madre e hija comiendo

Familiok txarto jaten ari gara?, emozioen arabera jaten dugu?

Aloz edo izur bat topatu dugu gorputzean, lehen ez zegoena. Puztuta gaudela iruditzen zaigu. Gozokiak eta txokolatea besterik ez dugu jan gura. Zer ari zaigu jazo edo gertatzen?”

Badirudi pandemiak elikadura-ohitura batzuk aldatu dituela edo lehendik genituen “ohitura” osasungaitz batzuk indartu dituela. Eta ez bakarrik etxeko helduen kasuan, baita gure seme-alaben kasuan ere. 

Garai horretako osasunari buruzko lehen azterlan batzuek haurren obesitatearen gorakada, gaixotasun metaboliko batzuen (adibidez, diabetesaren) konplikazioa eta nerabezaroan elikadura-nahasmenduen areagotzea adierazten dituzte. (Etxean gehiago egotean, agian gehiago detektatu dira edo, beharbada, benetan gehitu egin dira).

Pandemian zehar, sarriago eta intentsitate handiagoz ari gara bizitzen emozio desatseginak, hala nola beldurra, amorrua edo tristura, ziurgabetasunarekin, galerekin, murrizketekin… lotutakoak. Normalean, horrelako emozioak bi eratara “kudeatzen” ditugu:

Batzuk osasungarriagoak. Pertsona helduok gorputz-lanaren bidez, kirolaren bidez, naturara joanez, lagunekin zuzenean geratuz, bidaiatuz, gauza berriak aurkituz, … egin dezakegu. Neska-mutikoek antzeko gauzekin, erreferente helduen laguntza emozionala eta beren gisako edo berdinkideekiko zentzumen-mugimenezko jolas askea barne. Denbora batez apur bat mugatuta egon gara eta egoten jarraitzen dugu horrelako gauzak beti legez egiteko. Izan ere, etxean lehen baino ariketa gehiago egin dugun arren, sedentarismoak, oro har, gora egin du, pantailen aurrean denbora luzez egon garelako, adibidez. Gainera, bizi izandakoaren intentsitatea hain handia izan daiteke, ezen ohiko “erremedio” osasuntsuak apur bat “herren” geratzen direla.

Beste batzuk “osasungaitzagoak”. Horien artean “fast-happy-food” elikadura aurki dezakegu. Hau da, egoera horiei “konpentsazioa” bilatzea elikagai batzuk eta, zehazki, garunean zelanbaiteko efektu “lasaigarri edo alaia” eragiten digutenak hartuz. Adibidez, litxarreriak, opilak, zizka-mizkak eta elikagai ultraprozesatuak gehigarri jakin batzuekin, … Produktu horiek gizentasuna eragiten dute, arazo metabolikoak, txantxarra, zapore mota biziagoak gurago izatea eta horiekiko halako “lotura” bat (ezin dugu mokadutxo kurruskari bat bakarrik jan, … poltsa amaitzea eskatzen digu gorputzak). Gainera, krisi ekonomikoak familia asko eraman gaitu hain zuzen ere horrelako produktuak, merkeagoak eta aldi berean osasungaitzagoak direnak, erabiltzera. Frutak, barazkiak eta produktu freskoak ia produktu eskuraezin bihurtu dira, … zer esanik ez label ekologikoa dutenak baldin badira.

Emozio desatseginek, denboran kontzentratu eta zurrundu egiten direnean, ondoez emozionalak, gorputzean adierazten direnak, eragin ditzakete. Adibidez, loaren bidez (insomnioa/hipersomnioa), mugimenduan (asaldura/inhibizio motorra), digestio-arloan (beherakoa/idorreria) eta elikaduran, obesitatea/muturreko argaltasuna edo bulimia/anorexia lako kasuekin, non hainbat faktore uztartzen diren.

Azken adibide horiek alde batera utzita, non laguntza mediko, hezitzaile edo terapeutiko espezifikoa behar den, zenbait jarraibide gogora ditzakegu, familia mailan elikaduran ohitura osasungarriak berreskuratzen edo sortzen lagun diezazkiguketenak, kudeaketa emozionalarekin lotuta. Adibidez: 

  1. ELIKADURA OSASUNGARRIARI BURUZKO JAKIN-MINAREN EMOZIOA SUSTATZEA

Horrek esan gura du haurrek eta nerabeek elikagai osasuntsuak ikusi, eskura izan, aurkitu, horiekin esperimentatu … ahal izatea. Unean uneko murrizketek uzten diguten neurrian, honako hauek egin ditzakegu:

  • -Ontzi batean fruta edo barazkia beti agerian eta eskura izatea. Baita zurituta eta zatituta ere, halakoen (eta ez beste gauza batzuen) mokadutxoak jatera “animatzeko”.

