Aurrean dugun gaia ez da berria, baina esan dezakegu familia eta etxeko eskola-lanak egungo eztabaida bat direla, etengabeko eztabaida bat, kontrakoak eta aldekoak aurrez aurre jartzen dituena eta familiei eta profesionalei gai asko planteatzen dizkiguna. Testuinguru horretan, ezinbestekoa da aztertzea zenbat etxeko lan eta zelako etxeko lanak. Bi esparru horietan sakontzeak hausnarketa ekarriko luke berez, baina sarrera gisa ona litzateke adieraztea etxeko lanen zentzuzko kopuru batez ari garela, umea eskola-orduen ostean denbora libre barik utz ez dezaten. Eztabaida hori nire esperientzia profesionalean zehar elkarrizketa askoren ardatza izan da, bai banako tutoretzetan familiekin edo ikasleekin, eta bai guraso-eskoletako eta ikasleentzako eskola-orientazioko talde-saioetan. Ibilbide horretan izandako esperientziarekin, etxeko eskola-lanen garrantzia oinarrituko duten zertzeladak ematen saiatuko naiz, etxeko zeregin edo ataza orientatu eta antolatzeko jarraibide batzuk eskaini ahal izateko.
Zer ekarpen egiten dute etxeko eskola-lanek?
Prozesu global bat da ikaskuntza, eta, bistan denez, ez da ikastetxe barruan soilik gauzatzen; hortik abiatuta, eskolako lanak etxean egiteak ardura eta autonomiaren garapena sustatzen du. Ikasitako ezaupideez baliatzea eta trebetasun pertsonalak kontrastatu edo erkatzea ahalbidetzen du, horiek praktikan jartzeko; ikasitakoa barneratzea, hau da, nork bere egitea eta hainbat zereginetan modu autonomoan erabili eta aplikatzeko gaitasunaz jabetzea, jakin-mina, iraunkortasuna, espiritu kritikoa, frustrazioarekiko tolerantzia… garatuz. Indarguneak eta ahuleziak detektatzen ere laguntzen du, baita zalantzak eta zailtasunak aurkitzen ere, biharamunean sakontzeko eta gaia argitzeko balio dezaketenak, norberaren interesak garatzeko, erabakiak hartzeko, planifikatzen ikasteko, … Etxeko eskola-lanek familiaren eta eskolaren arteko komunikazio-zubi bat sortzeko aukera ematen dute, komunikazioa sustatzen dute, umearen egunerokotasunaz elkarrizketa sortzen dute eta, familia gisa, seme-alaben ikaskuntza-ibilbidean inplikatzen gaituzte. Nahiz eta begi-bistakoa izan, garrantzitsua da gogoraraztea etxeko lanak ez direla gurasoentzat, seme-alabentzat baizik, eta edozein ohituratan bezala, gure egitekoa beraien garapena bultzatzea eta autonomo izateko prozesuan laguntzea dela.
Zelan lagundu ikasten seme-alabei? Zelan motibatu etxeko lanak egiteko?
Oinarrizko bost jarraibidetan jarriko dugu arreta:
1. Ikasteko leku bat ezartzea: Garrantzitsua da leku finko bat izatea, “ikasteko txokoa”, ikasteko leku eroso bat. Lekua ezartzea da ohitura sortzeko, errendimendua eta kontzentrazioa bultzatzeko lehen urratsa. Gune horretan ordutegia, ikasketa-plana eta ohiko eskola-materialak ipiniko ditugu. Garrantzitsua da distrakzio ?zarata, mugimendu, jolas…? bako leku edo gunea izatea, eta argiztapen ona, tenperatura egokia eta abar izatea.
2. Beharrezko materiala prestatzea: Eseri aurretik beharrezko material guztia prestatzeak egin behar duten zeregin edo atazan arreta jartzen laguntzen du, aurreikuspena bultzatzen du eta, era berean, lana hasi ostean denbora eta kontzentrazioa galtzea saihesten du. Amaitutakoan, funtsezkoa da materiala batzea eta biharamuneko motxila prestatzea. Bi une horietarako, garrantzitsua da eskola-ordutegia eta agenda aurrean izatea, egiteke dituzten lanak eta etorkizunekoak kontuan izaten lagunduko diete eta.
