Jakingo zenuke zelan erreakzionatu zure seme edo alabak egoera konprometitu batean harrapatuko bazintu? Eta zorroan dirua faltako balitzaizu eta zure alaba edo semea izan dela usteko bazenu, zer egingo zenuke? Galdera horiei eta askoz gehiagori erantzuten die AdolescenteZ de la A a la Z liburuan Diana Al Azem Bigarren Hezkuntzako irakasleak eta, nerabeak modu kontziente eta eraikitzailean hezten laguntzeko, Adolescencia Positiva atariaren sortzaileak.
Zure liburuari Ana Paradelak, irakasle eta hezkuntzan espezializatutako erredaktoreak, idatzitako hitzaurrean, esaten du askotan esaldi hau entzuten duela: “Gure gurasoek ez zuten prestakuntzarik izan eta ez gara hain txarto atera”. Eta horri erantzuten dio egia dela, haiek ez zutela prestakuntzarik izan, baina ez gintuztela gaurko mundurako hezi, eta ez dituztela hezkuntza-erantzun guztiak.
Izan ere, gurasoek ez ziguten gure emozioei buruz hitz egiten ere irakatsi. Eta emozioen nolabaiteko errepresio horren froga da gero eta pertsona heldu gehiagok hartu behar izatea antidepresiboak, eta, jakina, hori arrazoiren batengatik izango da.
Beraz, egia da jende askok uste duela, a priori, ez dela hain txarto atera: “nire karrera daukat, nire lana…”, baina kontua da bizitza ez dela karrera eta lan edo beharra bakarrik, edo etxea, autoa eta bikotekidea izatea; kontua da, baita ere, zu zeure buruari barrutik begira egotea, zeure burua zaintzen egotea, zeure buruarekin errukiorra izaten aritzea.
Gure adineko jende asko ez da ausartzen asertiboa izatera, eta gauza asko irensten ditu. Adibidez, lantegi-buruak gaueko hamarrak arte geratzeko esaten badio, geratu egingo da. Helduak izanda ere ez dakigu mugak jartzen, batez ere guk baino autoritate handiagoa dutela uste dugunekin. Eta lehen esan dudan bezala, froga ukaezina da 40-50 urtekoen artean gero eta jende gehiago dagoela antidepresiboekin medikatzen, eta, beraz, zerbait gertatzen ari da.
Egungo hezkuntzara itzulita, zure liburuan diozu ez dela errezeten bidez hezten, baina hezkuntza-oztopo edo eragozpen bakoitza funtsezkoenera, hezkuntza gobernatzen duten oinarrizko printzipioetara itzuliz konpon daitekeela, askatasunaren eta irmotasunaren konbinazio zehatz edo doiarekin.
Bai, baina egia da, halaber, pertsona askok nahastu egiten dituztela hezkuntza demokratikoa eta permisibitatea. Izan ere, ama batzuek esaten didate: “Baina nik ematen diot bere lekua, hitz egiten dut berarekin eta entzuten diot, baina errespetu falta handia erakusten dit”. Eta nik esaten diet oso garrantzitsua dela mugak jartzea, kontua ez baita bakarrik gura duena egitea, adieraztea, … hori oso ondo dago, baina guk mugak eta arauak ere jarri behar ditugu, mugek ere laguntzen baitiete gazteei.
Gidabaimena ateratzen duzunean, inork ez badizu oinarrizko zirkulazio-araurik ematen, eroa bezala ibiliko zara errepidean, baina ditugun arau horiei esker ordena bat dago zirkulazioan. Bada, gauza bera gertatzen da gizartearekin. Gure seme-alabei portaera-oinarri batzuk erakusten ez badizkiegu, galduta egongo dira, basamortuaren erdian auto batekin egongo bagina bezala.
Baita ere azpimarratzen duzu nerabeei beren grina edo irrikak zein diren jakiten lagundu behar zaiela, horietan lan egiteko eta gizarteari laguntzeko gai izan daitezen.
