BBK Familyk abenduan aurkeztu zuen “Etxeak eta COVID 19: Bizkaiko familio aurre egin beharreko inpaktuak eta erronkak” txostena. Azterlan horretan 1.000 pertsona inguruk parte hartu zuten, eta honako hauek aztertu ziren: familia-harremanak eta ongizate emozionala; lana eta zaintza, kontziliazioarekin batera; ikasketak eta prestakuntza aldi horretan; eta aisialdia eta gizarte-harremanak.
Aurkezpenean, emaitzak azaltzeaz gain, Roberto Aguado psikologia klinikoan aditua, Ana Martínez Pampliega psikologian katedraduna eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea, Israel Alonso pedagogian doktore eta EHUko irakaslea eta Sara Moreno Colom soziologian doktore eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea izan ziren familiek COVID konfinamenduaren ondoren aurre egin beharreko erronkak azaltzen.
Jarraian, profesionalek azaldu zizkiguten ondorioen eta erronken laburpena emango dizuegu.
Lehenik eta behin, azpimarratu behar da konfinamenduaren esperientziak ikaskuntza eta elementu positiboak ekarri zituela, bai maila pertsonalean, bai familiakoan, eta horien artean deigarriak dira:
Familia-harremanak eta ongizate emozionala:
Konfinamenduan zehar, kasu askotan, familia-harremanak positiboak izan dira; izan ere, senitartekoak konektatzeko eta birkonektatzeko aldia izan da. Nazioarteko hainbat azterlanen ildoari jarraituz, oro har, konfinamenduaren gauzarik onena senideekin denbora gehiago igarotzea izan dela nabarmendu dute neska-mutikoek eta nerabeek. Bestalde, alderdi positibo gisa, familiek ezbeharraren aurrean erresistentzia eta erresilientzia erakutsi izana ere azaldu da.
Hala ere, garrantzitsua da beste modu batean bizi izan duten eta zailtasunak izan dituzten familiei arreta eskaintzea, krisia ez baita osasun-mailakoa bakarrik izan, eta eragina izan baitu familia-ongizatearen hainbat alderditan. Zenbait etxetan, konfinamenduak iraun duen bitartean, tentsio edo tirabirak sistematikoak izan dira, eta bata bestearen atzetik gertatu dira; izan ere, bizikidetza-unitateko pertsona batek egoera nozitu duenean, horrek etxeko gainerakoei ere eragin die.
Gainera, familia-aniztasunak berekin dakar familien barruan sortu diren tentsio edo tirabira horiei buruzko begirada anitzak kontuan hartzea; izan ere, familia-harremanak aldatu egiten dira zenbait faktoreren arabera, adibidez: adinbakorik dagoen edo ez, guraso bakarreko familiak diren edo ez, seme-alaben kopurua, horien adina, etab. Horren haritik, azpimarratu behar da arreta jarri behar zaiela ikusezin bihurtutako errealitateei, sarritan ez baitira behar bezala agertzen datu estatistikoetan, batez bestekoetan, etab.
Konfinamenduan familietan tirabira gehien eragin duten faktoreen artean, honako hauek nabarmentzen dira:
–Gaitzarekiko beldurra, gaixorik dauden hurbilekoei agur esan eta lagun egitea ezinezkoa izatearen beldurra, kutsatzeko beldurra, etab.
– Etxe batzuetan bizi izan den bakardadea, batez ere adinekoen kasuan, ezin izan baitute egon bilobekin, seme-alabekin eta abarrekin.
– Bizikidetza-arazoak etxean leku komunak erabiltzean sorturiko eztabaidengatik, dela telelanerako, dela eskolak jarraitzeko, etab.
–Gizarte-zerbitzuez baliatzeko zailtasuna, adibidez, mendeko pertsonak (ezintasuna dutenak, eguneroko bizitza egiteko laguntza-beharrizan handiak dituztenak, …) bakarrik jagon edo artatu behar izan dituzten familien kasuan.
