Beste begirada batekin… nerabezaroari

Nerabe izatea ez da inoiz erraza izan, lurralde nahasia eta oso ezegonkorra da. Badirudi nerabe izateak zerbait susmagarria esan nahi duela beraien asmoei buruz; horrela, mehatxagarriak direla adierazten diegu, eta, gero, harritu egiten gara hala izateaz. Komunikabideek erantzukizun handia dute horretan, nerabeen inguruko ia berri guztiek errespeturik gabeko jokabideekin edo delitu-jokabideekin dute zerikusia, horrela indartuz fidagarritasun gutxikoak direlako irudia, nahiz eta gehienak bat ez etorri profil horrekin.

Batzuetan umetxo bat bezala tratatzen da, eta beste batzuetan heldua balitz lez eskatzen zaio, inoren lurretan dago, ez dirudi oso leku segurua edo fidagarria, egia esan. Izan ere, helduon artean, txantxetan, aurreko adinen batera itzultzeaz berba egiten dugunean, oso arraroa da norbaitek nerabezarora itzuli gura duela esatea: “Gazteagoa izan nahiko nuke, bai, baina nerabezarora itzuli… ezta erotuta ere!”.

Duela gutxi, COVIDaren gaiarekin, ikusi ahal izan da ez dutela lurralde propiorik, 14 urte arteko haurrak gurasoekin atera zitezkeen, baina ez zen herrialde bakar batean lege espezifikorik egon nerabeak kalera paseatzera atera ahal izateko (txakurra eduki ezean).

Has gaitezen definitzen duen terminotik: nerabezaroa. Badirudi euskaraz nerabe ‘herabe’ (lotsati) berbarekin lotuta dagoela; nerabea ahalke izaten da askotan, sufritu egiten du, eta ez da harritzekoa; aldaketa fisiko etengabeak eta nahiko azkarrak gertatzen zaizkio, eta ez diote egokitzen uzten. Gainera, ahalke eta lotsak gehienetan eragotzi egiten diete lagunekin berba egitea, are gehiago helduekin; testosterona eta hormonak tonaka elkartzen dira beraien gorputza eta, batez ere, gogo-aldartea desorekatzeko; oraindik definitu barik duten identitateak pentsatu, jardun eta sentitzeko hainbat modu esperimentatzera bultzatzen ditu, eta horrek gurasoengan eta eurengan nahasmen handia eragiten du, baita galduta egotearen eta sufrimenduaren sentimendu handia ere.

“Nire semeak, edo alabak, arazo bat du” esatea arazoa asko murriztea da. Izan ere, familiako kide batek zailtasunak baditu edo gatazkak baditu etxean edo kanpoan, familia osoa dago arazoaren barruan edo arazoarekin harremanetan, horregatik da inplikatutako guztien kontua.

Normalean, nerabea edo haurrak izaten dira familian zerbait disfuntzionala baldin badago azaleratzen dutenak, eta horrek ez du esan nahi traumatikoa denik, baina bai zerbaitek ez duela funtzionatzen. Horregatik esaten da adingabeak “sintomatikoak” direla, hau da, familia-sistemaren barruan ondo ez doan edo berari ondo ez doakion zerbaiten bozgorailu izan daitezke.

Jakina, dena ez da gurasoen erantzukizuna: badira gure seme-alabengan eragina izan duten beste eragile eta pertsona batzuk, familian izandako heriotzak, erditze zaila, etxez edo ikastetxez aldatzea, nahiz eta gatazkatsua ez izan, beste haurride baten jaiotza, etab.

Ez dugu nahi hazi daitezen, larregi babesten/kontrolatzen ditugu, edo oso azkar hazi daitezen gura dugu, eguneroko zereginetan autonomoak izatea, gure erritmora egokitzeko korrika egin dezatela, ez dagozkien erabakiak hartzeko aukera ematen zaie, hau da, botere handia ematen zaie, eta, gero, harritu egiten gara nerabezaroan horretaz baliatzeaz, oraindik kudeatzen ez dakiten askatasuna ematen diegu, eta okerrena da ez dugula soilik egiten erabiltzen ikas dezaten, baizik eta, neurri handi batean, gure erritmora egokitu daitezen. Heldu bakar batek ere ez du nerabe batek adina denbora okupatuta izaten, ez du hainbeste betebehar izaten, edo hainbeste pertsona, ezagun eta ezezagun, berari agintzen.