Ikasten dakiten edo gai batzuk buruz ikasteko trebeak diren pertsonak bakarrik saritzen ditu gure hezkuntza-sistemak, eta ez dira saritzen agian kirolean iraunkorrak edo instrumentu bat jotzeko ikasten saiatuak direnak. Egia esateko, bigarren hezkuntzako ikastetxeetan gizarte-trebetasunak askotan gaizki ikusten dira; izan ere, gizarte-trebetasun horien ondorioz, neska-mutilek denbora guztian beste batzuekin berbetan, hizketan egon gura izaten dute. Gehiago mugitzen dira, txisteak kontatzen dituzte klasearen erdian… Horrek gogaitu egiten ditu irakasleak. Eta zelanbait zigortu egiten da trebetasun sozialak dituena, bere aulkian eserita geldi-geldi eta arbelari begira egotea nahi dugulako, eta ez gelan istilua sortzen.
Erraz ikasten duen jendeak markatzen du gizartea, eta gurasoek arreta handiagoa jartzen diete ikasgaiei eta azterketetako nota edo kalifikazioei, seme-alaben talentua eta trebetasunak bilatzeari baino; eta horiek, lehen esan dudan bezala, kirola, musika, artea edo gizarte-trebetasunak izan daitezke. Seme-alaben beste trebetasun horiek, agian eskola-emaitzekin lotuta ez daudenak, saritzen hasi behar dugu gurasook.
Gurasoez ari garela, liburuan diozu batzuetan soberan gaudela ematen duela. Eta galdera hau egiten duzu: “Onartu egin behar dut ez dudala nire nerabea jasaten eta ezer ez egitea?”
Ulertu behar dugu seme-alabek gugandik urruntzen joan behar dutela pixkanaka. Hau da, nik ezagutzen ditudan ama asko, seme-alabak beren koadrilarekin irteten hasten direnean, jeloskor sentitzen dira, jada ez diotelako berari jaramonik egiten. Eta esaten dute jada ez dietela obeditzen edo jada ez direla beraiengana korrika etortzen besarkada bat ematera. Badirudi erregutu egin behar zaiela maitasuna. Baina gurasook onartu behar dugu jada ez direla gu superheroi gisa ikusten gaituzten ume txiker horiek, baizik eta orain beren tribua dutela, beren berdinkide edo gisakoak, eta hori guztiz normala eta onuragarria da, egingo ez balute gelditu egingo liratekeelako hazkunde-prozesuan; eta ziurtatzen dizut gero zailagoa dela beren bizitza egitea eta burujabetu eta autonomoak izatea. Seme-alabek habiatik irteten joan behar dutela onartzea dagokigu.
Badoazela onartzea eta guk geure burua zaintzea ere bai…
Bai, burnout sindromearen kasua gerta daitekeelako. Hori gure organismoak duen erantzun bat da, neke fisiko edo mentala izan daiteke, eta laneko burnoutak ez bezala (hori ere existitzen da), aitarenak edo amarenak ez du astebururik, oporraldirik, ezin du bere eginkizuna utzi, ezin du baja hartu, eta, beraz, lanekoak baino gehiago eragiten du. Hori eragiten duen arrazoietako bat da nork bere buruari denborarik ez ematea, bere burua zaintzeko, egin nahi dituen zaletasunak egiteko: adibidez, kirola egitea, lagunekin zerbait hartzera irtetea… Askotan saturatuta egoten gara, eta ama batzuek aitortzen dute jada ez dutela beren rol edo eginkizunaz gozatzen, jada ez dutelako jasaten sofan esertzea ere nerabearekin film bat ikustera, seme-alabekiko urruntze afektiboa dutelako.
Hori guztia hainbat arrazoirengatik gertatzen da, beren burua ez zaintzea da horietako bat. Oso guraso perfekzionistak izaten dira, edo, agian, bikotearekiko harremana ez dago ondo, edo ez dute laguntza-sarerik… hori jasaten lagunduko dienik. Horregatik dut nik “familia-harmoniaren zirkulua” programa, batzuetan babes-sare bat behar izaten delako barrua husteko, beste pertsona batzuek ere zuri beren arazoak kontatzeko, eta horrela zuk ikusteko zurea ez dela hain larria… Zirkulu hori, laguntza-sare hori ere oso garrantzitsua da. Eta autozainketari dagokionez, egunean denbora bat hartu behar da horretarako.