3. Ordutegia eta ikasketa-plana edukitzea: Garrantzitsua da gure seme-alabekin ikasketa-plan bat adostea. Bertan, eskola-ordutegiaz gain, eskolaz kanpoko jarduerak dituzten egunak eta orduak idatziko dituzte, eta etxean errepasoak, eskolako lanak, atazak, … egiteko erabiliko dituzten denborak, egunak eta orduak markatuko dituzte; beharrezkoa denean berrikusi eta alda daitekeen ordutegi hori betetzeak lana atzeratzea edo egunero etxean eskola-lanak egiteko uneaz eztabaidatzea saihestuko du; garrantzitsua da adieraztea hitzartutako denboraldia etxeko lan esplizituak, edo errepasoak, irakurketa, koaderno-antolaketa, … egiteko erabiliko dela, eta aurreikusitako ordutegia bete egin behar dela. Plangintza horrek errealista izan behar du, ez idatzi beteko ez den ezer. Garrantzitsua da aldi laburrak planifikatzea eta atsedenaldiak tartekatzea, eta astean denbora bat errepasoak egiteko edo ezustekoetarako gordetzea. Halaber, garrantzitsua da berrikusgarria izatea, eta etxeko eskola-lanetarako aurreikusitako aldia laburregia edo luzeegia geratzen dela antzemanez gero, egokitu edo egin beharreko aldaketak aztertzea, zereginari etekin handiagoa ateratzeko.
Agenda: funtzio anitzeko tresna bat
Eskolako agenda tresna bereziki baliagarria da etxeko lanen jarraipena egiteko. Egunero erabiltzeak eta bere ahalmenei etekina ateratzeak aliaturik onena bihur dezake. Hainbat funtzio bete ditzake:
Lehenengoa OROITARAZTEA izango litzateke, bere ohiko erabilera da eta zereginak eta datak ez ahazten laguntzen du. Garrantzitsua da egunerokoa idaztea, baina baita azterketa-datak edo lanak entregatzeko egunak ere, zuzendutako ikasgaien notak, … Nahitaezkoa izan edo ez bere erabilera gure seme-alaben ikastetxean, funtsezkoa da ikasketak antolatzeko. Garrantzitsua da, gaia ez ezik, orrialdeen xehetasunak, ariketa-kopuruak eta abar ere idatziz jartzea, aurreikusitako zereginik ez ahazten lagunduko du eta.
Bigarren eginkizuna IKASKETA PLANIFIKATZEA izango litzateke, eguneroko zereginak denboran antolatuz. Alde horretatik, antolamendurik egokiena zailtasun ertaineko zeregin batekin hastea izango litzateke, gero zailtasun handienekora pasatzea eta errazenarekin amaitzea. Horrela, kirol-entrenamendu batean bezala, beroketarekin hasiko ginateke, zentratuta gaudenean eta errendimendu handiena izango dugun unean zailtasunik handienera pasatuko ginateke, eta nekea agertzen denean zereginik errazena geratuko zaigu.
Hirugarren funtzioa AUTORREGULATZEA izango da, zeregin edo ataza bakoitzeko denbora bat kalkulatzea eta aurreikustea, helburura egokitzen saiatzea, dagoeneko amaituta dagoena markatzea …; zeregin eta beharrizanetara egokitzeko norberaren gaitasuna garatzen joatea, etxean ikasteko gure plan eraginkorra lortze aldera. Eremu horretan, interesgarria da, halaber, erloju edo kronometro bat erabiltzea, zeregina denbora-aurreikuspenera egokitzeko, lan geldoegia zein lasterregia kontrolatuz, muturretako bat ere ez baita eraginkorra izaten.
Laugarren funtzioa KONPROMISOA izango da, zerbait idatzita edukitzeak hori egin behar dugula gogorarazten digu; guratako edo gura bako nahasteak, ahanzturak, … batzuetan, zeregin bati aurre egiteko borondaterik ezaren adierazgarri dira, idatzizko konpromisoa edukitzeak hori bete beharraren aurrean jarriko gaitu.
