“Gure seme-alabak sexurako presta ditzagun, ez gaitezen debekuan eta beldurrean geratu”

Jose Luis García, Psikologian doktorea eta Sexologian aditua, elkarrizketatu dugu bere ¿Hablamos de porno? liburuaren argitalpena dela eta. Gure seme-alabekin elkarrizketa irekia eta konstruktiboa izateko aukera emango diguten tresnak eta argudioak eskaintzen saiatzen da, zalantza guztiei erantzuteko eta sexualitate osasuntsuaren oinarriak sentitzeko.

Zein izango litzateke hezkuntza afektibo-sexual ideala jaiotzen direnetik?

Haur guztiek oinarrizko sexu-gertaera batzuk ezagutu behar dituzte beren gorputza, gorputz-garapena, sexu-identitatea… ezagutzeko. Horri esker, beren gorputzak sortzen dizkien sentsazioez jabetu daitezke, baita sexualitateak bizitza osoan eragingo dizkien emozioez eta sentimenduez ere; izan ere, pertsona helduak direnean, beren sexualitatea modu osasungarrian bizi dezaten nahi dugu, beraiek hala gura badute.

Gurasoek lehenengo galderei erantzun beharko liekete; izan ere, plazer sexualaren, sexu-harreman eta -praktiken gaia iristen denean, horretaz hitz egin ere ez da egiten, komunikazioa eten egiten da, eta, beraz, nerabezaroan ez dugu espero hitz egingo dutenik, lehenago hitz egin ez badugu. Horregatik Interneten bilatzen dituzte erantzunak, eta aurkitzen dituztenak ez dira zientifikoak izaten. Orduan bihurtzen da pornografia hezkuntza-erreferente garrantzitsu.

 “Gure seme-alabak sexurako presta ditzagun, ez gaitezen debekuan eta beldurrean geratu”

Hezkuntza afektibo-sexuala jaiotzatik hasten da, umeek antenak zabalduta izaten dituztelako, eta behatu eta ikusiko duten guztia grabatuta geratuko da aldagai askoren arabera, adibidez, ikusten ari direnak duen garrantziaren eta beraien gaitasun intelektualaren arabera.

Sexua oso gai garrantzitsua da bizitza osoan, ez bakarrik orain, beti izan da horrela. Duela milioika urtetik hona, sexuak dinamizatu du gure bizitza, naturak sexu-harremanak izatera bultzatzen gaituelako, zelanbaiteko konpromiso genetiko gisa. Horregatik da hain garrantzitsua pornografia, eta horregatik kontsumitzen da hainbeste, sexu-desira kitzikatzen duelako, eta oso erraza delako hori kitzikatzea.

Beraz, haurrak bere aitarengan eta amarengan ikusten duenetik ikasiko du, eta haiek beren artean duten harreman-eredua funtsezkoa izango da. Ea hitz egiten duten, zelan berba egiten duten, elkar musukatzen duten ―badira umeak pentsatzen dutenak gurasoak neba-arrebak direla, beraien aurrean ez direlako musuka ibiltzen, ez dutelako elkar besarkatzen―. Nik esaten diet gurasoei elkar besarkatzeko, musuka ibiltzeko, ukitzeko…, horrek oso elkarrizketa interesgarriak eragingo ditu-eta. Gainera, eredu afektibo bat eskaintzen ari gatzaizkie, pornoan ez dagoena. Pornoan dagoen harreman sexuala eta afektiboa indarkeria hutsa da kasu askotan, eta mendekotasunezkoa.

Oraindik erlea eta polena erabiltzen ditugu sexualitatea azaltzeko?

Batzuek egiten dute, baina gehienek ez. Arazoa da guraso asko isildu egiten direla sarketaren gaia iristen denean, horrela sexu-jardunera bultzatzen dituztela pentsatzen dutelako. Hala ere, ez dago hori dioen ikerketa zientifikorik, guztiz kontrakoa da. Esaten digute zenbat eta gehiago jakin eta prestakuntza handiagoa izan, hobe dela. Nik esaten diet ez dezatela huts egin gurasoek beraiekin egin zutena errepikatuz, orain Internet dagoelako, pornoa doan eskuratzeko moduarekin.