Liburuan diozunez, nerabeei buruz gaizki pentsatzeko ohitura dugu, konfiantza izan beharrean, imajinatzen hasten gara zer gertatuko den ez badute…
Jakina! Izan ere, hainbeste berri tragikorekin bonbardatzen gaituzte telebistan, eta komunikabideetan oro har, ezen beldur baikara gure seme-alabek berdin amaituko ote duten. Baina egia da, hezkuntza-oinarri ona eman badiegu, beraiei laguntzen egon bagara, ahalbidetu baldin badiegu haiek ere etxean hitz egin dezaten, eta seme-alabei emozioak eta sentimenduak adierazten edo hartu beharreko familia-erabaki bati buruzko iritzia ematen uzten ez dieten guraso autoritario edo larderiatsu horietakoak ez bagara izan, ez dugula zertan beldurrik izan. Horregatik uste dut konfiantza izan behar dugula beraiek beren helburuak, beren bidea bilatzen jakingo dutela.
Emozioak adierazteari dagokionez, dekalogo oso interesgarria prestatu duzu nerabeari emozioetan laguntzeko eta saiakera horretan pot ez egiteko.
Bai, dekalogo horren barruan esaten dut nerabezaroan gorroto izaten dituztela aldaketak, ezustekoak… eta gauzak aurreratzea behar dutela. Hau da, datorren astean familiarekin geratu bagara, aldez aurretik esan behar diegu, jakin dezaten egun horretan ezin dutela planik egin. Funtsean, haiei esan gabe planak egiteak haien autoestimua ere kaltetzen du zelanbait, ez baitira kontuan hartuak sentitzen.
Era berean, hasieran esan dudan bezala, badirudi nota akademiko bat bakarrik ikusten dugula eta atzean dauden pertsonak ikusi behar ditugu, zein diren beraien indarguneak, ahuleziak, zein unetan lagun diezaiekegun, zein unetan dakigun aurrera aterako direla beren kabuz.
Beste puntu garrantzitsu bat haien autoestimua zaintzea da. Eta horretarako ez ditugu etiketatu behar. Zerbait kontatzera etortzen zaizkigunean, ezin diegu esan hori txorakeria bat dela; izan ere, beren lagunen gauzak kontatzera etortzen bazaizkigu eta txorakeria bat dela esaten badiegu, horrek min handia ematen die.
Era berean, nerabeari erreakzionatu aurretik gelditzen irakatsi behar zaio. Baina erreakzionatu aurretik gu geu ere gelditzeko gai bagara bakarrik egin dezakegu hori. Amoi asko gertatzen zaigun zerbait da berehala konpondu nahi ditugula desadostasunak; nire nerabea haserre dagoela ikusten badut, konpondu egin nahi dut berehala. Baina guk ere ikasi behar dugu emozio horri pasatzen uzten. “Oraintxe bertan haserre dago, ezin da berarekin hitz egin, ez die arrazoiei jaramonik egiten, itxaron egingo dut, ez da beharrezkoa hau berehala konpontzea, bihar konpon dezaket. Entzun egingo dut zer esan behar duen, baina bihar berriro hitz egingo dut berarekin eta berriro planteatuko diot, egin duena ez zaidala ondo iruditu”.
Beraz, gurasook eman behar diegu hausnarketarako etsenplu edo jarraibide hori, eta esan diezaiekegu: “Begira, gaur ez naiz gauza galdera horri erantzuteko, geroago edo bihar hitz egingo dugu”. Eta hori, gu haientzat eredu izatea, hori da beti ikasteko modurik onena.
Gainera, ez da gauza pertsonaltzat hartu behar, hori ere asko egiten dugu eta. Haserretzen denean edo, adibidez, Institututik datorrenean, eta zer moduz ibili den galdetzen diogunean, “Utz nazazu!” erantzuten digu. Zuk esaten diozu: “Ni atsegina izaten ari naiz zurekin, zergatik erantzuten didazu horrela?”. Agian zigorra jarri diote ikasgelan, edo ‘gutxiegi’ atera du azterketan, edo bere lagunik onenak ez dio hitz egiten. Beraz, ez ditugu haien jarrerak modu pertsonalean hartu behar.
