Dislexia deszifratzea: Hezitzaileak eta familia, arrakastaren gakoak

“Denok gara jenioak. Baina arrain bat zuhaitzak igotzeko duen trebetasunaren arabera epaitzen baduzu, bizitza osoa emango du ergela delakoan”. Albert Einstein

(Biñeta barruko testua: “Ebaluazioa bidezkoa izan dadin, guztiok proba berbera egingo duzue: horko zuhaitz horretara igoko zarete”)

“Animalien Eskola” alegia (George Harve Reavis):

2021eko urrian argitaratu genuen Dislexia: Eta hobeto integratzeko oztopoak ezabatzen baditugu? artikuluaren jarraipen gisa, gaur ikaskuntza-nahasmendu honen hainbat alderdi aletzen jarraituko dugu; seguruenik denetan ohikoena da nahasmendu hau, eta munduko biztanleriaren % 5 eta % 10 artean ukitzen du*.

Garrantzitsua da azpimarratzea dislexia ez dagoela lotuta pertsona baten adimenarekin edo adimen-gaitasunarekin; idatzizko hizkuntza prozesatzeko garunak duen moduari buruzko ezberdintasun bat baino ez da. Baina irakurketa-, idazketa-, ortografia- eta kalkulu-trebetasunei eragiten dienez, eragin nabarmena izan dezake ikasleen errendimendu akademikoan, baldin eta “guk ez badakigu haiek ikasten duten moduan irakasten”.

Zoritxarrez, seme-alabentzako laguntza bila egunero gure elkartearekin (“Dislexia Euskadi Elkartea”) harremanetan jartzen diren familien kopuru handiak erakusten digu gaur egun familiok eta hezitzaileok inoiz baino ezaupide eta tresna gehiago ditugula ikasle bakoitzak bere zailtasunarekin bat datorren heziketa egokia jasoko duela ziurtatzeko, baina ez direla ezagutzen eta/edo ez direla aplikatzen.

Funtsezkoa da laguntza egokia ezagutzea eta ematea, eta gogoratzea ikasle bakoitza bakarra dela, irakaskuntzako estrategia egokituekin irakurketa eta idazketako trebetasunak gara ditzakeela, erronkak gaindi ditzakeela eta bere hezkuntzan arrakasta lor dezakeela. Hezitzaileak eta familia ezinbesteko zutabeak direnez dislexia duten pertsonen arrakastan laguntzeko, segi beharko lituzketen jarraibide eta gomendio batzuk eskainiko ditugu hemen:

Hezitzaileentzat:

“Hezitzaileentzako dekalogo” berria lehen pertsonan idatzia eta gure elkarteak argitaratua dago, eta eskolan kontuan hartu beharreko gomendio nagusiak laburbiltzen ditu:

  1. Bila nazazu: badakizu zure gelan nagoela, bila nazazu. Antzeman itzazu nire zailtasunak, baita irakurketa hasi aurretik ere. Zailtasun fonologikoei garaiz heltzeak nire irakurketa-errendimendua hobetzen lagunduko dit.
  2. Balora ezazu nire ahalegina: ez nazazu heldugabe, alfer edo trakestzat jo. Alderatu edo konpara ezazu nire ikaskuntza-prozesua, nire zailtasunak gainditzeko egiten dudan ahaleginaren arabera. Zuk pazientzia sustatzea eta nire autoestimua indartzea behar dut. Balioetsi itzazu nire aurrerapenak.
  3. Arrakasta: ziur egon zaitez irakasle guztiek ezagutzen dituztela nire zailtasunak, eta jarduera-plan pertsonalizatua egin dezatela, irakasgaiak arrakasta-bermez ikasten has nadin laguntzeko.
  4. Familia: familiarekiko komunikazioa funtsezko zutabea da nire garapenerako. Erregulartasunez ezagutu behar du ikasi behar dudan zera garrantzitsuena. Familiaren eta zure laguntzarekin, aurrera egin eta ongizatetik aurre egin ahal izango diet nire ikasgelako erronkei.
  5. Ingurunea: zaindu ezazu nire ingurunean arrakasta lortzen eta zoriontsu izaten ikusi nahi nauen jendea dudala.
  6. Planifikatu: planifikatu jarduera eta irakasteko modua, lorpenak lortuko ditudala ziurtatzeko. Irakurtzeko dudan zailtasunak nire beharrizanetara eta ikasteko estilora egokitzen diren hezkuntza-baliabideak aukeratzea eskatzen du.
  7. Baliabideak: hauta itzazu ikasi behar dudan edukiaren alderdi garrantzitsuak eta funtsezkoak. Emazkidazu nire zailtasunetara egokitutako baliabide informatikoak eta teknikoak. Hobeto ikasten dut berdinen talde txiki, egonkor eta iraunkorretan.
  8. Erraztu: sar itzazu irudiak edo grafikoak idatzizko testu baten enuntziatuetan. Emadazu testu-irakurgailua eta ahots-ezagutzea dituen ordenagailua erabiltzeko aukera. Irakur iezazkidazu galderak proba baino lehen eta ziurtatu ulertu ditudala.
  9. Denbora: denbora gehiago behar dut idatzizko eta irakurrizko ataza edo zereginetarako. Galdera gutxiagorekin egin dezaket proba, erantzun laburrekin edo hainbat egunetan.
  10. Ikaskuntza: ebaluazioa ikaskuntza-prozesuaren zati bat da, eta emaitza, hein handi batean, irakaskuntzaren metodologiak baldintzatzen du. Proba bat ez da lasterketa, ikaskuntza jakin batzuk lortu diren egiaztatzen irakasleari laguntzen dion bide bat baino ez da.