Izan ere, liburuan aipatzen dut, Luis Ballesterrek egindako ikerketa baten arabera, 20 urte bete baino lehen espainiar gazteen laurden batek 1.000 eta 5.000 porno-ordu artean ikus ditzake, gehienak bortitzak.

Zer landu behar dute gurasoek hezkuntza afektibo-sexuala hobetzeko?

Gurasoek autoestimua ere landu behar dute, ikusten baitugu sare sozialetan badirela beren gorputza erakusten dutenak jarraitzaileak, like edo ‘atsegin dut’ak lortzeko, ospetsuak eta maitatuak sentitzeko. Arrisku handia da hori, ondoan Onlyfans dagoelako, gauza bera eginez diru asko irabazteko aukerarekin. Bigarren, asertibitatea. Irakasle batzuekin hitz egiten dut, eta esaten didate ikastetxeko atsedenaldietan pornoa ikusten duten mutilek estigmatizatu egiten dituztela ikusten ez dutenak. Horri aurre egiteko asertibitate ona izan behar da.

Eta enpatia, errukia eta komunikazioa bezalako balioak ere landu behar dituzte. Sexualitateak enpatia behar duelako. Eta pornoan ez dago horrelakorik. Emakumea gizonaren gurarien mende dagoen subjektu gisa agertzen da. Eta batez ere mutilak asebetetzeko kontsumitzen dute neskek pornoa. Pornoak neskei eskaintzen dien eginkizuna mutilari plazera ematea da.

Nik gurasoei esaten diet etxean bilera txiki batzuk egin beharko genituzkeela, ez oso egituratuak, gutxienez bost gairi buruz berba egiteko; horiek dira niri garrantzitsuak iruditzen zaizkidanak, niretzat sexualitatea bizitzaren dimentsio positiboa baita, osasunarekin, plazerarekin eta grinarekin zerikusia duena.

Liburuan diozunez, gero eta gogo biziagoa ikusten duzu konponbide errazak izateko, eta honako hau diozu: “Uste dut eskakizun hori Internet eta pantailak ezartzen ari diren ikaskuntzaren paradigma berriaren parte dela: gero eta ahalegin txikiagoa egitea, alegia”.

Gurasoek hori guztia konpontzeko errezetak eskatzen dizkigute, eta ez dira existitzen. Adibidez, jende gutxik azaltzen die kondoia zelan jartzen den. Zer den jakiteak ez du esan nahi sexu-harremanetan modu eraginkorrean erabiltzen dutenik.

Mutil batek kondoia erabil dezan, lehenik eta behin, kondoia erabiltzeak berarentzat eta gainerakoentzat dituen onurak eta eragozpenak baloratzeko ariketa kognitiboa egin behar du, eta kondoia erabiltzeko edo ez erabiltzeko erabakia hartu. Bigarren, farmazia batera joan eta erosi egin behar du. Hirugarren, poltsikoan eraman behar du. Eta laugarren, koito-harreman guztietan erabili behar du. Eta badakigu hori ez dela egiten, joan den astean Osasun-ministroak kondoia erabiltzeko kanpaina bat egingo duela jakinarazi baitzuen, sexu-infekzioak areagotu egin direlako, horietako batzuk % 250, eta horrek garbi frogatzen du kondoirik ez dela erabiltzen. Pornoan ez dagoelako kondoirik. Ematen diegun mezua da larrua babesik gabe jotzea dela gauzarik ederrena, eta mutilek itsumustuan jarraitzen diote horri, eta ez dute kondoirik erabiltzen. Beraz, kontuz, informazioa eman ez ezik, trebatu ere egin behar dira. Gure neska-mutilek modu batera jokatzea nahi du pornoak, guk zeharo bestela joka dezaten nahi badugu, gaitu eta trebatu egin behar ditugu. Denbora eskaintzea ez delako solasalditxo bat izatea 12 urterekin.

Bien arteko adostasunaz ere hitz egiten duzu, beste pertsonari adieraztea zer gustatzen zaizun eta zer ez, zer egin dezakeen eta zer ez.

