Emozioek “eragiten” digute hazkuntzan?

“Nola iritsi gara horrela eztabaidatzera gauza beldurgarri hauek elkarri esanez?

10 minutu berandu dator. Zer gertatu ote zaio? Etortzen naizenean esango diot ez dela gehiago irtengo ordu hauetan, nik ez dut hain txarto pasatu nahi”.

Kaka zaharra, negarrez ikusi nau! Zer pentsatuko ote du nitaz?” 

“Ea nork esaten dion urtebetetzea amaitu dela eta jaso egin behar dela dena. Ez dakit ideia ona izan den hainbeste estimulazio eta hainbeste azukre…”

Agian, egoera horietakoren bat bizi izan duzu edo bizi dezakezu hazkuntzan zehar. Desberdinak dira, baina guztiek dute zerbait komuna: emozioak eta horiek kudeatzeko modua “eragiten” ari dira gugan.

Izan ere, amorrua, beldurra, tristura, errua, poza, lasaitasuna… lantzeko dugun moduak eragina du gure pentsatzeko, erreakzionatzeko edo jarduteko moduan. Onerako eta txarrerako. Ez da gauza bera eztabaidan hastea neurriz kanpoko amorru oldarkor batekin edo indarkeriarik gabeko komunikazioa ahalbidetzen duen lasaitasun apur batekin. Ez da gauza bera gure alabari zerbait txarra gertatuko ote zaion dugun irudizko beldurra aitortzea eta hori lantzea, edo beraren autonomia-prozesua etengo duen erabateko izu-ikaran sartzea. Desberdina da tristura gure bizitzetan egon daitekeela onartzea, eta kosta ahala kosta ezkutatzea eta, adierazten ikusten bagaituzte, errua sentitzea. Eta ez da gauza bera alaitasuna indartzea edo zoriontsu izateko neurrigabeko euforia elikatzea, gero baretzea zaila den zerbait.

Baina, zer dira emozioak?

Emozioak gure gorputzaren erantzunak dira egoera jakin batzuen aurrean. Ezaugarri batzuk dituzte:

  • Oso azkarrak dira (segundo batzuetako kontua da)
  • Inkontzienteak dira (gure gorputzean “salto egiten dute” gu ia konturatu barik)
  • Erraz “kutsa” daitezke pertsonen artean.

Gainera, ez dago emozio positiborik edo negatiborik. A priori, guztiak dira beharrezkoak eta egokitzaileak. Adibidez, ona da kale ilun batean beldur izatea, egokia da amorrua sentitzea zure aurkako bidegabekeria bat egiten badute, komenigarria da nazka sentitzea egoera txarrean dagoen elikagai baten aurrean, edo triste egotea maite dugun norbait hil bada, ikasteko jakin-mina sentitzea, edo zelanbaiteko errua bizitzea akats baten aurrean, etorkizunerako alternatiba desberdinak bilatu ahal izateko.

Emozioekin gauza korapilatu egiten da, adibidez, emozioak sentitzea geure buruari “debekatzen” diogunean, bakarren bat “deuseztatu” egiten dugunean, beti emozio berean gaudenean, emozio horiek intentsitate handiegiz bizitzen ditugunean, zenbait egoeratarako zentzu egokitzailerik ez dutenean edo, harira etorri barik, testuinguru batetik bestera eramaten ditugunean. Adibidez, normala da zelanbaiteko haserrea sentitzea norbaitek zure mahaitik zerbait mugitu badizu, baina ez haserre bortitz batera iristea. Era berean, ez da egokia beti gauza guztiengatik haserre egotea, edo inoiz ez haserretzea, edo lantokiko haserrea etxera eroatea.

Horregatik, garrantzitsua da Adimen Emozionala deritzoguna garatu ahal izatea. Haurtzaroan hasten da, nerabezaroan, gaztaroan… eta bizitza osoan jarraitzen du. Adimen Emozionalak gaitasun batzuk lortzea dakar, honako hauetarako:

  • Autokontzientzia emozionala izateko.

Gorputzean zer emozio sentitzen ari naizen, nola deitzen zaion, zer intentsitaterekin ari naizen hori bizitzen, zelan eragiten didan, ea momenturako egokia ote den… identifikatzea esan nahi du.

  • Emozioen autorregulazioa izateko.

Horrek ekartzen du emozioa intentsitate egokira moldatu ahal izatea, modu egokian edo behar bezala adieraztea edo, egoera horretan laguntzen ez badu, beste batera aldatu ahal izatea.

  • Automotibazioa sortzeko.

Kasu honetan, emozio egoki batean kokatzea bilatzen da, erronka bati, zeregin bati, konpromiso bati… ekiten lagun diezadan.

