Zelan hitz egin genero-indarkeriaz nire seme-alabekin?

Padre e hija

Genero-indarkeria gai konplexua da, askotan gaitza gure seme-alabekin jorratzeko. Gai garrantzitsua da, halaber, gure seme-alabekin ezartzen ditugun begirunezko harremanetarako eta eurek beren gisako edo parekoekin dituzten harremanetarako. Hori dela eta, ezinbestekoa da familian jorratzea eta gai tabuen artetik ateratzea.

Genero-indarkeria emakumeen aurkako bortizkeria da, emakume izate hutsagatik; ez da banakoaren gaia, ezta familiarena ere; aitzitik, gizarte-arazo baten aurrean gaude.

Garrantzitsua da genero-indarkeria identifikatzea eta haren garrantziaz berba egin ahal izatea, baita beraren adierazpen guztiek partekatzen duten egiturazko oinarriaz ere: botere-abusuaz, kontrolatu eta menderatzeko helburuaz, eta emakumeak gauza bihurtzeaz, gizonezkoen onurarako objektu gisa.

Gure familian edo gure seme-alaben harreman-ingurunean arazo hau ez dugunean ere, ongi hezteko erantzukizuna dugu indarkeria-mota hau gizartetik desager dadin, guztiak bezala, Giza Eskubideen urraketa baita.

Familia-harremanen eremuan ematen da gure seme-alaben nortasunaren zati bat, eta bertan baliozkotzen dira jokabideak eta harreman-moduak. Hierarkietan eta balioetan oinarrituriko harremanak dira, eta errespetuaren eta indarkeriarik ezaren balioak transmititzeko erabil ditzakegun lotura afektiboak daude bertan.

Gure seme-alabekiko harremanetan emozio jakin batzuk balioztatzen eta indartzen ditugu, eta, beste alde batetik, beste batzuk zigortzen eta kritikatzen ditugu. Gure familian, negar egin dezakegu mahaian egunean zehar gertatu zaiguna kontatzen dugun bitartean? Semeek eta alabek berdin egiten dute? Zer gertatzen zait nire alabak edo semeak zerbait kontatuz negar egiten duenean? Eta amorruarekin, berdin gertatzen da?

Gure seme-alabei eta lagunei begira jartzea jada urrats bat da aldaketa txikiak egiteko, harreman-modu batzuk zalantzan jartzeko eta aukera bidezkoagoak planteatzeko.

Gure seme-alabekin dugun harreman-moduak eragin handia du gizon edo emakume izateaz eurek zertzen duten irudiaren eraikuntzan, zein jokabide diren onargarriak eta zein zigorgarriak edo barregarritzat jo daitezkeenak.

Gai horiek hain barneratuta daude, ezen gaitza egiten baitzaigu horiek zalantzan jartzea, baina kontua da aukera txikiak aprobetxatzea gaiaz berba egiteko: prentsa idatzian edo telebistako saioren batean agertutako albiste bat, eskolan edo lagunartean gertaturiko pasadizoren bat, etab. Kontua ez da diskurtso handia egiteko momentuaren zain egotea, baizik eta eguneroko aukera txikiak baliatzea desberdintasunei buruz berba egiteko, edo errespetuaz, indarkeriazko edo Giza Eskubideen aurkako ekintzarik ez justifikatzearen garrantziaz… Eguneroko lana da, egunez egun, pazientziaz eta gure seme-alabekin dugun loturaren bidez egitekoa.

Gure seme-alabekin hitz egiteak aukera ematen digu gaia mahai gainean jartzeko eta eurei mezu bat transmititzeko, hots, gai horri buruz gurekin berba egin dezaketela lasai, uneren batean zalantzak badituzte, abusuzko egoera bat bizitzen ari direla uste badute edo horrelako egoeraren bat bizi duen norbait ezagutzen badute, lasai hitz egin dezaketela horretaz etxean.

Elkarrizketa hauek prebentzio- eta detekzio-tresna dira berez. Ez da erraza gure seme-alabengan edo beraien ingurunean genero-indarkeriazko egoerak antzematea; izan ere, normalean ezkutatu egiten dira horrelako egoerak, lotsa sortzen baitu horrelakoak bizitzeak, edo erru-sentimendua, biktimaren erantzukizuna dela uste izateraino agian berak ahalbidetu edo sorrarazi dituelako egoera horiek. Era berean, ez da erraza gizarte- eta harreman-testuinguruak egoera horiek justifikatzera edo minimizatzera eramaten gaituelako; kosta egiten zaigu egoera horiek aitortzea, bidegabeak, mingarriak eta umiliagarriak direlako, eta, beraz, jasangarriagoa gertatzen zaigu behingo zerbait izan dela, kontrola galdu dela edo gura barik izan dela pentsatzea.

Azken batean, guri kontatzea, horixe da gure seme-alabek edo inguruko norbaitek bizi duen genero-indarkeriazko egoera bat konpontzen lagunduko diguna. Eta guri konta diezaguten, ideia hau helarazi behar diegu: guretzat garrantzitsuak direla, epaitu barik entzungo diegula eta gurekin ingurune seguru eta babestu batean daudela, beraien ongizatea zaintzen dugula. Eta ideia hori helarazi ahal izateko, horren arabera jokatu behar dugu, eta horren etsenplu eman.

Garrantzitsua eta baliotsua sentitzearen sentimendu horrek bere buruaz irudi ona eta kontzeptu ona izaten lagunduko dio zure semeari edo alabari, entzuna izatea merezi duen norbait delako ideiarekin haziko da, sentitzen duena adieraz dezakeela eta errespetua merezi duela.

Deskribatzen ari garena bezalako ingurune seguru eta babestu batek autoestimu handia ematen du, eta hori ardatz garrantzitsua da indarkeria-egoerak hautemateko eta egoera horiek kontatzeko eta horietatik ateratzeko.

Montse Plaza Aleu. Genero-indarkerietan eta amatasunetan espezializaturiko gizarte-psikologiako doktorea.

Jaio aurreko, jaiotza-inguruko eta hazkuntzako psikologian prestakuntza. Laguntza psikologikoa. Prestakuntza. Gainbegiratzea

Artikulua interesatu zaizu? Seme-alaben hazkuntzari buruzko zalantzak edo kezkak badituzu, BBK Family taldeak zu aholkatzeaz poz-pozik egongo da. On line aholkularitza eskaintzen dizugu. Zerbitzua pribatua eta pertsonalizatua da. Kontsultak ezta erantzunak ere ez dira argitaratuko. Eta helarazi irakurri gura dituzun gaiak.

BBK Family Learning

×