Familia tradizionala baino mota gehiago daude

Printze eder batek printzesa erreskatatu eta ongi bizi izan baziren, ongi hil ziren… ideia horrekin hazi izan gara gu.

Baina gero eta gehiago, familia tradizionala baino mota gehiago daude: guraso bakarrekoak, homosexualak eta berrosatutako familiak, besteak beste.

Zer da familia berrosatu bat?

Alderdietako batek edo biek familia berri horretara aurreko harreman bateko seme-alabak ekartzen ditu(zt)enean da. Gainera, gero gerta daiteke elkarrekin beste seme-alaba batzuk izatea.

Familia berri bat sortzeak ilusio handia pizten du, eta, era berean, estres eta ziurgabetasun handia ere eragin diezaguke: haurrek zelan eramango duten, familia bakoitzeko kide guztien arteko egokitzapena, etab.

Pertsona bat ezagutzen duzunean, bikote gisa interesatzen zaizunean, etorkizuna harekin pentsatzen duzunean eta bat-batean aurreko harreman bateko seme-alabak dituela esaten dizunean, buruhandi gelditzen zara. Jakina, hori harremana hutsetik, seme-alaba barik, hastea baino zailagoa izaten da, baina zuek gura duzuen bezain zaila edo erraza izango da.

Gure sinesmenek eta gure jarduteko eta pentsatzeko moduak uste duguna baino eragin handiagoa dute. Gure logika pribatuaren sorreran ez dute gurasoek bakarrik eragiten, edozein senidek edo irakaslek ere parte hartzen du, gure haurtzaroan gurekin harreman estua duten pertsonek. Eta, jakina, baita ere telebistan ikusten dugunak edo, batez ere azken belaunaldi hauetan, Interneten ikusten dugunak.

Eta zergatik esaten dut hori? Familia zoriontsu eta batuaren ideala saldu digutelako, eta horrelakoak izan badira, noski; baina, kasualitatez, familia hori gurasoetako baten heriotzagatik edo dibortzioagatik hausten bazen, eta azken hori apur bat kasu modernoagoa da, familia berriro osatzea haurrentzat zaila eta mingarria izango zela esaten ziguten, amaordeak edo aitaordeak txarto tratatuko zituelako gure seme-alabak.

Logikoa dirudi besteek esango dutenak, ezagutzen ez ditugun pertsonen edo gure familia edo lagunen kanpoko iritziek guri eragitea. Baina gutxi pentsatzen dugu gure buruan jada sartuta ditugun aurreiritziez, gu geu garenean familia berrosatu horren parte.

Zorionez, gero eta normalizatuago dago familia-mota desberdinak egotea, eta familia berrosatua da ohikoenetako bat. Ez da erraza, ezta bukolikoa ere, baina zoriontsuak izan gaitezke sinesmen horiek gainetik kendu eta familia berri horren osaketan burua eta bihotza jartzen baditugu.

Badaude oso harreman onak bikotekide ohiekin, eta beste batzuk hain onak ez direnak; zure bikotekidearen eta zure arteko argitasuna izango da gakoa. Funtsezkoa da azaltzea zer iruditu zaizun txarto bikotekide ohiarekiko portaerari dagokionez, enpatizatzea eta akordioak lortzen saiatzea.

Ni ez naiz amaordea, aitaordea nire senarra da, eta saiatzen naiz haren egoeran jartzen, ikusten zer premia edo beharrizan dituen asebete barik, edo zerk gogaitu dezakeen nire lehen semearekin edo bikotekide ohiarekin izan dezakedan portaera jakin baten inguruan.

Guraso izatea, berez, guk geure buruari ezarritako presio batekin etortzen da, eta, gainera, horri gehitzen badiogu zure familia osatzen duzunean zure bikotekideak aurreko harreman bateko seme-alabak ekartzen dituela, presio hori are handiagoa izan daiteke. Erraz erortzen gara konparazioan: “Jakina, zure alaba ez denez…” edo ez dugu ulertzen gure bikotekideak gure seme edo alaba gure aldean oso bestelako modu batean maita dezakeela eta ez dela ezer gertatzen.

Gaur 5 gako aipatuko dizkizuet, familia berrosatua izan ala ez, lagungarri izango zaizkizuenak.

  • ARGITASUNA: Zer paper gura duzu hartzea zure bikotekideak zure seme edo alabarekin?

Galdera hori oso garrantzitsua da norberak argi edukitzea eta gero, jakina, dagokion pertsonari helaraztea. Pentsa ezazu zure bikotekidea zure seme edo alabaren heziketan parte izatea gustatuko litzaizukeen ala zuk hartuko dituzun erabakiak eta berak jarraituko dizun zuk erabakitako horretan.

Gogoratu egokiena bi aldeak gustura egotea izango dela, pertsona eta familia bakoitza mundu bat dela eta zuen erabakia baino ez dela.

  • KOMUNIKAZIOA: Komunikazio ona duzue etxean?

