Gizakiok dugun abantailetako bat aurrea hartzeko, irudikatzeko, aurreikusteko… gaitasuna da. Aukera handiak ematen dizkigu horrek. Eta, askotan, zelanbaiteko distortsioa eragiten digu “esperotakoaren” eta “benetakoaren” artean.Ustekabeengatik, esperientziarik ezagatik, uste okerrengatik, aldaketengatik (batzuk kontrolagarriagoak eta beste batzuk gutxiago)… ama edo aita izatean ere gerta dakiguke hori.
Ama batzuek esan dezakete hazkuntza uste baino “hobea” ari zaiela gertatzen (panorama okerragoa irudikatu izan dutelako, adibidez). Beste batzuek esan dezakete, inguruabarrengatik, uste baino “zailxeagoa” ari zaiela suertatzen hazkuntza. Nolanahi ere, guztiak bat datoz esatean, zalantza barik, bizitzan aldaketa bat dela eta zerbait “bizi-bizia”, egitekotsua, dela.
Duela urte batzuk arte, ama gutxi ausartzen ziren hazkuntzaren “B aurpegi” zailenaz (zelanbait deitzeagatik) hitz egitera. Ez delako dotore geratzen, amatasunaren ideia idealizatua dagoelako gizartean, “guztiz errespetuzko” hazkuntza egin behar delako eta ez delako kexatu behar, hobe delako horretaz ez berba egitea, bestela jendea ez delako animatuko seme-alabak izatera (eta gero ezin izango ditugu pentsioak ordaindu…). Edo, denbora bat igaro ostean, gure burmuinak “ahaztu” egiten dituelako une ez hain onak eta oroitzapen “onak” nagusitzen direlako.
Edonola ere, hazkuntzak “astindu” egin dezake, egitekotsua izan daiteke, nekatu egin dezake eta ez izan zehazki guk espero genuena.
Haurtxoen etorreran jartzen badugu arreta, horretaz zenbait gauza hartu behar dugu kontuan. (Hazkuntzan beste adin batzuetan ere errepikatzen dira era askotara).
- “Sinbiosia” galtzea
Haurdunaldian, ama eta haurtxoa bat eginda daude, gorputza, janaria, babesa… partekatuz, zelanbait esatearren. Erditu ostean, eta zainketek oraindik gertutasun handia eskatu arren, egoera hori galdu egiten da. Haurtxoak zuen babes-bilgarria (grabitaterik gabe, tenperatura finkoarekin, itxaronaldirik gabeko elikadura automatikoarekin, estimuluen moteltzearekin, jarraitutasun egonkorrarekin…) galdu egiten da. Eta aurkitu egin beharko dugu… beste “babes-bilgarri” bat eman beharko diogu, desberdin samarra, baina baita ere babesgarria.
Horrek egokitzapen bat eskatzen du lehenengo “fusio-” eta jarraitutasun-egoera hori galtzearen aurrean. Egokitzapen bat umetxoarentzat, baina baita amarentzat eta balizko beste guraso-figurarentzat ere. Eta eginez joango gara.
- Haurtxoaren irudia.
Gaur egun, gure haurtxoari buruzko zenbait gauza jaio aurretik jakin ohi ditugu: sexua, gutxi gorabeherako tamaina, oinarrizko osasun-egoera…
Oro har, jaiotzen direnean ez dira “munduko pertsonarik ederrenak” izaten, eta horrela izanik, gure maitasuna (eta hormona-sistema) arduratzen da “miresgarri” ikus ditzagun.Horrek ez du esan nahi, batzuetan, buruan ez genituen ezaugarrietara ohitu beharrik izaten ez dugunik, adibidez: ile asko, ile gorria, belarri handiak buruaren aldean, begi urdinak, gorputz luze eta mehea, sortzen zaion esne-zarakarra, negar asko egiten duela, oraindik ez duela irribarrerik egiten… Gutxi-asko erraz kudeatzen dugu hori:batzuetan, bizi dezakegun sentiberatasunetik, irudi horretara egokitzea gehixeago kosta dakiguke, baina, oro har, hori konponduz joaten gara.
Beste kasu batzuetan, zorte gutxiagorekin, aurreikusi bako edo antzeman gabeko aldaketaren bat aurki dezakegu.Eska dezakeen lan mediko guztiaz eta horrek, zentzu zabalean, ekar dezakeen akiduraz harago, “birkokatzeak” prozesu emozional handia eskatzen du, eta prozesu horretan garrantzitsua izango da familiaren, horretatik igaro diren beste familia batzuen edo maila emozionalean laguntzen duten profesionalen laguntza.
- Atxikimendu-lotura sortuz joaten da.
Agian a priori pentsatuko dugu erditu ostean gure umetxoa gure bularrean jarriko dutela eta automatikoki negar egiteari utziko diola eta atxikimendu-lotura magikoki eta berehala sortzen dela sentituko dugula. Jakina, erditu aurretik ere gure aldetik lotura afektibo bat sortu dugu haurtxoarekin, lehen orduetan “haren larruazala gurean” sentitzea oso garrantzitsua da, eta jaio eta berehala hasiko gara afektuzko emozio bizi-bizia sentitzen. Eta, hori horrela izanik, atxikimendu-lotura pixkanaka sortuko da (lehenengo urtean, batez ere) prozesu batean, elkarreraginean, prest egoteko jarreran, loturan, zainketetan… afektutik abiatuta.
Gorputz-sostengu egokitua, komunikazio lasaia berba bidez (esana/kantatua) eta begirada bidez, larruazalaren ukimen lasaia, barrea, negarrari erantzutea, hilabeteak igaro ahala egin ditzakegun jolas txikiak… elementu horiek guztiak sartu beharko ditugu zainketetan atxikimendua errazteko. Ikusiko dugu nola une batzuetan haurtxoak behar duen/nahi duen/ahalbidetzen diogun guri oso “itsatsita” egotea, eta beste batzuetan, hazi ahala, behar duen/nahi duen/ahalbidetzen diogun gauza batzuk (bere eskua, aurpegia eta oinak, sehaskako elementuren bat, jostailutxoren bat, giro-soinuak…) esploratzea. Betiere, esplorazio hori modu seguruan eta adinean aurrera egin ahala ahalbidetuz.
– “Negarra” atxikimendu-loturaren parte da.
Haurtxoek premia edo beharrizanen bat (gosea, loa, larruazaleko deserosotasuna, digestio-molestia, hurbiltasun-premia…) adierazteko duten modu bat negarra da. Izan ere, negarra da atxikimendua sortzeko “bultzatzaileetako” bat. Horregatik, garrantzitsua da negarra eta bere atzean egon daitekeena kontuan hartzea eta horri erantzutea. Umetxo batzuek negar gehiago egiten dute eta beste batzuek gutxiago. Batzuetan, desberdintasun horrek ez du zerikusirik batzuek beren beharrizanak hobeto aseta izatearekin eta beste batzuek okerrago. Beste faktore batzuek ere eragiten dute, hala nola tenperamentuak, sentikortasunak… Nolanahi ere, erantzun behar zaion seinalea da negarra, eta ezagutzen eta erantzuten joan beharko dugu. Horren zentzua ikusi behar da, “urgentzia”, gerta litekeen itxaron beharra ahotsarekin lasaituz…
Irribarrea, elkar ukitzea, elkarri ahotsak/soinuak zuzentzea, begiratzea eta elkarrekin jolasteko gogoa gehitzen zaizkio umetxoak atxikimendua bilatzeko egiten duen ahalegin-sortari. Gorago esan bezala, guk ere ildo horretatik egokitzeko ahaleginak egingo ditugu.
Baina aitortu behar da askotan ez genuela espero hainbeste negar entzun behar izatea gure umetxoari. Eta, batez ere, ez genuen imajinatzen zelako kezka-egoeran jartzen gaituen negarrak. (“Berriro negarrez? Eta orain, zer gertatzen zaio? Zerbait egin behar dut, baina ez dakit zehazki zergatik egiten duen negar eta zer egin…”). Pixkanaka, zelan egin ikasten da, eta negarraren aurrean aktibatzen jarraitzen dugu, baina beste modu batean, apur bat “lasaiago”.
