Ba al dago seme edo alaba nerabearekin komunikatzeko “une egokirik”?

Pertsonen arteko komunikazioa ez da inoiz erraza izaten. Eta gure seme-alabekin elkar ulertu behar dugunean, hori ere zaila izan daiteke. Txikiak direnean, txikiegiak direlako, eta nerabeak direnean… ezinezko eginkizuna dirudi horrek!

Nola hitz egin haiekin gura ez badute? Zelan egin eztabaida bizian amaitu barik? Benetan, entzuten al digute inoiz? Duela denbora bat, Stanford Unibertsitateko ikerketa baten emaitzak argitaratu ziren, eta ondorioztatu zen 13 urtetik aurrera nerabeak amaren ahotsetik deskonektatu egiten direla, beren berdinkide edo gisakoen eta pertsona ezezagunen ahotsean ardaztuz. Eboluzioaren ikuspegitik, badu zentzua horrek. Amarengandik banandu, lagunartean bermatu, mundura zabaldu eta jende berria ezagutzeko adinean daude.

Izan ere, nerabe batek bizi duen krisiaren ondorioz, bere mundu emozionala oso bizia eta aldakorra da. Haren arreta, denbora eta afektibitatea lagunengan, gorputzean edo teknologian ardazten dira. Gainera, helduen munduan sartzen saiatzen da, bere balioa baieztatuz bere buruari. Batzuetan, gurasoei eta horiengandik datorrenari (arau, aholku, elkarrizketa, bizi-eredu eta abarri) aurka eginez edo entzungor eginez.

Artikulu honetan, haiekin zer-nolako komunikazioak izan ditzakegun eta zerk lagun diezagukeen hausnartuko dugu.

“ANEKDOTA SOZIAL”EN UNEA ETA HAIEN INTERESETARA IREKITZEA.

Aditu batzuen arabera, gure seme edo alaba nerabeekin izaten diren elkarrizketen % 75ek gai arinak (“biziegi” jarri barik) jorratu beharko lituzkete. Gai horien barruan: gizarte-pasadizo orokorrak edo beraien sarekoak, beraien zaletasunak, interesak… eduki egokiak dira eeeskolatik etxera iristen direnerako, otordu, bidaia, itxaronaldi eta abarretarako.

Batzuetan, bideojoko berri batean gertatzen denaren haria jarraitzea, youtuber gogokoenak esaten duena, Saskibaloi Liga nola doan edo ikasgelan taldeak zelan mugitzen diren… ikustea nekeza edo aspergarria iruditu dakiguke. Eta, hori horrela izanik, garrantzitsua da benetan entzuten eta konektatzen saiatzea. Zintzoak izan gaitezke eta esan: “Ez dut oso ondo ulertzen kontatzen didazuna, eta, batzuetan, pixka bat galdu egiten naiz; baina zuk segi kontatzen, nik entzuten dizut eta galdetuko dizut…”.

Batzuetan, beraiek hasten dituzte horrelako elkarrizketak, eta, beste batzuetan, guk proposa ditzakegu. Adibidez:

  • Gai jakin bati buruz galdetuz: “Aizu, nola doa zuk aipatu zenidan iskanbila hura?” / “Ikusi dut joko berriren batean hasi zarela?” / “Esan didate jokalari hori lesionatu egin dela…”/ “Egin duen abestiarekin ikaragarria sortu da, ezta?”.
  • Galdera irekiak eginez, itaunketa-itxura izan gabe edo hurbilagoko formulak erabiliz. “Zer moduz joan zaizu institutuan?” esan beharrean, erabil dezakegu: “Zer gertatu da gaur barregarri ikasgelan? / Zein izan da zure unerik gogokoena gaur entrenamenduan? / Zer izan da arratsaldeko gauzarik okerrena?”.

LARRITASUNAK JASOTZEKO UNEA

Gure seme edo alaba nerabeak gurekin komunikatu nahi izaten duen uneetako bat nolabaiteko larritasuna duenean izaten da. Baliteke larritasun horren arrazoia guri garrantzi bakoa iruditzea, edo hainbesterako behintzat ez dela (ez gure heldu-ikuspegitik). Gerta daiteke, halaber, gaiaz berba edo hitz egiteko unerik desegokiena aukeratzea (ohera joan aurretik hortzak garbitzen ari garenean, presaka lanera joateko irtetera goazenean, nekatuta gaudenean, …).