Mundua inoiz baino indibidualistagoa da, eta esponentzialki izugarria bihurtu da, itxuraz hurbilekoa eta, era arriskutsuan, eskuragarria, eta hori tranpa hilgarria gertatzen da. Txikitan nire semearekin izandako eszena bat gogoratzen dut. Bera oso pozik etorri zen eskolatik han ikasitako 4 koloreak erakutsiz; ni hunkituta eta estimulatzen saiatzeko asmoz, entzuten ere amaitu barik ia, 36 koloretako kaxaren bila joan eta gogotsu erakutsi nion: haren irribarrea ilunduz joan zen. Izugarri inbaditzailea eta begirune gutxikoa izan nintzen harekiko, gura barik haren mundua deuseztatu nuen, berak xurgatu ezin zuen zerbait emateko; metafora ona dela uste dut ikus dezagun hain ulertezin gertatzen zaien mundu honek zelan sentiarazten dituen are ziurtasun gutxiagorekin eta galduago… nor diren eta munduan zelan kokatu jakiteko, horren falta duelarik nerabeak.

Oso garrantzitsua da transmititzen dizkiegun balioei dagokienez geure inkoherentziaz jabetzea:  “Adinekoak zaindu egin behar dira”, baina amamari edo aitaitari zelan berba egiten diozun ikusten du; “Ez da drogarik hartu behar”, baina ospakizun bakoitza eta aisialdi-une asko tartean alkohola dela egiten dira; edo “Ez da erre behar” esaten diozu zigarreta hautsontzian duzula erdi erreta; gainera, aurre egiten badigute esanez: “Eta zuk, zergatik egiten duzu?”, “Zure ama naizelako eta kito!” azalpen burutsua baino ez zaigu bururatzen. Azken batean, zelan fidatuko dira gutaz, edo zelan imitatu nahi izango gaituzte, besteei eskatzen dieguna geuk ezin badugu egin?

Gure seme-alabek eta haien nerabezaroak ez digute lokartuta geratzen uzten, Bizitzarako, arretarako, xede bat izateko, presentziarako, hemen eta orain etengabe egoteko deia da haiena. Eta ez, ez dago jarraibideen eskulibururik, zorionez, hori gizakiaren konplexutasun ederraz mintzo baitzaigu, bere desberdintasunetan hain moldakorra denaz eta, aldi berean, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte beharrizan bat bera dugularik: garenok izateagatik begiratuak eta maitatuak izatea. Horrek lotzen gaitu gure seme-alabekin, maitasun-egarriak, gainerakoa tranpak eta oztopoak dira, batzuetan beharrezkoak krisi bat sortzeko, horrek norberaren errealizazioa, norberarenganako maitasuna gauzatzea eta garatzea ahalbidetzen digu eta.

Ontzi berean…

Gure seme-alabek maila kognitiboan, emozionalean eta portaerazkoan izaten dituzten aldaketa ebolutiboetara etengabeko egokitzapen edo moldaketan oinarritzen dira hazkuntzako lehen urteak. Hortik, eraikitzen dugu etxean hasten den harreman-mota bat, eskolara eta beste ingurune ludiko eta erlazional batzuetara zabalduz joateko; garai horretan, zelanbait “kontrolatu” ditzakegu haien ingurunea, lagunak, baita interesak ere, harik eta nerabezaroaurreko egoerara iristen diren arte, beti ustekabean harrapatzen gaituen egoera. Duela urte batzuk asko gustatu zitzaidan kanpaina bat egin zen, ez dut gogoratzen norena zen, baina honelako eslogana zuen gutxi gorabehera: “Non dago nire mutikoa eta nor da nire etxean dabilen morroi hau?”.

Konturatu barik, gure seme edo alabak eta gu geu dolu-prozesu batean sartzen gara, haurra desagertzen hasten da eta nerabea (herabea, sufritzen duena) sortzen da, “ezagutzen” ez duguna; harremana aldatu egiten da, eztabaidak etenbakoak dira eta zentzugabeak, jada ez gara haien munduaren erdigunea, eta badirudi soberan gaituztela, baina ez da egia, beren autonomia, gure maitasuna, beren ideiak probatzen ari dira, jada gugandik bereizi dira, eta hori gertatzen bada zerbait ondo egin dugulako da, baina “non dago gure txikia eta nor da aurrean dugun pertsona hori?”.

Lehen gauza guztietarako behar gintuzten, eta orain badirudi ez gaituztela ikusi ere egiten; oso bakartia eta, tarteka, desatsegina bihurtzen da beraiei laguntzeko zeregin hori; planteatzen diegun gauza guztien aurka agertzen dira, oihu egiten digute, egunero gauza ezberdinengatik haserretzen dira eta mespretxuz eta harropuzkeriaz erronka egiten digute.

Orduan, nahasmendua, errua, ezintasuna, beldurra eta, batzuetan, etsipena iristen da; zelan sufritzen duten ikusten dugu, zein nahasita dauden. Zorabiatu egiten gara haiek babesteko dugun gogoaren eta heldutasunerako ezinbestean behar duten askatasuna gero eta gehiago emateko nahiaren artean.

