Children on the Line fundazioa profesionalki zuzenbidean aritzen garen baina, gainera, guraso, neba-arreba, aitaita-amama, … garenon talde baten kezkatik sortu zen. Izan ere, kezkatuta bizi dugu gure haurrak eta gazteak mundu digitalean jausgailurik gabe murgiltzea, funtzionamendu-arau barik, azken batean, arlo digitala erabiltzeari buruzko heziketarik gabe, nahiz eta beharrezkoa izan bereizi gabeko erabilerak, batez ere adingabeentzat, dakartzan arriskuak minimizatzeko.
Ikastetxeko irakasle batzuek laguntza-dei bat egin ziguten, komunikazio-teknologiei lotuta egunero aurrean izaten dituzten arazo ugari zirela eta: nortasun-usurpazioak lanak entregatzean, ikasle batzuk beste norbait ziren itxurak eginez “usurpatuak” nota txarra jaso zezan bilatuz; ikasleak goizean gelan lozorroan, bideojokoekin jolasean denbora larregi eman eta loguraz zeudelako; ikaskideen arteko irainak ikasgelatik kanpo, beren gelako pertsona jakin baten aurka; eta beste hainbat arazo berri, gero eta ugariagoak, mugikorren eta Interneten erabilerarekin lotutakoak; horien aurrean irakasleak gaindituta sentitzen ziren eta prestakuntza barik, eta familien aldetik lankidetza eskasarekin edo batere gabe, ezjakintasunagatik edo astirik ezagatik.
Ondorioztatu genuen ikastetxeak okupatuta zeudela matrikulazioen arazoarekin, irakasleak gaindituta curriculum arrunta emateak eskatzen zuen eduki-kopuruarekin, eta familiak gaindituta ezjakintasun eta astirik ezagatik. Horren guztiaren ondorioz, haurrak eta gazteak bakarrik zeuden, baliabide digitalen erabileran iragazkirik gabe; baliabide horiek ikasleen garapenerako ukaezinak diren eta beharrezkoak diren onurak dituztenez, mundu digitalera sarbidea zuten baina ezelango jarraibide-eskulibururik gabe, herritartasun digitalean berariazko hezkuntza barik, nahiz eta ezinbestekoa izan, ikusiko dugun moduan.
Adingabeak babestea Interneten erabilera okerraren zaurietatik edo trauma digitaletatik
Diagnostiko hori orokorra zen, eta, horregatik, egungo gizarte digitaleko kide heldu garen aldetik, gure betebeharra iruditu zitzaigun gure ekarpentxoa egitea erronka horri aurre egiteko, hots, tresna eta euskarri digitalak txarto erabiltzearen ondorioz jasan ditzaketen “bigarren mailako ondorio”, zauri edo trauma digitaletatik babestea adingabeak, prebentzioaren eta hezkuntzaren bidez adin goiztiarrenetatik, adingabeengandik hurbilen daudenak inplikatuz zeregin horretan, hau da, irakasleak ikastetxeetan bertan, baina baita familiak eta arduradun edo tutoreak ere.
Fundazio bat eratu zen zeregin hori modu unibertsalean bere gain hartzeko, hau da, adingabe guztientzat, beraien egoera ekonomikoa edozein izanik ere eta herritartasun digitalean oinarritutako hezkuntza desberdintasunaren aurka borrokatzeko tresna eta gizarteratzearen aldeko apustu bihurtuta, ahaztu barik aro digitaleko adingabe guztiak daudela arrisku-egoeran. Ikasle guztiengana eta haien familiengana iristeko modua zen HERRITARTASUN DIGITALEAN oinarritutako hezkuntza hori doan ematea, kostua izan ez zedin hezkuntza horretarako oztopo.
Herritartasun Digitaleko Hezkuntza Programak adinaren arabera egituratutako unitate didaktikoak ditu, digitalaren erabileraren inguruan sortzen diren gai gehienak biltzen dituzten sei gai handiren inguruan egituratuak.