Kasu horietan, interesgarria da:

  • Geure nerabezaroa gogoratzea eta beraien “larruazalean” jartzea. Guri orain huskeria bat iruditzen zaiguna, nerabe batentzat munduaren amaiera izan daiteke, eta haren ondoeza entzun eta jaso egin behar da.
  • Elkarrizketa atzeratzeko premia larria izan ezean, utz dezagun esku artean duguna eta entzun dezagun (aukera horiek ez dira asko errepikatzen, eta nerabeak ez dira gai larritasuna geroratzeko eta beren kabuz hain erraz kudeatzeko).
  • ENTZUTE ona egitea. Aholkuak, konponbideak edo balio-iritziak emateko etenaldirik gabe entzutea. Adi-adi, enpatiaz eta pazientziaz entzutea. Bertan “gako-hitz” batzuk erabili ahal izango ditugu kontatzera gonbidatzeko, bere emozioak jaso eta balioztatzeko eta larritasunaren intentsitatea arintzeko. Adibidez: “Zer esaten didazu! Kontxo!­ Hara! Zer gehiago? Eta zer jazo zen hasieran? Eta zer gertatu zen gero? Eta ez zenekiela zer egin esaten didazu? Jakina, oso larri jarriko zinen…! Eta hori denen aurrean esan zizula diozu? Arranopola…”.
  • Baloratzea ea gaiari buruzko hausnarketa-prozesu batera gonbidatzea beharrezkoa den eta horretarako une egokia den. Batzuetan, larritasuna arintzea baino ez dute gura besterik gabe kontatuz, eta hausnarketa biharamunerako edo beste une baterako utzi behar da. Izan ere, batzuetan une “desegokiak” bilatzen dituzte kontatzeko, denbora edo energia askorik egon ez dadin eta atzean dagoen edukian ez “sartzeko”.

(Unean bertan, hurrengo egunean edo beste noizbait) hausnarketa egiteko aukera ikusten badugu, hori ere modu egokian egin beharko da. Kezka sor diezaiekeenari buruz modu kritikoan pentsatzen lagundu behar zaie:

  • emozioak berriro balioztatuz.
  • nolabaiteko laguntza-informazioa emanez.
  • konponbideak edo alternatibak bilatzera animatuz.
  • beren gaitasunez jabetzea erraztuz.

Honelako esaldiekin proba genezake: “Aizu, kontatu didazunari buruz, pentsatzen geratu naiz… Zelako estutasuna pasako zenuen Elenak erretzera gonbidatu zaituenean eta zer egin ez zenekienean, ezta? “Zupada” bat eman diozu, nazka eman dizu, ez zaizu gustatu eta ez zenuela gehiago nahi esateko gauza izan zara. Esaten duzu ez duzula erre nahi gonbidatzen zaituztenean, baina kosta egiten zaizula ezetz esatea. Oso zaila da lagun bati ezetz esatea. Egia da zaila dela… Zuk zer pentsatzen duzu tabakoaz? Zer gogoratzen duzu tabakoari buruz azaldu zizutenaz? Benetan nazka ematen duten gauza asko eragiten ditu. Zer iruditzen zaizu norbait astun samar jartzea nahi ez duzun zerbait eginarazteko? Saiatu gogoratzen beste kasuren bat, orduan ere zerbaiti ezetz esan zeniolarik. Noiz izan zen? Oso adoretsua izan zinen. Zer bururatzen zaizu hurrengoan egiteko…?). Galdera eta iruzkin horiek landu daitezkeen gaiak dira. Ez genituzke denak eta bat-batean egin beharko, ziur asko ihes egingo lukete eta. Batzuk eginez hasiko ginateke, haien iruzkinekin tartekatuz, informazio pixka bat ezagutaraziz, iradokizunen bat eginez, norberaren esperientziaren bat, lagungarri izan daitekeena, kontatuz… baina betiere beraiek egin dezaketen hausnarketaren barruan. Hori guztia itaunketarik egin edo klase magistralik eman barik.

Tabakoaren adibide honetan, baliteke gure alabak “ez” esatea hurrengoan erretzera gonbidatzen dutenean, edo “bai” esatea presio sozialagatik, helduen mundura “sarbide” gisa edo “debekatu”aren erronka bilatzeagatik. Baina ziur nago pixka bat desberdina izango dela bere larritasuna jaso badugu eta aurretiko hausnarketa-prozesu bat egitea lortu badugu.  Gainera, aurreiritzi barik edo “sermoiak egin” gabe laguntzeko prest gaudela sentituko du, eta hurrengo aldietan gauzak kontatzeko prest egongo da.