Beharrezkoa da berriro taxutzea gure harremana, komunikatzeko modua, baita mugen eta arauen sistema eguneratzea ere, eta haien aukeretan eta mundua ikusteko moduan konfiantza ehuntzen hastea, baita gure ikuspegiarekin bat ez datorrenean ere.  Ez da erraza ardura edo erantzukizuna kanpora botatzen duen eta autokritika ia praktikatzen ez duen norbaitekin berba egitea, aldi berean, haren zaurgarritasuna, Bizitzarekiko ezjakintasuna, bere nortasunaren aurrean duen nahasmena … ikusten dugu eta.

Kasu askotan badirudi ahaztu edo lurperatu egin dugula, eta arrazoiekin, gure bizitzako garai hura, … geure gorabeherak, joan-etorriak, … adinekoek esaten zigutenarekiko gure apatia, … inguruan etengabe jirabiraka zebiltzan desirak, … zeharkatu genituen erritualak, beharrezkoak, handiagoak ginela sentitzeko haien mende jarri ginelarik, … gure zalantzak mundu honek merezi ote zuen edo zentzugabeko leku honetatik lehenbailehen jaistea hobe ote zen.

Beraz, metamorfosi etengabearen aldi horrek beste ezein aldik baino arreta, enpatia eta pazientzia handiagoa eskatuko digu. Gure seme edo alabari aurrez aurre begiratzea, haren hizkuntza ikastea, haren munduak blai egin gaitzan uztea oso zentzugabea edo arrotza iruditu arren, errespetatzea beste edonorekin egiten dugun lez…, ez litzaiguke inoiz bururatuko lankide bati edo gure fruta-saltzaileari hitz egitea gure nerabeei etxeko mugen barruan hitz egiten diegun bezala, non komunikazioa batzuen eta besteen oihu eta epaiketen artean egiten den.

Agian, igarobide honetan funtsezko zeregina da gertatzen dena ?haien “erasoak” esaterako? ez pertsonalizatzea, baizik eta prozesu natural eta beharrezko baten barruan ulertzea, bai indibidualizazioari dagokionez, bai emantzipazioari dagokionez, eta hori, gura ala ez, mingarria da, baina ez horregatik esker txarrekoa edo antzua. Lasaitasun handia behar da ulertzeko noiz den haiek hartzeko unea eta bizitzen ari direnaren konplexutasunak uler ditzaten saiatzeko, eta noiz den mugak argi jartzeko unea, eztabaidetan sartu barik. Heldua izatea eta horrek dakarren autoritatea ez da boterea erabiltzean oinarritzen (hori ere bai), baizik eta dagokigun rola da, ez da borroken bidez irabazi behar, baizik eta gure funtzioa dela erakutsi.

Nire ustez, eragozpen, desadostasun edo krisiak gorabehera, garrantzitsuena da nerabeengandik hurbil egotea baldintza barik, ulermenez, konfiantzaz eta erruki handiz, haientzat eta guretzat hain garrantzitsua eta korapilatsua den une honen aurrean. Nortzuk garen jakiteko gure seme-alabak baino ispilu hoberik ez dugu, batez ere gure alderik ilunenean eta gabezia handienekoan, elkarrekin ikasteko eta heltzeko unea da. Maitasuna da beti erantzuna.

Ana Baza

Beste begirada batekin…” programa presentzialean parte hartu gura duzu? 

Programaren helburuak:

Haurtzarotik gaztarora igarotzeko etapa hori ulertzen laguntzea, gurasoei edo tutoreei lagunduta nerabe batekiko harremanean sortzen den nahasmendu eta ezintasunean.

Edukiak:

– Haurtzarotik gaztarora igarotzeko etapa honetan agertzen diren beldurrak aztertzea eta lantzea.

– Pasoko erritualak.

– Nola ezarri mugak maitasunetik, eta ez kontrolaren beharretik. 

– Nola garatu komunikazioa nerabearekin, haien beharrak eta gureak errespetatuz, haiek babesteko eta gidatzeko.

Nola parte hartu: aurretiko elkarrizketa bat egingo dugu hautaketa-prozesua egiteko

Emango dute: Gestalt Psikoterapia Integratiboko Senda zentroko Familia eta Nerabeen taldea.

Datak: 2022/05/28 eta 2022/06/04

Ordutegia: 10: 00etatik 14: 00etara eta 16: 00etatik 20: 00etara Bazkaria barne

Lekua: erronda kalea, z/g Bilbon

Doako programan parte hartu gura baduzu, sakatu hemen.

 

 

BBK Family Learning

×