– Osasun Sistemaz baliatzeko zailtasuna, COVID19arekin zerikusirik ez duten arazo medikoen kasuan.
– Ikastetxeak ixtea, baita horiei lotutako zerbitzuak ere (jantokiak, eskolaz kanpoko jarduerak,…).
– Oro har ekonomiaren eta bereziki lan-egonkortasunaren inguruko ziurgabetasuna, lana galtzeko beldurra.
Harreman-mailan familiek irabazi egin duten arren, tentsio horiek eragin fisiko eta psikologiko negatiboa ere izan dute pertsona askorengan, eta insomnio edo loezina, lo-asaldurak, elikadura-asaldurak, buruko mina, urduritasuna, nekea eta abar jasan dituzte. Ondorioz, konfinamenduan zehar psikofarmakoen kontsumoak gora egin du nabarmen. Ondoez horiek kroniko bihur ez daitezen arduratu behar dugu, kroniko bihurtuz gero osasun mentaleko arazoak ekar ditzakete eta.
Tentsio handia jasan duten gizataldeetako bat nerabe eta gazteena da, beren lagun eta parekideengandiko deskonexio sozial handia sentitu baitute, eta beraien gainera zama astuna bota du krisi ekonomikoaren eta enplegu-suntsiketaren aurreikuspenek sorturiko ziurgabetasunak.
Zainketen ardura hartzen duten pertsonen ongizatean ere eragin berezia izan du pandemiak. Zeregin horien banaketari dagokionez, eta lehendik zegoen egiturazko desberdintasunaren testuingurua kontuan hartuta, esan daiteke COVID19aren krisiak indar handiagoz eragin diela emakumeei. Bereziki, kontuan hartu behar dira oinarrizko eta ezinbesteko sektore guztiak, gehienbat emakumeek betetzen dituztenak eta konfinamenduan zehar funtsezko zeregina izan dutenak: osasun-langileak, garbitzaileak, supermerkatuetako beharginak, etab. Emakumeentzat zama astunagoak izan dira zaintza-krisiaren eta konfinamenduaren ondoriozko tentsioak. Gainera, emakumeen egoera kaltebera edo ahultasuna areagotu egin da diskriminazioa eragiten duten hainbat aldagai elkartzen diren kasuetan, hala nola emakume migratzaileen, ezintasunen bat duten emakumeen eta abarren kasuan.
COVID19ak sortutako krisiak desberdintasunarekin lotuta lehendik zeuden beste “birus” askotan ere jarri du arreta. Lehenik eta behin, etxeko indarkeria aipatu behar da. Indarkeria matxistaren biktima diren emakume asko erasotzailearekin bakartuta geratu dira etxean, eta testuinguru horretan, haur eta nerabe askok indarkeria ikusi eta jasan behar izan dute.
Bigarren, COVID19ak familia sozioekonomikoki ahulenen osasunean izan duen eragina ere kezkagarria da. Pandemiak eragindako enplegu-suntsiketa baliabide gutxiko edo maila sozioekonomiko apaleko jendearen lanbideetan ari da bereziki eragiten. Kontuan izan behar da familia batzuek mugatu egin dutela babesgarrien ?adibidez, maskaren? erosketa; familia batzuek ezin izan dute segurtasun-gunerik sortu etxean kutsatutako pertsonak izanda ere; beste familia batzuk bizigarritasun-arazoak dituzten etxebizitzetan konfinatu edo itxita egon dira, etab.
Hirugarren, nabarmentzekoa da COVID19ak izan duen eragina buru-osasun edo mendekotasun arazoekin senideak zituzten etxeetan, lehen erabil zitezkeen gizarte-baliabideen aukera murriztu egin baita.
Laburbilduz, aurretik ahuleziak zituzten familiek gehiago sufritu dute; horregatik, familia batzuek beste batzuek baino laguntza handiagoa behar dute. Familien ongizatea eta bizi-kalitatea babesteko, hainbat profesionalek koordinatuta esku hartu behar dute, eta erakunde-eragileek, gizarte-erakundeek eta elkartasunezko sare komunitarioek parte hartu behar dute.
