Gertu ala urrun? Gainean edo kanpoan? Non kokatu geure burua alaba nerabeekiko

“Ama, pentsatu dut hobe dudala lagunekin joatea futboleko botak erostera. Zu ez etorri, ez dut zurekin joan nahi. Emadazu dirua, nik badakit-eta zer eta zelan erosi”.

Baliteke 13 urteko zure alabak zuri ere antzeko zerbait “jakinaraztea” une jakin batean. Eta zu, ama zaren aldetik, hausnarrean hasten zara zeure barnean: “Zelan ‘bere lagunekin’, beti ni joan naiz-eta? Eta ez baditu zenbaki egokikoak erosten? Eta dendan nahasten badira? Eta dirua bidean galtzen badu? Eta denda aurkitzen ez badu? Baina, tira, bestalde, dagoeneko nagusia da…”

Gure egitekoa, ama garen aldetik, gure seme-alabei laguntzea da, gero eta autonomoagoak izan daitezen eta bizitzarako trebetasunak garatzen joan daitezen. Horrek hainbat gauzaren nahastura eskatzen du:

  • “esploratzera”, erronkak probatzera eta batzuetan oker egotera ere animatzea.
  • zelanbaiteko segurtasunez egin dezaten ahalbidetzea (horretarako daude errutinak, arauak eta mugak)

Hori guztia, jakina, ikasi beharrekoa ikas dezan sustatuz eta afektu-adierazpen handiarekin.

Nerabezaroan neska izateari utzi behar diote eta aurrera egin behar dute helduarora. Eta, bereziki, esperimentatu egin behar dute, “espabilatu”, probatu… (batez ere, bere gisako edo parekoekin) horretara iristeko. Eta, era berean, segurtasun-esparru bat behar dute oraindik zelanbaiteko diziplina eta afektuarekin.

Guraso gisa, halako oreka bat izan behar dugu honako hauen artean:

GERTU JARRAITU:

  • kBeraiei afektua adierazteko.
  • Entzutea praktikatzeko.
  • Nolabaiteko aginte babesleari eusteko, haien “erronkak” ulertuz eta negoziazioari tarte handiagoa emanez kasu batzuetan.
  • “Zirku sarea” izateko, erronkaren batean “erortzen” badira, har ditzan.

 

APUR BAT URRUNAGO EGOTEA…

  • Beraien autonomia eta erronkak suspertzeko.
  • Onartzeko, itxuraz, jada ez garela haien erreferentzia nagusia (beraien lagunak edo beste heldu batzuk dira orain). Batzuetan, haien lagunak izan gura dugu guk, baina hori ez da gure rola, eta ez da beraiek behar dutena. 
  • Huts egiten uzteko.

Baina praktikan ez da erraza guk haien urruntzea onartzea eta oreka aurkitzea jakiteko haiengandik zein distantziatara kokatu behar dugun. Zergatik?

  • Urrunagora doan distantzia bat praktikatu behar dugun lehen aldia delako (baita jada nerabezaroa igaro duten seme-alabak baldin baditugu ere; alaba bakoitza, bizitzako egoera bakoitza, gizarteko aldi bakoitza… desberdina da).
  • Beldurra pizten zaigulako, distantzia handitzean, gure kontrol babesletik ihes egin eta zerbait txarra gertatuko ote zaien.
  • Izan ere, orain arte izan dugun rola hankaz gora jartzen delako, orain artekoan gutxi gorabehera lasaitasun apur bat aurkitua genuelarik, baita zenbait ‘trikimailu’ ere hazkuntzarako.
  • Uste dugulako gero eta gorago egingo dutela hegan eta zelanbaiteko bakardadea iritsiko dela gure bizitzara.
  • Batzuetan guri desafio eginez edo kontra eginez urruntzen direlako, eta sentiarazten digutelako gure itxaropenak, gure sinesmenak, gure ordena dagoeneko ez dela baliozkoa, ez dela perfektua, bakarra edo onartua.