  • -Produktu fresko naturalak ekoizteko edo saltzeko lekuak (azokak, ortuak, baserriak, …) bisitatzea neska-mutikoekin.

  • Igarri edo asmatzera jolastea. Jaten ari garen pureak zer osagai dituen, zein barazki-zatirekin egina dagoen, beraien sasoi edo denboraldia noiz den … asmatzera jolastea. Arraina zuria edo urdina den eta horrek zer esan gura duen …

  • Familian era osasungarrian kuzinatzea. Irina eta legamia konfinamenduan agortu egin ziren. Noizean behin pastelak egitea ondo dago. Kuiatxo edo kalabazin-hostopila egiten badugu edo bizkotxoari sagarra gehitzen badiogu, puntuak gehituko ditugu.

  • -Erosten dugunaren etiketak ikertzea, zenbat azukre edo koipe duen ikusteko. Edo ultraprozesatua den eta horrek zer suposatzen duen azaldu. Badira app-ak (beren argi-ilunekin) ere lagun diezaguketenak eta haurrei gustatzen zaizkienak.

  • Elikaduraz jolas egin eta irakurtzea. Elikadura osasungarriaz mahai-jokoak, ipuinak eta denbora-pasak daude (beherago zehazten dira batzuk).

Hori dena errazteko, zenbait erakundek, hala nola 5 al día elkarteak edo AZTIk, baliabideak dituzte beren web-orrietan eta sare sozialetan.

2- OSASUNGARRI JATEA LASAITASUN ETA SEGURTASUN-GIROAREKIN LOTZEA

Eta horretarako, adibidez:

  • Familian elkarrekin gutxienez jatordu bat egitea egunean.

  • Poliki jatea, ondo murtxikatuz, eta horretarako denbora, astia, izan behar da. Ez du balio presaka jateak berriro azkar lanari ekiteko edo tablet-a ikusten jarraitzeko.

  • Mahaian eztabaidak saihestea. “Albora” uztea, beste une batean berriz hartzeko. Gainera, tripa “beteta” dela badirudi gutxiago eztabaidatzen dela.

  • Mahaitik “zarata” kentzea. Oihurik gabe eta telebistaren nonahiko presentzia barik (agian, ikusiko dugu TBa jatordu batzuetan munduan gertatzen denaz ere berba egiteko, baina gutxienez egunean otordu bat egin beharko genuke hori barik).

  • Mugikorrak, tabletak eta gainerakoak mahaitik kanpo uztea. Haur eta nerabeek gero eta gehiago eskatzen digute jolasten ari diren edo zerbait ikusten duten bitartean gosaltzea. Kontuz! Eta mezua helduei ere badagokigu.

  • Aprobetxatu “geure gauzez” berba egiteko jaten dugun bitartean. Adibidez, pertsona bakoitzak konta dezala zer izan den berarentzat eguneko gauzarik onena eta txarrena …

  • Ez erabili janaria xantaia gisa. “Ondo portatzen bazara, izozkia emango dizut”. “Ez baduzu arraina jaten, ez duzu kontsolarik izango”. Janaria ezin da horrela baldintzatu. 

  • Ez behartu zerbait jatera nazka ematen badu. Elikagai edo testura jakin batzuek nazka eman diezagukete, batez ere probatzen hasten garenean. Horregatik, ez dira “behartu” behar beste barik horrelakoak jatera. Ohitzeko, erakargarriago aurkitzeko edo horiek dastatzeko pixkanakako erronkak onartuz joatea da kontua.

3-OTORDU OSASUNGAITZEKIN EMOZIO DESATSEGINAK “KENTZEKO” ORDEZKO AUKERAK

Hasieran esan dugun lez, emozio edo egoera desatsegin bat dugunean (asperdura bera, adibidez), jateko tentazioan eror gaitezke. Eta, batez ere, elikagai osasungaitzak jatea, beren osagaiengatik garunean itxurazko ongizatea izateko moduko “goraldia” ematen digutenak, edo “denbora pasatzera” baldintzatu ditugunak, edo ospakizun-une zoriontsuak gogorarazten dizkigutenak.

Beste aukera batzuk bilatu beharko genituzke emozioak ─hala nola haserrea, tristura, amorrua, errua edo asperdura─ beste era batera kudeatzeko. Adibidez:

  • Kirolarekin, kanpoan edo, irtetea ezinezkoa bada, etxean. Kirolak endorfinak askatzen ditu, eta horiek ere ongizate-sentipena ematen digute, baina era osasuntsuan.