Zer erronka ditugu familia-harremanen eta ongizate emozionalaren eremuan?
•Funtsezkoa da gurasoen eta senideen arteko lotura emozionalak lantzea etxean, familiek emozioak kudeatzen jakin dezaten. Tresna emozionalak eman behar dira, gurasoek giro eta testuinguru emozional egokian lagun diezaieten seme-alabei. Gurasoen larritasuna eta ezkortasuna seme-alabengana igaro daiteke, baina baikortasuna ere kutsa daiteke.
•Halaber, funtsezkoa izango da senideen arteko liskarrak arintzen edo leuntzen dituzten familia-lotura guztiak babestea. Batzuetan, haur edo nerabe bat gurasoen arteko arazoak dituen familia batean dagoenean, gatazka moteltze aldera funtsezkoa da neba-arreben, aitona-amonen edo beste senide batzuen babesa izatea.
• Epe labur eta ertainean ager daitezkeen buru-nahasmenduen prebalentzia handirako prestatu behar da. Familiaren osasun mentalean inbertitu beharko litzateke. Horretarako, familia askoren baliabideak eta erresilientzia aprobetxatzea komeniko litzateke, esku-hartze farmakologiko hutsean ez erortzeko.
• Beharrezkoa da familiei kohesioa ematea, lotura eta atxikimendua sortzen duten errutinak eta erritualak galtzen direnean. Oro har, egoeraren ondorioak nozitu dituzte errutinek (janztea, antolatzea, zainketen banaketa, etab.) eta erritualek (familian oporrak, jaiotza-, ezkontza-, heriotza-ospakizunak eta abar), eta horren ondorioz familiek berriz negoziatu behar izan dituzte familia-arauak.
• Kontuan izanda COVID 19aren krisiak bikote batzuen loturan eragin duela, disruptiboak ez diren haustura eta dibortzioetan lan egin behar da, eta, bereziki, gurasoen arteko harremanak ahaldundu, haur eta nerabeen ongizatea babestuz.
•Konfinamenduan familien baitan sortutako indarkeria berrien identifikazioan aurrera egin beharko litzateke. Pertsona batzuek antsietate-maila handia izan dute, eta baliteke etsaitasunean oinarritutako harremanak izatea eta indarkeria situazionaleko gertaerak sortzea.
•Itxaropenezko elkarrizketak sortzen dituzten, koherentzia eta kohesioa ematen duten eta familiako kide guztiak arduratsu eta erantzunkide sentitzea ahalbidetuko duten narrazioak bultzatu behar dira. Testuinguru horretan, senideen arteko komunikazioak eskaintzen duen potentzialtasuna ere aztertu behar da, hala nola harreman birtualak (birtualtasun sinkronikoa).
•Une egokia da begirada norberaren familia-nukleotik harago jartzeko eta familien arteko elkartasuna sustatzeko. Interesgarria litzateke sare komunitarioak bultzatzea, familia-ongizateari dagokionez garrantzi handia dutelako, eta pandemia garaian sortutako elkartasun-oldea aprobetxatzea, tokian tokikoa eta komunitarioa indartuz.
•Funtsezkoa da gurasotasun positiboko programak eta politikak indartzea, gurasoei seme-alabak zaintzen eta babesten laguntzeko, batez ere egungoa bezalako ziurgabetasun handiko garaian.
Eskola eta prestakuntza:
Aldakortasun, ziurgabetasun, konplexutasun eta anbiguotasun maila altuek markaturiko egungo testuinguruan bereziki garrantzitsua da ongizate emozionala zaintzea.
Konfinamenduan zehar, ikasleek ondo ez ikasteko beldurra sentitu dute, eta ikasgaiak ez gainditzeko beldurra, baina beti ez da behar hainbat kontuan hartu errendimendu akademikoak zerikusi handia duela ikasleen emozioekin.
