Arauak eta mugak jartzeko moduari buruzko teoria jakin badakit… Baina gero praktikan…

“Etxean banekien”, batzuetan gure seme edo alabek esaten duten zerbait da azterketa bat egin eta azterketa hori oso ondo atera ez zaienean, nahiz eta ikasita joan azterketara. Esaldi horren atzean hainbat aukera egon daitezke: azterketa zaila izatea, benetan ez dituztela beharrezko ezaupideak integratu, ez dituztela ikasgaiaren konpetentziak behar bezala entrenatu, oraindik ez dituztela “azterketa-testuingurura” egokitzeko behar diren trebetasunak, edo blokeatzen dituen zelanbaiteko antsietate-egoera dutela.

Antzeko zerbait gerta dakiguke guri diziplina, arauak eta mugak maneiatzeko trebetasunarekin. Teorian jakin dezaket, baina gero praktikan ez du funtzionatzen: amore ematen dut, ez dut lortzen jaramonik egin diezadaten, azkenean neuk egiten dut dena, “sarjentu” gisa jokatzen dut, oihu egiten dut, zigorrekin mehatxatzen dut, xantaia emozionalak egiten ditut, eztanda egiten dut… Ezaguna egiten zaizue? Ezaguna egiten zaigu, bai.

Izan ere, uste izaten dugu “badakigula”…

  • Seme-alabei segurtasuna eta autonomia emateko arau eta muga batzuk jartzearen garrantzia.
  • Irmotasuna maitasunarekin orekatzeko beharra diziplina gaietan.
  • Arauak zehaztearen, positiboan jartzearen, aldi berean arau berri askorekin ez gogaitzearen…
  • Emozioak baliozkotzearen, ahal denean arauak eraikitzen parte hartzen uztearen, aukeretan pentsatzearen…
  • Zigorrek duten muga, edo xantaia emozionalek egiten duten kaltea, hobe dela jokabide egokiak aitortzea eta abar.

Baina gero…

 “Testuinguruzko” faktoreak

Batzuetan, testuinguruzko faktore batzuek lagundu egin dezakete edo oztopatu guk arau eta mugekin ditugun asmo onak.

Garrantzitsua izango da horiek aitortzea, horien eragin negatiboa arintzeko edo eragin positiboa handitzeko. Eta hor hainbat alderdi azter ditzakegu, hala nola etxearen antolaketa fisikoa, ikusizko tresnen erabilera, eguneroko erritmoa, antzeko irizpideak edo oso desberdinak dituzten zaintzaileen kopurua

Umeen eta nerabeen beharrizanak

Beste batzuetan, geure buruari galdetu ahal izango diogu ea diziplina kudeatzeko dugun modua koherentea den gure seme-alabek dituzten benetako premiekin, edo ez ote garen gai haiek identifikatzeko eta haiei erantzuteko edo atzean zerbait gehiago dagoela ikusteko. Horrek zerikusia izan dezake bere adinarekin, etaparekin, erritmoarekin, trebetasunekin, zirkunstantziekin… Zentzu horretan, hazkuntzan dagoen segurtasun-zirkulua, semaforoaren sinboloa bidea libre uztea/negoziatzea/muga jartzea erabakitzeko, haurren garun-garapen emozionala, iceberg edo izotz-mendiaren eredua eta premiaren eta desioaren arteko desberdintasunak ezagutzea lagungarri gerta dakizkiguke.

Berezko trebetasun batzuk eta egoerak

Batzuetan, “Diziplina eraginkorrerako errezeta-liburua” bilatzen saiatzen gara, eta martxan jartzeko osagai eta prozedura estandarren multzo bat nahi izaten dugu, guztia ondo joan dadin. Baina, ez dugu beti perrexila etxean izaten, agian ez da mugurdi freskoen sasoia, ez digu astirik ematen harategira joateko azpizuna erostera, legatza oso garesti dago, gure labea ez da errezetakoa bezain bero jartzen, edo janaria prestatzeko nekatuegi gaude…

Beraz, eragin handiko parametro batzuei dagokienez, geure burua ere aintzat hartu behar dugu. Gauzak hobeto egiteko, aldatzeko motibazioarekin, baina baita muga batzuk onartuta ere, eta geure buruarekiko “errukitsu” edo gupidatsuak izanda.

Kontuan izan genezake, adibidez: zein autoritate-eredutatik natorren eta nola eragiten didan (kontzienteki edo inkontzienteki), zein den nire hazkuntza-eredua (autoritario edo larderiatsua, lar babeslea, demokratikoagoa…), nola kudeatzen dudan estresa gatazka-uneetan, zelan lantzen ditudan emozioak seme edo alabaren “ez” baten aurrean, zelakoa den nire komunikazio-mota, zer euskarri dudan erabiltzeko, nola dagoen nire neke-maila… Hor interesgarria izan daiteke tresna batzuk erabiltzea, adibidez: esaldi automatizatuak berrikustea, estresaren aurrean estiloa identifikatzea, laguntzeko “palanka” emozionalak erabiltzea, indarkeriarik gabeko komunikazioaren gakoak, atsedenerako 7 jarraibideak, eta beste batzuk.

Jakina, kontuan hartu behar dugu trebetasun orok denbora jakin bat eta entrenamendu-taula bat eskatzen duela: entsegua, akatsetatik ikastea, arrakastak identifikatzea errepikatu ahal izateko eta, agian, “coaching” bat. Laguntza hori gaian adituak diren pertsonengan, praktika onak edo laguntza eman diezaguketen beste guraso batzuengan, familiarengan… aurki dezakegu.

Alde horretatik, BBKFAMILYtik, gurasoentzako Gimnasioaren barruan, doako online ikastaro batera gonbidatzen zaituztegu: Arau afektibo eta efektiboei buruzkoa da, kontuan hartu beharreko gako nagusiekin.

Oraindik ez baduzu Gym-ean izena eman, hemen egin dezakezu.

Gurasoentzako lehen gimnasioa ireki du BBK Familyk

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

BBK Family Learning

×