Orduan, garrantzitsua da haien emozioak errespetatzea minimizatu barik, ezkutatu gabe eta konpontzen saiatu gabe. Hau da lehentxeago aipatu duguna: guk emozioak ukatzen ditugu, negar ez egiten irakatsi digutelako, gertatzen zaiguna tontakeria delako, edo “tira, ez izan beldurrik, ez da ezer gertatzen eta”.
Emozio horiek kudeatzen irakatsi behar diegu, hau da, erreakzionatzeko edo emozio horiei erantzuteko orduan. Nire semea haserre badago eta irainduz defendatzen bada, adibidez, haserrearen emozioa balioztatu behar dugu. “Ulertzen dut zu haserre egotea, normala da, hau bidegabea dela ikusten duzu, baina nik ez dizut utziko iraindu nazazun; beraz, beste modu bat bilatuko dugu zure haserrea erakusteko niri eraso egin beharrik izan gabe”. Une batez bere logelara joan daiteke, paper bat hartu, erabat estutu eta zimurtzeko. Gure semeak edo alabak bere emozioa adierazteko metodoak bilatuko ditugu, baina zu erasotzera iritsi barik.
Zeure emozioak errespetatzea, izendatzea eta bizitzeko lekua ematea, beste pertsona batzuk mindu barik, hori funtsezkoa da. Lehen esan dudan bezala, eredu izan behar dugun lehenak gara; bestela, ni haserre banago eta deabruak hartuta bezala oihuka hasten banaiz, logikoa da nire semeak edo alabak modu berean erantzutea.
Garrantzitsua da, halaber, bere erreakzioari buruzko iruzkinak atzeratzea. Haserre eta suminduta daudenean edo haiei hitz egiterik ere ez dagoenean, ez dagoela jasango dituenik esateak ez du laguntzen. Hobe da esatea: “hau beste une baterako utziko dugu”. Eta lasaiago dagoenean, ziur aski esango digu: “Izan ere, haserre nengoen hau gertatu zaidalako, eta ez nuen hitz egiteko gogorik”. Errespetatu egin behar da, guri ere askotan gertatzen zitzaigun haserretzen ginela eta ez genuela inorekin berba egiteko gogorik; beraz, utz diezaiegun beren tartea eta oneratzeko denbora.
Eta autokontrolerako ahalegina ere aitortu behar diegu, une jakin batean egoera zail batean emozio hori kudeatzen eta bertatik ateratzen jakin dutela ikusten badugu, adibidez, anaia iraindu eta jo barik eta oihukatu gabe. Geroxeago, lasaitu denean, hori ere errekonozitu diezaiokegu. Esan diezaiokegu: “Asko gustatu zait zelan konpondu duzun egoera hau”; edo lagun batekin haserretu bada eta azkenean deitu egin badio arazoa konpontzeko, gauza bera. Izan ere, entzuten ez digutela uste izan arren, entzuten digute, bai.
Bestalde, garrantzitsua da arau eta mugekin irmo, tinko baina lasai mantentzea, lehen esan dudan bezala, askotan nahastu egiten ditugulako malgutasuna eta permisiboa izatea, eta hori ez da kontua.
Eskatzen ari zaren horrek zure segurtasun fisikoa edo segurtasun emozionala arriskuan jartzen duela argi badut, ez dizut onartuko. Batzuetan hausnartu egin behar izaten dugu, baita guk ere. Zein dira gure seme-alabei jarri nahi dizkiegun mugak? Gure seme edo alabarentzat arriskutsua zer den jakiteko ere denbora hartu behar dugu. Hori bai, ez ditugu arau gehiegi jarri behar, ezta muga gehiegi ere; bestela, gainditu egingo ditu. Sendoak, argiak eta zehatzak askoz hobeto.
Hitz egin dezagun zer egin egoera konprometitu batean harrapatzen bazaitu. Zer aholku ematen diezu gurasoei?
Askotan, zerbait egiten harrapatzen gaituztenean, gure lehen erreakzioa haserretzea izaten da. Haserretu egiten naiz agian nik neuk ez egiteko esaten diodan zerbait egiten harrapatu nauelako; adibidez, ez erretzeko esaten diot, eta egun batean zigarro batekin harrapatu nau. Nire lehen emozioa haserretzea da, nahiz eta benetan neure buruarekin egon haserre, badakidalako ez naizela ondo egiten ari, baina azkenean berari ordainarazten diot. “Izan ere, ez zenuen sartu behar, ez duzu abisatu eta!”. Beraz, lehenik eta behin, zein egoeratan gauden ikusi behar dugu, ez bero-bero jardun, zer gertatu den hausnartu, eta, lehen esan dudan bezala, ez momentuan bertan konpondu gura izan.
Arazoa da argitu egin nahi dugula, eta batzuetan, gauzak argitzeko, astia hartu behar dugu, lasaitu. Eta kontzientziaz hitz egin; izan ere, emoziotik hitz egiten badugu, lotsatuta edo haserre edo umiliatuta edo… baldin banago, emango diodan erantzuna ez da izango lasaitasun, baretasun eta kontzientziatik hitz eginda emango diodan erantzun bera izango. Orduan, lehenengo gauza beti da bero-bero ez jardutea, zer gertatu den ikusteko geldi geratzea, berarekin zelan hitz egingo dudan pentsatzea, uler dezan hizkuntza egokitzea…
Eta ebasten duten, lapurtzen duten… haurren gaia ere jorratzen duzu. Asko gustatu zait beste gauza bat ere, hau da, zure seme edo alabak lapurtzen badu, ez dela paga edo aste-saririk gabe utzi behar.
Izan ere, bere egintzez ondo arduratzea nahi badugu, modu logikoan jokatu behar dugu. Hau da, zurea ez den zerbait hartu baduzu, itzuli egin behar duzu. Galdera da zelan egingo duen. Hurrengo aste-sariarekin itzuliko duzu, edo pixkanaka itzuliko duzu, edo lan txikiak eginez itzuliko duzu?
Etxean esan diezaiokezu xurgagailua pasatzeko, lorategia garbitzeko, harrikoa egin edo zorua garbitzeko, normalean egiten ez duen zerbait berezia. Lapurreta egin eta ondoriorik gabe ere ezin direlako geratu. Halaber, beraiei galde diezaiekegu zelan konpon dezaketen sortu berri den egoera, eta azal diezaiekegu zelako ahalegina egiten dugun diru hori irabazteko.
Bestalde, hileko paga nahikoa ez ote den ere galde diezaiekegu, eta hitz egin, dirua kendu behar izateko zer beharrizan duten jakin dezagun. Ikusten badugu horrek aurrera jarraitzen duela, susmoak baldin baditugu diru hori tabakoa, drogak edo alkohola erosten gastatzen duela, edo jarrera hori sarri errepikatzen bada, orduan hemen irmo jarri behar da, eta, behar izanez gero, profesional batengana ere jo behar da, zure seme edo alaba zertan sartzen ari den ikusteko. Baina behin gertatu den egoera bat bada, dirua falta zaizula konturatu bazara, lehenik zera galdetu behar da: “Zer gertatu da hemen? Zer egin duzu diru horrekin? Zertarako erabili duzu? Zergatik ez didazu kontatu nahi izan?”. Eta, batez ere, entzun, entzun eta entzun, epaitu barik.
Garrantzitsuena da gure nerabeei asko entzutea, eta atzean dagoen pertsona ikustea. Ongi ezagutu ditzagula, gurekin hitz egitera, beren gauzak kontatzera gonbidatu ditzagula, baina guk ere gureak konta diezazkiegula. Izan ere, dena ez da harengana zuzenduko: “Konta iezadazu, esadazu, esadazu, esadazu, …”. Haiek ikusi behar dute guk ere sufritzen dugula, haserretzen garela, lanean egoera zailak ditugula, triste jartzen garela. Guk ere gure seme-alabengana ireki behar dugu, haiek guregana irekitzea nahi badugu.
AdolescenteZ, de la A a la Z: Aprende a vivir y a disfrutar la adolescencia positiva
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.