Haurren Munduko Eguna dela eta, Lagunarte Elkarteak, BBK Familyk eta UNICEFen Euskal Herriko Batzordeak ‘Gazte Change‘ ekimenaren bigarren edizioa egingo dute datorren ostiralean, azaroaren 20an, 18:00etatik 19:30era. Nerabe eta gazteek antolatutako ekitaldi honek eurei ahotsa eman, entzun eta berdinen arteko komunikazioa eta euren parte hartzeko eskubidea sustatuko duen gune bat izan gura du.
Aurreko edizioaren arrakasta kontuan izanda, nerabeei ahotsa eta protagonismoa ematen dien esperientzia hau errepikatu gura izan da, aldi berean gazte asko egiten ari diren lanari ere balioa emanez. Lehen mailako hizlariekin, euskara eta gaztelania txandakatuz, nabarmentzekoak dira, besteak beste, Janire Gonzalez, egungo Europako Junior txapelduna emakumezkoen surfean, eta Basque Team-en errendimendu handiko zentroan entrenatzen dabilena; “Fridays For Future” (FFF) elkartea, COVID 19ak klima-aldaketari zelan eragiten dion azalduko duena; Vera Alonso, Naizen elkartekoa, trans arbuioaz arituko da; Iban García youtuberrak Sare Sozialetara eramango gaitu; eta beste gai batzuk ere izango dira, adibidez, migrazioa, edertasun-kanonen presioa edo nerabeen lan boluntarioa COVID garaian.
“Jendeak, behar duenean, laguntza eskatzen ikastea gura dut”
Natalia Gutierrez, Deustuko Unibertsitateko ikasleak, bere “Utzi zure gorputzaren aurka borrokatzeari, maita ezazu!” hitzaldian, elikadura-jokabidearen nahasmenduez, “Body Positive”aren garrantziaz eta emakumeok (bereziki) jasaten dugun presio sozialaz berba egingo du. Gutierrezen ustez, Gazte Changen parte hartuz, “isilean sufritzen duen jende askori ahotsa eman diezaioke. Arazo batzuk, askotan isilean sufritzen ditugunak baina hor daudenak, ikusarazteko modua da. Jendeak, behar duenean, laguntza eskatzen ikastea gura dut. Gainera, entzuten ari zaidanari, nornahi dela ere, nire mezua helarazteko asmoz joango naiz; konformatzen naiz transmititu gura dudanak norbait gauzak birplanteatzera bultzatzen badu”.
Vera Alonsok, Naizen elkarteko kideak, bere aldetik, gogoeta eginaraziko digu: “Transfobia trans pertsona batenganako arbuioa sentitzea ote da trans izate hutsagatik, ala sasi preferentzia sexual gisa kamuflatu ote daiteke, nahiz eta, funtsean, jakin hartutako ideiak direla?”
Sahararen egoeraz eta bizipenez Ismael Aomar mintzatuko zaigu, 16 urteko mutila, Gernikan jaioa baina saharar familiakoa, eta uda guztiak Saharan igarotzen dituena. Aomar San Fidel ikastolan ari da ikasten eta Lilibertso bertsolaritza-taldeko kidea da.
Goi-mailako kirola Janire Gonzalezen eskutik izango da bertan, Espainian inoiz izan den surf txapeldunik gazteena eta Europan junior mailako txapelduna. 15 urterekin, adina ez da berarentzat oztopo izan kirol-erronka zorrotz horiei aurre egiteko. Eta Endika Murillok, Gurutze Gorriko boluntarioak, gazteek pandemia-garaian zelan buru-belarri lagundu duten azalduko digu. Murilloren arabera, “gazteak ez dira ari jendeak pentsatzen duen bezain gaizki… Gu ere COVID-19aren aurka borrokatzen gara eta gizartea babesten dugu”.
COVID 19ak laguntzen dio ingurumenari?
Alex Martinezek, Bilboko Fridays For Futureko (FFF) kideak, Covid pandemia klima-aldaketarako ona ote den hausnartzera bultzatuko gaitu, nahiz eta aurreratzen digun ondorioa: ez da ona! “Pandemiaren hasieran, konfinamenduak isurketak murrizten laguntzen zuela eta egoera hori planetarentzat ona zela zioten datuak entzun genituen. Baina, benetan horrela da? Eta horrela balitz, hori litzateke klima-aldaketari aurre egiteko modurik onena?” galdetzen du Martinezek. FFFrekin, jendea klima-aldaketaren aurkako ekintzaren garrantziaz kontzientziatzen saiatzen dira, eta ekintza horrek, ezinbestekoa izanik, berehalakoa izan behar du, batez ere. “Gazte Change-n parte hartuz, aldaketa hori sustatu gura dugu, ez soilik erakunde mailan, baita maila pertsonal eta sozialean ere, kasu honetan gazteenen artean”. Alex Martinez Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzeko ikaslea eta Bilboko FFFko kidea da.
