Zelan prebenitu indarkeria matxista nerabezaroan?

Adolescente

Pentsatzen dut artikulu hau irakurtzen ari bazarete kezka hori duzuelako dela, ni bezala, herritar, feminista, autodefentsa feministako ikastaroen dinamizatzaile eta ama gisa. Ez da erraza galdera horri erantzutea, baina uste dut zaila dela ukatzea:  bat, erantzukizuna partekatua dela, eta maila asko hartzen dituen sistema patriarkal batean gaudela, eta, beraz, guztietan eragin behar dela; eta, bi, oraindik asko dagoela egiteko.

Bizi garen gizartean, haurtzarotik maitasun erromantikoaren mitoan murgilduta gaude guztiok, eta eraikuntza sozialek, irakaskuntzek eta hezkuntzak desberdintasunean oinarritutako eredu bat sustatu dute: eredu horrek genero-rol oso desberdinak eta desorekatuak inplikatzen ditu, eta sakrifikatu handia emakumea izaten da. Horren adibide bat bortxaketaren kultura da. Hau da, sexu-indarkeria “normalizatu” egiten da, gizonek eraso egitea ahalbidetzen da sinesmen-sistema konplexu baten bidez, hor sartuta telebista, txantxak, bideoklipak, publizitate-iragarkiak, porno hegemonikoa, … Horretaz guztiaz gain, ez du laguntzen daukagun sistema judizialak, horrek, egindako kaltea sinetsi eta konpondu beharrean, askotan, arazo gehiago sortzen dizkio-eta bizirik atera den biktimari.

Egoera latz horren aurrean, bakoitzak bere harri-koskorra ekarri edo ekarpentxoa egin behar du. Erantzukizuna erakunde publikoen, hezkuntza-erakundeen (formal eta informalen), familien, lagun-taldearen eta nerabeen euren eskuetan dago. Sistema desmuntatzea da erronka (lan nekeza eta geldoa), eta ezberdintasunean eta aniztasunean laguntzea eta heztea, eredu berriak eraikiz, sailkatuko eta zapalduko ez gaituzten ereduak. Pixkanaka oasiak sortu behar ditugu, eta horietan harremanak izateko beste modu batzuk sortu, aniztasuna, beste eredu batzuk, beste ipuin batzuk, beste abesti batzuk, beste jolas batzuk, … indartuz. Eta hor dago erronka handia; izan ere, masa-komunikabideen industria handia dugu aurka, besteak beste.

Lehenik eta behin, mahai gainean jarri behar da maitasuna ez dela inor azpiratzea, menderatzea edo inori ezer inposatzea, baizik eta ongizatea, enpatia, komunikazioa…  eta harreman osasuntsuak sustatzea (etxetik eredu izan eta etsenplu emanez). Eta bigarren, fokua arazoa dagoen tokian jarri behar da, eta erantzukizuna erasotzaileei egotzi behar zaie. Izaro Gorostidik azaldu du gure haurrekin zerbait gaizki egiten ari garela, arazo hau biktimaren ikuspegitik jorratzen jarraitzen badugu eta ez erasotzailearen ikuspegitik.

Zenbat gurasok azaldu diete beren alabei zelan babestu beren burua bortxa ez ditzaten? Zenbat gurasok irakatsi diete semeei ez dela jolasa neska bati taldean eraso egitea?Edozenbatek esan diote alabari gauez irteten denean: “Kontuz ibili, zerbait gerta dakizuke eta”. Edo zenbatek esan diote semeari: “Kontu izan eta ez ibili ipurdiak ukitzen baimen barik, musuak ematera behartuz, ekin eta ekin temati, …?”.Ez dugu gure arreta neskei beren burua babesten irakastera zuzendu behar; mutilei irakatsi behar diegu ez bortxatzen, eta ideia bat erabat baztertzea lortu behar dugu, hots, emakumeak jakinean daudela gizonek bortxatu egiten dutela; beraz, eraso bat gertatzen bada, norberak bilatu edo probokatu duelako dela.