“JAKINARAZPEN OFIZIALAK” egiteko unea

Familiaren edo komunitatearen bizitza antolatzeko edo azaltzeko gairen bati buruzko informazioa eman behar dugunean, interesgarria da jakinarazpen edo adierazpen ofizial bat balitz bezala egitea: laburra eta objektiboa izatea. Adibidez: “Gaur berandu iritsiko naiz. Gogoratu giltzak hartzeaz”.

Margotzen, irakurtzen edo telebista ikusten kontzentratuta dauden bitartean esaten badiegu, ez dira enteratuko. Beraz, egiten ari direna utzi arte itxaron behar dugu, edo boxetan geldialdia egiten dutela ziurtatuko dugu, guri entzuteko. Askotan, kasu egin diezaguten, telebista itzali edo amatatzeko, pintura eskutik kentzeko edo sermoi batean sartzeko gogoa ematen digu: “Ez didazu kasurik egiten. Aizu, hartzeko giltzak, beti ahazten zaizkizu eta! Begira aurrekoan ez gogoratzeagatik sortu zenuen arazoa… Izan ere, oso despistatua zara… ez dakit nik gogoratuko zaren…”, eta hortik ez-jakinarena jasotzen dugu erantzun gisa, edo iskanbila handia sortzen da.

Batzuetan, entzutea ziurtatzeko adostutako esaldi edo seinale bat erabiltzeak funtzionatu egiten du.  Izan daiteke: “boxetan gelditu”, “iragarki ofiziala”, “lurretik deika…” soinu bereziren bat egin, ikusizko estimulu bat egin, …

Ziurrenik jarrera pasiboa izango dute gure iragarkien aurrean eta esango digute: “Baietz, astun hori!”. Zaila da, baina saiatu gaitezen ez haserretzen eta informazioa ematen. Formula asertiboa ere sar dezakegu: “Beldur naiz ez ote zaren giltza gabe joango. Gogoratu giltzak hartzeaz eta eroateaz etxean sartu ahal izateko. Zer egin behar duzu gogoratzeko?”.

Leihoak aprobetxatzeko edo ZUNDA-GLOBOAK BOTATZEko unea

“Larritasuna jasotzeko” uneetatik haratago, eta batzuetan gai sakonagoak jorratzen dira horietan, ustekabeko leihoak ager daitezke zenbait gai sakonez berba egiteko edo/eta nortasunari, drogei, sexuari, etorkizunari, ikasketei… buruzko zunda-globoak edo behaketa-baloiak jaurtitzeko.

Agian zure semea entrenamendura eramatean zure amonari buruzko komentarioren bat egingo diozu eta berak familiaren zuhaitz genealogikoari eta familia-nortasunari buruz gehiago ezagutu nahi izango du agian… Beharbada, telebistan iruzkinen bat egingo da “kanpaia jotzeaz”, eta masturbazioari, sexuari eta sexualitateari buruzko zunda-globo bat askatzeko une egokia izan daiteke: “Zer iruditzen zaizu hori? Zer dakizu horretaz? Zer jakin nahiko zenuke? Ba…”.

Kasu horietan, garrantzitsua da “hariari tira egitea”, baina betiere eurak prest baldin badaude edo prest dauden punturaino. Izan ere, astunak jartzen bagara, egoera bortxatzen badugu edo entziklopedia baten moduan hitz egiten badugu… elkarrizketa amaitu egin daiteke, eta agian hurrengoetan ez dira leihoak hain erraz irekiko edo ez dituzte zunda-globoak onartuko.

Eta komunikazioa, DIZIPLINA KUDEATU behar denean?

Diziplinaren inguruko komunikazioa errazagoa izango da seme-alaben nerabezaroan gure egitekoa zein den ulertzen dugun heinean, diziplina positiboko eredu bat izan, indarkeriarik gabeko komunikazioa erabili eta malgutasun emozionaleko baliabideak erabiltzen ditugunean.

