Hazkuntzaren erronka modernitate likidoaren garaian

Trenen talka baten aurrean gaude adingabeen hazkuntza eta hezkuntzari dagokionez (eremu postmoderno hiritarrean, behintzat). Alde batetik, ongizate materiala zoriontasunarekin nahasten duen bizimodu batek irensten gaitu, eta emozionalki pobretutako kultura batek xurgatzen gaitu. Beste aldean, haurrak daude, eta, behar bezala garatzeko, denbora eta dedikazio berezia (ez du balio edozein modutakoa) behar dute bizitza-erritmo hipnotikoak irentsitako gurasoen aldetik.

Azken batean, postmodernitatetik (80ko hamarkadan jaiotako mugimendu sozial eta kulturaletik) sortzen diren dinamiken eta umeen beharrizanen (duela milioika urte biologikoki determinatuen) arteko konfrontazioan gaude.

Jaiotzean, gizakia oso goiztiarra eta hauskorra da (batez ere bere garuna eta buru edo gogoa, sofistikatu eta garatu egin behar baitira). Umetxoak eratzen jarraitzen du amaren gorputzetik kanpo, eta berebiziko garrantzia hartzen dute haren inguruneak eta ezarriko dituen loturek. Erreferentzia gisa balio dezan, nahikoa da esatea edozein animalia ugaztun jaio berri bi urteko haur baten baliokidea dela. Horrek, beste faktore batzuen artean, eboluzio-prozesuaren barruan hominidoen bipedestazioan du jatorria.

Bipedestazioarekin, hominidoen, eta beraz amen ere, mokor edo aldakak estutu egin ziren, eta horregatik haurrak oso goiz jaio eta kanpoan jarraitu behar du garatzen. Garunak (eta buru edo gogoak zer esanik ez) ia hogei urtera arte jarraitzen du osatzen. Berezitasun horrek hazkuntza-ingurune zehatza, luzea eta zorrotza eskatzen du. Uste duguna baino gehiago eta, batzuetan, egunerokotasunak ahalbidetzen diguna baino gehiago.

Zer eskatzen du haur batek jaiotzen denetik? Zer behar du osasuntsu hazteko eta bizitza osoan osasun emozional ona izateko?

Bizitzaren hasierako fasean, gizakiak bere lehen mailako zaintzaile edo jagoleekiko atxikimendu segurua behar du. Lotura horrek segurtasuna eta egonkortasun emozionala ematen dizkio haurrari, horrek osatzen du epizentroa, eta hortik eskuratu eta garatuko ditu bere oinarrizko trebetasun psikologiko eta sozial guztiak (autorregulazio emozionala, norberaren, besteen eta munduaren gaineko eredu mental funtzional bat eskuratzea, autonomia lortzea, …). Atxikimendu seguruarekin, umetxoa babestuta eta lasai sentituko da, eta maitatua dela ohartuko da. Haurtxoak atxikimendu segurua izatea oinarrizko babes-elementua da osasun mentaleko arazoen, bizi-atsekabearen eta besteekiko eta munduarekiko harremanetarako zailtasunen aurrean. Zerbaitegatik geratu da agerian pertsonek helduaroan izaten dituzten buru-gaixotasunen hiru laurdenak haurtzaroan eta nerabezaroan sortzen, eta agertzen, direla. Atxikimendu segurua, zalantza barik, osasun emozionalaren bermatzaile bat da.

Garrantzitsua da bereizketa bat egitea: umearekiko gure loturak berak behar duen modukoa izan behar du, inoiz ez zaintzaile edo jagoleek eta hauen inguruabarrek behar duten modukoa. Hemen hasten dira kontraesanak sortzen, batzuetan larriak, nik pertsona lez behar dudanaren (nigan ardaztuta) eta adingabeak behar duenaren artean, edo, adibidez, enpresak eskatzen duenaren eta adingabeak behar duenaren artean, etab. Enfasia eta energia non jartzen diren, horrek eragina izango du seme-alaben bilakaeran. Erabaki horrek modelatu eta eratuko du hasiera batean hauskorra eta menpekoa den gizakia.

Gehiegikeria ote da hazkuntza oro har ez dela zaintzen esatea? Zentzugabea ote da hain aspaldikoa den prozesu bat, haurren garapena, sustrai biologiko sakonekoa, bizi garen sistema ekonomiko eta sozialera egokitu gura dugula pentsatzea?

