Familiako segurtasun afektiboa zirkuetako sarearen antzekoa izan daiteke. Akrobatek esperimentatzeko, entseguak egiteko eta erronka berriei aurre egiteko aukera ematen dien sare bat izaten dute, jakinda huts egiten badute edo atsedena behar badute babesgarri bat izango dutela. Atseden hartzeko, babesteko, arnasberritzeko edo zelan beste era batera egin hausnartzeko eta aurrera jarraitzeko leku bat.
Gure seme-alabei segurtasun afektiboa ahalbidetzea funtsezkoa da beraien garapenerako, eta jaiotzatik eraiki behar da hori (baita lehenago ere). Hasieran, oso hurbileko “sarea” izango da fisikoki, eta “oso estua”. Denbora igaro ahala, bertan jarraituko du, baina beste era batera.
Segurtasun afektibo ona izanez gero, haur batek nortasun positiboa garatuko du, emozio atseginekin eta malgutasun emozionalarekin. Horrek esploratzera eta autonomoa izatera animatuko du, erronkak bilatuz, beharrezko muga batzuetara egokituz, bere akatsetatik ikasiz eta behar duenean laguntza bilatuz. Gainera, bere gorputzak eta munduak zelan funtzionatzen duten eta nola ordenatzen diren ikasi ahal izango du. Eta nork bere burua zainduz eta elkar zainduz jarri ahal izango da, eta jarri nahiko du, besteekin harremanetan.
Baina zelan “ehundu” dezakegu segurtasun afektibo hori? Pepa Horno psikologoaren eta haurtzaroan adituak diren beste batzuen hausnarketa-ildoei jarraituz, horretarako jaso behar dituzten 9 mezu identifika ditzakegu.
- “Zaintzen zaitut. Zer behar duzu? Zelan sentitzen zara?”
Beharrezkoa da beharrizan batzuk, adibidez gosea, higienea, kontaktu fisikoa, atsedena eta mugimendua!, modu egokian asetzea. Baita sentimenduak adierazteko lekua uztea eta emozioak erregulatzen laguntzea ere, beren kabuz egiteko gai izan arte.
Zainketen iraunkortasun eta egonkortasuna funtsezkoak dira segurtasunerako.
- “Ikusten zaitut, entzuten zaitut”
Begietara samurtasunez, mirespenez… begiratzea, begirada inbaditzaileak, edo zentsura, porrota, sumindura… adierazten dutenak gutxienak izan daitezen utziz. Eta barrura begiratzen saiatzea (“kanpotik” ikusten dena baino harago).
Eta gauza bera entzutearekin, benetako entzutea behar da, hausnarketan lagunduko duena, enpatikoa, juzgatuko ez duena, ezer aurresuposatuko ez duena edo aldez aurretik erantzuna prestatuta ez duena.
Begirada eta entzute on batek gure seme-alabek dituzten arazoak, ondoezak edo kezkak detektatzea ahalbidetu behar du, agian ez dakite edo ezin dituzte berba bidez adierazi-eta. Batzuetan, haien gorputzean agertzen dira, edo portaera-aldaketetan (heltze-etapatako aldaketetan esperotakoak baino haratago) edo pertsona jakin batzuekin egoteari edo leku batzuetara joateari emandako uko edo errefus bizi-bizian. Garrantzitsua da gure prestutasuna senti dezatela kasu horietan entzuteko eta behar bezala zelan lagundu jakiteko.
- “Zaren bezala maite zaitut”
Beharrezkoa da baldintzarik gabeko onarpena. Zainketarako arauak eta gainditu ezin diren mugak egongo dira; portaera desegokiak, aldatu beharrekoak, egongo dira; batzuetan “eragabekeria edo purrustada” batzuk ere egongo dira bi aldeetatik; eta hala ere beren funts edo izatasunagatik maitatzen eta onartzen jarraituko dugu. Eta barkamena egongo da.
- “Zu zara” “zuk balio duzu” baino haratago
Horrek seme-alaben autoestimua elikatzea esan gura du, beraien arrakasta, ahalegin edo gaitasunetatik haratago. Arrakastarekiko, besteen aitortza edo onarpenarekiko mendekotasuna saihesteko. Nork bere burua ezagutu dezan ahalbidetzea, norberaren duintasuna, errukia, baimena, zaintza… indartzeko, nork bere burua entzutea, errespetatzea eta onartzea sustatzeko.
Beharrezkoa izango da beraien borondatea, ahalegina eta konpromisoa bultzatzea, perfekzionismo, larregizko eskakizun edo dena hiperkontrolatzeko beharrizan barik.
