Imajinatu ezinezko garaiak bizi ditugu, eta garaiotan pandemia ez da soilik gure askatasunak mugatzen ari, baita ere ari da agerian uzten erakunde feministak aspalditik ikusarazten ari diren zerbait: zainketen krisia, gure gizartean oraindik gizon eta emakumeen artean dauden desberdintasun guztiak islatzen dituen ispilu gisa.
Pandemia honek ez ditu ondorio berberak izan emakume eta gizonentzat. Emakumeek jasan dituzte ondorio kaltegarri handienak, batez ere soldatetan, % 14,9 murriztu baitira, gizonenak % 11,3 jaitsi diren bitartean. Gainera, pandemiak berriz ere agerian utzi du ardura-organoetan ez dagoela emakumerik, edo emakumeek lan ezegonkorragoak egiten dituztela eta beste batzuk, hala nola zainketakoak eta etxearen kudeaketari lotutakoak, beren gain hartzen dituztela, horregatik sosik kobratu barik. Errealitate bat agerian geratu da: gure bizitzei eusteko zutaberik garrantzitsuenetako bat, zainketena, apurtuta dagoela.
Ezer berririk ez gutako askorentzat; izan ere, aspalditik esan dugu sistema honek ez duela berdintasunik, eta milioika emakumek soilik eusten diotela, zaintza bizimodu gisa “inposatu” zaigulako. Indarkeria matxistez ari bagara, kopuruak are okerragoak dira. Emakumearen Institutuaren datuen arabera, bost emakumetik batek bikotekideen edo bikotekide ohien aldetik indarkeria fisikoa edo sexuala jasan zuen, eta kopuru horiek okerrera egin zuten konfinamenduan, biktimak erasotzaileekin bizitzera behartuta egon zirelako.
Baina, emakumeok jasaten ditugun desberdintasunei zelan egin aurre gure hurbileneko espaziotik, familia-eremutik?
Agian, benetan hasi behar dugu pentsatzen familia eremu pribilegiatua dela benetako berdintasuna ekarriko duen gizarte-aldaketa desiratuaren hazia landatzeko. Familia den lehen mailako sozializazio-talde horren barruan, beharrezkoa da, bakoitzaren generoaren arabera, ona edo txarra denaz transmititzen diren balio tradizionalekin etetea.
Era berean, gainditu egin behar dira haurtzarotik, neskatoak edo mutikoak garen heinean, ezartzen dizkiguten estereotipo zurrunak. batzuek zein besteek, pertsona gisa garatzeko aukera, betebehar eta eskubide berberak izatea da berdintasunaren aldeko borrokaren helburua. “Familia-eredu” hegemoniko eta heteropatriarkalari buruz ezarritako kanonetatik urrundu behar dugu, eta eredu demokratikoago batean oinarritu, gurasotasun positiboa sustatuko duen eredu batean, hau da, familian harreman hazkurritsu edo nutritiboak sustatzen dituen eredu batean, neska eta mutikoen eskubideak bermatzeko eta beraien garapen eta ongizate pertsonal eta soziala sustatzeko.
Orduan, zer jarrera jar ditzakegu familian aldaketaren alde?
– Ez erabili etiketa sexistarik.
– Eredu izatea, gehiago transmititzen da egintzekin esaten denarekin baino.
– Etxeko lanetan berdintasuna sustatzea.
– Beren talentua garatzen duten kirolak eta jarduerak ikuspegi ez-sexistatik bultzatzea.
– Gure seme-alabak gure alabak bezala haztea. Maskulinitatea, feminitatea bezala, gizarte-eraikuntzak dira, eta rolak eta estereotipoak bezala, ikaskuntza eta esperientzia anitzen bidez eratzen dira.
– Gure seme-alabei maskulinotasun nagusiaren ordezko erreferente eta ereduak ematea.
– Haurrak feminismoan ere heztea, izaki autonomo bihurtzea.
– Haurrengan kontzientzia kritikoa sustatzea, diskriminazio-egoerak hautemateko eta horien aurka oldartzeko, hitz egiten irakasteko, enpatikoak izateko eta emozioak behar bezala erabiltzeko.
Zalantza barik, familia (familia maitasun, zaintza, garapen eta hazkunderako den eta familia hegemoniko eta tradizionalaren muga estuak gainditzen dituen gune gisa ulertuta) neska-mutikoen garapen pertsonalerako eta sozializaziorako lehen gunea eta garrantzitsuena da. Bertan ikasten dute gizartean bizitzen eta pertsona gisa garatzen dira.
Familia askoren baitan gertatzen ari den hezkuntza-aldaketa norabide bakarrean, neskatoen norabidean, ardaztuta egoteko arriskua dugu. Gure alabak izan gura dutena (astronauta, suhiltzaile, zientzialari, …) izateko askatasunean hezten hasi gara, eta ez gizarteak, familiak eta kultura tradizionalak oraindik inposatu gura dien hori. Estereotiporik gabeko beste eredu batzuei buruz berba egiten diegu neskatoei, eta erakusten diegu ausartak, indartsuak, borrokalariak, delikatuak edo basatiak izan daitezkeela, gogoraraziz beldur barik bizi behar dutela eta kalea eta gaua ere beraienak direla.
Baina, zer transmititzen diegu mutikoei? Gloria Steinem-ek zioenez, “hasi gara gure alabak gehiago hezi eta hazten gure semeen antzera, baina ez du funtzionatuko” (benetako berdintasunak) “harik eta gure semeak gehiago hazi eta hezi arte gure alaben antzera”. Benetan, uste dut arrazoi duela. Maskulinitatea, feminitatea bezala, gizarte-eraikuntzak dira, eta, rolak eta estereotipoak bezala, ikaskuntza eta esperientzia anitzen bidez eratzen dira. Mutikoak ez dira oldarkorrak, sentiberatasun bakoak edo lehiakorrak berez. Identitate hori, neurri handi batean toxikoa eta mugatzailea eurentzat, gizarte osoa zeharkatzen duen kultura patriarkalaren bidez eraikitzen dute.
Zuzentasun eta berdintasun handiagoko gizartea gura badugu, estereotipoak hautsi behar ditugu, baita familiatik ere. Mutikoak ere feminismoan hezi behar ditugu, izaki autonomo bihurtu behar ditugu, genero-eraikuntzatik eta gizon edo emakume gisa inposatzen zaizkigun roletatik askatu behar ditugu. Hainbeste irrikatzen dugun benetako berdintasun hori lortzea ahalbidetuko duen gizarte-aldaketak mutikoen protagonismoa ere eskatzen du. Horregatik, ezarritako estereotipo maskulinoetatik ateratzeko aukera eman behar diegu, eta nagusi den maskulinitatearen ordezko erreferente eta eredu alternatiboak eman behar dizkiegu, berdintasun handiagoko esperientziak, enpatikoagoak eta genero-agindutik askatuagoak bizitzeko aukera izan dezaten.
Mutikoak berdintasunean eta kultura patriarkalak ezarritako genero-roletatik aldenduta hezteak hazkunde-aukera positiboak eskaintzea dakar, haiengan kontzientzia kritikoa sustatzea diskriminazio-egoerak detektatu eta horien aurka oldartu daitezen, berba egiten, enpatikoak izaten eta emozioak behar bezala erabiltzen irakastea dakar.
Zalantza barik, familien zeregin hori gauzatzen zail edo gaitza da, batez ere, gure borrokaren xede diren indar hegemonikoen eraginez; izan ere, gura dugun aurrerapen moral eta soziala geldiarazten dute gogotsu indar horiek, eta, tamalez, beren mezu atzerakoiak hedatzeko bozgorailu pribilegiatuak dituzte.
Zaila da baina ez ezinezkoa, kontua da ez etsitzea eta gure zereginak merezi duela sinetsita jardutea. Zaila da baina ez ezinezkoa, kontua da ez etsitzea eta gure zereginak merezi duela sinetsita jardutea. Berdintasun handiagoko gizarte baterantz aldatzeko konpromisoa duten familia horiek guztiak gonbidatzen ditut irmo ezarritako estereotipoak apurtzera elkarrekin berdintasunerantz joateko, neskatoei merezitako protagonismoa emanez, baina aldi berean kontuan hartuta gizarte-eraldaketaren hazi edo ernamuina mutikoengan ere badagoela.
Eukene Arana. Berdintasun teknikari
Mediatekan dauden materialak laguntzeko:
BBK Familyk argitaratu duen berdintasunari buruzko artikuluak