Datu batzuk ‘disparatuko’ ditut (ez zait beste aditzik bururatzen). Adingabeei psikofarmako gehien ematen dien munduko hirugarrena da Espainiako estatua. Nerabeen artean “kanpoko” (eufemismo handia) lehen heriotza-kausa suizidioa da. Haur eta gazteen osasun mentaleko arazo-kopuruak gora egiten du urtero (behargin nahikorik ez dago). Fenomeno berrien aurrean gaude, hala nola seme-alaben indarkeria gurasoen aurka. Haurren babesgabetasun-jakinarazpenak areagotzen ari dira. Gora egiten dute lanean “erretako” irakasleen kasuek, baita adingabeen jokabide-arazoekin lotuta eskolaz kanpoko gorabeherek ere.

Haurren osasun mentaleko arazo gehiago dago? Ala diagnostikoen zehaztasuna areagotu da? Zer ari da jazo edo gertatzen?

Azalpenaren zati handi bat gizarte-aldaketa hain nabarietan dago, duela 30 edo 40 urtetik hona gauzatzen ari direnetan. Seme-alaben familia-testuinguruaren aldaketa oso azkarra eta funtsezkoa izan da azken hamarkadetan. Hala ere, adingabeen garapenaren geldotasuna eta beraien beharrizan psikologikoak ez dira aldatu duela ehunka mila urtetik hona. Ezinbestekoa da, halako desadostasunaren aurrean, talka honetan galtzeko arrisku handiena duena ahulena izatea, haurra, alegia.

Zerrendatu ditzagun adingabeen osasun emozionalerako arrisku-faktoreetako batzuk. Jakina, kausa horiek minimizatzen diren neurrian, gure seme-alaben hazkuntza-baldintzak eta, ondorioz, osasun emozionala ere hobetu egingo dira. Has gaitezen:

Familia-babeserako gizarte-politika nahikorik ez izatea. Amatasun/aitatasun baimena jaioberriak bi urte bete arte luzatu beharko litzateke (neurozientziei erreparatuz gero, eta ez ekonomiaren ikuspegi miopeei).

Defizitak kontziliazio-politiketan, baita “lana eta seme-alabak zaintzea” binomioa bultzatzen duten lanaldien diseinuan ere. Adingabeek ez dute botorik ematen, ez dute iritzirik ematen.  Kontziliazio-politiken ondorio positiboak, bai umeentzat eta bai gizartearentzat, epe luzera ikusten dira, eta politikariak, lehenespenez, “epe labur zaleak” dira.

Gizona (bikote heterosexualen kasuan) etxean eta familian ez sartu izana, emakumea bertatik irten den neurri berean.

Ezorduetan ibiltzea, batzuetan bi gurasoak, horrelakoetan lana lehenesten eta hazkuntza eskuordetzen delarik (batzuetan norbaiti ordaintzen zaio gure seme-alabak zaindu eta maita ditzan). Batzuetan, garapen profesionala lehenesten da, eta adingabeak zaintzeko zeregin eder eta sakrifikatua gutxiesten da. Hausnartu egin behar dugu, gure bizitzako aldi jakin batean, guraso garen aldetik zergatik ez garen gai aitortzeko “ez dela gure lan, gai pertsonal edo jolaserako unea”.

Guraso gero eta berantiarragoak (umeak jaiotzean berrogei urtetik hurbilago daudenak hogeita hamarretatik baino), energia gutxiagorekin, sozialki bakartuagoak (laguntzeko familia-sare barik), saturatuagoak. Adingabeentzat ez daude libre ez emozionalki ezta fisikoki ere.

Hazkuntza familiaz kanpoko eragileen esku uztea

Haurtzaindegiek oso goiz hartzen dituzte adingabeak, eta ordu larregi. Zaintza gurasoena lakoa izango den irudipena edukitzen dugu (geure burua engainatzen dugu edo engainatu egiten gaituzte). Ikastetxe batzuetara autobusean joaten dira, haurtzaindegi lez funtzionatzen dute (sartzeko ordu ofiziala baino lehenago ere adingabeak han “gordailutzea” ahalbidetuz), jantokiak dituzte (ez da bazkaltzen edo afaltzen etxean familian, jada une hori ez da familia batu eta komunikatzeko leku gisa ezartzen).

Eskola-aldiak larregizkoak dira, inoiz baino luzeagoak (3, 4 edo 6 urteko neskatila batek nik unibertsitatean edo Institutuan eman nuena baino denbora gehiago ematen du egunero ikasgelan), eta gainera eskolaz kanpoko jarduerak dituzte. Beraien bizitzako zenbat ordu igarotzen dituzte eskolan? Zenbat etxean? Hezkuntza-sistema neoliberalismora makurtzen eta hura babesten ari al da? Umeak zaindu edo jagoten dizkigute, prestakuntzaren aitzakiarekin, guk beharrean dihardugun bitartean?

