BBK Family

Aholkularitza pertsonalizatua

Ongi etorri gure aholkularitza pertsonalizaturako doako eta isilpeko zerbitzura; honen helburua familia-harremanak eta zuen seme-alaben garapena eta hazkundea hobetzen laguntzea da. Horretarako, kezkatzen zaituzten gaiei buruz galdetu eta kontsulta egin diezagukezue, eta ume eta nerabeen eguneroko hazkuntza-arazoei buruzko argibide eta orientabideak emango dizkizuegu, positiboan hezteko irizpideen arabera betiere. Seme-alabei buruzko galdera egiten baduzu, erantzuna egokiagoa emateko, mesedez, seme-alaben adina adierazi.

Gehienez hiru laneguneko epean erantzun egokia jasoko duzue planteaturiko kontsulta edo zalantzari buruz.

Orientatzaileen taldeak informazio gehiago behar baldin badu, harremanetan jarriko da kontsulta egin duen pertsonarekin.

Orain bideo-dei baten bidez ere eska dezakezu aholkularitza. Egutegian aukeratu eguna eta ordua. 

Zerk kezkatzen zaituzte?

Eskatu aholkularitza zerbitzua bideo-dei baten bidez. Eskatu hitzordua egutegian eta bete datuak:

 
Security Code:
security code
Please enter the security code:

Submit

Eskatu aholkularitza zerbitzua formularioaren bidez:

Fill out this field
Please enter a valid email address.
Fill out this field
Fill out this field

Nola baloratzen gaituzten

Maiz egiten diren galderak

Nerabezaroa

Alaba gauez irteten hasi da: zelan jorratu dezaket berarekin droga edo/eta alkohol-kontsumoaren gaia?

Alabak 14 urte ditu eta oso oldarkor edo erasokor bihurtu da nirekiko, ez dakit zer egin.

Ezer baino lehen, zure parte-hartzea eskertu gura genuke hezkuntza eta hazierari buruzko gune honetan. Gure helburua hausnarketan laguntzea da, zuk konponbideak topatzeko eta sortzen zaizkizun zalantzak argitzeko batzuetan oso gaitza den hazteko eta hezteko zeregin honetan.

Oldarkortasuna defentsa-mekanismo bat da, bizirik irauteko mehatxu edo erronkei aurre egiteko giza espezieak daukan mekanismoa. Nerabezaroan neska-mutilek erronka garrantzitsu bat bizi dute: haurren bizitzatik helduen bizitzara igarotzea. Honek nolabaiteko estresa suposatzen du, bete-betean heltzen ari den sistema emozional eta arrazional batekin bizi behar baitu, eta “defentsa gisa” erreakzio oldarkor batzuk ager daitezke, baldintzatzaile batzuekin elkartzen badira are deigarriagoak izan daitezkeenak . 

Emozioak autorregulatzeko gaitasun handirik ez badago, eta bai estres-bizipen handia, autoestimu txikia, frustrazioarekiko tolerantzia txikia edo/eta funtzionamendu-eredu oldarkorra berdinkideen taldean edo familian, orduan gertagarriagoa da portaera oldarkor errepikatuak sarriago agertzea. 

Aita-amak izaten dira nerabeek “aurrean dituzten” figurak autoafirmatzeko, barrua lasaitu edo asaskatu ere gehienbat horiekin egiten dute, eta seme-alaben oldarkortasunaren kontrol egokirik ez badago, horren hartzaile nagusi bihurtzen dira.

Horregatik, jada haurtzarorik, emozioen kudeaketa egokirako zenbait babes-faktore azpimarratu beharra dago, nerabezaroko etapan ere indartu beharko direnak.  Portaera oldarkor edo bortizkeria ez da harreman-aukera ona; beraz, prebenitu egin behar da eta jardun beraren aurrean.

BABES-FAKTOREAK

Babes-faktoreak emozioen kanalizazio egokia sustatzera eta autoirudi positiboa erraztera bideraturik daude.

GURASOEN PRESENTZIA

Batzuetan, neska-mutiko eta nerabeen portaera jakin batzuen aurrean gaitza da baldintza bako onarpena  erakustea eta figura erreferente irmo gisa irautea. Hala ere, beraiek iraunkortasun hori sentitu behar dute eta gu ez garela haiengandik urruntzen beraiek gu zalantzan jarri arren. Dena den, ikusi egin beharko da zelan jarri muga osasungarri batzuk.

BERBAK IPINI BERAIEN BIZIPENEI

Irekita egon behar dugu beraien bizipenak, kezkak, “gauzak” … entzuteko. Alabak berba egin dezala bere buruaz eta berak ezin badu, guk jarri behar ditugu berbak. “Horrek sufriarazi egiten dizu”, “Hori gustatu egiten zaizu eta egiteko gai sentitzen zara”, … Azken batean, entzute aktiboa egikaritu. Horretarako:

  • Neskari entzuten bakarrik jarri arreta. Distrakzio barik. Jakina, ezin da benetan entzun aldi berean beste zeregin batzuk egiten badira…
  • Begizko harreman edo kontaktu bisuala izan, entzun bitartean irribarre arin bat egin
  • Entzun eten barik…
  • Parafraseatu, emozioa gehituz. Tarteka neskari erakutsi behar diogu entzun diogula, ohartzen garela kontatuaren zailtasunaz edo berak sentitzen dituen emozioez. “Eta orduan, esaten duzu ez dakizula zelan egin? Urduri jartzen zaitu horrek?”   
  • Neskaren adinera egokitutako hizkuntza erabili, baina “lagunkoikerietan” hasi barik.

SAMURTASUNA

Adierazpen txeratsuak egunero eman eta jaso behar dira: musuak, besarkadak, mezu maitekorrak, entzutea, denbora partekatzea, … Ez erabili xantaia emozionalik, emaitzengatiko larregizko presiorik, portaera jakin batzuengatik pertsona epaitzerik, … Guk

uste izan arren nerabeei “ez zaiela horrelakorik axola” eta errefusatu ere egiten dituztela, sentitu egin gura dute eta entzun… harkorren dauden mementoak baliatu behar dira eta egokituz joan.

Ez etiketatu eta ez jo “erasokortzat”, “problematikotzat”… termino hauek beraren pertsona ezaugarri horiekin identifikatzera eraman dezakete-eta, zail edo gaitza bilakatzen da orduan aldaketa. “Oldarkorra” baldin banaiz, jarraitu egin beharko dut izaten norbait izateko. Arazoa baldin badut neure oldarkortasuna gobernatzeko, zerbait egin ahal izango dut arazo horren gainean aldatzeko, gutxitzeko edo desagerrarazteko.

BEGIRADA POSITIBOA BIZITZARI ETA NORBERARI

Kontua da alaitasunean eta baikortasun errealistan heztea eta gauzen alde positiboa ikustea. Honela, barrea, alaitasuna eta abar partekatzea, horrelako mementoak berreskuratzea oso lagungarria izan daiteke, batzuetan nerabeak haserrean, tristuran… babesten dira eta.

Pepa Hornok hausnarketarik badu alaitasunean heztearen garrantziaz bere Educando la Alegría liburuan (Desclee de Brouwer argitaletxea, Bilbo 2017).

ARAUA

Arauek segurtasuna ematen dute eta beharrezkoak dira nerabeentzat. Helduaren aurrean autoafirmatzeko daukan desirak estutasunean jar ditzake gure arauak. Beharrezkoa da guk agintaritza dugun pertsona gisa irmo irautea, eta horrela beraien lorpenak indartu ditzakegu eta agian gonbidatu horietakoren batzuen zehaztapenean parte hartzera. 

Diziplina positiboaren ezaugarria da arau-esparru bat sortzea, segurtasuna emateko “gidalerro” legez ulertuta:

  • Indargarri positiboak erabiliz, eta ez zigorrak
  • Arauen formulazio positiboarekin
  • Mugen zehaztapenarekin
  • Zurruntasun barik eta neskatoari arau batzuk eta hauen ondorioak zehazten parte hartzeko aukera emanez, adinaren arabera.
  • Afektibitatea eta irmotasuna bateragarri eginez.
  • Neska-mutikoen jokabideen azpian dauden emozioak eta desirak aintzat hartuz, baita arau-haustura inplikatzen dutenak ere.

NORK BERE ERRONKAK ETA AUTONOMIA BILATZEA

Beren eta familiako proiektuen ardura eta erantzukizuna eman behar zaie, bakardadean laga barik. Egin ditzatela harro sentiaraziko dituzten gauzak, eta beraien ahaleginak indartu bere horretan lorpen bezala, ez hainbeste emaitzak.  Kirol- eta aisialdi-jarduerak, hobby edo zaletasunak… lagungarri gerta dakizkieke horiek aurkitzeko.

LAGUNTZA AUTORREGULAZIOAN 

Oro har, aurreko jarraibide guztiek autokontrolari lagunduko diote. Zenbait teknika erakustea ere badaukagu, kontrola galtzera eta portaera oldarkorrera eraman dezaketen pentsamenduak eta gorputz-sentsazioak identifikatzen lagun diezaieten. Gidaliburu hau Inma Arayo Lopezek egina da, Alboradako Adin Txikikoaren Eguneko Zentrokoa da, eta bertan interes handiko jarraibide batzuk agertzen dira familian gaiari heltzeko. https://psicopedia.org/wp-content/uploads/2013/07/Manual-de-Autocontrol-Adolescentes.pdf

Arnasketa Sakonaren teknikak, Bolumen Finkoaren teknika, Denbora Kanpora, Joan edo Alde egitea, Autoberbalizazioak, Pentsamendu Positiboa, … Eta beste batzuk, adibidez: musika lasaigarria – paseoak – kirola – zaletasun lasaigarri bat: margotzea, igeri egitea, abestea, puzzlea, musika-tresnaren bat jotzea, … – pertsona pentsakor batekin hitz egitea – irakurtzea – idaztea – eskulanen bat egitea …

FAMILIAREN AUTOZAINKETA

Beti da beharrezkoa gurasoek norbere burua zaintzeko guneak izatea: lagunekin elkartzeko, kirola egiteko, erlaxazioak egiteko, … Etxean nerabe bat daukagunean, presioa handiagoa izan daiteke eta ezinbestekoa da une horiek aurkitzea etxean ager daitekeen nahaspila edo anabasaren aurrean egoki erreakzionatu ahal izateko. Kontrola galduko dugula uste badugu, hobe da alde egitea, lasaitzeko dela esan eta gero itzultzea.

NOIZ KEZKATU

Oro har, esan dezakegu nerabeak joera handiagoa izan dezakeela portaera oldarkorren bat izateko faktore pertsonal, familiar eta sozial batzuk batera gertatzen direnean. Hala ere, indarkeria ez da onargarria, eta aurreko babes-faktore guztiak landu behar dira familiatik, eta gurasoenganako edo beste batzuenganako agerpen oldarkorrak baldin badaude, errepikatzen badira edo/eta frustrazioaren aurrean harreman-era nagusi bihurtzen badira, orduan laguntza profesionala eskatu behar da.

Euskarri-Gurasoen aurkako Indarkerian Esku-hartzeko Zentroak zenbait itaun edo galdera egiten dizkie seme-alabek gurasoenganako duten oldarkortasunaz kezkaturiko familiei. Galdera hauen erantzunak baiezkoak baldin badira, laguntza profesionala eskatu behar da. Familiaren ingurunean ez, baizik eta beste ingurune batzuetan gertatzen badira, eskatu behar den bezalaxe.

  • Beldur zara ez ote duzun seme-alaba gogaituko eta hori saihesten duzu?
  • Arreta handiz ibiltzen zara beraien desirak edo/eta beharrizanak igartzeko?
  • Bultza egiten dizu, kolpeak eman, ukabilkadak jo, gauzak apurtu, zure edo beste senitarteko batzuen gauzei kalte egiten die?
  • Zuri edo bere buruari kalte egiteko mehatxua egiten du bere eskaerak asebetetzen ez dituzunean?
  • Barregarri edo makurrarazita lagatzen zaitu senitarteko edo lagunen aurrean?
  • Eten barik kritikatu eta isilarazi egiten zaitu?
  • Berak gura duena egiten ez baduzu, etxetik alde egiteko mehatxua egiten dizu?

Familiako Osasun Zerbitzu edo Udal Gizarte Ongizatearen bidez egin daiteke hau, gero arreta psikologiko edo/eta gizarte- eta hezkuntza-arretako baliabideren batera deribatzeko, edo Nerabeen Arretan espezializaturiko Arreta Psikologikoko Zentro pribatu batera,  edo Euskarri bezalako elkarte edo zentroren batera.

  • Zein dira zure alabaren ezaugarri positiboak?
  • Zer esperientzia bizi izan duzu aurrez, non alaba beste era batera portatu baitzen, frustrazio baten aurrean oldarkor jarri barik? 
  • Noiz izan zen, zelan izan zen, zer jazo zen?
  • Zer jarri zenuen zeure aldetik horrela izan zedin?
  • Zure ezaugarrietako zeinek lagundu zizun berari laguntzen?
  • Zer egingo duzu egun hauetan alabarekin harremanak izan eta beste era bateko erreakzioa, ez oldarkorra, izaten laguntzeko?

Zure ideia-bilaketan hausnarketa hauekin lagunduko genizula espero dugu. Adio, eta mila esker berriro.

LABURPENA

BAI:

  • Emozioetan hezteko giroa lantzeari  
  • Zelan autorregulatu irakasteari
  • Laguntza espezializatuaren beharra adieraz dezaketen seinaleei arreta jartzeari

EZ:

  • Etsipenari
  • Arazoa ezkutatzeari edo minimizatzeari

KONTUZ:

  • Etsenplu txarra ematearekin portaera erasokorren bidez

ZUK ZEURE ERANTZUNAK TOPATU 

Gai honi buruzko galderei zeure erantzunak topatzera gonbidatzen zaitugu. Proposatzen ditugun orientabideak orokorrak dira eta gehiago edo gutxiago lagun dezakete, neska-mutil eta familia bakoitzaren errealitatearen arabera. Itaun hauei erantzunez, motibazio emozionala gehitu ahal izango duzu, eta hurbileko testuinguru erreala ere bai egin ahal izateko.  

  • Zelakoa da zure alaba? Zer egitea gustatzen zaio?
  • Zein dira zure alabaren ezaugarri positiboak?
  • Zer esperientzia bizi izan duzu aurrez, non alaba beste era batera portatu baitzen, frustrazio baten aurrean oldarkor jarri barik? 
  • Noiz izan zen, zelan izan zen, zer jazo zen?
  • Zer jarri zenuen zeure aldetik horrela izan zedin?
  • Zure ezaugarrietako zeinek lagundu zizun berari laguntzen?
  • Zer egingo duzu egun hauetan alabarekin harremanak izan eta beste era bateko erreakzioa, ez oldarkorra, izaten laguntzeko?

Zure ideia-bilaketan hausnarketa hauekin lagunduko genizula espero dugu. Adio, eta mila esker berriro.

Haurrak

Zelan jokatu behar dut pixa-oihala kentzeko?

Lehenik, zure parte-hartzea eskertu behar dizugu hazierari buruzko kontsulta-foro honetan. Gure asmoa zuri laguntzea da zalantzak sortzen dizkizuten egoerei irtenbideak topatzen. Pixoihala kentzea une garrantzitsua da umearen hazkundean. Erronka bat bere gain hartzeko aukera ematea da, autonomoagoa izan dadin. Batzuetan ez da oso ondo jakiten zelan egin edo zalantza sortzen da ea umea horretarako gai ote den. 

NOIZ KENDU PIXOIHALA

18 hilabete eta 3 urte artean, neska-mutikoak biologikoki prestaturik egongo lirateke mikzio edo gernua egiteko erreflexua, ordura arte gura bako edo oharkabekoa, kontrolatzeko. Biologiak esaten duen garaia baino lehen pixoihala kentzeko ahalegin handiak egin arren, ez dugu arrakasta handirik izango. Faktore fisiko hau gorabehera, kontuan izan behar da erritmoak errespetatuko dituen eta prozesu horretan goxotasunez animatuko dituen ingurunea behar dutela.