Bestalde, seme-alaben emozioak kudeatzeko tresnarik izan ez duten familiek tentsio handiagoa jasan dute eman duten jarraipen eta laguntza akademikoari dagokionez.
Ikastetxeek ere antsietate handiz bizi izan dute konfinamenduaren aldia, eta beldurra sentitu dute ustekabeko egoera ezezagun baten aurrean, egokitzeko gaitasuna probatu behar izan dutelarik. Hezitzaile batzuk ondo moldatu diren bitartean, beste batzuk egoerak gainditu ditu.
Azterlan askok erakutsi dute ikasketetan efikazia edo eraginkortasunak lotura duela hainbat faktorerekin, adibidez familiarekin (kideen arteko harremanak, familiak irakasleekin eta ikastetxearekin duen harremana), irakaslearen eta ikaslearen arteko harremanarekin, arkitekturarekin (baliabide materialak)…. baina horien guztien gainetik, eraginkortasunarekin lotura handiena duen faktorea ikasgelako giroa da. Horregatik, eskolak ikastetxeko espazio fisikoan ematea ezinezkoa izan den arren, giroaren faktore horri pantailen (eskola birtualen) bidez arreta jarri diotenek emaitza hobeak lortu dituzte.
Funtsezkoa da, edozein egoeratan baina are gehiago pandemia-testuinguru batean, hezitzaileek, ezaupideak ematerakoan, ikasleen giro emozionala neurtzea eta horretaz arduratzea. Irakasleek familiarengana gehiago hurbildu direnean eta ikasleen jarraipen emozionala egin dutenean, hobekuntza nabaritu da, ez bakarrik kalifikazioei dagokienez, baita beste alderdi batzuei dagokienez ere, hala nola eskola-absentismoa eta abar.
Edukiekin hasi aurretik beste alderdi hori aintzat hartzen ez denean, tentsioa sortzen da ikasleen hezkuntza-jarraipenean. Gainera, garrantzitsua da kontuan hartzea ikasle guztiek ez dituztela beharrizan berberak, eta ikasle batzuek ikasteko arazoak (emozio desatseginetan ?tristura, amorrua, nazka eta abarretan? zurruntasunen bat) edo zailtasunak izan ditzaketela, ezingo direnak behar bezala detektatu eta artatu, arreta ez bada horietan behar bezala jartzen.
Konfinamenduan zehar, hezkuntza-sistemaren zenbait gabezia ere agerian geratu dira, ikasteko zailtasunak dituzten haur eta nerabeen beharrizan espezifikoei dagokienez. Eskola birtualak jarraitzeko esperientzia ez da berdina izan ikasle guztientzat, eta aniztasunarekiko estrategia sentikorragoen falta nabaritu da.
Zer erronka ditugu hezkuntzaren arloan?
•Beharrezkoa da eskola-ingurunean emozioak zaintzea eta lantzea, horrek errendimendu-mailan onura positiboak dituelako eta porrot akademikoa saihesten lagun dezakeelako. Ildo horretan, beharrezkoa da adi egotea eta ikasle guztien beharrizan emozionalak ulertzea, eta ikasteko giro egokia sortzea ikasgeletan.
•Batzuetan ikastea baino garrantzitsuagoa da desikastea. Ikasgelan ikasteko giro egokia lortzeko gakoa honetan datza: jokabide kaltegarri, zurruntasun emozionalaren kronikotasun eta abarrekin zerikusia duten oztopoak edo baldintzatzaileak ezabatzean.
•Osasun mentala emozionalki malgutasunez erantzuteko gaitasuntzat har daitekeenez, eta horrek emozio batetik bestera modu orekatuan aldatu ahal izatea dakarrenez, komenigarria litzateke zurruntasun emozionalari aurre egitea, ikasleak emozionalki malguak izan daitezen.
