitzeko modu bat gauzatzen da.
Haurtzaroan, onartuak, elikatuak, maitatuak izatearen arabera dago gure biziraupena, eta, horregatik, egokitzapen eta malgutasunik handieneko garaia da.
Haurtzaroko garapena somatopsikikoa da, hau da, gure nortasun pertsonala, gure “ni” psikikoa, gorputzaren bidez, munduarekin harremanean erregistratzen diren sentsazio eta esperientzia guztien bidez eratzen da. Eta gorputzean sentitzen ditugu emozioak.
Gure garapen enbriologikoak modu interesgarrian argitzen ditu gure funtzioak eta zelan erlazionatzen diren elkarren artean geruzen araberako antolaeran: gure pertzepzio- eta kognizio-gaitasuna ehun neurosentsorialean sortzen da, eta mundua eta geure burua hautemateko moduarekin du zerikusia. Leku horrek ikasteko gaitasun handia du, kanpokoarekiko harremana behar du larruazalaren, begiradaren eta soinuen bidez; estimulu egokiak behar ditu garapenaren etapa bakoitzerako, komunikatu ahal izatea eta onartua izatea.
Gure garapen enbriologikoak modu interesgarrian argitzen ditu gure funtzioak eta zelan erlazionatzen diren elkarren artean geruzen araberako antolaeran: gure pertzepzio- eta kognizio-gaitasuna ehun neurosentsorialean sortzen da, eta mundua eta geure burua hautemateko moduarekin du zerikusia. Leku horrek ikasteko gaitasun handia du, kanpokoarekiko harremana behar du larruazalaren, begiradaren eta soinuen bidez; estimulu egokiak behar ditu garapenaren etapa bakoitzerako, komunikatu ahal izatea eta onartua izatea.
Sostengua eta mugimendua giharren eta artikulazio edo giltzaduren bidez doaz, munduan dugun ekintza-gaitasuna eta hori gure harremanetan gorputz-adierazpenean zelan agertzen den determinatuz. Ingurune seguru batean mugitzeko askatasuna behar du; mugak ere behar ditu.
Hiru adimen hauek ?kognitiboa, emozionala eta motorra? elkarren artean konektatuta daudenean, munduarekin dugun batasuna eta lotura sentitzea ahalbidetzen digute, “ni”aren gure zentzua gure gorputz-esperientzian errotuta dago, aske senti gaitezke eta kontzienteki adierazi eta, aldi berean, inguratzen gaituenarekin konektatuta egon.
Neurri handiagoan edo txikiagoan, gure garapenean zehar esperientzia mingarriak gertatzen dira, eta errepikatzen direnean, edo intentsitate-maila handia dutenean, edo biak, distortsioa gertatzen da adimen horien funtzionamenduan. Horrela, minetik babesteko estrategiak sortzen ditugu, aldi berean, bizi-sentsazioetatik babesten gaituztenak. Erantzun ikasi hori gure gorputzean finkatuta geratzen da, eta gure buruarekin eta munduarekin konektatzeko gaitasuna mugatzen du, nahiz eta bere garaian aurrera egiten lagundu zigun. Prozesu horiek normalean ez dira kontzienteak, tentsioen edo somatizazioen bidez agertzen dira.
Amatasunak, aitatasunak edo hezitzaileen lekuak ahalbidetzen digu beste leku batetik laguntzea gure seme-alaben bizitza-prozesuan etapa ezberdinetan, eta litekeena da geure haur-bizipenak aktibatzea.
Haur jaioberri bati begiratzean, posible da haren funtsezko izaera ikustea. Bere baitan ahalmen guztiak potentzian dituen hazia lakoa da, eta, jakina, bere garapena bilatuko du. Dena hor dago, konfiantzaz edo beldurrez begiratu diezaiokegu, eta hori izango da transmitituko dioguna.
Gizaki baten lehenengo beharrizana da den bezala ikusia eta aitortua izatea, den lakoa eta sentitzen duen horretan onartua izatea.
Seme-alabei ahalik eta onarpen handienetik begiratzeko, gure sentimendu eta egoera guztiak onartzen ere ikasi behar dugu. Onarpen-begirada hori funtsezko nutrizio-modu bat da: onartuak sentitzen garenean, Izateko eskubidea sentitzen dugu.
Helduaroan jarrera horrek konfiantza izateko eta geure burua onartzeko gaitasuna sortzen digu, eta jarrera hori beste pertsona batzuengana hedatzen da. Autoestimu-leku horretatik, beste guztia ikasi egin daiteke.
Beste funtsezko puntu bat seme-alaben emozioei begiratzea da. Neska-mutikoek dena sentitzen dute, sentitzen dutena izendatzen ez badakite ere. Helduok jartzen diegu izena beraien emozioei, eta askotan ontzat edo txartzat, egokitzat edo desegokitzat jotzen ditugu. Agerpen horiek onartzen edo arbuiatzen ditugunean, haiek ere onartzen edo arbuiatzen ikasiko dute.