Arazo gehienak gaizki-ulertuekin, adierazi gabeko sentimendu eta pentsamenduekin eta, jakina, horiek adierazteko moduekin etortzen dira. Bazenekien norbaitek ahots-tonu altu samarra duenean edo hitzik gabeko komunikazioa oldarkorra denean gure garun-zati primarioena, onik eta osorik mantentzen gaituena, aktibatzen dela? Eraso egin dizutela sentitzen baduzu, arrazionalki pentsatzen duen burmuinaren zure zatia deskonektatuta dago, eta, beraz, entzuten duzun guztia erasotzat hartuko duzu, eta hauxe baino ezingo duzu egin: eraso egin eta zeure burua babestu, ihes egin edo blokeatu, eta ezingo duzu ezer argi entzun edo erabaki.

  • ENPATIA: hain hitz polita eta praktikan jartzea zaila. Enpatia jakin-minez hartu behar dugu: jakin gura dugu beste pertsona zelan ari ote den une hau bizitzen bere benetako ikuspegitik. Emaiozu bere lekua gura duena adierazteko, eta zuk entzun erabateko arretaz sentitzen duena ulertu ahal izateko; zeure erantzunean soilik pentsatzen ari bazara, oso zaila izango da haren lekuan jartzea.
  • KIDE SENTITZEA:agian entzungo zenuen haurrek kidetasuna sentitu behar dutela maitatuak, seguru eta esanguratsuak sentitzeko. Helduak garenean ere behar dugu hori. Horregatik, aztertu seme-alabekin egiten duzun taldetik kanpo sentitzen den edo ez zure bikotekidea, eta sar ezazu tartean. Eta zalantzarik baduzu, galdetu! Horrek beti funtzionatzen du. Saihestu seme-alaba biologikoen eta ez-biologikoen arteko konparazioak, ez baitute inora eroaten.
  • ULERKUNTZA: Zure bikotekideak zuk ez bezala pentsa dezake hezkuntzari dagokionez, hitz egin ezazue eta saiatu akordio batera iristen, bi aldeak seguru eta lasai egoteko. Gainera, agian sentitzen du egiten duen guztia zalantzan jartzen zaiola, zure ikuspegitik ez ezik, familiaren (aitona-amonen, osaba-izeben…) ikuspegitik ere bai.

Sortu etxean naturaltasun-gune bat bizitzen ari zareten egoerarako, galdetu, zintzo jokatu, berba egin, akordioak lortu… Hori guztia, gainera, zuen seme-alabei bizitzarako trebetasun oso garrantzitsuak irakasten ariko da, zeren eta, dakizunez, haien erreferenteak baikara gu.

Helduen aldetik hasi naiz; izan ere, guretzat egoera normalizatuta badago eta elkar ulertzen saiatzen bagara, gatazkak daudenean besteari entzuten eta irtenbideak proposatzen irakatsiko diegu, eta egoera erraztuko du haurrekin moldatzeko.

Heztea berez da erronka bat, eta zaildu egiten da ama edo aita biologikoa ez zarenean eta, gainera, figura hori egon badagoenean haurraren bizitzan.

Aholku batzuk ematen dizkizuet etxean martxan jartzeko, kasu honetan txikienei dagokienez:

  • ERRESPETUA: Oro har, guztiarekin, familia berrira eta egoera berrira egokitzearekin, errespetua berarekin bizi ez den ama edo aita biologikoarekiko, esan gura dut beste gurasoak esaten edo egiten duena ez ezeztatzea, hori egiteak umeari leialtasun-gatazka baino ezin diezaioke sortu-eta; helduen artean hitz egin behar duzue horretaz.
  • IKUSGAITASUNA: Izendatzen ez dena ez da existitzen, amaordeari edo aitaordeari ikusgarritasuna eman behar diozue, horixe zarete eta ez duzue zertan ezkutatu.
  • JAKINGURA: Galdetu zer egin duen kanpoan izan den denboran, konta diezazula zer egiten duen bere ama edo aitarekin. Hemen tonua jakin-minarena da, beste etxean gertatzen dena kontatzeko aukera ematea, gure asmoak ez du izan behar informazioa ateratzea. Emaiozu konfiantza, edozer gauza esan diezazun.
  • KIDE SENTITZEA: Aitaordearen edo amaordearen figurarekin bezala, haurrek familia berri honetakoak direla sentitu behar dute, egin itzazue elkarrekin planak lotura hori errazteko, baina egoera behartu barik.
  • ADEITASUNA ETA IRMOTASUNA: Hori da Diziplina Positiboaren oinarria: adeitsuak izatea gure ahots-tonuarekin, txikerrenen egoera eta beharrizanak errespetatuz eta, aldi berean, hartzen ditugun erabakiekin irmoak eta kontsekuenteak izanez.
    Artikuluaren hasieran nioen bezala, lasaitasuna behar da, kide bakoitzaren denborak errespetatzeak gauzak erraztu egingo ditu eta. Puntu horiek berrikustera animatzen zaituztet, eta ea horietakoren bat aplika dezakezuen, zuen familia berrosatuaren barruan harremanak hobetu ahal izateko.

BBK Family Learning

×