Azkenean hain feministak ez ziren aita-ama batzuen istorioa

niña y niño superhero

Hau genero-berdintasunaren gaiarekin oso kontzientziaturik zeuden ama eta aita baten istorioa da, baina gertaerek erakutsi zuten ez zeudela hain kontzientziatuta.

Alabari izugarri gustatzen zitzaion superheroiz janztea, eta Spidermanez mozorrotzen zen beti. Saltoki handietara arropa erostera joaten zirenean, etsipenez ikusten zuten “mutikoen” atalean zeudela superheroiak, eta “neskatoen” atalean printzesak.  Gainera, haien alaba azpiko arropa saltzen zuten gunera joan eta alferrik ibiltzen zen superheroien marrazkiak zituzten kuleroen bila, guztiek printzesa, katakume edo adarbakarren marrazkiak baitzituzten. Gurasoek enpresei idazten zieten kexatzeko, eta enpresek beti erantzuten zieten esanez arrazoi zutela, saiatuko zirela aldatzen; eta bai, pixkanaka neskatoen atala eta mutikoen atala desagertu egin ziren errotuluetatik eta azkenean hasi ziren kuleroak superheroiekin ere egiten. Emakumezko superheroiekin kuleroak eskatzea berez bazen zerbait heroikoa, horretarako kultura zinematografikoak aldatu behar baitzuen.

Gauetan, aitak eta amak emakume zientzialarien ipuinak irakurtzen zizkioten alabari, baita Mafaldaren edo izan gura dutena izatea lortzen duten neskatoen istorioak ere…  Etxean aita eta ama garbitzen, janaria prestatzen, eskolara beraren bila joaten, … gutxi gorabehera lanak berdin egiten ikusten zituek alabak.  Emakume batek onartu behar ez zuena ere garbi azaltzen zioten: txiste matxistak entzutean barre ez egitea, berdintasuna helburu izatea, … harik eta egun batean bizitzak beren kontraesanak mahai gainean jarri zizkien arte.

Ipurdian zaplada “maitekor” bat

Hain zuzen ere, larunbat arratsalde batean, familiako lagun batek alaba agurtu zuen, ipurdian zaplada bat emanez “modu maitekorrean”, eta neska oihuka hasi zitzaion ipurdia berea zuela eta ez zuela zertan ukitu, hari ez zitzaiola batere gustatzen hori egitea.  Laguna, zur eta lur, barrezka eta keinuka hasi zen “Baina, zer gertatzen zaio neskato honi?” esanez bezala.

Aitak eta amak haurtzarotik ezagutzen zuten lagun hura, eta ez zuten jakin zelan erreakzionatu.  Zalantza zuten egin beharrekoaz: alabari lasaitzeko eta hainbesterako ez zela esan, ala lagunari halakorik ez egiteko esan. Zoritxarrez, une ezeroso hartan, neskatoa lasaitzea eta lagunari deus ez esatea erabaki zuten.

Etxera itzuli ostean, alabak, haserre, amari eta aitari galdetu zien ea zergatik pertsona batzuek, emakumeak nahiz gizonak izan, ipurdian zaplada bat emanez agurtzen zuten.  Gurasoek, erreakzionatzen jakin ez zutelako lotsa-lotsa eginda, zaplada hori onartezina zela erantzun zioten, eta berak zuzen jokatu zuela haserretuta.

Gauean, gurasoek egoeraz hausnarketa egin zuten, eta harritu egin ziren, keinu matxista eta abusua hain barneratuta zeudenez, hura gaitzesteak berak ezeroso sentiarazi zituelako.

Egia esateko, ipurdiko zapladarena gehiagotan ere errepikatu zen, emakume nahiz gizonen aldetik, baina hurrengoetan amak eta aitak egoki erreakzionatu zuten pertsona helduari jarrera hura gaitzetsiz. Gehienek ez zieten ulertu, eta ez zieten ondo hartu; are gehiago, histeriko, neurri bako eta paranoikotzat jo zituzten, baina jakina da aldaketa orok bere aurkakotasunak gainditu behar izaten dituela eta kosta egiten dela helmugara iristea.

Alabak, behintzat, argi zuen jarrera hura onartezina zela.

Andrea Alfaro. BBK Family

Artikulua interesatu zaizu? Seme-alaben hazkuntzari buruzko zalantzak edo kezkak badituzu, BBK Family taldeak zu aholkatzeaz poz-pozik egongo da. On line aholkularitza eskaintzen dizugu. Zerbitzua pribatua eta pertsonalizatua da. Kontsultak ezta erantzunak ere ez dira argitaratuko. Eta helarazi irakurri gura dituzun gaiak.

BBK Family Learning

×