Haurtzaroan oso sentiberak gara inguruko energiarekiko. Oso gardenak ere bagara, mutiko baten aurpegiaren espresioek, neskato baten begiradak… zelan sentitzen diren erakusten digute, gure gorputzak adierazgarriak dira berez.
Emozioak gorputzean sentitzen ditugu, arnasari lotuta daude eta normalean gure izatearen sakon-sakonetik datoz, gura bakoak dira eta, ulertzen ez baditugu ere, beti dago zio edo arrazoiren bat, mugiarazten dituen zerbait.
Haur bat bere emozioak adierazteko baimenarekin hazten denean, sentitzeak eta adierazteak batasun bat osatzen dute, airea arnastu eta kanpora botatzen dugun bezala.
Emozio berbaren esanahi etimologikoak, emovere, kanporantz mugitzea esan gura du.
Emozioak komunikatzeko era bat dira, gure barne-mundutik datoz kanpoko mundua ukitzeko. Jariatzen uzten baditugu, laster pasatuko dira, gorputzean bizipen berrietarako lekua utziz.
Hala ere, desegokitzat edo barregarritzat jotzen ditugunean, barrutik datorren hori “txarra” dela ikasiko dute gure umeek, eta baztertu edo arbuiatuak izan daitezkeela horrela sentitzeagatik.
Horrela, burua emozioaren aurka bihurtzen da, baina emozioa gorputzean sentitzen dugu, eta, beraz, gorputzak emozioa zelan erreprimitu ikasten du. Horretarako, hura adierazteko erabiliko lituzkeen giharrak uzkurtu egin behar ditu, eta horrek arnasketaren mugimendu naturalari eragiten dio, diafragma blokeatuz. Horrela, barne-gatazka bat sortzen da, tentsio baten bidez adierazten dena; esperientzia hori errepikatzen bada, neurri handiagoan edo txikiagoan, bere gorputzezko “ni”tik banantzea ekartzen du. Paradoxikoki, emozio erreprimituak ez dira desagertzen, gurekin jarraitzen dute bizitzan zehar, harik eta onartuak izan daitezkeela ikasteko leku bat aurkitzen duten arte. Hori gertatzen denean, geure burua onartu eta batasun-zentzua berreskura dezakegu.
Osasunak, Río Abierto ikuspegitik, bizitzan zehar gure osotasuna lantzearekin du zerikusia.
Hiru adimen horiek –kognitiboa, emozionala eta motorra– beren espazio guztia hartu eta elkarrekin lan egitea ahalbidetuz hazteak gorputzean kontzientzia gehiago errotzeko aukera ematen du.
Guraso edo hezitzaile garen aldetik, ume batek oinez ibiltzen ikasteko duen gaitasunean eta praktikaren bidez ikasteko duen gaitasunean konfiantza dugunean, hari akatsak adierazi beharrean, bere gorputzaz fida daitekeela adierazten diogu.
Ume batek “tripako mina dut” esaten digunean, guk linternatxo irudikatu bat piztera gonbidatu dezakegu bere gorputzari barrutik begiratzeko eta “zer sentitzen duzu?” galdetzeko, orduan bere gorputzak badakiela eta berak entzun dezakeela esaten ari gatzaizkio.
Helduaroan, gure sentsazioetan konfiantza izateak gure bizitza emozionalean eta afektiboan errotze handiagoa garatzea ahalbidetzen digu. Gure sentimenduak onartzeak autoestimu handiagoa eta gure errealitatearekiko konexio handiagoa garatzen eta lotura egokiak sortzen laguntzen digu.
Haurtzarotik, eta gure bizitzan zehar, gure dohainak aitortzeak munduan gure lekua aurkitzen laguntzen digu, gure bokazioa aurkitzen. Norberak munduari egin diezaiokeen ekarpen berezi bat badagoelako kontzientzia hartzeak garapen profesionalean laguntzen digu, hazten eta gure onena ematen jarraitzea ahalbidetzen digun leku batetik.
Energiaz beteta gaude, berak animatzen ditu funtzio horiek guztiak, guztiak ere bizitzak gugan dituen adierazpenak.
Gure ezaugarriak dauzkaten energia-eremuak sortzen ditugu, gure ingurunera irradiatzen dituzten kolore eta intentsitate gisa.
Hezitzaile gisa geure buruaren onarpenak, gure gorputz- eta emozio-esperientzian dagoenarekin dugun loturak energia-eremu bat sortzen du, eta horrek berehala helarazten die izateko baimena gure neska-mutikoei.
Askatasun, sormen, maitasun eta kontzientzian izateko eta hazteko baimen eta laguntza.
Mª Sol Román Mateos. Psikologoa eta Psikogorputz terapeuta