Haurrek errutinak, ohiturak, baita mugak ere, behar dituzte beren erregulazio fisiko eta emozionalerako. Horren barruan sartzen da ordutegi edo aldi batzuk errespetatzea bazkaltzeko, atseden hartzeko, lo egiteko, garbitzeko, jolasteko… Hori horrela izanik, garrantzitsua da horri eutsi nahi diogunean, izugarrizko zurruntasunik ez ezartzea geure buruari eta beste zaintzaile batzuei. Malgutasun-tarte bat egon daiteke.Kontua ez da neska-mutikoei ezegonkortasuna sortzea, kontua ez da oinarrizko egitura bat ezabatzea edo bat-bateko aldaketa edo haustura handiak egitea.Egitura bat mantentzen jarraitzea da kontua, zelanbaiteko malgutasuna barne uneren batean beharrezkoa badin bada.
Hori bereziki esanguratsua da garai batzuetan, hala nola oporretan: eguneroko erritmoa aldatu egiten da, bidaiak egin ditzakegu, beste leku batzuetan egon gaitezke, eguraldiak eta beroak baldintzatzen gaitu, eta/edo gure artean zaintzaile gehiago ager daitezke. Azkeneko horri dagokionez, oso garrantzitsua izango da zainketak partekatuko dituzten pertsonenganako esker ona eta konfiantza. Agian ez dituzte zainketak guk nahiko genituzkeen bezalaxe egingo (ikuspegi apur bat desberdina dutelako, beren egoera fisikoak mugatu egiten dituelako, edo elementu afektibo jakin edo bestelako elementu batzuk lehenesten dituztelako). Baina ondo edo aski ondo zaindu eta jagon ahal izango dituzte umeak. Izan ere, segur aski, oso ekarpen baliotsuak egingo dizkiete gure seme-alabei. Edozelan ere, beti bilatu ahal izango ditugu adostasunak eta akordioak lauzpabost gai nagusitan, eta onartu zenbait gauzatxo beste era batera egingo dituztela.
Garai batzuetan edo zaintzak partekatzean erritualetan eta ohituretan egon daitezkeen aldaketa txikiak “lehengoratu” ahal izango ditugu gero egunerokotasunera edo erreferentziazko ohiko testuingurura itzulitakoan. Hori errazagoa izango da, noski, aldaketa oso desberdinak edo oso zakarrak ez dauden heinean eta/edo esplizitu egiten bada “orain” edo “hemen” desberdintasun batzuk egongo direla baina gero gure bizilekuan gauzak ohikoagoak edo beste modu batera izango direla berriro. Hala ere, egonkortasuna mantentzea garrantzitsuagoa da umetxoen, neska-mutil txikiagoen edo profil jakin batekoen kasuan.Beti legez, zelanbaiteko oreka bilatzea da lortu beharreko erantzuna eta helburu zaila.
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.