  • Musikarekin, emozio atseginetara bultzatzeko gaitasuna du bere estiloagatik edo esperientzia atseginak gogorarazteagatik.

  • Jolasarekin. Jolastea da haurrentzat segurtasuna ematen dien jarduera nagusia. Adibidez, poltsan edo motxilan karta-sorta bat edo denbora-pasen kit bat eraman dezakegu beti, pantailen ordezko gisa.

  • Naturan familia-jarduerekin. Honek emozio atseginekin konektatzeko ahalmena du eta, oraintxe bertan, asko behar dugu. Ezin bagara mendira igo edo hondartzara joan gure udalerri konfinatutik kanpo dagoelako, parkeak berak balio diezaguke elementu natural batzuekin. Ingurumen-ikasgela edo udal batzuek familiako ginkanak antolatzen dituzte, jarduera fisikoa, aire zabalarekiko kontaktua eta kultura-mailan ikaskuntza interesgarriak ahalbidetzen dituztenak. Eta batzuetan teknologia ere erabil dezakete orientatzeko edo pistak jasotzeko.

  • Laguntza emozionala emanez. Gurasook “mugitu eta bizkortu” egin behar dugu gure seme-alabei emozioak ateratzen, adierazten eta kudeatzen zelan lagundu jakiteko. Eta hori ez da hain erraza, horretan ez baitugu “hartutako herentzia” handirik. Horregatik, agian, prestakuntza- eta irakurketa-guneak topatu beharko ditugu, eta geure lana egin, trebetasun gehiago lortzeko. Landu bako erru-emozioa modu irrazionalean ezarria nerabe batengan (baloratua izateko perfekzio-beharrarekin, edo jasan edo sentitu zuen abusu baten ondorioz bizi izandako zurrunbiloaren kudeaketa ezegokiarekin lotuta dagoena) elikadura-nahasmendu batekin erlaziona daiteke luzera begira.

  • Janari batzuekin bai, baina osasungarriak izan daitezela. Poltsan opil bat eraman dezakegu, semeari kasketaldia edo nekearen beheraldia ematen dionerako, edo beste aukera osasuntsuago batzuk (banana, sagar edo fruitu lehorren pakete bat).

Edozelan ere, badugu oso “arma” boteretsu bat gure seme-alabengan elikadura-ohitura osasungarriak sustatzeko. Imitazioa. Neska-mutikoek imitatu egiten gaituzte. Eta nik sagarra jaten badut, errazagoa da nire alaba txikiak ere sagar bat jatea. Eta haren lagunik onenaren amak jaten badu ere bai. Eta maite duen irakasleak sagar bat jaten badu jolastokian, berdin.  Eta nerabe baten eskaut-begiraleak jaten badu, berak ere jango du. Gauza bera miresten duen influencer-ak edo bere lagun-taldeak jaten badu ere … Horregatik, modu osasungarrian elikatzen diren eta emozioak behar bezala kudeatzen dituzten pertsonen sare bat sortzen joateak lagundu egiten du, … Eta badira urratsak pixkanaka egin ahal izateko …

Begoña Ruiz, psikologoa eta psikomotrizista

ELIKADURA OSASUNGARRIRAKO IRAKURGAIAK ETA JOLASAK

Ipuinak

  • ¡Esa fruta es mía! Anuska Allepuz. (Andana Editorial argit.)
  • Sopa de calabaza. Helen Cooper. (Juventud argit.)
  • Sopa verde. Ángela Madeira eta Till Charlier. (OQO argit.)
  • La rebelión de las verduras. David Aceituno yeta Daniel Montero Galán. (Lumen argit.)
  • El recetario mágico. Desireé Arancibia. (Play Attitude argit.)
  • ¡Qué rico! Alexandra Maxeiner y Anke Kuhl. (Takatuka argit.)
  • Una cocina tan grande como un huerto. Alain Serres eta Martin Jarrie. (Kókinos argit.)
  • Es divertido… ¡Comer! Jane Foster (Bruño argit.)
  • El burrito verde. Anuska Allepuz (Andana argit.)
  • Cuentos para comer sin cuentos. Hainbat egile.
  • La huelga de las ensaladas. Roberto Kruger González (GEU argit.)
  • Apio Verde Detective. Roberto Kruger González (GEU argit.)
  • Come y crece. Luis López Tallaj (Círculo Rojo argit.)

Mahai- eta manipulazio-jokoak

Online jokoak

Gai honekin harremana duten BBK Family artikuluak:

Gai honekin harremana duten bideoak:

Iruzkinak itxiak daude.

BBK Family Learning

×