Gauean etxera itzultzeko zein muga-ordu jarriko diot uda honetan? (edo beste sasoi batean)

“Ama, uda honetan gutxienez 01:30era arte geratzen utziko didazu, ezta? Handia naiz jada. Ez da ezer gertatuko, denok elkarrekin egongo gara…” “Aita, afaldu ondoren irten al naiteke kalera? Nire lagun guztiei uzten diete; ni naiz etxean geratzen den bakarra…”

Zenbaitetan –adin jakin batzuetan, bereziki–, kalean gauez denbora gehiago egotea lortzea “lehentasunezko helburua” izaten da gure seme-alabentzat. Ez beti. Nolanahi ere, kexak, eztabaidak eta “xantaiak” eragiten dituen gai errepikaria bihur daiteke. Zein irizpide objektibo hartu beharko genituzke kontuan etxera noiz itzuli behar duten erabakitzeko?

Uste baduzu artikulu honetan adinaren arabera etxeratzeko gomendatutako eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako ordutegiak jasotzen dituen taula bat aurkituko duzula, jai duzu! Ez duzu halakorik topatuko. Baina lerro batzuk gehiago irakurtzen jarraituko duzula espero dut.

Zergatik edo zertarako irten nahi dute gauez?

Gazte askoren kasuan, gauez irteteak premia jakin batzuei erantzuten die: sozializatzen eta taldeko kide izaten jarraitzea, aisialdi- eta gozamen-denbora zabaltzea gauak dituen pizgarri zehatzekin; beren esplorazio-denborak eta -espazioak irekitzea, iluntasunarekin ausartuz; bere burua pertsona heldutzat ikustea… Besteak beste, jakin-minak edo pozak bultzatuta, eta segurtasunik ezaren aurrean ausardia erakusteko-edo.

Horren aurrean, gurasook beren hazkuntzarekiko arduratsuak izateko beharra daukagu, haien babesa eta autonomia orekatzen saiatuz. Pozez eta jakin-minez bizi dezakegu hori… Baita beldur pixka batekin ere –ez ahal zaio zerbait txarra gertatuko–, nolabaiteko tristurarekin –handia egiten ari zaigu– edo nolabaiteko amorruarekin –eragozpenak eragiten dizkigu–. Inbidia pixka batekin ere bai, agian.

Ez badigute ematen ordutegien taula orientagarririk, jarri beharreko baldintzarik edo bota beharreko esaldirik… zerk lagundu diezaguke?

ABIAPUNTUA: INTERESGARRIA DA MUGA-ORDU BAT JARTZEA

Besteak beste, muga hori apurtzeko gogoa izan dezaten. Txantxa bat dirudi, baina ez da hala.

Errutinak, ohiturak, arauak eta mugak gure seme-alabei laguntzeko daude, hainbat arlotan: osasuna zaintzea, segurtasun-esparruak sortzea, erregulazioa entrenatzea (bulkadak kontrolatzea, emozioak kudeatzea, frustrazioa lantzea…), autonomia- eta erantzukizun-erronka progresiboei aurre egitea, bizitzarako gaitasun praktikoak garatzea, norberarekiko eta besteenganako errespetuan oinarrituz bizikidetza bultzatzea… Horretarako, muga argiak, zehatzak, azalduak, koherenteak eta egokituak beharko dira, diziplina positiboko eredu batetik landuta. Gazteak mugak apurtzen saiatuko dira, nahi dutena lortzeko, edo beren erreferentziazko helduen aurrean beren burua indartzeko –nerabezaroan batik bat–.

Etxeratzeko ordua jartzeak eta gauean irtetearekin lotutako alderdi batzuei buruz hitz egiteak mesede egingo die beren atsedenari, ohitura osasungarriak hartzen lagunduko die, autokontrola garatzen, irteeretan segurtasun-baldintzak sortzen, eta denbora antolatzeko eta kudeatzeko trebetasunak indartzen. Gainera, dibertsiorako eta autonomiarako dauzkaten premiak guk geuk haiek zaintzeko eta atseden hartzeko daukagun premiarekin uztartzeko ahalegina ere bada.

Garrantzitsuena, azken batean, ez da ordu zehatz bat finkatzea –minutu eta segundo eta guzti–, baizik eta gazteekin beren burua zaintzeko, segurtasunerako eta gaikuntzarako alderdiez mintzatzea.