Beraz, gure alabari futboleko botak erostera joaten utziko diogun ala ez erabakitzeko orduan, hainbat alderdi baloratu beharko ditugu:

  • Harenak: haren aurretiko esperientzia, heldutasuna, noren laguntza izango duen…
  • Nireak: nire beldurrak, harengan dudan konfiantza, zelan baloratzen ditudan arriskuak, negoziatzeko dudan gaitasuna eta zertan…

Futboleko boten adibidean, distantzia oso labur bat (agian laburregia), alabarik gabe, futboleko botak erostera zuzenean geu joan eta berari etxera ekartzea litzateke. Edo dendara lagun diezagula, baina ezertan esku hartzen utzi barik, geuk aukeratzea botak eta erosketa-poltsa ere geuk eroatea.

Distantzia oso luzea (agian luzeegia) izango litzateke alabari bidea libre uztea beste barik, berarekin ezertaz berba egin gabe, eta kreditu-txartela uztea gako eta guzti.

Distantzia ertain baten barruan aukera desberdinak egon litezke. Adibidez:

  • Aldez aurretik adostea nora joan eta zenbat gastatu ahal izango duen gehienez, guk dendara laguntzea eta berak boten atala bilatzea, aholkulari bati galdetzea, adostutako aurrekontura egokitzea, ordaintzea, bueltak berrikustea eta erosketa-poltsa ere berak eroatea.
  • Aldez aurretik adostea nora joan gura duen botak begiratzera, ea badakien zelan iritsi haraino eta zer beharko duen, aurrekontua aldez aurretik negoziatzea, hainbat denda ikusteko proposamena egitea konpara ditzan, lagun batzuekin joan dadin ahalbidetzea, dendan aholkularitza zelan eta nori eskatuko dion aztertzea eta bere lagunekin joaten uztea.

Zer aukera hartu horrelako egoeretan? Lehen esan dugun bezala, esku artean dugun gaiaren, seme edo alabaren aurretiko esperientziaren, ikasten joan denaren, ezarri den konfiantza-mailaren, beharrezkoa izanez gero marra gorri batzuekin negoziatzeko gaitasunaren, geure beldurren… araberakoa izango da dena.

Eguneroko hainbat arazorekin gertatuko zaigu hori. Etxean sortzen diren lanekin, ikasketekin, aisialdi eta denbora librearekin, teknologiaren erabilerarekin, gizarte-harremanen kudeaketarekin, nork bere burua zaintzearekin…

Kontuan izan behar dugu haztea autonomiarantz joatea dela. Egia da espezie “soziala” garela eta beti beharko dugula gure sareko beste pertsona batzuen laguntza afektibo eta are logistikoa ere. Garrantzitsuena da “mendekotasun” hori neurrizkoa, osasungarria eta egokia izatea, autonomia barne hartzea eta ez larregizko babesa edo autoestimuaren blokeoa.

Erronka horri aurre egin behar diogu gurasook hazkuntzan. Nerabezaroan modu deigarriagoan ikusten dugu. Etapa honetan indartsu sartzen diren hitzak dira lagun egitea, “flotatzea”, libre egotea, entzutea, seguru bihurtzea, ahalbidetzea …

Eta norbait bere buruari galdetzen ari bada zelan amaitu zen futboleko boten istorioa… ba, gauza ondo joan zen. Elkarrizketa baten ostean eta zelanbaiteko negoziazioaren ondoren, lagun batekin joan zen, denda egoki batera iritsi zen, aholkularitza eskatu zion saltzaileari, botak tako egokiekin erosi zituen, tarteko prezio batekoak aukeratu zituen, tiketa hartu zuen badaezpada, soberan geratutako dirua bueltan ekarri zuen, eta oinaren zenbakia ere zuzen hartu zuen. Ahaztu zitzaion aurrez denda gehiago begiratzea eta haiek ekartzeko etxetik poltsa bat eroan behar zuela kontuan izatea… baina horrelakoak kontu handiagoz ibiltzen garen helduoi ere ahazten zaizkigu.

Begoña Ruiz, psicóloga.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×