Gure seme-alabekin asko berba egin behar dugu txikitatik. Berba egiteko konfiantza eman behar diegu, kritikatu edo epaitu barik, gurekin harremanez, maitasunaz eta/edo sexuaz berba egitea oso zail edo gaitza gerta dakiekeela ulertuta. Baina beharrezkoa da hori egitea, maitasuna (maitasun mota guztiak) eta sexualitatea gure bizitzaren parte baitira, eta eraso matxistei aurrea hartzeko erronka handienetako bat horien inguruan dagoen imajinario soziala aldatzea da. Afektuan, maitasunean, errespetuan eta guztientzat osasuntsua eta gogo-betegarria den sexualitatean oinarritutako harremanak eraikitzea.

Eguneroko jarraibide edo etsenpluaren bidez hezi behar da. Adibide praktikoak izan daitezke, gura ez badute, musu ematera ez behartzea, mugak jartzen irakastea, material ez-sexistak irakurri edo ikustera bultzatzea, film, serie, bideoklip edo kanturen batean sexu-indarkeriazko eszenak entzuten edo ikusten dituztenean, hori sexua ez dela azaltzea, hori botere-harreman batean egindako indarkeria dela. Edo, are gehiago, porno hegemonikoa kontsumitzen harrapatzen dituzuenean, ez errieta egin, eta baliatu aukeraz hori ikusi eta komentatzeko, eta, horrela, beraiengan espiritu kritikoa sustatzeko, ohartu daitezen praktika horiek ezin dituztela beste barik beren bizitzara estrapolatu, emakumeok ez garelako objektu sexualak zakila sartzeko zuloekin.

Nahiz eta beraien hezkuntzaren oinarria familiok jarri behar dugun, ordu asko ematen dituzte ikastetxeetan edo beste hezkuntza-jarduera batzuetan. Horregatik, gure esku dago haurtzarotik ikasgeletan sexu- eta afektibitate-hezkuntza legez egon dadila eskatzea.

Nazio Batuen Biztanleria Funtsak (UNFPA) deskribatzen duenaren arabera, Sexu Hezkuntza Integralak “informazio zientifikoki zehatza jasotzen du giza garapenari, anatomiari eta ugalketa-osasunari buruz, bai eta antisorgailuei, erditzeari eta Sexu Transmisiozko Gaixotasunei buruz ere”, eta “familia-bizitza eta harremanen, kulturaren, genero-rolen eta giza eskubideen, adibidez  genero-berdintasunaren, analisia” barne hartzen du. UNESCOk “haur eta gazteen osasun eta ongizatean funtsezkotzat” jotzen du horren zeregina.

Gaur egun, hezkuntza hori ikastetxeen esku eta nahierara geratzen da, eta adabaki moduan ematen da, sistematizatu eta ebaluatu barik, Nafarroan izan ezik, bertan aurtengo ikasturtean pilotu fasean baitago Skolae programa. Ez da erraza izan martxan jartzea, Unesco lako erakundeek saritu egin duten bitartean, hezkuntza horri uko egiten dioten zenbait familiak auzitara eraman baitute.

Azkenik, esan gura dut dena ez dela familia edo eskola, baizik eta erakunde publikoek ere erantzukizun eta ekintza-marjina handia dutela, eta guk, herritar gisa, behin eta berriro eskatu behar dugu, adibidez, diru-baliabide gehiago jarri behar dela emakumeen kontrako edo gizonen eta emakumeen arteko binarismoarekin bat ez datozen beste gorputz batzuen aurkako indarkeria prebenitzeko.

Izan ere, Kataluniako herri-esaera batek dioen legez, “De mica en mica s’omple la pica”, apurka-apurka, guztiok erantzunkide bihurtu behar dugu indarkeriarik bako mundu bat izateko.

Pili Álvarez Molés, soziologoa

Argibideak:

* “Matxista” terminoa aukeratu da, heteroaraua betetzen ez duten pertsonek jasaten dituzten indarkeriak ere barne hartzen dituelako; izan ere, gaur egun, homofobia gure ikasgeletan oso presente dagoen arazoa da.

Indarkeria matxistari aurre egiteko materialak:

4 eta 8 urteko ipuina: Arturo eta Klementina

BBK Family Learning

×