- Zelan sentitzen naiz Internet erabiltzen dudanean? –Ongizatea
- Nola erabiltzen dut Internet? –Erabilera segurua eta pribatua
- Nor naiz Internet erabiltzen dudanean? –Nortasuna
- Zelan jokatzen dut Internet erabiltzen dudanean? –Gizarte-harremanak
- Zer ikusten dut Internet erabiltzen dudanean? –Edukia
- Nola parte hartzen dut Internet erabiltzen dudanean? –Sorkuntza
Deustuko Unibertsitateko eta Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaile-talde batek landu zuen edukia. Harvardeko Unibertsitateko irakaspenetan eta Cornell Unibertsitateko material interaktiboan oinarritu zen, baita INCIBE eta AEPD erakundeen materialetan ere, besteak beste.
Metodologikoki, teknika pedagogikoetan oinarritzen da, hala nola pentsamendu-errutinetan, gizarte-trebetasunetan, dileman, erantzukizun partekatuan… Hori guztia adingabeek arlo digitala erabiltzeko duten aurretiko joera eta jarreretan eragitera bideratuta dago, eta dagozkien familiek eta irakasleek haien hezkuntzan, bizitzako esparru horretan, parte hartzeko aukera izan dezaten.
Irakasleek eta familiek autonomia dute aukeratzen duten moduan aplikatzeko
Edukiak www.childrenontheline.org plataforma digitalean sartzen dira, eta programan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleek babes- edo sarbide-gako pertsonalizatuen bidez eskura ditzakete. Edozein ikastetxek ikasturtean zehar egin ahal izateko pentsatuta dago programa, inplementatzeko erraza baita.
Eskola-bizitza osorako curriculum integral gisa dago egituratuta, baina malgua da, eta ikasturte bakoitzak autonomia du aurrekoarekiko. Irakasleek eman dezakete, beraien jakintza-adarra edozein dela ere, eta ematen den materialarekin ez dira ezinbestekoak aldez aurretiko ezaupideak. Filosofia berak balio du familientzat.
Herritartasun Digitaleko Hezkuntza-programa 2022-2023 ikasturtetik ematen da Bizkaiko hainbat ikastetxetan, adibidez, La Merced, Urdaneta, Jesuitak, Ikasbide, Amor Misericordioso, Azkartza Claret, Gaztelueta, Madre de Dios e Hijas de la Cruz eta beste batzuetan. Era berean, Madril, Kanariak, Leon eta Andaluziara ere hedatu da.
Edukiekin eta ikasleen zuzeneko intereseko gaietan sortzen duen eraginarekin pozik daudela adierazten digute parte hartzen duten ikastetxeek. Bere abantaila edo onura ugarien artean, honako hauek nabarmentzen dituzte: digitalaren erabilera arduratsu, osasungarri eta sortzaileari buruzko eduki-esparru egituratu bat eskaintzea, irakasleek erabiltzeko erraztasuna, Adingabearen Ongizate eta Babeserako Koordinatzaileari ematen dion edukia, cyberbullying-aren eta eskola-jazarpenaren arloko araudia betetzea, eta familiekin batera lan egiteko aukera ikasleak ingurune digitalaren erabilera osasuntsuan hezi ahal izateko. Arduradunen hitzetan, “ezin dute gehiago eskatu gutxiagoren truke”.
Children on the Line mikrodohaintzen bidez finantzatzen da
Programa ikastetxearentzat kostu barik eskaintzeak ez du esan gura Fundazioak finantzaketarik behar ez duenik bere lana aurrera eraman ahal izateko. Partikularren laguntza eskatzen da, mikrodohaintzen bidez, bai eta haurren eta gazteen alde eta behartsuenak gizarteratzearen alde egiten den hezkuntza-lan garrantzitsu honekin sentsibilizatutako erakunde publiko eta pribatuen laguntza ere.
Lana izugarria da eta erronkak merezi du. Children on the Line-ren eginkizuna lortzea guztion kontua
Children On The Line plataformarekin izandako esperientzia jakin gura duzu La Merced ikastetxean? Sakatu hemen.
Isabel Masalleras, Children On The Lineko kofundatzailea
Children On The Line
Zer da: Irabazi-asmorik gabeko erakunde independentea.
Helburua: Haurrak eta gazteak babestea du helburu, teknologia digitala gaizki erabiltzeagatik eragindako zauri eta trauma digitalen aurrean. Desberdintasunaren aurka eta gizarteratzearen alde borrokatzea, adingabe guztiengana iritsiz, bereziki kalteberatasun-egoeran.
Contacto: 94 415 94 77 edo info@childrenontheline.com
Informazio gehiago: Children On The Line
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.