Batzuetan bizitzak galtzerdiari bezala ematen dizu buelta, eta ordura arte kontrolpean zenuela uste zenuen guztia igo ezinezko mendi bat bezala agertzen da.
Nire aurreko harremanean, gauzak ez ziren errazak izan. Ez imajinatu ditzakezuen eguneroko istorioengatik: seme-alaben heziketa, zereginen eta arduren banaketa, familia-ekonomia, kontziliazioa, ordutegiak, lana… Hori guztia etxean eta bikote-harremanean gertatzen da. Gure kasuan, eguneroko bizitzaren parte zen, baina zailena horrekin eta gainera nire bikotekidearen gaixotasun kronikoarekin bizitzea zen, eta garai larrienetan zailtasun horiek ikaragarri ugaltzen zirela ematen zuen. Hala ere, egoera horiek gure bizitzan integratzen ikasi genuen, eta uste dut une txarrak jasan ahal izan genituela eta une onak gozatu.
Baina nire bikotekidearen egoerak okerrera egin zuen, eta apurka okerrera egiteaz gain, diagnostiko latza iritsi zen, eta seme bati gaixotasun larri bat detektatu zioten. Azkenean aitaren heriotza gertatu zen eta digeritzeko ia ezinezkoa zen egoera bat sortu zen.
Bizitzan horrelako une batean, zaila da azaltzen sentitzen duzun babesgabetasuna”.
Ni ez nintzen inoiz “bakarrik” sentitu. Pribilegiatua izan nintzen, eta gaur egun ere hala naiz. Baina naufragiotik ‘bizirik ateratako’ bat izan nintzela ere badakit orain.
Nire familia oso euskarri emozional garrantzitsua izan zen eta nire doluaren hasieran eta prozesu osoan lagundu zidan.
Lagunek ez ninduten une batez ere bakarrik utzi, eta nire alabaren jarduerekin moldatzeko laguntza behar izanez gero, horretan saiatzen ziren.
Lana ez zitzaidan falta.
Baina… seme bat gaixo nuen, eta ezin nuen dena egin.
- Zaila da dolua gainditzea, bakarrik konpondu behar duzun zailtasun gehigarri pila batekin.
- Zaila da biok egiten genituen gauza berberak egitea biotako bat barik.
- Zaila da erabaki garrantzitsuak hartzea bikotekidea ondoan izan barik adosteko (nahiz eta batzuetan eztabaidan amaitu).
- Zaila da ekonomia bati eustea soldata bat gutxiagorekin (garai hartan legez eratutako izatezko bikote bateko alarguna izatea ez zegoen aitortuta gainerako bikoteen baldintza berberetan).
- Zaila da gestioak egitea bankuetan, gizarte-segurantzan, ogasunean, udalean… non eta zelan hasi behar den jakin barik.
- Zaila da bizitzan zehar ibiltzea seme baten gaixotasunarekin, Damoklesen ezpata bezala mehatxatzen zaituenean.
- Zaila da seme-alaben euskarri emozionala izatea zu zeu hautsita, nekatuta, ezinean, noraezean eta dena egiteko duzula zabiltzanean.
- Zaila da hori dena espezialista bati kontatzea, zure ekonomiak ezin dizulako horretarako aukerarik eman.
Zaila da bizitza berriro hastea, zure bizitza hasita dagoenean, baina funtsezko pieza bat gabe berreraiki behar duzunean.
Eta hortik aurrera ikasten hasi nintzen, batez ere “bizitza bilatzen” ikasten.
Gauza asko ongi etorriko zitzaizkidan:
- Euskarri emozionala eta laguntza espezializatua (horretan lagundu zigun Aspanovasek dolu-prozesuan, baina uste dut gero beste gauza batzuk sortu zirela, eta horiei modu pribatuan aurre egin behar izan genien) dolua kudeatzen ikasteko eta seme-alabei ere hori egiten laguntzeko.
- Zera izapidetu ahal izateko aholkularitza-enpresa bat:
- Alarguntasuneko pentsioa
- Jaso daitezkeen laguntzak
- Aseguruak (halakorik badago)
- Bikotekideari baja emateko izapideak, biok agertzen ginen gai ofizial guztietan.
- Nire seme gaixoa artatu, mediku askorengana joan eta nire seme-alabek une horretan eskatzen zituzten oinarrizko beharrizanak asetzen jarraitze aldera, kontziliaziorako aukera emango zidan lan-egoera bat.
- Egoera maldan gora jartzen zen uneetan “erreleboa” hartu edo lagunduko zidan norbait.
- Orain dela oso gutxi arte neurekin izan dudan errua kudeatzen jakitea, nire ustez hirurok jaso ez dugun guztiagatik eta egin ezin izan dugun guztiagatik, iritsi ez naizen gauzengatik, bizi izan ez ditugun esperientziengatik… Badakit dena ez zegoela nire esku, baina luzaroan horrela sentitu nuen, eta horrek larritasun handia sortzen zidan.
Eta horri guztiorri gehitu behar zaizkio gastu berberei diru-sarrera askoz txikiagoekin aurre egin beharrizanak sortutako zailtasun ekonomikoak, gure familiaren bizi-kalitatea eta aurrera egiteko aukerak murriztu dituztenak.
Agian, urrunetik ikusita, nire egoera ez da beste familienen aldean oso bestelakoa, ezta adierazi ditudan premiak ere. Baina ziurta dezaket, urte hauetan zehar, seme gaixo batekin eta “bakarrik” hazkuntzaren abenturan ibiltzea ausardia-, ikaskuntza- eta berreraikitze-ariketa bat izan dela, beste pertsona bat bihurtu nauelarik.
Galdetzen badidazue, hainbeste urteren ostean, balantzea oso positiboa da.
Ikasitako guztiagatik eta hirurok, elkarrekin, lortu dugun heldutasun moduagatik, eta iritsi garen lekuraino iristeagatik. Baina horrexegatik, hain zuzen, pentsatzen dut, hain beharrezkoa den bultzadatxo hori izan bagenu, bizitza “beste era batekoa” izango zela.
Miren Rekagorri
Doluari buruzko bideoak laguntza emateko:
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.