  • Enpatia emozionala sustatzeko.

Beste pertsonaren emozioak hauteman eta ulertzearekin lotutako enpatia, beste pertsonaren ekintzak nigan “itzartzen” dituen emozioak, eta nire emozioa modu egokitzailean doitzeko era, elkarrekiko errespetuzko edo laguntzazko harremana izateko.

  • Gizarte-trebetasunerako.

Trebetasuna, enpatia emozionaletik abiatuta, errespetuz eta asertiboki erlazionatu ahal izateko.

Adimen Emozionalaren garapen-prozesu hori guztia pixkanaka eginez joaten gara, ia konturatu barik. Izan ditugun esperientziek, bizipenek, gauden testuinguru sozialak eta, batez ere, gure jatorrizko familiaren edo gure sare afektiboaren ereduak eragingo digute.

Alde horretatik, kontuan izan behar dugu gurasook emozioei dagokienez elkarloturiko bi zeregin edo “ataza” handi ditugula:

  • Geure emozioak kudeatzea

Adimen emozionala funtsezkoa da edozein pertsonarekin harremanak izateko, baita gure seme-alabekin ere hazkuntza-garaian. Beharrezkoa da, adibidez:

  • Gure seme edo alabarekin zer emozio sentitzen ari garen kontzientzia hartzea eta identifikatzea.

Kontua da ikustea zer emozio sentitzen dudan, zelako intentsitatea duen nire emozioak, ea komenigarria den gure seme edo alabarekiko egoerarako, ea beste leku batzuetatik “ekartzen dugun” hori zentzu barik, eta ea beharrezkoa den “aldatzea”. Hori amorruarekin gerta dakiguke. Batzuetan, gehiegi amorratzen gara, haien amorruak kutsatzen gaitu, “indarkeriazko” eskaladan sartzen gara, etxera sartu aurretik haserre gaude eta pazientzia gutxiago dugu edo amorruak blokeatu egiten gaitu entzun, negoziatu edo diziplina positibo bat lasaitasunez gauzatu ahal izateko. Beharrezkoa izango da haserrea mailaz jaistea eta nolabaiteko lasaitasunera pasatzen saiatzea.

  • Gure seme edo alabaren emozioarekin konektatzea, emozio hori ulertzea, baliozkotzea eta estaldura ematea.

Adibidez, gure haurrak txakurrei izan diezaiekeen beldurrarekin konektatu beharko dugu, hori ulertu, ez barregarri utzi, beldur horrekin sintonizatu, ez utzi izuari gu gainditzen, eta lasaitasun edo segurtasunezko emozio batean jarri, zelanbaiteko lasaitasuna eman diezaion eta bere beldurrari halako “ausardia” batez aurre egitera animatzeko. Era berean, janari berri bati izan diezaioketen nazka ulertu eta esplizitu bihurtu ahal izango dugu: “Badirudi tomateak atzera eragiten dizula, nazka apur bat ematen dizula. Horrela da? Batzuetan, gauza berri batzuek higuina ematen digute… Tomatea osasungarria da… Bai… agian… pixkanaka… beste era honetara… ohitzeko… pazientzia beharko dugu”.

  • Zer eredu, sinesmen eta ikuspegi “dakartzagun” aurkitzea, eta horietako zeintzuk baldintzatzen duten gure estilo emozionala, oro har, eta baita hazkuntzan ere.

Adibidez, amorru neurrigabe eta bortitz bat justifikatzen duen diziplina larderiatsuko eredu bat badut, ez naiz nire seme edo alabaren beharrizanei behar bezala erantzuten ariko. Uste baldin badut “negar egitea” ahulen kontua dela, ez dela “gizonena”, edo ezkutatu beharreko zerbait dela, litekeena da nire semeak ere ideia hori hartzea eta tristuraren adierazpena deuseztatzea bere oraingo bizitzan edo helduaroan. Euforiaren bidez zoriontasuna kosta ahala kosta lortu behar den gizarte-eredu batekin bat egiten badut, hazkuntzan edozein frustrazio saihesten saiatuko naiz, edo beti bilatuko dut jarduera estimulatzaileekin “dena emanda ibiltzea” horrek dituen ondorio negatiboen.

  • Emozioak kudeatzeko zer eredu ematen ari gatzaizkien jabetzea.

Jakin badakigu ikaskuntzaren zati handi bat imitazioz egiten dela. Eta gure seme edo alabek ere imitatuko dute zelan landu emozioak. Edozein erronkaren aurrean aldez aurretik beldurra aktibatzen badugu beti (“eta gaizki ateratzen bada? … Baina begira zer arrisku dituen… Eta engainatzen bazaituzte?… Eta gainera…”), litekeena da beren erronkak ere horrela planteatzea edo ez aurre egin gura izatea. Nekearen aurrean iragazkirik gabe amorruz eztanda eginez erreakzionatzen badugu, hori ere kopiatu ahal izango dute. Amorrua lasaitzeko, tristura adierazteko, jakin-mina agertzeko… egiten ditugun saiakerak ikusten badituzte, aukera gehiago beraiek ere horretan ahalegintzeko. Eta kasu hauetan oso interesgarria da hitzak jartzea: “Asko haserretzen ari naiz eta lasaitzen saiatuko naiz gauza itsusiak ez esateko”. “Negarrez ari naiz, lagun bat gaixorik dagoela jakin dudalako”. “Ez nintzen zuri jaramonik egiten ari zeharo ‘lelotuta’ nengoelako dokumental honetan esaten dutenarekin. Jakin-min handia sortu dit”.

  • Gure seme edo alabei emozioak kudeatzen laguntzea.

Jaiotzen garenean, gure burmuin emozionalena oso aktibo egoten da eta, horren ondorioz, ume txikiek emozioak bizi-bizi sentitzen dituzte. Helduok autokontrola izateko eta emozioak bideratzeko ditugun estrategiak oraindik ez dituzte txertatuta izaten, haien burmuin arrazionalena oraindik ez dagoelako hain garatua, ez dutelako hori lortzeko hainbeste modu ikusi, edo ez dituztelako horretarako gorputz- eta adimen-formula batzuk ikasi.  Beraz, gurasooi eta helduoi dagokigu haiei beren emozioekin laguntzea. Heterorregulazio emozionala esaten zaio horri. Ezin dugu espero izan ume txiki-txiki bat bera bakarrik “lasaitzea” beldur handia badu, oso haserre edo supereuforiko baldin badago, adibidez. Gure lasaitasuna behar du lasaitzeko.

Gure laguntzarekin eta gu beraien eredu izanik, pixkanaka ikasten joango dira nolabaiteko autoerregulazio emozionala izaten, jakinda prozesu luzea dela eta, adibidez, nerabezaroan nolabaiteko desregulazioa egoten dela berriro eta une kritikoa izaten dela laguntza emozionalerako.

Amaitzeko, interesgarria da haurrei beren gorputzean zer gertatzen zaien identifikatzen laguntzea, zelan deitzen zaion horri, zerk eragiten dien horretara…, beren emozioak kudeatzen lagundu, horretarako formulak eman eta gu ere ikus gaitzatela horiek erabiltzen. Badakigu 6-7 urtetik aurrera has daitezkeela aldaketa esanguratsuagoak ikusten, enpatia emozionalean adibidez, aurreko etapetako egozentrismo markatuagoa albora uztean.

Hori guztia batzuetan ez zaigu erraza gertatzen, ez baitziguten guri erakutsi haur, nerabe… ginenean. Gainera, batzuetan, adimen emozionalaren etsai diren neke- eta estres-egoeretan murgilduta egoten gara. Edo laguntzen ez duten gizarte-eredu eta -dinamiketan sartuta aurkitzen gara.

Gure emozioen eraginaz jabetzea eta zentzu horretan geure burua ezagutzea da lehenengo gauza.  Hortik aurrera, errazagoa izango da adimen emozionalak hazkuntzan laguntzea eta gure seme edo alabei ere hura garatzen laguntzea. Batzuetan, tresnak, formulak, errezetak… eskatzen ditugu, gure alaba hain beldurtia izan ez dadin, amorruz leher ez dadin, pozikago egon dadin, ikasketekiko jakin-min handiagoa izan dezan, … egin dezakegun “lan” guztiaren zati handi batek emozioak sortzearekin zerikusia duela konturatu barik.

Nola lortu emozioek hazkuntza ez eragitea, ez “zamatzea”, baizik eta “arintzea”? Erronka bat dugu. Ekin diezaiogun, ba.

Bego Ruiz. BBK Family

Aste honetan emozioak izango dira kanpainaren hizpide. Horretarako Begoña Ibarrola psikologoak prestatu du ikastaro bat: Erregulazio emozionala lehen 8 urtetan.  Dohainik eta onlinekoa da. Informazio gehiago eta izena emateko hemen.

Lehen ikastaroaren bideoa ikusteko:

Aste honetan honako erronka bat Eva Bachek proposatzen dizu:

Fiesta para familias para celebrar la campaña “¿Estás ahí?”

Taller “¿Estás ahí?” para mejorar la disponibilidad en la crianza

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

BBK Family Learning

×