Familientzat:

  1. Prestakuntza: ikasi dislexiaz, nola eragiten duen eta zer laguntza-mota diren eraginkorrak. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta hobeto ulertuko dituzu bere erronkak eta indarguneak.
  2. Komunikazioa: hitz egizu zure seme edo alabarekin dislexiari buruz modu positiboan. Eta sustatu bere lorpenak eta zailtasunak eroso sentituko den giroa partekatuz.
  3. Laguntza emozionala: emaiozu babes emozionala eta indartu bere autoestimua. Ospatu eta baloratu bere arrakastak eta ahaleginak arlo guztietan.
  4. Eskolarekiko komunikazioa: izan komunikazio irekia irakasleekin eta eskolako langileekin, eskola-ingurunean beharrezko egokitzapenak eta laguntzak ematen ari direla bermatzeko.
  5. Irakurketa: irakurri ozen eta emazkiozu aukerak presiorik gabeko giroan irakur dezan.
  6. Kontzientzia fonologikoa, jolas eta jarduera hezigarrien bidez: erabili bere kontzientzia fonologikoa hobetzen lagunduko dioten jolasak eta jarduerak. Garrantzitsua da letrak, hitzak eta soinuak modu dibertigarrian ezagutzen ikastea.
  7. Plangintza: planifikatu eta adostu helburuak eskola- edo ikaste-denboran, bere banako denboran eta familia- eta gizarte-denboran. Garrantzitsua da planifikatzen lagunduko dion hileko, asteko edo eguneko egutegi bat egitea. Lehenetsi bere denbora pertsonala.
  8. Laguntza profesionala: beharrezkoa ikusten baduzu, kontuan hartu hezkuntza-espezialisten eta dislexian espezializatutako terapeuten laguntza bilatzea, eta emaiozu laguntza estrategiak, tresnak eta jarraibideak eskainiz.

Berriz ere azpimarratu nahi dugu diagnostiko goiztiarra eta inplikatutako familia, eskola eta profesionalen arteko lankidetza egokia ezartzearen garrantzia. Gogoan izan behar da oso tresna baliotsuak daudela, baina ia ez direla erabiltzen, hala nola “Irakurtzen eta idazten ikasteko zailtasunak goiz detektatzeko testa”; gure presidente Isabel Molina pediatrak parte hartu du hori egiten, eta euskaraz ere eskuragarri dago: “Irakurmen-idazmen zailtasunak detektatzeko testa (4 urte)”.

Irakasleek duten ezinbesteko zeregina nabarmendu nahi dugu, eta, beraz, ondo prestatuta egoteak duen garrantzia; gure ustez, irakasle horien erantzukizuna da ikasteko zailtasunetan ezaupideak hobetzeko etengabeko prestakuntzetan parte hartzea; eta Administrazioaren erantzukizuna, berriz, ziurtatzea irakasle bakoitzak jasotzen duela dislexia duten ikasleei arreta emateko gaitzen duen derrigorrezko prestakuntza.

Ahate bat zuhaitzak igotzeko duen abileziaren, tximino bat igeri egitearen edo elefante bat hegan egitearen arabera epaituko ez genukeen bezala, “Animalien Eskola” alegian gertatzen den bezala, ez dugu dislexia duen pertsona bat irakurtzeko eta idazteko duen trebetasunaren arabera bakarrik epaitu behar. Ez dezagun inoiz ahaztu indargune handiak dituztela aurkitu eta lantzea merezi duten beste eremu askotan.  Lagundu dezagun hori posible izan dadin!

Oin-oharra: * Prebalentzia aldatu egin daiteke erabilitako diagnostiko-irizpideen, aztertutako populazioen eta beste faktore batzuen arabera.

Dislexia Euskadi Elkartea

Zer da: dislexia, disgrafia, disortografia eta diskalkulia duten pertsonen eskubideetan inplikatuta dauden pertsonen kolektiboa da.

Helburua: dislexia duten ikasleak hezkuntza-komunitatean sartzea, bertan irautea eta parte aktibo izatea, eta dislexia duten helduak lan-munduan sartzea, bertan irautea eta parte aktibo izatea, diskriminazio barik.

Non dago: Erronda kalea, z/g (5. zk.aren parean), 3. solairua, F gela, 48005 BILBO

Harremanetarako: 946 569 211

Posta elek.: info@dislexiaeuskadi.com

Argibide gehiago: Dislexia Euskadi

Laguntza emateko materialak: 

IRAKURMEN-IDAZMEN ZAILTASUNAK DETEKTATZEKO TESTA (4 urte) – Euskadi Dislexia (dislexiaeuskadi.com)

Soinuetatik Hitzetara 4-6 urte bitartean Irakurmena eta hizkuntza sustatzeko Esku-hartze goiztiarra Joana Acha

Detección Temprana, Identificación Educativa en Dislexia: Protocolos de Búsqueda.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×