Familiak adingabeen hezkuntza ikastetxeen esku lagatzen du (formakuntza akademikoaz gain, jakina). Baina balioak, arauak, autogestioa, … gurasoen eginkizun saihestezinak dira.

— Familia barruko mugak beheratzea (badirudi hierarkiak gaizki ikusiak daudela edo garai ilunagoetakoak direla), absentziak konpentsatzeko edo, oker pentsatuta, seme-alabak “beregainak” izatea errazteko. Seme-alabak lagun edo adiskide gisa tipifikatzen dira.

Seme-alabekin partekatutako denborarik ez egotea (ez engainatu zeuen buruak, garrantzitsua denboraren kalitatea dela pentsatuz, hori ere egia izan arren), non estimulatu, gainbegiratu, mugatu, afektua eman, ezagutu, jolastu eta adingabeari behar duena ematen zaion. Horretarako, energia, osasun mentala eta enpatia duten helduak behar ditugu, aldi batez bigarren lekuan jarriko direnak hauskor, ahul eta mendekoenaren aurrean. Lan eskerga da, eta gertukoen laguntza eskatzen du.

Arrisku-faktore argiak dira guraso bakarreko familia izatea (saturazioa), bikote-gatazkak, gaizki gauzatutako banantzeak (adingabeen instrumentalizazioa, seme-alaben bidezko gerrak), gurasoen psikopatologia.

Zaintzaile edo jagoleek beren atseden, ongizate eta bikote gisa partekatutako uneetarako espazio propioak izan behar dituzte. Erronka handia da oreka hori bilatzea, gu zoriontsuago eta osasuntsuagoak izanik, guraso hobeak izan gaitezen. Elementu hori, familia zabalaren sarea txikiagoa denez, murriztuta dago, eta bikotearen, baita banakoaren, osasuna higatzen du eta, ondorioz, gurasoak seme-alabentzat libre ez egotean ere eragiten du.

Zer egin adingabeek jokabide-zailtasunak edo zailtasun emozionalak dituztenean? Agian polemikoa den zerbait esango dut: ez eraman esklusiboki tratatuko duen haurrentzako psikoterapeuta batengana. Ez dago haurren psikoterapiarik.

Terapia eraginkorrak familia bere osotasunean hartu behar du (alde batera uzten ditugu, noski, oinarri neurologiko edo genetikoa duten nahasmenduak, ez dira ohikoak eta).  Haurra zenbat eta txikerragoa izan, orduan eta gehiago dago familia-ingurunearen mende.  Sintomek gurasoekin eta, oro har, munduarekin harremanetan egoteko modu bat eratzen dute; komunikazio-mota bat dira, eta zerbait ondo ez dabilela adierazten dute.

Adingabeek portaera eta emozio disfuntzionalak agertzen dituztenean, familia mailan berrantolatzeko, aldaketak egiteko, guraso lez barrurantz begiratzeko unea iritsi da. Ez dagokio semeari edo alabari, familiari baizik, bere loturak, bakoitzaren egoera emozionalak berrikustea. Guztiei dagokie adingabearen sintomak argitu beharreko mezu, laguntza-eskaera, lehengoratu beharreko desoreka gisa hartzea.

Azkenik, esan beharra dago gudua ez dagoela galduta, ezta gutxiagorik ere. Guztia ez da kaos eta irteerarik gabeko kalezulo. Adingabeek eta haien familiek erresilientziarako (arazoak gainditzeko eta erreparatu edo konpontzeko) gaitasun handia dute, eta gaitasun hori suspertu, helburutzat jarri eta irrikatu egin behar da.

Amaitzeko, ondorioztatu behar da lerro hauetan aipatutakoak helburutzat jarri beharreko idealak direla. Hazkuntza perfektu edo akasgabea ezinezkoa da, utopikoa da, eta, hala ere, gure seme-alabak gu baino gehiago bizi eta gehienetan zoriontsu izango dira. Eduardo Galeanok esan zuen bezala: “Utopia zerumugan dago. Nik bi urrats egin, eta hura bi urrats urruntzen da (…) Orduan, zertarako balio du utopiak? Horretarakoxe, ibiltzeko balio du”.

Bittor Arnaiz Adrián psikologoa.

Bilboko Udalaren esku-hartze psikosozialeko programa. Agintzari Gizarte Ekimeneko Kooperatiba.

https://bbkfamily.bbk.eus//eu/bbk-family-1-lehiaketa-esperientzia-berritzaileak-kontziliatzioan/

BBK Family Learning

×