•Garrantzitsua da sozializatzea ?batez ere, hezkuntza-esparru formaleko eta ez-formaleko profesionalen artean, baina baita familien artean ere? emozio desatseginak ez direla nahitaez negatiboak, emozio guztiak (negar egitea, haserre egotea, tristura, amorrua, etab.) baliagarriak direla testuingurua egokia denean, eta funtsezkoena horietan zehar igarotzen jakitea dela.
•Familiekiko hurbiltasun eta konfiantzazko harremanek, eta ikasleen jarraipenean eta laguntzan irakasleen inplikazioak, edukien transferentziatik harago, funtzionatu egiten du eta ondorio positiboak ditu; horregatik, lan gehiago egin behar da ildo horretan. Orain arte azpiegituretan eta metodologietan inbertitu izan da, baina are garrantzitsuagoa izan daiteke irakasleen prestakuntzan eta loturan inbertitzea.
Lana, kontziliazioa eta zaintzak:
Zaintza-lanetan ardura handiak hartzen dituztenean, jendea ez da libre egoten etxetik kanpo beste jarduera batzuk egiteko, adibidez ordaindutako lana, militantzia politikoa, gizarte-bizitza, kirol-jarduera eta abar. Aitzitik, pertsona bat lan-merkatuan edo eremu soziopolitikoan jarduteko oso libre dagoenean, asti gutxiago izaten du etxeko lanak bere gain hartzeko. Horrela, esan daiteke esfera publikoak eta pribatuak ontzi komunikatu gisa jarduten dutela. Esfera bateko edo besteko arduren banaketa desberdina da emakumeen eta gizonen artean, eta lanaren sexu-banaketari erantzuten dio: urte asko daramatza ezarrita eta generoaren arabera bereizitako sozializazioari esker irauten du.
Konfinamenduak agerian utzi ditu familietan lehendik zeuden desberdintasun-egoera batzuk, eta kasu batzuetan areagotu egin dira desberdintasun horiek.
Bildutako datuek erakusten dute emakumeek gizonek baino denbora gehiago eman dutela etxeko lanetan eta zaintza-lanetan, nahiz eta gizonek beren dedikazio edo arduraldia handitu egin duten modu bereizian, ikusgai bihurtuz espazio publikoarekin lotutako etxeko lanetan. Azpimarratu behar da konfinamenduan zehar kanpora irtetea (erosketak egiteko edo txakurra ateratzeko) pribilegiotzat hartu dela, eta gehienbat gizonek egin dutela. Oro har, emakumeek beren gain hartu dituzte jarduera zurrunenak, hala nola egunero janaria prestatzea, gehiago garbitu eta desinfektatzea, etab. Kudeaketa-lana da, pentsatzea eta ez errepikatzea eskatzen duena.
Era berean, gizonak emakumeak baino gusturago ageri dira etxeko lanen banaketarekin; izan ere, gizonek gehiago baloratzen dute beren dedikazioa emakumeek baino, emakumeek zama hori aurrez ere beren gain hartu ohi zuten eta. Gainera, sarritan, egiteko borondate hutsak gizonei gehien gustatzen zaizkien zereginak aukeratzeko pribilegioa ematen die (adibidez, kanpoko zereginak konfinamenduan).
Telelanari dagokionez, jasotako datuek erakusten dutenez, inkestaturiko biztanle askok aitortzen dute kontziliazioan lagundu egin diela. Hala ere, ezin da ahaztu lan-merkatuan hobekien kokatuta dagoen biztanleriak edo gaituenak bakarrik egin ahal izan duela telelana (oinarrizko zerbitzuek ezin izan dute hori egin, kualifikazio txikieneko lanek ere ez …).
