adolescentes enfadada

Alabak 14 urte ditu eta oso oldarkor bihurtu da nirekin, ez dakit zer egin

Oldarkortasuna defentsa-mekanismo bat da, bizirik irauteko mehatxu edo erronkei aurre egiteko giza espezieak daukan mekanismoa. Nerabezaroan neska-mutilek erronka garrantzitsu batbizi dute: haurren bizitzatik helduen bizitzara igarotzea. Honek nolabaiteko estresa suposatzen du, bete-betean heltzen ari den sistema emozional eta arrazional batekin bizi behar baitu, eta “defentsa gisa” erreakzio oldarkor batzuk ager daitezke, baldintzatzaile batzuekin elkartzen badira are deigarriagoak izan daitezkeenak.

Emozioak autorregulatzeko gaitasun handirik ez badago, eta bai estres-bizipen handia, autoestimu txikia, frustrazioarekiko tolerantzia txikia edo/eta funtzionamendu-eredu oldarkorra berdinkideen taldean edo familian, orduan gertagarriagoa da portaera oldarkor errepikatuak sarriago agertzea.

Aita-amak izaten dira nerabeek “aurrean dituzten” figurak autoafirmatzeko, barrua lasaitu edo asaskatu ere gehienbat horiekin egiten dute, eta seme-alaben oldarkortasunaren kontrol egokirik ez badago, horren hartzaile nagusi bihurtzen dira.

Horregatik, jada haurtzarorik, emozioen kudeaketa egokirako zenbait babes-faktore azpimarratu beharra dago, nerabezaroko etapan ere indartu beharko direnak.  Portaera oldarkor edo bortizkeria ez da harreman-aukera ona; beraz, prebenitu egin behar da eta jardun beraren aurrean.

BABES-FAKTOREAK

Babes-faktoreak emozioen kanalizazio egokia sustatzera eta autoirudi positiboa erraztera bideraturik daude.

GURASOEN PRESENTZIA

Batzuetan, neska-mutiko eta nerabeen portaera jakin batzuen aurrean gaitza da baldintza bako onarpena  erakustea eta figura erreferente irmo gisa irautea. Hala ere, beraiek iraunkortasun hori sentitu behar dute eta gu ez garela haiengandik urruntzen beraiek gu zalantzan jarri arren. Dena den, ikusi egin beharko da zelan jarri muga osasungarri batzuk.

BERBAK IPINI BERAIEN BIZIPENEI

Irekita egon behar dugu beraien bizipenak, kezkak, “gauzak” … entzuteko. Alabak berba egin dezala bere buruaz eta berak ezin badu, guk jarri behar ditugu berbak. “Horrek sufriarazi egiten dizu”, “Hori gustatu egiten zaizu eta egiteko gai sentitzen zara”… Azken batean, entzute aktiboa egikaritu. Horretarako:

 

  • Neskari entzuten bakarrik jarri arreta. Distrakzio barik. Jakina, ezin da benetan entzun aldi berean beste zeregin batzuk egiten badira…
  • Begizko harreman edo kontaktu bisuala izan, entzun bitartean irribarre arin bat egin
  • Entzun eten barik…
  • Parafraseatu, emozioa gehituz. Tarteka neskari erakutsi behar diogu entzun diogula, ohartzen garela kontatuaren zailtasunaz edo berak sentitzen dituen emozioez. “Eta orduan, esaten duzu ez dakizula zelan egin? Urduri jartzen zaitu horrek?”   
  • -Neskaren adinera egokitutako hizkuntza erabili, baina “lagunkoikerietan” hasi barik.

SAMURTASUNA

Adierazpen txeratsuak egunero eman eta jaso behar dira: musuak, besarkadak, mezu maitekorrak, entzutea, denbora partekatzea, … Ez erabili xantaia emozionalik, emaitzengatiko larregizko presiorik, portaera jakin batzuengatik pertsona epaitzerik, … Guk uste izan arren nerabeei “ez zaiela horrelakorik axola” eta errefusatu ere egiten dituztela, sentitu egin gura dute eta entzun… harkorren dauden mementoak baliatu behar dira eta egokituz joan.

Ez etiketatu eta ez jo “erasokortzat”, “problematikotzat”… termino hauek beraren pertsona ezaugarri horiekin identifikatzera eraman dezakete-eta, zail edo gaitza bilakatzen da orduan aldaketa. “Oldarkorra” baldin banaiz, jarraitu egin beharko dut izaten norbait izateko. Arazoa baldin badut neure oldarkortasuna gobernatzeko, zerbait egin ahal izango dut arazo horren gainean aldatzeko, gutxitzeko edo desagerrarazteko.

BEGIRADA POSITIBOA BIZITZARI ETA NORBERARI

Kontua da alaitasunean eta baikortasun errealistan heztea eta gauzen alde positiboa ikustea. Honela, barrea, alaitasuna eta abar partekatzea, horrelako mementoak berreskuratzea oso lagungarria izan daiteke, batzuetan nerabeak haserrean, tristuran… babesten dira eta.

Pepa Hornok hausnarketarik badu alaitasunean heztearen garrantziaz bere Educando la Alegría liburuan (Desclee de Brouwer argitaletxea, Bilbo 2017).

ARAUA

Arauek segurtasuna ematen dute eta beharrezkoak dira nerabeentzat. Helduaren aurrean autoafirmatzeko daukan desirak estutasunean jar ditzake gure arauak. Beharrezkoa da guk agintaritza dugun pertsona gisa irmo irautea, eta horrela beraien lorpenak indartu ditzakegu eta agian gonbidatu horietakoren batzuen zehaztapenean parte hartzera.

Diziplina positiboaren ezaugarria da arau-esparru bat sortzea, segurtasuna emateko “gidalerro” legez ulertuta:

 

  • Indargarri positiboak erabiliz, eta ez zigorrak
  • -Arauen formulazio positiboarekin
  • Mugen zehaztapenarekin
  • Zurruntasun barik eta neskatoari arau batzuk eta hauen ondorioak zehazten parte hartzeko aukera emanez, adinaren arabera.
  • Afektibitatea eta irmotasuna bateragarri eginez.
  • -Neska-mutikoen jokabideen azpian dauden emozioak eta desirak aintzat hartuz, baita arau-haustura inplikatzen dutenak ere.

NORK BERE ERRONKAK ETA AUTONOMIA BILATZEA

Beren eta familiako proiektuen ardura eta erantzukizuna eman behar zaie, bakardadean laga barik. Egin ditzatela harro sentiaraziko dituzten gauzak, eta beraien ahaleginak indartu bere horretan lorpen bezala, ez hainbeste emaitzak.  Kirol- eta aisialdi-jarduerak, hobby edo zaletasunak… lagungarri gerta dakizkieke horiek aurkitzeko.

LAGUNTZA AUTORREGULAZIOAN

Oro har, aurreko jarraibide guztiek autokontrolari lagunduko diote. Zenbait teknika erakustea ere badaukagu, kontrola galtzera eta portaera oldarkorrera eraman dezaketen pentsamenduak eta gorputz-sentsazioak identifikatzen lagun diezaieten. Gidaliburu hau Inma Arayo Lopezek egina da, Alboradako Adin Txikikoaren Eguneko Zentrokoa da, eta bertan interes handiko jarraibide batzuk agertzen dira familian gaiari heltzeko. https://psicopedia.org/wp-content/uploads/2013/07/Manual-de-Autocontrol-Adolescentes.pdf

Arnasketa Sakonaren teknikak, Bolumen Finkoaren teknika, Denbora Kanpora, Joan edo Alde egitea, Autoberbalizazioak, Pentsamendu Positiboa, … Eta beste batzuk, adibidez: musika lasaigarria – paseoak – kirola – zaletasun lasaigarri bat: margotzea, igeri egitea, abestea, puzzlea, musika-tresnaren bat jotzea… – pertsona pentsakor batekin hitz egitea – irakurtzea – idaztea – eskulanen bat egitea…

FAMILIAREN AUTOZAINKETA

Beti da beharrezkoa gurasoek norbere burua zaintzeko guneak izatea: lagunekin elkartzeko, kirola egiteko, erlaxazioak egiteko, … Etxean nerabe bat daukagunean, presioa handiagoa izan daiteke eta ezinbestekoa da une horiek aurkitzea etxean ager daitekeen nahaspila edo anabasaren aurrean egoki erreakzionatu ahal izateko. Kontrola galduko dugula uste badugu, hobe da alde egitea, lasaitzeko dela esan eta gero itzultzea.  Kezkak edo zalantzak baldin badituzu, BBK Family aholkularitza-zerbitzu bat duzu dohainik eta konfidentziala horiek helarazteko.

NOIZ KEZKATU

Oro har, esan dezakegu nerabeak joera handiagoa izan dezakeela portaera oldarkorren bat izateko faktore pertsonal, familiar eta sozial batzuk batera gertatzen direnean. Hala ere, indarkeria ez da onargarria, eta aurreko babes-faktore guztiak landu behar dira familiatik, eta gurasoenganako edo beste batzuenganako agerpen oldarkorrak baldin badaude, errepikatzen badira edo/eta frustrazioaren aurrean harreman-era nagusi bihurtzen badira, orduan laguntza profesionala eskatu behar da.

Euskarri-Gurasoen aurkako Indarkerian Esku-hartzeko Zentroak zenbait itaun edo galdera egiten dizkie seme-alabek gurasoenganako duten oldarkortasunaz kezkaturiko familiei. Galdera hauen erantzunak baiezkoak baldin badira, laguntza profesionala eskatu behar da. Familiaren ingurunean ez, baizik eta beste ingurune batzuetan gertatzen badira, eskatu behar den bezalaxe.

 

  • -Beldur zara ez ote duzun seme-alaba gogaituko eta hori saihesten duzu?
  • -Arreta handiz ibiltzen zara beraien desirak edo/eta beharrizanak igartzeko?
  • -Bultza egiten dizu, kolpeak eman, ukabilkadak jo, gauzak apurtu, zure edo beste senitarteko batzuen gauzei kalte egiten die?
  • -Zuri edo bere buruari kalte egiteko mehatxua egiten du bere eskaerak asebetetzen ez dituzunean?
  • -Barregarri edo makurrarazita lagatzen zaitu senitarteko edo lagunen aurrean?
  • -Eten barik kritikatu eta isilarazi egiten zaitu?
  • -Berak gura duena egiten ez baduzu, etxetik alde egiteko mehatxua egiten dizu?
  • -Bere jokabidearen errua botatzen dizu?

Familiako Osasun Zerbitzu edo Udal Gizarte Ongizatearen bidez egin daiteke hau, gero arreta psikologiko edo/eta gizarte- eta hezkuntza-arretako baliabideren batera deribatzeko, edo Nerabeen Arretan espezializaturiko Arreta Psikologikoko Zentro pribatu batera,  edo Euskarri bezalako elkarte edo zentroren batera.

LABURPENA

BAI:

 

  • Emozioetan hezteko giroa lantzeari  
  • Zelan autorregulatu irakasteari
  • Laguntza espezializatuaren beharra adieraz dezaketen seinaleei arreta jartzeari

EZ:

 

  • Etsipenari
  • Arazoa ezkutatzeari edo minimizatzeari

KONTUZ:

 

  • Etsenplu txarra ematearekin portaera erasokorren bidez

ZUK ZEURE ERANTZUNAK TOPATU

 

 

Gai honi buruzko galderei zeure erantzunak topatzera gonbidatzen zaitugu. Proposatzen ditugun orientabideak orokorrak dira eta gehiago edo gutxiago lagun dezakete, neska-mutil eta familia bakoitzaren errealitatearen arabera. Itaun hauei erantzunez, motibazio emozionala gehitu ahal izango duzu, eta hurbileko testuinguru erreala ere bai egin ahal izateko.

 

  • Zelakoa da zure alaba? Zer egitea gustatzen zaio?
  • Zein dira zure alabaren ezaugarri positiboak?
  • Zer esperientzia bizi izan duzu aurrez, non alaba beste era batera portatu baitzen, frustrazio baten aurrean oldarkor jarri barik?
  • Noiz izan zen, zelan izan zen, zer jazo zen?
  • -Zer jarri zenuen zeure aldetik horrela izan zedin?
  • Zure ezaugarrietako zeinek lagundu zizun berari laguntzen?
  • Zer egingo duzu egun hauetan alabarekin harremanak izan eta beste era bateko erreakzioa, ez oldarkorra, izaten laguntzeko?

Begoña Ruiz Ibañez, psicóloga, educadora social y psicomotricista.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

LABERINTOS DE CRIANZA, EL PODCAST DE BBK FAMILY

Escucha a Roberto Aguado, ¿Cómo gestionamos las emociones?

 

 

BBK Family Learning

×