Ados, baina… Zer alderdi landu behar ditut orduaz gain? Beti ordu berdina ipini behar diot? Negoziatu egin behar dugu? Iristeko ordua atzeratzen joan behar dut? Zein adinera arte?  Goazen horren guztiaren inguruan pentsatzera:

2) KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

  • Uneko testuingurua.

Etxeratzeko orduak ez du zertan berdina izan ikasturtean zehar astegunetan eta oporretan.

Non gauden ere kontuan hartu beharko dugu. Adibidez, gauden tokiko klima dela-eta intsolazioa izateko arriskua badago udan etxetik 19:00ak baino lehen irtenez gero, bai helduek bai adingabeek gaua gehiago luzatzeko beharra izan dezakete haien artean erlazionatzeko, kirola egiteko…

Bestalde, ez dira gauza bera ezagutzen dugun herrixka edo kanpin txiki batean egotea edota hiri batean, inguru arriskutsu batean edo aldenduago dauden herri edo auzoetan ibiltzea.

Oso plan desberdinak dira gertu dagoen etxe batean lagunekin pelikula bat edo futbol-partida bat ikusten geratzea eta urruti dagoen leku bateko dantzaldi edo kontzertu jendetsu batera joatea eta kale-edanean aritzea.

Faktore horiek baldintzatu egin dezakete ordutegia, baina, batez ere, gaztetxoekin hitz egin beharreko gaiak.

  • Aldez aurreko esplorazio-esperientziak.

Aurretik sozializazio- eta esplorazio-esperientzia progresiboak izan dituen gazte batek (zinemara joaten, kirol-entrenamenduetara joaten, urtebetetze-festetan egoten, garraio publikoa hartzen, hirian mugitzen…), hasiera batean, gauez ere nolabait moldatzen lagundu diezaioketen trebetasun batzuk eduki ditzake. Aldiz, etxetik atera ez den edo bideokontsola bidez sozializatu den gaztea galduago senti daiteke hasieran.

  • Adina edo heldutasun-etapa

Adina erreferentzia bat da, baina heldutasuna da garrantzitsuena: zer balio jartzen dituen praktikan, zein erreminta dituen bere burua zaintzeko, nola jokatzen duen arazoen aurrean, nola ikasten duen bere akatsetatik, esaten eta egiten duena bat datozen, zein erabaki txiki hartzen joateko gai den, nolakoa den autokontrolerako duen gaitasuna, nola kudeatzen duen denbora… Dena den, kontuan izan irreala izan daitekeela gazteari ateratzen uzteko “guztiz arduratsua” izan arte itxarotea, eta kaltegarria ere bai.

  • Lagun-taldea

Bere lagun-taldea nolakoa den jakiten edo galdetzen has gintezke: norekin ibiltzen den, lagun berriak dituen, zein heldutasun-profil duten, zein ohitura dituzten, zein dinamika, nola erlazionatzen diren… Bere lagun batzuekin elkar gintezke, haien gurasoak ezagutu ditzakegu edo haiekin harremanetan jar gaitezke, gure seme-alabekin talde-presioaz hitz egin dezakegu…

Batzuetan, ez zaie gustatzen gurasook beren lagunei buruz galderak egiten ibiltzea –batez ere, galdeketak egiten badizkiegu edo zintzoak izaten ez bagara–, baina azaldu behar diegu guretzat garrantzitsua dela lagunei buruzko informazioa izatea. Ez haiek epaitzeko edo haiengatik gaizki-esaka ibiltzeko, baizik eta gure seme-alaben mundua pixka bat gehiago ezagutzeko, jakinaren gainean egoteko eta haiek zaintzeko.

3) DIMENTSIO BATZUK BALORATU

  • Negoziatu egin behar dugu?

Litekeena da gure seme-alabak gauero-gauero 5, 10 edo 15 minutu luzatzen uztearren “tratuan” hastea, aukera ematen badiegu. Eta hori nekagarria izaten da.

Hazkuntzan, gaiaren eta heldutasun-etaparen arabera, gehiago edo gutxiago negoziatu ahal izango dugu gure seme-alabekin. Kasu eta etapa batzuetan, etxera iristeko ordua eta gaueko irteerei buruzko baldintza batzuk izan litezke negoziazioaren ardatz. Kontuan izatekoak:

  • Ordua negozia dezakegu, baina, batez ere, beste alderdi batzuei buruz hitz egiteko aprobetxa dezakegu: zaintza, segurtasuna, erantzukizuna…
  • Interesgarria izango da denboraldi zabal samar baterako (udarako, adibidez) ordu finko bat ezartzea edo negoziatzea. Egoera bereziak ere aztertu ahal izango ditugu (oporretara beste lekuren batera bagoaz, ekitaldi berezirik badago, familia-inguruabarren baten aurrean…), baina irizpide jakin batzuei helduta jardun beharko dugu beti, egunero negoziatzen ibili behar ez izateko.
  • Aurrena bere proposamena entzun dezakegu; azaldu diezagula zergatik iruditzen zaion egokia. Bila ditzala proposamen hori justifikatzeko irizpideak edo adieraz dezala zergatik den kontuan hartzeko modukoa. Esan diezagula nola kontrolatuko duen denbora, zer izan daitekeen segurtasunerako egokia, aurrez zein kasutan jardun duen erantzukizunez, akatsetatik nola ikasi duen, jardunbide batzuei nola egingo dien aurre…
  • Garbi izan behar dugu zein diren negoziatu ezingo diren marra gorriak, eta zergatiak ematen eta azaltzen jakin beharko dugu.
  • Ezarritakoa edo adostutakoa betetzen ez badu ondorioak izatea nahi baditugu, gertatu baino lehen zehaztu beharko ditugu ondorio horiek. Ondorioek egokiak izan behar dute, eta gaiarekin zerikusia eduki; gainera, aurrez jakinaraziko diogu nola gainbegiratuko eta jokatuko dugun. (Eta, gero, ondorioa bete egin behar da, noski).
  • Hazkuntza-lanetan pertsona bat baino gehiago arituz gero, interesgarria litzateke horri dagokionez ere adostasun handi samarra egotea hezitzaileen artean.

Beharrezkoa da gure seme-alaben argudioak kontuan hartzea eta balidatzea, eta gureak ere azaltzea. Adostasun osoa, adostasun partziala edo adostasunik eza izan daiteke emaitza. Izan ere, uneren batean honelako zerbait esan beharko diogu gazteari agian: “Ulertzen dut zure proposamena; ederki azaldu duzu. Esan duzun hori oso zentzuzkoa iruditzen zait… Proposatu duzun ordua ez zait egokia iruditzen. Badakit irrikaz zaudela berandura arte geratzeko… Zuk, beharbada, ez duzu nik bezala pentsatzen, baina jakizu zaindu egin nahi zaitudala; horregatik, nire ustez, egokiagoak lirateke iristeko ordu hau eta baldintza hauek… Badakit beste guraso batzuek beste modu batera jokatzen dutela. Nire kasuan…”

  • Malgutasunez jokatu behar dugu?

Ordutegian errutina eta jarraitutasuna izateak segurtasuna ematen du, familia-antolaketa errazten du, adimen-egituraketa laguntzen du, eta gaiari buruz etengabe eztabaidatzen, negoziatzen edo hitz egiten aritzea saihestu dezake.

Badakigu, halaber, nolabaiteko malgutasuna beharrezkoa dela, eta gure seme-alabek hori bizitzan lagungarria dela ikasi behar dutela. Gaueko irtenaldien ordutegiaren eta elementuen kasuan, kontuan har genitzake etxeratzeko ordutegia pixka bat luzatzera eraman dezaketen egoera bereziak. Adibidez, beranduenez 23:00etan etxeratzea nahi genukeela esaten badugu, baina gainerako lagunak 23:30ean etxeratzen badira, beharbada interesgarria izan daiteke gure seme edo alaba pixka bat gehiago geratzea eta lagunekin batera itzultzea. Posible da egunen batean afari, dantzaldi, festa edo kontzertu berezi bat egotea eta pixka bat luzatzea.

Gerta daiteke lagunak ados jartzea eta guraso guztiei mezu berdina bidaltzen hastea (“beste guztiei beranduagora arte uzten diete”), denei ordu-erdi gehiago geratzeko baimena eman diezaiegun. Edo egunero jai eta ospakizun bereziak egotea, adibidez udan. Horrelakoak adin jakin batzuetako “maleziarekin” edo “agenda biziarekin” lotu daitezke. Uler ditzakegu halakoak, eta onestasuna ere eska dezakegu; ekitaldi berezietarako “tope” batzuk jar ditzakegu, gainerako gurasoekin hitz egin, irizpide batzuk ezarri, jakiteko zein kasutan jokatu ahal izango dugun malgutasunez eta zein kasutan ez…

  • Pixkanaka luzatzen joan behar dugu?

Gaztearen adinaren arabera eta, batez ere, heldutasun-etapa kontuan hartuta, pixkanaka luzatu egin ahal izango dugu kanpoan egoteko denbora, oro har edo egun seinalatu batzuetarako –muga baten barruan betiere–. Baina ez egunez egun. Denbora-tarte batetik bestera baizik. Alderdi horri buruz haiekin hitz egin ahal izango dugu, adieraziz luzatze horrek haien heldutasunean aurrera egiten aritzearekin duela lotura: hitzartutakoa betetzen ari direlako, gero eta arduratsuagoak direlako, gaitasunak garatzen ari direlako, segurtasunez moldatzen…

Horrek hazkunde-sentsazioa ematen die, arduratsu sentiarazten ditu, erronka progresiboei aurre egiten laguntzen die, “azken aukeraz baliatzen” ari direla pentsarazi gabe. Hortaz, ordutegia uda batetik bestera luzatu ahal izango dugu, adibidez. Arraroagoa eta nahasgarriagoa izan liteke 21:30ean iristen uztetik automatikoki egunero 06:30ean iristen uztera pasatzea.

  • Segurtasuna errazteko erremintak

Badira gaueko irteerei segurtasuna eta konfiantza ematen lagundu dezaketen zenbait alderdi. Halakoak negoziazio baten bidez ezar ditzakegu une jakin batean. Adibidez, nora joango diren eta norekin izango diren jakiteko informazioa izatea, gaingiroki bada ere jakin zer egiteko asmoa duten, lagunen baten telefonoa izan larrialdi-kasuren baterako –telefono hori eskuratzeko, baimena eskatu beharko diegu bai lagunari eta bai haren gurasoei–, etxera lagunekin itzuliko diren, etxeratzeko garraio publikoa hartuko duten, ordu jakin batean deitzekotan geratu, etxera itzultzean deitzea adostu, haiek ibiliko diren lekutik gertu ibili, haien bila pasatu, etxera iritsi direla baieztatu diezagutela…

Alabaina, irudituko zaie baldintza horietako batzuk gehiegi kontrolatzen saiatzea dela. Nolanahi ere, baldintzaren bat sartzeak nolabaiteko gainbegiratzea eta zaintza egiten lagundu diezaguke –eta zentzu hori duela azaldu behar diogu gazteari–. Bestetik, interesgarria izango litzateke gure aldetik ere “ez pasatzea”: ez dugu amaitu behar inoiz irten ez daitezela eskatzen, edo armadura batekin edo burbuila baten barruan irten daitezela eskatzen, gu atzetik bi pausotara goazela. Segurtasuna errazteko elementuak, konfiantza eta autonomia bateratzea izango da erronka nagusia.

Egia da gure seme-alabak gauez irteteak beldurtu edo “gogaitarazi” egin gaitzakeela. Eta beharrezkoa da egunez bezala gauez ere hainbat alderdi kontuan izan behar dituztela adieraztea eta haiekin batera lantzea: euren burua zaintzea, lagunez arduratzea, segurtasuna, osasuna… Baina ez dezagun amaitu gauari ukitu beldurgarria ematen; hitz egin dezagun gure seme-alabekin gauean gertatu zaizkien gauza dibertigarriei eta anekdotei buruz ere. Esparru seguru baten eta muga batzuen barruan modu osasungarrian gozatzea posible dela ikusarazteko modu bat da, baita kontu “sinpatikoetarako” eta ez hain “sinpatikoetarako” komunikazio-kanal bat irekitzeko modua ere: haien kezkak, haien beldurrak, gustukoak ez dituzten gauzak… Garrantzitsua da gauza onak nahiz txarrak partekatu ahal izateko konfiantza sortzea.