- Lehen hilabeteetako “intentsitatea” “hurbileko” zainketetan
Lehenengo hilabeteetan, gizakiok heldutasun ezarekin jaiotzen garenez, zainketek bigarren fase bat eskatzen dute, “erdi-fusionala“. Jateko, sostengatzeko, lasaitzeko, lo egiten laguntzeko, garbitzeko… gorputz eta emozio aldetik laguntzeko prest egon behar da, eta, hein handi batean, “gustatu” egiten da, baina “nekatu” ere egiten du. Batez ere, denbora luzez eta intentsitate handiz pertsona bakar batengan zentratu behar baditugu zainketak.
Apurka-apurka, hilabeteak (eta urteak) igaro ahala, heldutasuna lortzen joango dira, eta ez dugu berari hain “itsatsita” egon beharko denbora guztian. Horretarako, heltze-denbora behar da, eta guk ere “distantzia” gehixeago utzi behar dugu. Adibidez, lurrean egon daitezen utzi behar zaie, mugi daitezen eta esplora dezaten (beti gertu eta erne egonda eta lekua segurtatuz adinaren arabera), estrategiak erabili behar dira lokartzen laguntzeko modu pixka bat autonomoagoan… Gakoa da erritmoak errespetatuz joatea, espero daitezkeen heltze-erronka batzuk izan ditzaten ahalbidetzea, eta geure buruari galdetzea ea lasterregi gabiltzan edo ez banatzera “behartuz” edo “gauzak eginaraziz” edo esplorazioa “etenaraziz” geure larregizko beldurrengatik edo guri “oso itsatsita” egon daitezen behar dugulako.
- Amaren/aitaren beharrizanak “ahaztea”.
Agian espero ez genuen beste kontu bat da geure beharrizanak atzera geratzen direla haurtxoarenak lehenesten direlako. Guk geuk sentitzen dugu, eta gure ingurunea ere horretara bidera daiteke. Neurri batean, horrek horrela izan behar du, batez ere, lehenengo hilabeteetan. Hazkuntzak transzendentziaren, maitasunaren, ilusioaren… beharrizana ere betetzen digu eta gure autoestimua elikatzen digu. Eta, hori horrela izanik, interesgarria litzateke geure premiak edo beharrizanak gogoratzea, nolabait ase ahal izatea (gutxienez oinarrizkoenak), hori gogoraraz diezaguten uztea eta, behar izanez gero, horiek ase ahal izateko laguntza eskatzea. Izan ere, guraso-trebetasunetako bat norbere burua zaintzea da, nekea edo estresa agerikoak izan daitezke-eta. Horretarako, kontzientzia hartu behar da, gure beharrizanak modu asertiboan erakutsi, zaindu gaitzaten utzi, ingurukoei laguntza eskatu eta haurtxoaren zaintzak, logistika eta arreta-denborak partekatzeko modua izan.
- Zainketa-aldi gehien egiten dituenaren bakardadea.
Oro har, “tribua” edo “tribu-denbora” izatea zail samarra izan daitekeen gizarte batean gaude. Guraso bakarreko familia izan gaitezke, urrunago bizi gaitezke, lan egiten duten edo bizi-prozesu zailen batean dauden pertsonez inguratuta egon gaitezke… eta hilabete batzuetan umetxoa zaintzen bakarrik egotearen sentsazioa, gainerakoak beren “bizitza” egiten ari diren bitartean, “astuna” gerta dakiguke.
Horregatik, parkera edo kalera irtetea, beste guraso batzuekin programa, tailer edo topaguneetan parte hartzea, beste ideia batzuen artean, askotan ona da lagundua sentitzeko.
- Segurtasunik eza rolean.
Haurtxoak instrukzio edo erabilera-libururik gabe etortzen direla… egia izaten da. Eta ziurgabetasun-puntu bat egoten da, “zehazki nola egin ez jakitearena”, eta horrek larritu egin gaitzake. Batez ere, dena kontrolpean egon dadin saiatzen den gizarte batean, eta, bereziki, izaera perfekzionistagoa edo sentikorragoa duten pertsonen kasuan.