Nerabezaroan, marra gorri batzuk ezartzen jarraitu behar dugu, baina bidea libre utzi behar dugu seme-alabek gauza batzuk erabaki ahal izan ditzaten (eta baliteke huts egitea eta hortik ikastea). Eta bada garrantzi handia hartzen duen zerbait, eta  hori negoziazioa edo akordioetara iristea da.

Nolanahi ere, maite ditugula, ez dugula guduetan sartu nahi, nolabaiteko lasaitasuna dugula, zenbait gauza erabaki edo negozia ditzaketela, haien gaitasunak nabarmentzen ditugula eta ez soilik haien akatsak, beraiengan konfiantza dugula eta konponbideetara irekita gaudela… hori guztia sentitzen duten neurrian komunikazioa hobeto joan daiteke. Edo erlatiboki hobeto. Adibidez:

  • “Dutxatu zaitez kiratsa darizu-eta” esan beharrean, esan dezakegu: “Afaldu aurretik ala ondoren dutxatuko zara? Erabaki ezazu, denbora hori gordetzeko.”
  • “Erremediorik gabea zara! Arropa guztia zikindu duzu eta orain niri tokatuko zait orbanak igurztea…” esan beharrean, esan dezakegu: “Arropa zikindu duzu. Zer egin behar duzu orain horrekin? Zer egin dezakezu hurrengoan garbiago edukitzeko?  Joan den astean arropa garbi-garbi ekarri zenuen. Zelan lortu zenuen? Hurrengoan kontu handiagoz ibiliko zarela espero dut. Nola lortuko duzu?”.
  • “Itzali musika, arraioa!, burua zulatzen dit-eta” esan beharrean, esan dezakegu: “Musika oso altu dago niretzat. Ulertzen dut zuri horrela gustatzea. Baina ni gogaitu egiten nau eta txarto sentitzen naiz. Jaitsi bolumena edo itzali egin behar duzu. Zer duzu nahiago?”.
  • Oso ordenatua zara gauza batzuetarako, baina ikasketetan desordenatua zara” aldatu eta horren ordez esan dezakegu: “Oso ordenatua zara hainbat gauzatan, eta espero dut ikasketetan ere hobetuko duzula antolatzeko modua. Zelan lortuko duzu hori?.
  • Nire onetik ateratzen nauzu” esan eta lehertu ordez, zera esan diezaiokegu: “Larregi ari naiz haserretzen. Pixka batean irten lasaitzeko eta berriro itzuliko naiz”. // “Lasaitu gaitezen eta berriro hasiko dugu elkarrizketa…”.
  • “Inoiz ez duzu esaten dizudana egiten” esan ordez, esan diezaiokegu: “Esaten dizudana kontuan har dezazun nahi nuke (“inoiz ez”, “beti” eta “ez” hitzak beti hitz “ilunak” dira komunikazio eraginkorraren barruan, eta saihestu edo beste esaldi batzuekin ordezkatu behar ditugu).

Amaitzeko, tranpa duen galdera bat: “Zerk bereizten ditu guraso bat (seme edo alaba nerabea duena) egun horretan hazkuntzan bizi izandakoagatik adore gabe, gustura ez eta errudun sentituz oheratzen dena, eta beste bat (hau ere seme edo alaba nerabea duena) lasaiago oheratzen dena?

Pentsa genezake lehenengoak “gobernatu erraza” den seme edo alaba bat duela, edo berarekin gatazkarik ez duela, eta bigarrenak, kontrakoa. Baliteke horrela izatea. Baliteke, halaber, biek seme edo alaba nerabe antzekoa izatea, baina, lehenengo kasuan, aita edo amak gatazkei aurre egiteko trebetasun batzuk izatea, errespetu-falta adierazten duten edo afektua kentzen duten formulak erabili barik. Guraso garen aldetik, trebetasun horiek lantzen joan behar dugu, ez garelako horiekin jaiotzen edo ez direlako hain errazak martxan jartzeko. Eta, horretarako, beharrezkoa da laguntza eskatzea gure sare afektiboari, pertsonei, orienta gaitzaketen baliabideei…

Ildo horretan, BBKFAMILYk laguntza-baliabideak eman gura dizkie familiei trebetasun horiek lantzeko, online prestakuntzaren, podcast-en, bideoen eta hazkuntzarako online aholkularitza-zerbitzuaren bidez. Hazkuntza-trebetasunak ere, gimnasioan bezala, entrenatu egiten direlako.

Begoña Ruiz, psikologoa

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×