“Larako biribila izateko askatasuna zulo karratu batean” A. Huxley
Ama edo aita denak badaki hezteak sortzen duen ziurgabetasuna, badakizki geure buruari eten barik egiten dizkiogun itaun edo galdera ugariak eta erantzunak, baliotsuak izan daitezkeen arren, gauzatzeko errazak ez direnak.
Beharrean eman ditudan urteetan, zortziehun txosten baino gehiago egin ditut eta hamaika anekdota izan ditut, eta metaturiko eskarmentuak ñabardura ugari ditu.
Familia asko beste zerbitzu batzuek bidalita iristen dira Interac-era; motu proprio egiten dutenean, ezinbestean ulertu beharra sentitzen dute beren seme-alabek zergatik erakusten duten hainbesteko interes, jakingura eta sentiberatasuna, jakiteko hainbesteko gogoa; beraien begirada jakingurazko, arakatzaile eta arretatsuei buruzko azalpena bilatzen dute; beraien jokabide aktibo, original, ikertzaile eta sortzaileak ulertu gura dituzte.
Aurrekoarekin batera, umiltasun-sentimendua ekartzen du familiak, nahiz eta adierazleek oso argi iradoki gaitasun handia dagoela, harropuzkeria iruditzen zaie datu objektiboak onartzea.
Hamar urtera arte, gutxi gorabehera, adinbako horiek ezagutza partekatzeko irrikaz iristen dira, aurrean dituzten erronkez gozatuz, eta gogo, lankidetza, konfiantza, emozio, … pila agortezina ekartzen dute. Joan den astean, itzelezko ziurtasunaz eta ozen bota zuen neskato batek: “Elisak lagunduko dit”. Arazoak konpontzeko eta lasaitzeko itxaropen goiztiarra dago, eta horrek hunkitu egiten gaitu.
Ikasten eta gauzak zalantzan jartzen zoriontsu diren adingabeak aurkitzen ditugu, kontzeptu abstraktuak berenganatzeko baliabideak dituztenak. Askatasunaren eta justiziaren sentimendu etikoak dituzte, sumintzera irits daitezkeen egoerek pertsonalki eragiten ez badiete ere, altruismo goiztiarra dago. Lehen haurtzaroan, gizarte-antolaketaren irizpide propio bat eratzea lortu dute, harrigarria gertatzen zaiguna, eta gure gizarte-arauak zalantzan jar ditzakeena.
Ondorengo etapetan hain desiragarriak ez diren egoerak agertzen dira: abaildura, frustrazioa, utzikeria akademikoa, oharkabetasuna, arbuioa, desobedientzia, amorrua, somatizazioa, …
Lehen haurtzaroan gaitasun intelektual handiari behar bezala erantzuten ez zaionean, ulertu ezina, bakartzea eta bat ez etortzearen ondoeza sortzen dira. Mimetizatzeko joera izaten dute, beren ahalmena ezkutatzen dute, desberdintasuna balitz bezala ezabatu beharreko arazoa. Lekuz kanpo sentitzen dira, lagatzen zaien espazioa ez dagokiela uste dute eta ez dute beren burua non kokatu aurkitzen. Batez ere, onarpen zintzoko ingurunea behar izaten dute.
Zer egin dezakegu?
Integrazio faltsua bultzatzen badugu, eta nortzuk diren ukatzeko eta garapen orekatuari uko egiteko obligazioan sentitzen badira, arazoak, larriagoak eta konplexuagoak, gero etorriko dira, hamabi, hamabost, hogeita bost edo berrogeita hamar urterekin. Ekintza premia edo beharrizanera egokitu behar dugu, beharrezkoa dena araudiaren aurretik jarriz, prebentzioa aringarriaren aurretik.
Lehen une ilusionagarri hori esku hartu barik pasatzen lagatzen badugu eta zailtasun emozionalak agertu arte itxaroten badugu, iritsiko dira horiek. Ezin ditugu arazoaren ondorioak konpondu beraren jatorriari heldu barik. Sukarra duzunean, zerbait egin dezakezu eragozpen hori murrizteko, baina ezinbestekoa da zerk eragiten duen jakitea.
Gogoan dut kasu bat: agian ez da erraza ulertzea zer-nolako sentimendua, unea, egoera ari den bizitzen haur bat, urtebetetze opari gisa gure txosten bat eskatzeko, oinaze baterako osabidea eskatuko balu bezala. Agerikoa da, zenbat eta berezitasun handiagoa izan, orduan eta desegokitasun-sentimendu handiagoa; bazterketa hori murrizteko betebehar soziala dugu, eta ez soilik gizarteratzeko helburuarekin; egia esan, ezin dugu hainbeste talentu baztertu eta alferrik galdu.
Ezagutzen dut, eta gozagarria zait, gurasoek txostena jasotzen duten unearen garrantzia, eta une horretako ziurgabetasun eta kontsolamenduzko emozio kontrajarriak; etorkizun berri seguru bat izateko beharrizana familia bakoitzak bere erara bizi duen inflexio-puntu horretan. Horregatik, gure txostenak osoak eta trinkoak dira, profil bat osatzen duten datuak emanez. Orainaldia azaltzeko gaitasuna izateaz gain, gertagarriena ere aurreratzen dugu.
Seme edo alabari buruzko ikuspegia aldatu egiten da, sekula ez da berriro lehengo bera izango. Jabetzen naiz pertsonentzat oso esanguratsuak diren prozesuetan parte hartzen dugula. Bidaia honetarako gu aukeratzea harrogarria, ohorea eta erantzukizun handia da.
Gaitasun handiei dagokienez Interac izatea erreferentziazko osasun-zentroa ez zen posible izango gure proiektuan konfiantza jarri eta sendotu duten erakunde barik; familiak azkar orientatzen jakin duten pediatra barik; ezagutu gaituzten eta gure ereduaren bozgorailu bihurtu diren pertsona barik; behar bezalako hautematea egiten jakin duten psikiatra barik; sakontzeko baliabideak erruz erabili dituzten hezkuntza-langile barik; gure irizpidean eta esperientzian konfiantza jartzen duten familien uste on barik; hemen egon diren haurren gogo-berotasun barik, dagoeneko gazteak dira, eta beraien ibilbide pertsonala eta akademikoa harro egoteko modukoa da; gure eguneroko bizitzan daude eta beraren parte dira, eta proiektuan parte hartu eta hori handiago egitera iritsiko dira.
Elisa Álvarez. INTERACeko zuzendaria
Interac
Zer da?: Umeen eta nerabeen adimen-gaitasunak modu integralean artatzeko proiektua.
Helburua: gaitutako, gaitasun handiko, sormenezko edo motibazio handiko umeen eta nerabeen beharrak asetzea, baliabide espezifiko eta pertsonalizatuen bidez.
Non dago: Fernández del Campo kalea 13, erdialdea. – 1. esk.
48010 Bilbo
Harremanetarako: 946 540 753/620 391 733
Telefono bidezko arretarako ordutegia 16: 00etatik 20: 00etara da.
Emaila: Elisa@interac.es Informazio gehiago: Interac
Interac ibilbidearen bideoa:
Ekintza batzuk seme-alabek egiteko,
*Atal honetan, hilero Bizkaian familien arloan lan egiten duen erakunde bat ezagutuko dugu.
Mediatekan dauden materialak laguntza emateko: