Dei iezaiozu ‘minbizia’. Hitzaren atzean dagoen errealitatea1

Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartean pertsonak hartzen ditugu beren bizitzak ezinbestean aldatzen dituen lurrikara baten erdian. “Eta orain, zer?” galdetzen diote beren buruari, minbizia bezalako gaixotasun batekin lotutako albiste bat jasotzeak pertsona horien ─izan gaixoen, izan senideen eta/edo hurbilenekoen─ bizitzan mugarri bat ezartzen duelako.

Minbizia norberaren mugekin, beldurrekin, hauskortasunarekin, sufrimenduari lotutako ideiekin eta, batzuetan, heriotzarekin ere lotzen gaituen bizi-esperientzia da. Gizaki ororentzat gobernatzeko zailak diren gaiak. “Minbizia nuela esan zidatenean, mundua behera etorri zitzaidan, nire bizitza erabat gelditu zen. Galdetzen nion neure buruari… Bizitza normala egin ahal izango dut? Osatuko naiz?”. Planteamendu horiek zituen Irunek, minbiziak jota, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartera iritsi zenean. Minbiziarekin bizitzeak bizitzaren mugaketan pentsatzera behartzen gaitu, hilkorrak garela eta gaixotu gaitezkeela. Horregatik ulertzen dugu minbizi-diagnostiko bat jasotzen duen pertsonak bizi duen ondoeza. Pertsona askok aitortzen dute albistea jaso osteko lehen hilabeteak oso zailak direla, beldurrak geldiarazi egiten ditu eta.

Beste batzuetan, Elkartera laguntza eske etortzen direnak minbizia dutelako lotsaturik etortzen dira. Gogoan dut Mikel artatu nuen lehen aldia. Aldez aurretik pentsatutako ideia irrazionalekin eta erantzunik gabeko galdera askorekin iritsi zen: “Zer egin ote dut txarto? Zergatik niri? Zer erru dut?”. Era berean, tratamendu onkologikoek narriadura fisiko handia eragiten dute, normalean agerian geratzen den gaixotasuna da eta besteen begiradei aurre egitea dakar. Horregatik, ohikoa da paziente askok nahiago izatea ezagunekin topo egingo ez duten lekuetara joatea, inork galdetuko ez dien eta gaixotasunaz hitz egin beharko ez duten lekuetara.

Nola kontatu seme-alabei?

Minbiziaren Aurkako Elkartean, familia-prozesuak ere kontuan hartzen ditugu, familiako txikerren bizipenak barne. Kasu horietan, funtsezkoa da prebentzio-lana egitea, helduei informazioa gobernatzeko moduaz laguntza eta orientabidea emanez. Minbizi hitz edo berbak asko beldurtzen gaitu; are gehiago luzaroan hainbeste tabuz inguratu denean, beldurra are gehiago elikatuz. Xabierrek, gaixo baten senarrak eta neskato baten aitak, Elkartean bere ibilbidearen hasieran planteatu zuen: “Nire seme-alabekin partekatu beharko nuke ala hobe da ezkutatzea sufritu ez dezaten? Zelan azalduko diet?”.

Familiako txikiek ere bizitzen dute gaixotasuna, eta litekeena da beldurra eta ziurgabetasuna sentitzea. Horregatik, informaziorik ematen ez badugu edo egoerari berbarik jartzen ez badiogu, fantasia larri eta nahasiak, sufrimendu handia eragin dezaketenak, sor daitezke adingabeengan.

Gure lan edo beharrean, talde-lana izaten da elaborazio-lan terapeutikoa errazten digun tresna. Lasaitzeko, baretzeko eta gure historia beste era batera ikusten laguntzeko izendatzaile komuna duten taldeak dira. Antzeko egoerak pasatzen ari diren beste pertsona batzuei entzuteko espazio edo guneak dira. Prozesu batzuk komunak eta unibertsalak direla egiaztatzen dugu, bakartze-sentimenduak murrizten dituztela… eta orduan “ez zait niri bakarrik gertatzen” agertzen da. Kohesionatutako taldeek espresio edo adierazpen handiagoa ahalbidetzen dute, taldea osatzen duten pertsona guztiek eraiki eta partekatutako sare bat sortuz.

Minbizia deitzeak laguntza ematen du

Elkartearen laguntza psikologikorako arlotik, pertsona ─gaixo edo familiarra izan─ modu integralean artatzearen alde egiten dugu, bideko etapa guztiak barne hartzeko moduan: diagnostikoaren lehen inpaktutik ondorengo prozesu osoan laguntzeraino. Saiatzen gara prozesu horretatik igarotzen den pertsona oro ohartu eta jabetu dadin zein indartsua den emozionalki bizitzen ari diren esperientzia. Horrela bakarrik integratu ahal izango du bere bizitzan eta aurrera jarraitu. Lan hori ezin da egin aldaketa asko dakartzan zati mingarri batetik igaro barik. Mastekatu barik irensten duenak seguru asko ez du digerituko, ez du barneratzen ari dena prozesatuko. Izenda ezin dezakeguna da beldurrik handiena ematen duena, baina hitz edo berbak jartzen dizkiogun, izena jartzen diogun eta minbizia deitzen diogun unean, pentsa daiteke eta landu daiteke. Gure zeregina, beraz, horixe da, prozesuaren edozein etapatan bizitzen ari direnari hitz edo berbak jartzen laguntzea. Bide horretan guztian, garrantzitsua da beti gogoan izatea, gaixotasunak jartzen dizkigun mugak gorabehera, bizirik gaudela eta gozatzeko, ikasteko eta nork bere burua ezagutzeko aukera dagoela.

Laguntza emozional horrekin batera, Minbiziaren Aurkako Elkartetik osasun fisiko eta mentaleko prebentzio-, sustapen- eta hezkuntza-neurriak sustatzen ditugu, bai pertsona partikularrarena, bai ikuspegi kolektibotik. Horrek guztiorrek globalki ekin edo heltzea eskatzen du, begirada BIOPSIKOSOZIALA barne hartzen duen begirada zabal batekin. Gorputza, burua eta ingurunea. Begirada horrekin egiten diogu harrera pertsonari Minbiziaren Aurkako Elkartetik.

Urko Zalbidea eta Saioa Serrano. Psikologoak

 

Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartea

Zer da: Irabazi-asmorik gabeko erakundea gara, paziente, senide, boluntario eta profesionalek osotua.

Helburua: Gure misio edo eginkizuna minbizia duten pertsonei eta haien familiei laguntzea da, osasunean heztea, gizarte-eraldaketa sustatzea eta minbiziaren diagnostiko eta tratamendu hobea ahalbidetuko duen ikerketa bultzatzea.

Non dago: Poza lizentziaduna 14, 1. solairua. 48011-Bilbo.

Harremana: 900 100 036. bizkaia@contraelcancer.es

Telefono bidezko arreta 24 ordukoa da urteko 365 egunetan.
Argibide gehiago: www.asociacioncontraelcancer.es

Lazo humano por la celebración del Día Mundial Contra el Cáncer

 

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

BBK Family Learning

×