- “Ez zaude bakarrik. Laguntza eska dezakezu, eta eman ere bai”
Intimitate- edo bilatutako bakardade-uneak izatea positiboa da, eta segurtasun-elementu bat izan daiteke. Baina bilatu bako bakardadeak edo isolamenduak ziurgabetasunik eza eragiten du. Horregatik, beharrezkoa da gure seme-alaben eskura pertsonen sare afektibo bat jartzea eta haiek berea eraikiz joan daitezen uztea. Susta ditzagun harremanetarako, komunikaziorako, integraziorako, elkar laguntzarako… guneak familiekin, lagunekin, auzoko jendearekin…
Eta oso interesgarria litzateke beste pertsona batzuekin gatazka “leunak” edo arinak bizi ahal izatea, zelan konpondu entseatzen joan daitezen (gure eredua oso garrantzitsua izango da).
- “Maite zaitut”
“Nork bere barnean maite izatea” ez da nahikoa. Adierazi egin behar da. Hitz edo berbekin (“maite zaitut”) egin dezakegu, edo keinuekin (besarkadak, musuak, laztanak…), edo ekintzekin (ipuin bat irakurri, solasaldi bat izan, larunbatean partida ikustera joan…). Eta mezua iristen zaiela ziurtatu behar dugu.
- “Saiatu zuk zeuk”
Gure seme-alabak ez ditugu txotxongilo bihurtu behar gure eskuetan, esku lar babesle edo beldurtietan. Arau eta muga babesle batzuk dituen segurtasun-esparru bat sortzearen garrantzia kontuan hartuta, animatu egin behar dira gauza jakin batzuk beren kabuz egiten hastera, erabakiak hartzera, akatsak eta ondorioak beren gain hartzera… ikasten joateko.
- “Garrantzitsua zara familian”
Segurtasun afektibo hori sortzeko, funtsezkoa da neu zaintzen nauten, neuk zaintzen dudan, maite nauten eta maite dudan eta neure eginkizuna dudan familia bateko kide izatea. Elkarrekin denbora pasatzea, familiari zer ematen dioten adieraztea, zainketak eskertzea, partekatutako uneak gogoratzea…
- “Tratuontzen zaitut” / “Ondo tratatzen zaitut”
Indarkeria segurtasun afektiboaren aurkakoa da. Horregatik, ezabatu egin behar dugu gure etxetik. Badira jardunbide edo praktika batzuk, tradizioz “indarkeria”tzat jotzen ez direnak, baina segurtasunik eza sortu eta osagai bortitza dutenak. Esate baterako, eztabaida gogorrak gurasoen artean edo beste pertsona batzuekin, amorrualdiak maiz izatea, xantaia emozionalak edo zigorrak behin eta berriz erabiltzea, seme-alabekin ez komunikatzea edo jaramonik ez egitea, denbora luzez gure presentzia barik uztea, teknologiaren erabileran jarraipen eta prestakuntza ona ez egitea, neurriz gain eskatzea ikastetxeko notetan edo kirolean, edo lar babesturiko edo “sakrifikatu” estiloa izatea.
Kontua da gurasotasun-eredu bat txertatzea, non indarkeriak lekurik ez duen izango, eta bai, ordea, beste hezkuntza-formula batzuk, “ondotratatzaileak” dei ditzakegunak. BBKFAMILYk doako online ikastaro bat du, “Tratu ona, Etxe segurua” izenekoa, alderdi horiek guztiak lantzen dituena, eta segurtasun afektiboa zelan sortu jakiteko lagungarri izan daitekeena. Hona hemen informazioa eta izena emateko.
Gainera, guraso garen aldetik, ziurtatu behar dugu gure seme-alabak ibiltzen diren inguruneetan ez dagoela indarkeriarik, eta gainbegiratu behar dugu zelan lagundu edo bultzatzen den haien afektibitate-segurtasuna.
BBKFAMILYtik erabaki dugu Euskal Herriko Unibertsitateko Aditu ikastaro berri batean parte hartzea Haurren Tratu Onerako eta Haurren Babeserako eskola- eta gizarte- eta hezkuntza-esparruan, testuinguru horietan Tratu Oneko harremanak sortzen laguntzeko, horrek segurtasun afektiboa elikatuko du eta.
Haur eta nerabeentzako segurtasun afektiboko sare bat eraikitzea gure esku dago, eta guztion zeregina, aukera eta erantzukizuna da.
Bego Ruiz, Bidetinzako psiologoa eta ondokograduko irakaslea
Harpidetu BBK Family newsletter.
BBK Family Telegram Kanalean egon zaitezke. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.