Hazkuntzan ziurtasun batzuk bilatzen saiatzen gara, liburuak, artikuluak, tailerrak, aitona-amonen jakinduria, beste guraso batzuen esperientziak… erabiliz. Eta horrek lagundu diezaguke, eta laguntzen digu. Jakinda ez dugula “errezeta-liburu” bakar eta zoragarri hori aurkituko. Izan ere, ume bakoitza desberdina da, hazkuntzarako onenari buruzko teorietan adostasun batzuk egon badaude, baina batzuek gauza bat esaten dizute, eta beste batzuek beste zerbait apurtxo bat desberdina. Izan ere, haurtxoen bizipenen azterketa “zientifikoa” berria da, pixkanaka aurrera doa, baina mugatua dago, batzuetan informazio larregi izateak segurtasun-falta handiagoa sortzen baitigu, ezin garelako egun osoa pediatrian egon zalantzak galdetu eta argitzeko…
Beraz, ziurgabetasun pixka bat (hazkuntzan beti izango duguna, nahiz eta ama edo aita “beteranoak” izan) eta lagungarri izango zaizkigun orientabideak ere bilatzea uztartu beharko dugu.Gure inguruan aurki ditzakegu, horretaz arduratzen diren profesionalengan, beste guraso batzuekin iritziak trukatzeko topaketa-tailerretan, liburuetan… Eta interesgarria izango da beti “lekua” uztea geure buruarekiko eta zentzu ona eta ikaskuntza dakartzan “sen” horrekiko konfiantzari.
- Zalantzak eta barne-kontraesana.
Agian, hazkuntzan horrenbeste kontraesan sentitzea ere ez genuen espero, adibidez, gure bikote-egoerarekin, lanera itzultzearekin, gure ama edo amaginarrebarekiko dugun maitasunarekin/gorrotoarekin, hazkuntzari buruzko gure ideiekin eta gure bizitza- edo autoestimu-proiektuarekin zerikusia duten kontraesanak. Izan ere, “geure burua berrikusteko eta gauzak berrikusteko” bizitzako une batean egon gaitezke (batzuetan haurdunaldian ere gertatzen da). Hori hazkunde pertsonalerako oso elementu interesgarria izan daiteke, baina estresa ere gehitu diezaguke. Horretaz jabetu ahal izatea, kontraesanak iristen zaizkigula onartu ahal izatea, pertsona egoki batzuekin partekatu ahal izatea… lagungarria izan daiteke, jakinda hori “kudeatzeak” denbora eta nolabaiteko “lasaitasuna” eskatzen dituela.
Nolanahi ere, umetxoa hazten doan heinean, autonomian irabazten doa, mundua ezagutuz doa, esploratuz… zainketak pixka bat urrunagotik egiten dira, segurtasun handiagoarekin, ikaskuntzarekin… Horrela izanik, guraso garen aldetik, erronka, intentsitate, kezka, berregokitze eta abarri hazkuntza-etapa osoan zehar (lehen haurtzaroan, bigarren haurtzaroan, nerabezaroaurrean, nerabezaroan, … eta pixka bat gehiago) aurre egin beharko diegu.
Jakina, zorionez, horietaz ere gozatzen dugu, adin desberdinetako hazkuntzaz, beraien ikaskuntzez, emozioez, baita gureez ere, eta haien ondoan hazten gara zentzu askotan. Gure maitasun-premia, konpartitzeko, ikasteko, transzenditzeko, fidatzeko… beharrizanak asez joaten dira. Horrek “bete” egiten gaitu eta hazkuntzaren balantze positiboa egiten dugu… “Krisi” garai batzuetan, agian, harritu egiten gara honelako gauzak esanez: “Jakin izan banu… Nork aginduko ote zidan niri…”. Tentsio- edo deskarga-uneei dagozkien adierazpenak dira. Garrantzitsuena da larregizkoak ez izatea, haurren aurrean ez esplizitu egitea eta desdramatizatu egingo duen umore apur bat sartzea.
Oro har, eta krisialdi garai horietarako, badago guraso guztiok lagungarritzat jotzen dugun zerbait: beste guraso batzuekin elkartu ahal izatea segurtasun-eremuetan. Segurtasun-emozioa sortzeko, estresa kentzeko, bakarrik ez sentitzeko eta gure autozainketa-plana zehazteko funtsezko elementuetako bat da.
Horren haritik, Creando vínculos con tu bebé / Zure haurtxoarekin loturak sortuz programa garatzen du BBKFAMILYk. Parte hartu duten amen gogoeta batzuk esteka honetan aurki ditzakezu:
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.