Aitaren edo amaren bikotekide berria: Erronkak, aukerak, akatsak eta ilunabarra bora boran

“Ea zergatik nengoen ni emakume horrekin?

Ba, zu gogorarazten didalako. Izan ere, zeuk baino gehiago gogorarazten dit zu”.

Groucho Marx

 “Zer salbatuko nuke nire etxeak su hartuko balu?…  Sua salbatuko nuke”.

Jean Cocteau

Gai konplexu honi buruzko gogoeta batzuk egiten saiatuko naiz, seme-alabak maiz izaten baitira tartean, eta ez gutxitan, zelanbaiteko ondoezarekin. Beste kasu batzuetan, testuinguru berri honek beraien bizi-kalitatea hobetzen du, argi eta garbi, edo erreparaziorako, baita itxaropenerako ere, aukera sortzen du.

Ezinezkoa da zalantzarik gabeko jarraibideak ematea, baina bai, ordea, zenbait orientabide.  Trikimailua kontu handiz bi poloren artean dantzatzea dela esango nuke: batetik, haurrak hezteko/zaintzeko/zerbitzatzeko nahitaezko eta ikaragarrizko zeregina dago, eta bestetik helduak zoriontsu izateko eta norbere buruaz ez ahazteko duen eskubidea. Hori guztia hierarkia markatu batetik: beraien gurasoak gara, ez lagunak.

Aita edo ama izanda berriz parekatzeak dakartzan zailtasunak zerrendatzen ditudanean, ez ezazue pentsa maitasunean sinesten ez dudanik edo festa zapuzten nabilenik: ezerk ez ninduke zoriontsuago egingo zeru izartsua Bora Boran nire bikotekidearekin ikusteak baino. Hala ere, gurasoak garenean, interes-gatazka batzuk sortzen dira. Agian, Polinesiarako hegazkin-txartelak bertan behera utzi beharko dituzue, eta, horren ordez, Getxoko kaian paseatu itsasoa hormigoitu baino lehen, hainbeste ur gogaikarri ere badela ematen du eta.

Ez da zeregin makala berriro senargai/emaztegai bihurtzea jada ama edo aita garenean”.

Esaten nuen ez dela zeregin makala berriro senargai/emaztegai bihurtzea jada ama edo aita garenean. Kasu batzuetan errazagoa dirudi Gorbeiako gurutzera belauniko igotzea. Zergatik? Bada, egoera horretan hainbat dinamika gurutzatzen direlako: gutxi-asko banantze berri samarrak (batzuetan mingarriak eta/edo gatazkatsuak), inplikatutako bakoitzaren psikologia, seme-alaben beldurrak edo itxaropenak eta, batzuetan, hazkuntzari buruzko ideia guztiz zoroak.

Nire bezeroengan ikusten dudan gauza bat da pertsonen artean hain erabilia den loturari dagokiola guztia. Hondamendi emozional handienak (eta salbazioak), osasun emozionalaren sendotasuna eta erresilientzia-gaitasuna lotuta daude hazten ari garen bitartean izaten ditugun harreman esanguratsuen izaerarekin. Ongizate afektiboa, neurri handi batean, lotura horien kalitatearen mende dago; zaintzaileek hazten ari den izakiarengan eraginkortasunez arreta jarri edo ardaztearen mende; lasaitze-, enpatizatze-, zaintze-, gainbegiratze-… lana egitearen mende.

Gure kataklismo emozionalak maitatu behar gaituztenek sortzen diguten etsipenaren eskutik doaz, eta minari zentzua emateko ezintasunarekin edo zaintzaileek eragiten diguten babesgabetasunarekin lotzen dira. Hor sartzen da jokoan (edo talka egiten du batzuetan) aita edo ama berriro maitemintzea. Horrek jokoaren arau afektiboak aldatzen ditu, gurasoen eta seme-alaben pertzepzio berriak sortzen dira, gauzak ez dira jada ohi bezala. Turbulentzia, arrisku eta, beti baina beti, aukera edo abagune aldi bat sor daiteke.

Seme-alabak ditugunean bikote berria izateari buruzko gogoetak:

Haurraren edo nerabearen ikuspuntutik, gogoeta telegrafiko batzuk egingo ditut aitaren edo amaren bikotekide berriari buruz. Ahalik eta ertz gehienei heltzen eta gogoeta egitera bultzatzen saiatuko naiz. Aski dut zuek horretaz pentsatzea, ez naiz ahaleginduko zuek ezertaz konbentzitzen, halako zereginetarako jada zahartuta bainago. Pentsa ezazue, halaber, agian oraintxe bertan Bora Borako daikiriaz abusatzen egon naitekeela eta perspektiba galdu dudala. Goazen, bada, aurrera:

  1. Haurrek (batez ere gaztetxoenek) gurasoak adiskidetuko diren fantasia izaten dute hilabete edo urteetan, batzuetan modu argian eta beste batzuetan isilpean. Hori alde batera ez uztea ezinbestekoa da. Eginkizun handia da hori lantzea, horretaz berba egitea, itxaropen hori kontu handiz bideratzea. Hori ahaztea eta bat-batean senargaia edo emaztegaia aurkeztea, gasolindegi baten erdian San Joan sua egitea bezala da.  Zer atera daiteke txarto?

 

  1. Enpatia apur bat: haurrek galera izugarria jasan dute dagoeneko (eta, kontuz, banantze terapeutiko eta beharrezko asko daude-eta). Ezagutzen zuten mundua desagertu egin zaie eta ziurtasuna aurkitu behar dute berriro. Jakin behar dute beren munduak ez duela nolabait desintegratzen jarraituko. Puntu hori ez bada konpondu eta aita edo ama senar- edo emazte-gai berriarekin “agertzen” bada, hasieran behintzat ezin zaie gustatu. Beldur dira, jakin behar dute beren loturek ez dutela desagertzen jarraituko, azukre-koskorrak uretan bezala. Kontuan hartu beharreko aldagai argi bat banantzetik igarotako denbora da. Era berean, garrantzitsua da adingabea egonkortasun berri horretan lagundua izatea eta testuinguru berrira egokitzea.

Jakin ezazue gurasook proiektuak egiten, pentsatzen, erabaki zorrotzak hartzen, dolua lehenagotik egiten ari garela eta umeei, oro har, dena bat-batean erortzen zaiela gainera (dibortzio emozionalez oso kontzienteak ere badira batzuk). Gure denbora edo aldiak eta haienak guztiz kontrakoak dira.

 

  1. Maiteminduaren buru-egoera. Adingabeak adin txikikoak baino ez dira, ez tentelak. Jendeak, maitemintzen denean, bere buruarengan jartzen du arreta, pozik txoratuta egoten da maiteminduta egoteaz. Ezin da bestela izan (nahiz eta badiren maitasunera joaten direnak San Mamesera joaten direnak bezala: esku-frenoa jarrita, izututa, eta ikustera ea gauzak nola zapuzten diren berriro). Eta? Jakina, adingabearekiko harremana erraza da aldatzea. Aita edo ama ez da (aldi batez) hazkuntzaren zeregin delikatuan kokatzen. Kontua ez da Neruda liluratuta irakurtzen dutela 6 urteko neskatoak banpiro-film bat ikusten duen bitartean. Kontua da, besterik gabe, helduaren energia beste leku batean kokatzen dela eta umeak nabaritzen duela hori, eta berak gauzen aurretiko egoera eskatzen duela eta ez sortzen ari den distantzia arraro hori. Eta beldurra erakusten du, noski, aita edo ama (edo biak, maitasuna nonahi baitago) berarengandik urruntzen ari direla sentitzen baitu.

 

  1. Adingabeak (gurasoak banandu ostean bezala) ez badira hain ikusgarriak aita edo ama maiteminduentzat, erraza da ondoeza sortzea sintoma gisa. Jokabide-nahasmenduak edo nahasmendu afektiboak, eskola-errendimendu okerragoa edo somatizazioak ugariak izaten dira. Zer lortzen dute umeek horrela? Beste barik, komunikatzea (beren beldurra eta amorrua transmititzea, baita beste aitaren edo amaren mina ere), ikusgai bihurtzea eta aitarentzat eta/edo amarentzat oraindik garrantzitsuak ote diren egiaztatzea. Eta horren beste aldea: maitemintzea eta gure haurren markaketa estua uztartzeko gai baldin bagara, eta maitatzeak, gainera, energia eta zoriona ematen badizkigu, haiengan eragin positiboa izango dugu.

 

  1. Nire iritzia al da, guraso izanda berriz ere parekatzeko lanak, hain zail eta nahasia denez, ez duela merezi? Bizitzak aurrera jarraitzen du, baina ez dira ahaztu behar gure seme-alaben gerra-zauriak. Urte luzeetan zehar, gure zeregina haien premia edo beharrizanen menpe jartzea da (zein zaila den!), eta testuinguru berria (bikotekidea) adingabeen gaitasun, momentu eta psikologian egoki sartu behar da.

 

  1. Eta, jakina, egoera berri horiek erreparatu edo indarberritu eta hazteko aukera ematen diete umeei. Aita edo amaren harreman berri batek ─oinarri osasuntsuen gainean ezarria bada, eta bertan afektua ikusi eta errespetua transmititzen bada─ bikote-eredu berri eta eraginkorrak ematen ditu. Are gehiago, zergatik ez, gurasoak elkarrekin bizi zirenean introiektatutakoa baino osasuntsuagoa zen bikotearen prototipo bat. Bikote osasuntsu batek “bueltan ekar” dezake aita edo ama (bere gogo-aldartea eta bizitzaren ikuspegia hobetzean), aurreko esperientzian gatazka edo liskarra edo, beste barik, utzikeria ugari baziren.

 

  1. Oinarrizko zerbait, eta badirudi garai hauetan ezinezkoa ere bai, zera da: amaren edo aitaren aurretiko banantzea adeitsua, zibilizatua izatea. Seme-alaben bidez mantentzen edo betikotzen diren liskar edo gatazkarik ez egotea. Izan ere, kasu batzuetan, gure bikotekide ohia parekatuta dagoela jakiteak erregai gehiago botatzen dio suari (batzuetan, zoritxarrez, uranio aberastua ere izan daiteke, napalmarekin egoki nahastuta). Beste behin esan nuen bezala, umeengan ikusi ditudan sufrimendu-kasu urragarrienak banantze-mota horiekin lotuak izan dira, non besteari kalte egiten zaion seme-alaben bitartez.

 

  1. Kontuan hartu beharreko beste faktore bat da bikotekide berriaren egokitze konplexua familia-dinamikara (eta zer esanik ez beste pertsona hori, aldi berean, ama/aita baldin bada). Ez da arrosa-bide bat. Garrantzitsua da bikotekide berri horrek sentsibilitatea izatea, adingabeen frustrazioa toleratzea, antzetsu edo trebea izatea, laguntzen jakitea (gainera, ederra bada, Lourdesekoen pareko mirari baten aurrean gaude). Ez dator aita edo ama ordezkatzera, ez dezagun jendea nahastu. Aita edo amaren harreman erromantiko bat da, bidelagun bat.

 

  1. Argi dagoen zerbait zera da (baina mugatu egin behar dut, sen ona eskas den eta postmodernitateak arrazoimena lausotzen digun garaietan bizi garenez gero), seme-alaben aurrean gure mugimenduak aurreratu egin behar ditugula. Harreman egonkorra baldin bada (gainera, egonkortasuna erlatiboa dela eta zentzumenen ilusio bat dela susmatuz) bakarrik sartu ahal izango da beste pertsona hori adingabeen eguneroko bizitzan. Hemen aitaren edo amaren erantzukizunari dei egiten diot (laburbilduz eta itzulinguru barik: bikotekide berriak kalitate-kontrolik gogorrenak pasa ditzala, gure eta seme-alaben zoriona baitago jokoan). Aurrez jakinarazitako prozesua izatea une oro, progresiboa izatea, seme-alabekin aztertzea zelan daramaten, zein diren haien beldurrak edo tristurak edo pozak. Berriz ere, babesetik eta enpatiatik abiatuta, gure seme-alabei ongizatea eman diezaiekeen beste pertsona bat sartzea ahalbidetuko duen loturaz ari naiz.

Nahiago nuke gauzak errazagoak balira. Bat nator zurekin. Baina bizitza den bezalakoa da, eta bidaia horretan ugariak dira desadostasunak eta betiko agurrak sartu edo irteten diren pertsonekin (bikotekideak barne), baina nekez apurtu daitezkeen loturek iraun egiten dute (seme-alabak). Eta joan-etorri horretan egunak, urteak eta hasperenak iragaten dira. Maitasun erotikoa eta seme-alabenganako maitasuna uztartzeak maisutasun handia eskatzen du malabarismoetan. Erronka bat planteatzen du, erreparazio-aukera ematen du eta, batzuetan, arriskua dakar. Kasu bakoitza mundu bat da.

Beti bezala, psikologian gutxienez, ez dago biztanleriaren % 100arentzat balio duen erantzunik, eta familia bakoitzak azterketa eta proposamen bereiziak behar ditu. Duda barik, galdetu zure zalantzak profesional bati, behar izanez gero.

Eta maitemindu, baina hori bai, neurriz, Bora Borarako hegaldiak ia ordaintzerik ez dago eta.

Bittor Arnaiz. Psikologo Sanitarioa. Terapeuta Kognitiboa eta Haurren Traumaterapia Sistemikoan espezialista

Egokitzen programaren edizio berri bat prestatzen ari gara, seme-alaben estresa murrizteko, banantze bat gertatzen denean. Laugarren edizioa da aurtengoa, eta parte hartu nahi baduzu edo informazio gehiago nahi baduzu, idatzi hemen: bbkfamily@bbk.eus.

Hemen duzu Egokitzen programari buruzko informazio gehiago
https://bbkfamily.bbk.eus/eu/kezkatuta-zaude-zure-seme-alabek-nola-daramaten-banantzea-ezagutu-egokitzen/

BBK Family Learning

×