Eta bosgarrena eta azkena, EBALUAZIOA, gure seme-alaben agenda egunero gainbegiratzea lagungarria da egin behar dutenaren eta egin dutenaren eguneroko jarraipena egiteko. Komunikazio-une horrek gainbegiratzen laguntzen du, denbora guztian gainean egon barik eta eguneroko jardunetik urrunegi egon gabe; egunero une bat ezartzen du agenda elkarrekin berrikusteko. Ikastetxeko informazioa transmititzeko edo jasotzeko bide bat ere izan daiteke, … eta hilabeteetan zehar berrikusita, gure seme-alaben lanaren ikuspegia eskaintzen digu.
Hegazkin baten “kutxa beltza” dela esan genezake, ikasgairen batean “ezbeharren bat” gertatzen bada, agendak esango digu zenbat denbora eman duen errepasoak egiten, zereginak egiten, … eta arrastoak emango dizkigu zailtasuna zelan gainditu jakiteko, gaia ulertzen duen edo ez, denbora gehiago sartu behar duen edo ez, …
Mezu positiboekin indartu: ikasteko esertzea ez da erraza, eskola-orduen ostean etxean jarraitzea familiaren mezu positiboekin (laguntza-mezu, poztasun, errefortzu, konfiantza eta abarrekin) sendotu daitekeen ahalegina da. Egin dutena beren betebeharra dela iruditzen bazaigu ere, jokabide positibo hori hitz edo berbaz indartu behar dugu. Mezu-mota horrek askoz ere modu eraginkorragoan gidatuko du, autokonfiantza sortuz. Bere ahalegina, bere hobekuntza edo mugak gainditzea azpimarratuz, eta ez emaitzak edo perfekzioa. Lorpenak nabarmentzeak bere autoestimua indartuko du; aitzitik, akatsak nabarmentzeak, zigortzeak, tentsio-uneak sortzeak, … amorrua eta etsaitasuna eragingo ditu garatu nahi den ohituraren aurrean. Era berean, ikastetxearen, irakasleen, zereginen eta ikasketaren irudi positiboa sustatzeak lotura sortzen du familiaren eta ikastetxearen artean, eta ikaskuntzaren jarduna eta garapena bultzatuko ditu. Jarraipen eta pazientziarekin, etxeko eskola-lanak, horietarako lekua eta eguneroko denbora beste ohitura bat bihurtuko dira, ikaskuntza indartuko dute, errendimenduaren hobekuntza eta ardura eta autonomiaren garapena indartuko dituzte, baina ez dugu ahaztuko etxean seme-alabak direla, ez ikasleak; etxeko eskola-lanak, notak, … beste arlo bat dira haien garapenean baina ezin dugu arlo bakar bihurtu.
Izaskun Arroyo Bustinza, pedagogoa eta gizarte-hezitzailea, GUGAZ AURRERA Gizarte eta Hezkuntza Elkartearen koordinatzailea 1999az geroztik Bilbon egin diren Gizarte eta Eskola Laguntzako udal-tailerretan
GUGAZ AURRERA 1999an Bilbon jaio zen gizarte- eta hezkuntza-elkarte bat da. Helburu nagusia hezkuntza integrala sustatzea da, arrisku-egoeretan dauden pertsonei eta kolektiboei beren zailtasunak gainditzeko, beren gabezia-egoera gainditzeko eta berdintasun-baldintzetan gizartean integratzeko aukera emango dieten tresnak izan ditzaten, kolektibo eta pertsona horien gizarte-, hezkuntza- eta kultura-hobekuntza bultzatuz. Gizarte- eta hezkuntza-eremuan hainbat programa eta ikastaro egin ditugu urte hauetan, bai Bilbon, bai Bizkaiko beste udalerri batzuetan: Bidelaguna, adin txikikoentzako eta helduentzako ikasketa-teknikak …; baina gure programa nagusia da …
Gugaz Aurrera
Zer da: 1999an Bilbon jaio zen gizarte- eta hezkuntza-elkartea da.
Helburua: Helburu nagusia hezkuntza integrala sustatzea da, arrisku-egoeretan dauden pertsonei eta kolektiboei beren zailtasunak gainditzeko, beren gabezia-egoera gainditzeko eta berdintasun-baldintzetan gizartean integratzeko aukera emango dieten tresnak izan ditzaten, kolektibo eta pertsona horien gizarte-, hezkuntza- eta kultura-hobekuntza bultzatuz.
Non dago: Simon Bolivar kalea 7, 4.B
(48010 BILBO)