Honela, haur bakoitzak bere erritmoa du honetan ere.  Honako alderdi hauetan halako heldutasun bat dagoenean hastea gomendatzen da:  

  • Orekaren eta koordinazio motorraren kontrola du. Zutik tente egoten da eta ez da zabuka ibiltzen edo hainbeste erortzen. 
  • Bere kakak bigunak dira eta ongi eratuak (ez saiatu idorreria daukanean ere).  
  • Gutxi gorabehera ordu bertsuetan egiten du pixa oihalean.
  • Oihaletik kanpo pixa kontrolatzeko ahalegina egitean, bi ordu irauten du berriro egin barik.
  • Badaki bereizten noiz dagoen lehor edo busti, garbi edo zikin. Agian gai da “pisa” edo “kaka” esateko ere oihalean egin duenean. 
  • Esaten du jada ez duela oihala erabili gura edo kentzen ahalegintzen da.
  • Agindu erraz samarrak betetzeko gai da, adibidez, prakak jaitsi edo igotzea.

Dena den, ez da pixoihala kentzeko ahaleginik egin behar aurrerapen horietakoren bat lortu ez badu edo bizipen estresagarriren bat igarotzen ari bada, adibidez, beste senideren baten jaiotza, etxe-aldaketa, gurasoen banaketa, …

ZELAN LAGUNDU PISA ETA KAKA KONTROLATZEN 

Erantzuna topatzen lagun dezaketen ideia batzuk:

  1. MAITASUNEZ EGITEA

Maitasunez egin, presa barik, errespetuz, umorez, barregarri laga barik edo kontrolatu bako “ihesak” zigortu barik. Honek funtsezko segurtasuna emango dio umetxoari adi egon dadin eta erronka hau lortzeko.  Oro har, maitasun edo estimua musu eta laztan bidez adieraztea komeni da, “Maite zaitut” esatea, arau eta errutinekin diziplina positiboko esparru bat sortzea, … hori guztia lagungarri da hazkundean edozein erronkatarako.  

  • MEMENTOA AUKERATZEA

Lehen egunetarako asteburu bat edo opor-egun batzuk aukeratzea komeni da, etxean egon ahal izateko asko irten barik. Egun estresagarriak saihestu behar dira, egitekotsuak edo neke handikoak helduon aldetik. Elikadurari, loari eta higieneari buruz aurretik eguneroko errutina batzuk izateak ere laguntzen du prozesua hobeto eramaten.

  • BIDEA PRESTATZEA

Barne-arropa dibertigarria eros daiteke eta zertarako izango den azaldu. Arropa erosoa prestatu proba-egunetarako eta aldatzeko arropa ere prestatu. Pixontzia edo komuneko egokigailua erosi eta haurrari erakutsi ezagutu eta ohitu dadin. Ipuin baten bidez edo etsenplua emanez azaldu prozesua: gorputzean non irteten zaigun pisa eta kaka, gorputzak ematen dituen “seinaleak” gogoa dagoenean, zelan garbitu behar dugun, zer erabili horretarako, …  Hona hemen ipuin interesgarri batzuk:

  • Edu ya no quiere llevar pañales. Linne Bie. Juventud argitaletxea. ISBN 9788426137999
  • Txomin Komunean. Liesbet Slegers. Ibaizabal argitaletxea. ISBN 9788483257128
  • Adiós pañal. Zenbait egile. Vox argitaletxea. ISBN 9788471535900

Haurrei jolaserako gaiak ere eman diezazkiekegu: buztina, plastilina, ontziak likidoz eta hondarrez bete eta husteko, … lagungarri baitira betetzea-hustea, barrukoa-kanpokoa… bezalako kontzeptuak barneratzeko prozesuan.

  • HORRETARA JARTZEA

Honako hau pediatriako zerbitzu batzuek egiten duten proposamena da.

Egunez pixa kontrolatzea

  1. Lehenengo hamabost egunetan, bi orduan behin, umea pixontzian edo komunean ipini. Garrantzitsua da berarekin hitz egitea eta pixa egin behar duela gogoraraztea eta berak ere esan dezala. Errutina. (Telebistaren aurrean jarri barik umea)
  2. Pixa egiten duen bakoitzean, txerazko berbekin lausengatu eta adore eman, esan adibidez handia egiten ari dela.
  3. Hamabosten bat egun igarota haurrak kontrolatzen badu, bi ordu eta erdika hasiko gara pixontzian edo komunean jartzen.
  4. Beste hamabosten bat egun igarota, ondo kontrolatzen badu, hasi hiru orduka jartzen.
  5. Une honetatik aurrera, pixontzian pixa egiten duen bi aldian behin emango diogu adore.
  6. Kontrolatu eta komunera joan gura duenean eskatzen duela hamabost egun igaro ostean, egunaren amaieran bakarrik adore eman.

Gauez pixa kontrolatzea

  1. Egunez kontrola lortu ostean eta egunen bat lehor igaro badu ere, gaueko pixoihala kenduko diogu… behin betiko!
  2. Gogoratu beti pixa egiteko ohitura hartu behar dutela lotara aurretik.
  3. Gerta liteke lehen egunetan ez ematea gau osoa lehor; kasu horietan saiatu behar dugu gauerdian iratzartzen, pixa ohartuki edo kontzienteki egin dezan komunean. Bustirik dagoela ikusten badugu, hurrengo gauean apurtxo bat lehenago iratzarriko dugu.
  4. Pixa denbora luzeagoan kontrolatzen laguntzeko, komeni da egunean zehar, komunera joaten den bakoitzean, pixari eusten eta jaregiten jolas egitea hainbat aldiz.

NOIZ KEZKATU

Neska-mutiko batzuek beranduago kontrolatzen dute eguneko, eta batez ere gaueko, pixa. Baina azkenean, lortu egiten dute. Normalki, hori izaten da giharren borondatezko kontrolaren heldutasuna berantiarragoa delako beraiengan. Baita ere hausnartu beharko dugu prozesuren bat edo beste behartu izanaren ondorio ote den, edo ondoez emozionalen baten adierazpena. Kasu honetan, pediatria-zerbitzuarekin berba egin beharko genuke.  

LABURPENA

BAI:

  • Prozesu osoa maitasunez, pazientziaz eta umorez egiteari.
  • Bete-hustu, sartu-atera lako jolasen, ipuin eta modelatuen bidez laguntzeari.

EZ:

  • Prozesua garaiz lehen behartzeari.
  • Zigortu, barregarri laga edo presio egiteari, kontrolak “huts egindakoan”.

KONTUZ

  • Garaiz lehen prozesua behartzearekin edo larregi kezkatzearekin, oraindik ez duelako lortu beste adinkide batzuek lortu dutenean.  

TOPATU ZEURE ERANTZUN PERTSONALIZATUAK ESPERIENTZIA ARRAKASTATSUETATIK  

Hazierari buruzko galdera edo itaunei zeure erantzunak ematera gonbidatzen zaitugu. Proposatzen ditugun orientabideak orokorrak dira eta gehiago edo gutxiago lagun dezakete, neska-mutiko eta familia bakoitzaren errealitatearen arabera. Itaun hauei erantzunez, motibazio emozionala gehitu ahal izango duzu, eta hurbileko testuinguru erreala ere bai egin ahal izateko.  Adibidez, eskuartean dugun gai honetan:

  • Zelakoa da zure semea? Zer egitea gustatzen zaio?
  • Zein dira zure semearen ezaugarri positiboak?
  • Zer esperientzia bizi izan duzu, duela aste batzuk edo, zure semeak arrakastaz gainditu zuenean erronka bat bere hazkundean?
  • Noiz izan zen, zelan izan zen, zer jazo zen?
  • Zelan lortu zenuen laguntzea une hartan? Zer jarri zenuen zeure aldetik?
  • Zure zein ezaugarrik lagundu zizun berari laguntzen?
  •  Kasu honetan, zer jarri dezakezu zeure aldetik pixoihala kentzen laguntzeko zeure semeari?
  • Zer proba egin dezakezu egun hauetan edo prozesu honetan laguntzeko unea iristen denean?

Berriro ere mila esker zure kontsultagatik, eta erantzunak topatzen lagunduko genizulakoan gaude. Adio, hurrengora arte.

Umetxoek ibiltzen hasi behar dute urtebete dutenean?

Lehenik, zure parte-hartzea eskertu behar dizugu hezkuntza eta hazierari buruzko gune honetan. Umetxoen garapenari buruz dituzun zalantzak argitzeko bidean lagundu egin gura dizugu.

Gurasoon ardura izaten da gure seme-alabek heltzeko prozesuan aurrera egin dezaten era osasuntsuan. Ardura hori, batzuetan, kezka edo larregizko kezka bihurtzen da eta zalantzak sortzen zaizkigu ea osasuntsu edo beren adinerako espero daitekeenaren barruan ari ote diren hazten. Horregatik, interesgarria da gauzak bere testuinguruan jartzea eta apur bat laburbiltzea.

NOIZ LORTZEN DUTE IBILTZEA NESKA-MUTIKOEK?

Neska-mutiko bat tente jartzen eta, hortik aurrera, ibiltzen hastea erronka handia da berarentzat. Hazkundearen “mugarri” honetan alderdi fisiko eta emozionalak daude nahasturik. Alde batetik, haurrak gorputzeko indar edo “sendotasuna” eta trebetasun motorrak behar ditu eta, horrekin lotuta, hazteko gogoa, ingurunea esploratzeko eta helduen mundura beste posizio batetik gehiago hurbiltzeko gogoa.

Normalki, neska-mutikoek 10 eta 14 hilabete artean gainditzen dute erronka hori, baina egin dezakete, adibidez, 7 edo 17 hilabeterekin ere. 

Hori ume batek lehenago edo geroago egin dezake zenbait faktoreren arabera; adibidez, kontuan izan behar da:

  • bere heltze fisiko eta emozionalean duen erritmoa. Oso ezberdina da adin bereko haurren artean.
  • bere esplorazio “estiloa”, “ausartagoa” edo “segurtasun zaleagoa”  izan daiteke-eta.
  • beldurrak, okasioren batean ahalegindu eta ezbeharren bat izan badu, horrek zuhurrago izatera eraman dezake-eta.
  • bere inguruneaz, bere familiaz duen bizipena. Ikusi behar da ea honek haztera bultzatzen duen, ala “umetxo izaten jarraitzea gura duen”. Erritmoa behartzen dion ala errespetatzen dion.

ZELAN LAGUNDU HAZKUNDEAN?

Bizi garen gizartean, batzuetan, epe laburreko emaitzak gura ditugu, ingurukoekin konparatu eta “arrakastak” neurtzeko, eta gerta liteke guk hori hazierara aldatzea. Uneren batean senti dezakegu ez garela guraso onak gure semeak edo alabak ez baditu zenbait aurrerapen azkar egiten. Baita ere egia da, guk hazieran dugun eginkizunaren barruan, adi egotea dagoela ea dena egoki garatzen ari ote den eta, horrela ez bada, laguntza eskatu behar dugula.

Esan genezake garrantzitsua adi egotea dela ea bat ez datorren zerbait ikusten dugun, eta neska-mutikoarengan irrika piztu jolas egiteko, esploratzeko, beregain izateko, hazteko, … Horrek bultzatuko du umea, bere erritmoan, zutitzeko, ibiltzeko… ahaleginak egitera, baina betiere gozatuz . Afektuzkoingurune seguruan eta arau batzuekin, gozamena funtsezko osagaia da hazkunde osasuntsurako.

Horretarako, zera galdetu behar dugu geure artean: Zelan lortu hori?   Zelan lagundu diezaioket haurrari haz dadin, zutitu eta ibil dadin, baina bere erritmoan eta gozatuz? Zelan egin dezakezun? Adibidez:

  • Jolas-denbora partekatuz gure seme edo alabarekin lurrean, lau hankan, biribilka dabiltzan gauzekin, testura askotakoekin, gorago eta beherago jarritakoekin, … lasai-lasai eta era atsegingarrian pizteko esploratzeko konfiantza eta gogoa.   Hau, oro har, berez sortzen zaigun zerbait da, gure “barruko haurrari” apur bat “irteten” lagatzen badiogu, behintzat. Liburuetan ere topa ditzakegu iradokizun batzuk; adibidez, Anne Pulkkinen-en “Jugar con bebés”  (Erreferentzia ISBN: 9788425514982) eta “Jugar con Niños a partir de 2 años“ (Erreferentzia ISBN: 9788425517648) HISPANO EUROPEA argitaletxean. Liburu hauetan badaude iradokizun batzuk, baina eraginkorrena, hala ere, berezkotasunetik jolas egitea da eta neskatoari edo mutikoari gurekin dagoenean ateratzen zaionaz baliatzea. Liburuek ideia batzuk ematen dizkigute, bai; adibidez, zer material eskaini edo lekuak zelan antolatu.
  • Ez behartu umetxoak zutitzera ariketa zehatz batzuk edo taka-taka erabiliz, arriskua baitago garapen fisikoa ez ezik, emozionala ere nahasteko.
  • Jarraitu osasun-azterketak egiten pediatria sailarekin. Gaur egun, mediku-azterketak sarri egiten dira eta azkar samar identifikatzen dira nahasmenduak. 

NOIZ KEZKATU

18 hilabete bete baditu ibili barik edo, horren aurretik, mugitzeko edo harremanetarako beste zailtasunen bat detektatzen bada, pediatrarekin egotea komeni da. Dena den, zailtasun fisiko edo emozionalen bat dagoenean ere, jolas-denborak partekatzea eta erritmorik ez behartzea mantendu beharreko jarraibide edo araua da. 

LABURPENA

BAI

  • Neskato edo mutikoari aukera emateari jolas-denbora partekatuetarako edo bakarka jolas egiteko, jarrera, mugimendu, keinu… ezberdinetatik askatasunez esploratzeko. Zorua oso lagungarria da horretarako.
  • Haurraren autonomia eta hazteko gogoa bizkortzeari, baina behartu barik.

EZ

  • Larregi kezkatu eta estutzeari. Baina bai kezkatzen gaituenaz pediatrarekin berba egiteari.

KONTUZ

  • Zutitzera edo ibiltzera behartzearekin, kaltegarria izan daiteke eta.

BILATU ZEURE ERANTZUN PERTSONALIZATUA ZEURE ARRAKASTETATIK

Dena den, hazierari buruz dituzun zalantzen inguruan sortzen zaizkizun galdera batzuei zeure erantzunak ematera gonbidatzen zaitugu. Proposatzen ditugun orientabideak orokorrak dira eta gehiago edo gutxiago lagun dezakete, ume eta familia bakoitzaren errealitatearen arabera. Itaun hauei erantzunez, motibazio emozionala gehitu ahal izango duzu, eta hurbileko testuinguru erreala ere bai egin ahal izateko.  

  • Zelakoa da zure seme-alaba? Zer egitea gustatzen zaio?
  • Zein dira zure seme-alabaren ezaugarri positiboak?
  • Zer esperientzia bizi izan duzu aurretik, non zure semeak edo alabak zerbait berria egitea lortu duen bere hazkundean?
  • Noiz izan zen, zelan izan zen, zer jazo zen?
  • Zelan lortu zenuen laguntzea une hartan? Zer jarri zenuen zeure aldetik?
  • Zure zer ezaugarrik lagundu zizun umeari laguntzen?
  •  Zer jarriko zenuke zeure aldetik berari laguntzen jarraitzeko?
  • Zer proba egin dezakezu egun hauetan? 

Espero dugu lagunduko genizula gai honetaz egin diguzun kontsultan. Agur bero bat eta mila esker berriro.

BBK Family Learning

×