Elkarrekiko adostasuna da egiten ari naizen lan horren guztiaren funtsa, eta ez badago bien arteko adostasunik, hori ez da sexualitatea. Sexu-harremanak izan aurretik, hitz egin, esan zer gustatzen zaizun, zer ez zaizun gustatzen, azaldu zure mugak eta eskatu errespetua.

Nik esaten diet presarik ez izateko lehen sexu-harremana izateko. Neska-mutil batzuek goizeko hiruretan izaten dute dantzalekuren bateko komunetan, kopak hartu eta porroak erre ondoren. Mutil batzuek Interneten erosi duten Viagra hartuta ere bai. Zer ondorio izango ditu horrek? Zer ideia izango dute etorkizuneko sexuari buruz?

Nik esaten diet ez onartzeko bikotekidearen edo beste edonoren presiorik. Baina zaila da, taldeetan presio handia baitago sexu-harremanak izateko, eta, batez ere, felazioak egiteko. “Generación porno” dokuseriean mutil batek bere lehen sexu-harremana kontatzen du eta esaten du: “Ni zakila noiz miazkatuko zidan zain nengoen, eta egin ez zuenez, hanka sartzen ari nintzela pentsatu nuen”.

Espainiako gazteen % 55 ikusi dutena errepikatzen saiatuko dira. Oso kitzikatuta daudelako, atsegin handia ematen diolako hori ikusteak, eta pentsatzen dutelako hori dela normala, indarkeria erotikoa dela eta gizonak indarkeria erabil dezakeela eta horretaz goza dezakeela. Eta emakumeak? Indarkeria horri men egin eta horrekin gozatuko du? Mutilei eta neskei sadismo eta masokismo zaharra normalak direla proposatzen ari gara, benetan sexualitatearen nahasmenduak direnean.

Pornoa eskuratzeari dagokionez, adingabea babesteko lege berrian, badirudi sarbidea edo lortzeko erraztasuna murriztuko dutela eduki ez-egokietarako.

Niri ondo iruditzen zait sarbidea zailtzera bideratutako edozein neurri. Hala ere, horretan bakarrik geratzen bagara, ez du ezertarako balioko. Trebatu, hezi zure seme-alabak mugikorra zentzuz eta eraginkortasunez erabil dezaten, eta ez dezatela kontsumitu pornografia bortitzik. Izan ere, gauza bat sexu-grina sustatzen duten film sexual erotikoak dira, eta beste gauza bat pornografia da. Niri egokia irudituko litzaidake film erotikoak ikusi ahal izatea, sexu-desira estimulatu edo kitzikatu egin behar baita, baina pornoa, ez.

Liburuan azaltzen duzu mendekotasun desberdinak tratatzeko zerbitzu publikoak daudela, baina pornoarekiko adikzioa tratatzeko, ez.

Horrela da, oraindik ez delako onartu pornoaren adikzio-ahalmena. 1.000 eta 5.000 porno-ordu bitartean kontsumitzen duten mutil horiek ―eta % 25 dira― mendekotasunean erortzeko arriskua dute. Horregatik prebenitu behar dugu, kontsumitzeari uzten zaionean bakarrik desagertuko baita pornografia. Beraz, gure asmoa da gurasoei esatea beren seme-alabei ulertarazi behar dietela modu argudiatuan, zentzuzkoan, zigorrik gabe, erruduntasun barik, produktu-mota hori ez dutela kontsumitu behar eta, estimulu sexualak behar badituzte, film erotiko eta ez-bortitzak bilatzeko. Sexualitatearen ikuspegi positiboa eman behar diete. Beraz, mugitu eta azkar ibiltzeko esango nieke, belaunaldi oso baten etorkizun sexual afektiboaz ari gara eta.

¿Hablamos de porno?: Cómo educar a la generación porno en una sexualidad sana y respetuosa

Heziketa afektibo-sexuala ikastaroa egin dezakezu.

Hona hemen Family Lab Heziketa afektibo-sexuala

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

BBK Family Learning

×