Telelana egin ahal izan dutenen artean, badirudi telelanaren ideia beraren esperientzia baino erakargarriagoa dela. Gainera, konfinamenduaren garai zailak, non etxeko eremuan lana eta familia bateratu diren, ez du kostu bera izan etxeko pertsona guztientzat. Gogorragoa eta gatazkatsuagoa izan da etxe eta familiaren ardura edo erantzukizuna sentitu dutenentzat. Oro har, emakumeek gizonek baino kostu handiagoak izan dituzte tentsio eta gainkargari dagokienez: konfinamenduan telelana egin duten emakume askoren kontziliazio-estrategiak lanaldia ohiko ordutegitik kanpo atzeratzea ekarri du, adibidez gauera, goizaldera, … baina gizon askok espazio blindatua lortu dute etxean lan egiteko orduan, eremu komunetatik urrun eta etenaldietatik babestuta.
Konfinamenduaren hasieran, eta osasun-krisiaren ondorioz, telelanaren esperientziak komunikazio eta erantzunkidetasun handiagoko gizarte bateranzko aldaketan lagun zezakeela planteatu zen, bizitza erdigunean jarri eta zainketei balio handiagoa eman ahal izateko. Bederatzi hilabete geroago, kezkagarria da egiaztatzea aukera horri buruz ia ez dela berba egiten, eta edozelan ere “normaltasunera” itzuli gura dela, COVID19aren aurreko egoerara, erantzunkidetasun-mailak batere onargarriak ez ziren egoerara.
Zer erronka ditugu lanaren, kontziliazioaren eta zaintzen eremuan?
•Gura den kontziliazio-eredua telelanarena ote den hausnartu behar da. Telelan-eredu bat antolatu behar da, modalitate bat dela pentsatuz, eta ez kontziliaziorako tresna bat, telelana feminizatzeko arriskua baitago. Jada feminizatuta daude lanaldi partzialeko edo lanaldi murriztuko lanak, eta telelana kontziliazio-eredu gisa bultzatzen bada, hori ere feminizatzeko arriskua dago. Era berean, emakumeek, beren lantokietatik kanpo daudenean, erabakigune eta botere-guneetatik kanpo egoteko arriskua dute, eta hori oztopo izan daiteke beraien garapen profesionalerako.
•Lan egin behar da zereginen banaketan erantzunkidetasuna errealitate bihur dadin. Aukera galdu bat egon da konfinamenduan erantzunkidetasuna areagotzeko, eta orain premiazkoa da berdintasunean eta zuzentasunean aurrera egitea, egungo desberdintasun-egoera iraultzeko.
•Emakumeak beste esparru batzuetan ez egotearen arrazoia etxean duten larregizko karga da. Erantzunkidetasun handiagoko gizarte bateranzko aldaketak indibiduala izan behar du, baina behar bezalakoa izan dadin, aldi berean prozesu sozial eta politiko bat ere gauzatu beharko da.
Aisialdia eta gizarte-harremanak:
Konfinamendu garaian “olatuetan surf egin” behar izan da, gogo-aldarteak oso aldakorrak izan dira, eta, jakina, familia guztiek ez dute gaitasun bera izan egoerari aurre egiteko, baina, zelanbait ere, esan daiteke, oro har, konfinamenduan familiek aisialdi gizatiarragoa sortu eta gozatu dutela, zaintza, ongizate eta justizia sozialari dagokienez.
Krisi-une honetan, familiek berek aurkitu behar izan diote zentzua bat-bateko egoera berriari, eta aurre egiteko mekanismoak ezarri behar izan dituzte. Testuinguru horren ondorioz, hierarkizatu egin dira lehentasun pertsonalak eta familiarrak, etxeetan egokitzeko zelanbaiteko mugimendu naturalarekin, eta hainbat errutina hartu dira, adibidez, etxean ariketa fisikoa egitea, atsedenaldiak, familia-jolasak eta, batez ere, gizarte-harremanen garrantzia, familien aisialdiaren erdigunean kokatu baitira. Egoera kritiko horren aurrean, non ziurtasunak eta inertziak kolokan jarri diren, familiek kanpo-harremanak zaintzeari ekin diote, egunerokotasunarekiko lokarri bat baitira.
Harrigarria gertatu da konfinamenduan zehar haurrek egokitzeko eta eraldatzeko izan duten gaitasun handia; nerabeek, berriz, tentsio handiagoa bizi izan dute beren gizarte-harremanak eta aisialdirako eta topaketarako guneak mugatuta ikustean. Gizarte-harremanez gain, kirola eta natura izan dira familiek bereziki faltan nabaritu dituzten arloak.
Beldurra eta ziurgabetasuna gorabehera, lehen ematen ez ziren topaketak aktibatu dira. Pandemiak harreman informalak sortu ditu, non komunitarioaren garrantzia nabarmendu den, eta berritasun gisa etxetik hurbilen daudenekiko, besteak beste, auzokoekiko, interakzio edo elkarreragin handiagoa agertu da. Era berean, familia gehienak antzeko egoera batean aurkitu diren unea izan da konfinamendua, eta errazagoa gertatu zaie gainerakoekin enpatizatzea eta elkartasun-mugimendu garrantzitsua sortzea.
Zer erronka ditugu aisialdiaren eta gizarte harremanen eremuan?
•Harreman- eta aisialdi-guneak funtsezko zerbitzutzat hartu beharko lirateke, eta horiek eraiki eta egokitzeko familien parte-hartzea eta inplikazioa sustatu. Zehazki esanda, haurrak eta nerabeak gune horien eraikuntzaren parte aktibo gisa hartu beharko genituzke, leku seguru eta entzute aktiboko leku ere bihurtuz, eta beraien emozioak eta frustrazioak diseinu partekatu horretan sartu.
•Komeniko litzateke familiek konfinamenduan elkarrekin ikasitako gauza positiboak sartu eta mantentzea, beste erakunde batzuekin, gizarte-zerbitzu, ikastetxe, udal eta abarrekin sarean lan egiteak duen garrantzia azpimarratuz, prebentzioari eta baterako jarduketa-protokoloen garapenari dagokienez.
•Lehentasuna izan behar du hezkuntza ez-formaleko lanari berriz ekiteak, ikasteko funtsezko guneak baitira, eta gune horiek familientzat eta haur eta nerabeen garapenerako duten garrantzia onartu behar da, hezkuntza, kirol, aisialdi, gizarte-harreman eta abarren aldetik. Ildo horretan, funtsezkoa da kirolarekiko eta naturarekiko lotura berreskuratzea, pandemia garaian espazio mugatuak izan baitira.
•Beharrezkoa da gogoeta egitea teknologia berriek familietan duten eginkizunari eta eraginari buruz, baita Internet, smartphone eta abarrekiko konexio gero eta iraunkorragoaren ondorioei buruz gogoeta egitea ere.
•Familia ahul edo kalteberenak ikusarazi eta babestu behar dira, ikastetxetik eta eskolatik harago harremanetarako eta gerturatzeko guneak sortuz, familiak bakarrik eta deskonektatuta egon ez daitezen. Inklusio edo gizarteratzea, desberdintasun sozialak, eskola-arrakasta eta eraiki beharreko gizartea bera daude jokoan.
Beharrezkoa da pandemian sortutako espazio komunitarioak babestea eta sortutako elkartasun-mugimenduan familiak parte hartzera bultzatzea, gizarte-eraldaketa eta aldaketaren dimentsioa sustatuz.
Horiek izan ziren aurkezpenean azterlanaren datuak interpretatu ondoren planteatu ziren erronkak. Nahi baduzu, estudioa deskarga dezakezu, edo nahiago baduzu, laburpen bat deskarga dezakezu.
Joan den abenduaren 17an egindako azterlanaren aurkezpena ere ikus dezakezu. Honako hauek izan ziren bertan: Roberto Aguado, psikologia klinikoan aditua; Ana Martínez Pampliega, psikologian katedraduna eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea; Israel Alonso, pedagogian doktorea eta EHUko irakaslea; eta Sara Moreno Colom, soziologian doktorea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea.