“Ziurgabetasuna jarrera deserosoa da, baina ziurtasuna jarrera zentzugabea”. Voltaire.
Psikoterapia-prozesu bat hasten denean, gutxienez bi erronka planteatzen dira. Lehenengoa da pertsonari bere pentsamendu, emozio eta jokabideen kontrola eta kudeaketa itzultzea (hau da, prozesu horiek ez daitezela izan historiak, besteek edo munduak determinaturiko halabeharrak). Bigarren erronka psikoterapia bera desagertzea da, beharrezkoa ez izatea, kontsultan dabilena bere buruaren terapeuta bihurtu delako.
Planteamendu hori bera baliagarria izan daiteke irekitzen zaigun panoramaren aurrean, batzuetan gure oinetan amildegia bezala, Covid-aren garaian haur txikien (oso mendekoen) guraso gisa. Beste testu batzuetan aipatu dudan lez (adibidez, webgune honetan bertan uztailaren 23ko artikuluan), badirudi gure adinbakoen prestakuntza akademikoak, modu perbertsoan, norberaren hezkuntzarekin edo adinbakoen beharrizanekin zerikusirik ez duten prozesuak erraztu behar dituela. Hau da, badirudi hezkuntza-sistema helduei beren bizi-erritmoa ahalbidetzeko, beharrizan pertsonalak asetzeko edo beren lan-ordutegiak ez oztopatzeko diseinatua dagoela.
Eta zer gertatzen da Covid-aren udazkenera begira? Ba, oreka hauskor hori guztia (adinbakoek eta larregi exijitutako gurasoek sostengatua) larri mehatxatuta dagoela.
Lerro hauek idazten ari naizen bitartean (udaldi betean eta ohiz kanpoko oporrak kiskaltzen dituen eguzkiarekin), ez dakigu zelakoa izango den eskolen hasiera (aurrez aurrekoa, birtuala, txandakakoa, horren guztiaren nahasketa bat? …), eta nonahi entzuten den galdera edo itauna hau da: “Zelan antolatuko gara gurasoak?”. Egoera horrek Anthony de Melloren baieztapen handi bat gogorarazten dit, esaten duena norbait igerileku batean dagoenean zikinkeria leporaino duela, gura duen gauza bakarra… olaturik ez sortzea dela. Hau da: ezagutzen genuen gauzen egoera ezegonkorrak (eta batzuetan ez oso osasungarriak), gurasoak eta seme-alabak asebetetzetik nahiko urrun zegoenak, ez dirudi aurten jarraituko duenik ere eta, gainera, etsipenez oroituko dugu.
Hasierako paragrafoaren ideia berreskuratuko dut. Zer egin dezakegu ziurtasun bako egoera honi aurre egiteko? Zelan landu dezakegu gure ongizate emozionala? Zelan bihur gaitezke geure edo gure seme-alaben terapeuta? Irtenbide perfekturik ez dagoela garbi utzita aurrez, puntu batzuk planteatuko ditut, eta ea hausnarketa eragiten duten.
- Ziurgabetasuna beti egon da hor kanpoan, ez da elementu berria gure bizitzan. Albert Ellis psikologoak esaten zuen ez dakigula ezer etorkizunaz. Ezertxo ere ez. Baina bai egunen batean, ez dakigu noiz, hil egingo garela. Gainerakoa aieru edo usteak eta autoengainuak dira. Zalantza etenbakoan bizi gara, batzuetan horren kontzientzia barik, eta ez doakigu hain txarto.
Egia esan, ez dakigu etorkizuna zelakoa izango den, eta, hala ere, ez gara horregatik larritasunik latzenean erortzen. Ez dakigu zer gertatuko den irailean. Horregatik sufritu egin dezakegu, loa galdu, geure burua zigorkatu, negar egin, … Baina irailean zer gertatuko den jakin barik jarraituko dugu. Alde batera utz dezagun, beraz, balio ez duena. Aforismo zahar batek adierazten duen lez: “Zure gaitzak erremediorik badu, zergatik atsekabetzen zara? Eta ez badu, zergatik atsekabetzen zara?”
2. Gure erreakzio emozionalen garrantzia seme-alabengan. Jakin badakigu umeek (eta zenbat eta txikerragoak izan, orduan eta gehiago) helduen erreakzioak ikusiz ulertzen dutela mundua. Haurrek ez dute esperientziarik, ez dute ezagutzen zenbait testuingururen larritasuna edo arriskugarritasuna. <0}Zenbateraino da larria edo arriskutsua ikasgeletara itzultzea, aurrez aurreko eskolak bertan behera uztea edo pandemia? Adinbakoentzat, beraientzat esanguratsuak diren helduek transmititzen duten bezain larria edo arriskutsua izango da. Familiako kideen arteko joko ahaltsu horren adibidea Roberto Benigniren “La vita è bella” (Bizitza ederra da) filmean dago, muturreko egoeran: aita ez bada kontzentrazio-esparru bateko preso, semea ere ez.
Gure seme-alabek “jakingo dute” egoera larria dela gure berbalizazio, erantzun emozional edo jokabideek hori erakusten badute. Ez dute kontuan hartzen gurasoek testuingurua desitxuratu (edo anplifikatu) dezaketenik beren bizi-historiaren arabera. Adinbakoek uste dute helduek, ispiluak lez, egoera objektiboa islatzen dutela.
3. Ez helarazi adinbakoei gure kexak kontziliazioak dakartzan zailtasun edo eskatzen dituen malabarismoei buruz. Lortuko dugun gauza bakarra erruduntasuna sorraraztea da, eta beraiek zama direla sentitzea. Jakina, horrek ez gaitu salbuesten erantzukizunetik eta alda daitekeena aldatzen saiatzetik. Guraso gisa, adibidez, adinbakoen eta familien ongizate psikosoziala ahalbidetzen duten proiektuak eta politikak bultzatu behar ditugu. Benetan badira pertsonak gaixotzen dituzten ingurune, gizarte-eredu eta koiunturak (eta horietatik ihes egin behar da).
4. Ekin lanari.Jakina, eskoletara, ezagutzen genituen lez, EZ itzultzeko arriskua dagoenean, lagungarria da irtenbideak (partzialak edo ez partzialak) aurreratzeko aktiboki lan egitea. Badakit erraza dela hori planteatzea eta konplexua gauzatzea (irudimena boterera!), baina, aldi berean, argi dudan gauza bakarra da ekiteak eta planifikatzeak gure larrimina murriztuko duela.
5. Eten barik hausnartzea, eten barik jarduteko.Irailekoa erronka bikaina da, bizitza bera ere horrelakoa baita eten barik. Uste dut onuragarria dela pentsatzea, atseden barik, gure existentziari buruz, zelan bizi garen, zelan gura dugun gure seme-alabek gu gogoratzea, zerk egiten gaituen zoriontsu… Erabil dezagun krisia hazteko eta aldatzeko (denbora larregi bizi gara modu automatikoan, aurreikusteko moduan, agenden eta kortse psikologikoen preso).
6. Irailak izan behar duen lakoa izango da. Ez du axola zer gura dugun, zerk inplikatzen gaituen. Ez dio axola zenbat sufritzen dugun horregatik. Ez dago gure esku, bizitzako beste gauza asko lez. Zereginean zentratzea, sendotasun emozionala onartzea, gure seme-alabei eredu osasungarria erakustea, eurak jagon edo zaintzea, etab. Ez da gutxi, eta, aldi berean, egin dezakegun guztia da.Irailari aurre egiteko modua ez dago batez ere zirkunstantzien mende, baizik eta guk haiekiko dugun jarreraren mende. Egitateak onartzea da edozein ekintzaren abiapuntua.
7. Magia.Baliteke irtenbide perfektuaren edo agindutako magiaren bila ekin diotenek artikulua irakurtzeari agian etsita geratzea. Uste dut borrokarako dugun gaitasuna adieraztea, aldatu ezin dena onartzea eta erresilientzia sustatzea, … hori dela munduari aurre egiteko daukagun magia ia guztia. Eta ez da gutxi: hori barik, oztopoak hazi egingo lirateke, gaindiezinak izan arte.
Amaitzeko, orain martxoan baino indartsuagoak, jakintsuagoak eta estoikoagoak garela pentsatuko nuke. Nire kasuan (eta ia guztien kasuan), eskolak etetea, itxialdia, ziurgabetasuna, … esperientzia gogorra eta estresagarria izan ziren, eta ahal nuena egin nuen. Eta hemen gaude berriro, bizitzan jolasten eta gure seme-alabak babesteko erronkarekin. Ea datorren udazkena baliagarria gertatzen zaigun geure burua hobetu edo mugak gainditu genitueneko istorioak kontatzeko urte batzuk barru gure seme-alaba helduei.
Bittor Arnaiz Adrián. Psikologoa.
Bilboko Udalaren esku-hartze psikosozialeko programa. Agintzari Gizarte Ekimeneko Kooperatiba.