Bestalde, segurtasuna erraztearren haien bila joatea, iristean esna gaitzatela eskatzea, deiak jasotzea edo egitea… gure atsedenaren kontra joan daiteke. Hori guztia nola orekatu ere baloratu beharko dugu. Agian “zeregin” horiek etxean edo beste guraso batzuekin banatu ditzakegu, baliabide erraztaile batzuk ipini… Era berean, aintzat hartu behar dugu gure seme-alabek uneren batean ezezkoa jaso dezaketela plan bereziren baten aurrean; adibidez, gure presentzia edo prestasuna behar duelako eta ezin dugulako, dela oso nekatuta gaudelako, dela gure lanagatik edo beste zerbaitengatik beste plan batzuekin gurutzatzen delako.  “Ezezkoa” ere hazkundearen parte da.

Batzuetan ez dugu garbi izaten etxeratzeko ordua noiz arte jarri behar dugun. Hori ere gure seme-alaben heldutasunaren araberakoa izango da, bizi izan duten prozesuaren eta beste baldintzatzaile batzuen araberakoa. Nolanahi ere, beharbada ezin dugu 23 urteko gazte bat muga-ordu jakin batean etxeratzera “behartu”. Baina prestutasuna erakutsi ahal izango diogu, dauzkan zalantzak argitzeko, irteten denean segurtasunarekin lotutako kontuak adosteko… Gure etxean bizitzen jarraitzen badu –harritzekoa litzateke bere etxean bizitzea, baina…–, bizikidetza-arau batzuk ezarri beharko genituzke, oro har eta kasu zehatzetarako: zerbait gertatzen bazaio eta gauez iristeko laguntza behar badu, abisatzea; giltzak eramatea; iristean txirrina ez jotzea; etxeratzean zaratarik ez egitea, hurrengo egunean etxeko lanekin laguntzea…

  • Eta ordutegia betetzen ez badute?

Ordutegiari eta gauean irteteari lotutako beste gai batzuei buruz adostasun batera iristen bagara, akordio hori bete den gainbegiratzea tokatuko zaigu. Edonola ere, berandu iristen direnean:

  • Iritsi direlako poztu eta lasaitua hartu dugula erakutsi.
  • Gure nahigabea eta kezka adierazi, eta garaiz iritsi edo, bestela, abisatu egin behar zutela Zer behar dugu? Zer gustatuko litzaiguke hurrengorako? Zer egin dezake hurrengo aldian? Beste egunetan nola bete du?
  • Gertatu zaien zerbait kontatu beharra badaukate eta kontatzeak emozionalki on egingo badie, entzun haien esanak –une horretan edo hurrengo egunean–.
  • Aldez aurretik ez-betetze kasuetarako ondorioak zehaztu baditugu, ondorio horiek martxan jarri. Baina biharamunean hitz egingo dugu horri buruz eta “eztabaida” pitz dezaketen beste alderdiei buruz.
  • Galdetu, alderdi “potoloa” hurrengo egunerako utziz, zergatik heldu diren berandu edo deigarria iruditu zaigun inguruabarren baten inguruan (arropak tabako-usaina du, mozkortuta etorri dira, “botata” utzi omen dituzte…). Komunikazio-eredu eraginkor batetik egin beharko dugu hori.

 

  • Eta udaren amaieran, zer?

Uda amaitzen joan ahala, kontuan izan dezakegu, besteak beste, aldatu egin behar ditugula jarduera-erritmoa, errutina, atseden-ordutegiak eta loaldiak… Egokiena izango litzateke egokitzapen-prozesu bat egiten joatea, ikasturtea hasi baino egun batzuk lehenago goizago oheratuz. Dena den, hori nerabe bati planteatzean, askok begiradarekin hauxe esango digute: “Baina zu zer esaten ari zara?” Hala ere, interesgarria izango litzateke hori planteatzea.

Eta bada horrekin lotura duen gauza garrantzitsu bat. Batzuetan, nekatu egiten gara gure gazteak etxeratzeko ordutegiarekin, planekin edo bestelako kontuekin “astunak” jartzen direnean. Halakoetan, gogora dezagun geure nerabezaroa: pentsa dezagun zeren falta nabaritzen genuen edo gerora zer konpentsatzen saiatu ginen. Gure gazteak ulertzearren. Eta, haiek ulertuta, jarrai dezagun bidean lagun egiten, oraindik maitasun handia behar baitute, gure presentzia; erronkei aurre egiten utzi behar diegu, baina muga batzuk ezarriz (segurtasuna, pentsamendu kritikoa, emozioen lanketa, negoziazio-trebetasunak landu ditzaten… edo, besterik gabe, muga horiek apurtzen saia daitezen…).

17 November, 2024
Anonymous

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×