Ekitaldi honetan ezustekoak eta zenbait emanaldi ere izango dira, hala nola 13B musika-taldearena: Libe Urrutiak eta Guillerno Gilek osatutako talde akustiko honek laster emango du argitara bere lan berria.
Haurren eta nerabeen eskubideak ospatzea
Gazte Changek nerabeei eta gazteei ahotsa emateko helburua lortzea espero dugu, baita Haur eta Nerabeen Eskubideen Munduko Eguna ospatzea ere haien eskubideak aldarrikatuz. Eta hor sartzen dira, Bilboko Fridays For Futureko Alex Martínezen ustez, “adierazpen- eta nortasun-askatasunerako eskubidea, gura dituzten zaletasunak garatzeko eskubidea, inposatu zaien ‘genero-rola’ alde batera utzita. Eta niri eta Fridays For Futureri gehiago dagokiguna, planetan etorkizun duina izateko neska-mutikoek beharko luketen eskubidea”.
Ekitaldia BBK Salatik egingo da, segurtasun-neurrien ondorioz ikus-entzule barik, eta streaming bidez eskainiko da eitb.eus-en bidez. Streaming-aren esteka jasotzeko zure sarrera hemen har dezakezu.
BBK Family, UNICEF, Lagunarte
Gazte Change programa:
Utzi zeure gorputzaren aurka borrokatzeari, maita ezazu! (Natalia Gutierrez)
Inoiz galdetu diozue zeuen buruari ea gizartearen presioak menderatu zaituzten? Nork ezartzen dizkigu geure buruari eskatzen dizkiogun edertasun-kanonak? Noiz bihurtu zen jatea kaloriak zenbatzeko prozesu zehatza? Eta behingoz… den bezalakoa maitatuko bagenu geure gorputza?
Gazteen beste aurpegia COVIDaren aurrean (Endika Murillo)
Telebistan, sareetan… eta gainerako hedabideetan entzun duzue gazteok garela covid-19aren kutsatze-iturri nagusia? Ba, begira, gazteria ez da jendea pentsatzen ari den bezain txarto egiten ari… Gu ere covid-aren aurka borrokatzen gara eta gizartea babesten dugu!
Surfa, nire bizimodua (Janire González)
Espainian historiako surf txapeldunik gazteena eta Europako junior mailako txapelduna. Pentsatu duzu inoiz zelako izango litzatekeen uretan bizitzea? Surfa nire bizimodu bihurtu da, nire ingurune, nire erronka eta nire ilusioaren parte da. Emakumea eta surflaria naiz, eta harro nago gero eta emakume gehiago ikusten dudalako munduan zehar lehiatzen olaturik onenak surfeatzeko.
COVIDa ona al da klima-aldaketarako? Spoiler: Ez (Alex Martínez)
Konfinamendua hasi eta gutxira, ingurumenerako zituen onurei eta CO2 isurketen murrizketei buruzko titularrak aurkitzen hasi ginen. Egoeraren larritasuna ikusita, bazirudien kontsolatzeko modua genuela klima-aldaketa murrizteko lagungarri zela pentsatzea. Baina hori egia da? Egungo egoerak mesede egiten al dio klima-aldaketaren aurkako ekintzari? Emisioen murrizketek eragin nabarmen edo esanguratsua izan dute berokuntzan? Labur esanda, covida ona al da klima-aldaketarako? Bilboko Fridays For Future elkartetik itaun edo galdera horiek aztertzera gonbidatzen zaituztegu, egungo pandemiak planetari mesede egiten ote dion jakiteko. Spoiler: Ez.
Trans arbuioaren patologia (Vera Alonso)
Transfobia al da pertsona trans batekiko arbuioa sentitzea, pertsona trans izate hutsagatik? Sasi zaletasun sexual gisa kamuflatu al daiteke, nahiz eta, funtsean, hartutako ideiak direla jakin?
Saharan egoera, nola dago? (Ismael Aomar)
Nire izena Ismael Aomar da. 16 urteko gazte saharauia, gernikan jaiotakoa. Herriko San Fidel Ikastolan ikasten dut. Nire zaletasun nagusia futbola da. Bertsolaritza munduan ere sartunda nago, Lilibertso bertsolaritza taldean. Aurten, ikas lagun batzuekin, ONG batzuen laguntzaz gain, Sahararen alde egiten dugu, uda guztietan horra joaten naiz.
Horrez gain, musika emanaldiak izango dira 13B taldearen eskutik, magia David Castañoren eskutik eta Iban Garcia youtuberra.
Ez galdu! Hartu zure sarrera doan